Ospakizuna eta konpromisoa, horixe zen Atsolorra. Batetik, haur bat jaio zela ospatzen zuen auzoak edo herriak, eta, bestetik, haur hori denen artean aurrera ateratzeko konpromisoa hartzen zuen. Ereñotzun 70eko hamarkadaren bueltan egin ziren azkenak, eta konturatu gabe ia galdu dute hitza bera eta erritua.
Amagoia Mujika
2012ko Maiatzaren 04a
Atsolorra. Hitza bera ezezaguna zen ereñotzuar askorentzat, nahiz eta ahanztura horretan eroritako askoren jaiotzak atsolorrekin ospatu. Horrelako gauzak ditu transmisioak, auskalo zergatik etenak gertatzen dira eta ia-ia galdu dute Atsolorra Ereñotzun (Hernani). Ia esan behar, joan den igandean berreskuratu baitzuten urte batzuen ondoren. Izan ere, auzoan gogoratzen diren azken atsolorrak 70eko hamarkadaren bueltakoak dira.
Emakumeen erritu horren arima pixka bat ulertzeko, hona detailetxo bat: Aranotik etorri ziren Ansa ahizpak txalaparta jo eta abesti batzuk abestera. Bakoitzak besoetako haur bat zekarren, biak izan baitira ama duela hilabete batzuk. Txalaparta jotzeko, noski, eskuak libre behar dira. Ainhoa emakume batengana hurbildu zen, haurra hartuko zion galdezka. Hark baietz noski. «Zenbat denbora du?», galdetu zion. «11 hilabete», Ainhoak. Galderagatik ondoriozta daiteke aurretik ez zuela haur hura ezagutzen, ez zuela inoiz besoetan hartu lehenago. Baina, hala ere, mutiko txiki hura gustura pausatu zen beso berri haietan, eta bere amak txalaparta jotzen zuen bitartean berak lo hartu zuen. Beso berriak ziren, baina ez ezezagunak. Auzokoen besoak eta magalak ezin dira ezezagunak izan. Hori da Atsolorraren helburua, amaberriak jakin dezala auzokoen besoak eta magalak beti izango direla gozo eta bero bere haurrarentzat. Jakin dezala bidean laguntza izango duela.
«Behemenditik proposatu ziguten auzoko proiektu bat egiteko. Hortik sortu zen auzoko istorio zaharrak biltzeko proposamena, hori izan zen gehien tentatu gintuena eta horrela hasi ginen elkarrizketak egiten auzoko adinekoei. Helburu jakinik gabe hasi ginen eta elkarrizketa horietan agertu zen ‘Atsolorra’ hitza. Eta konturatu ginen gure adinekoentzat oso ohikoa zen hitz hori gure hiztegian ez zegoela», hasi da kontatzen Amaia Miner, Auzo Udaleko kidea eta Atsolorraren berpiztean buru-belarri aritu dena. Jakin-min horretatik tiraka jakin dute Atsolorraren berri.
Atsolorra haur bat jaiotzen zenean egiten zen erritua da. Haurra jaio zen etxean emakumeen merienda bat antolatzen zen; bakoitzak etxetik zerbait eramaten zuen eta festa bat egiten zuten amaberriaren eta jaioberriaren omenez. Jaiaren helburua amari eta haurrari babesa adieraztea zen eta haiekiko konpromisoa hartzea. Hartara, auzoak haur jaioberria aurrera ateratzeko konpromisoa hartzen zuen. Eta konpromiso hori txalapartarekin sinatzen zen.
«Pixka bat galdezka hasi eta harrituta geratu gara zenbat gauza kontatzen duten atsolorrei buruz; batek sekulakoa bildu zuela, besteak haurrak noren antza zuen esatean hanka sartu zuela.... oso pasadizo barregarriak kontatzen dituzte eta pentsatu genuen, nolatan galdu dugu guk ohitura hori?», jarraitu du Minerrek.
Martxoaren 8an, Emakumearen Eguna zela-eta, Mari Karmen Basterretxea –Antropologian, Filosofian eta Hezkuntzan doktorea– Ereñotzun izan zen matrilinealtasunaz hitzaldi bat ematen eta berriz atera zen Atsolorraren gaia. «Konturatu ginen Mari Karmenek defendatzen zuen teoria auzolanean oinarritzen zela eta komunitatean bizitzeko zeuden modu asko galdu egin direla edo galtzeko bidean direla. Eta Mari Karmeni Atsolorrari buruz galdetu genionean erantzun zigun hain juxtu Atsolorra zela komunitatean bizitzeko moduaren adibide garbia eta gainera galzorian zegoena».
Amaia Minerrek berak 2011. urtean jaiotako mutiko bat dauka eta inguruko gurasoak animatu eta Atsolorra antolatu dute urte horretan auzoan jaiotako zazpi haurren omenez. 30 urtetik gorako etenaren ondoren, joan den igandean izan zen berriz Atsolorra Ereñotzun. Berez, garai batean jaiotzen zen haur bakoitzak izaten zuen bere Atsolorra etxean. Mende honetako bertsio berrituan, urteko haur guztiak bildu zituzten Ereñotzuko Auzo-etxean. «Helburua da haur horiek eta gurasoak ezagutzea. Auzo txikia da gurea, baina egia da kanpotik etorritako bikote gazteak badaudela eta askotan ez dugula elkar ezagutzen. Garrantzitsua da denok elkar ezagutzea. Eta, bestetik, gure aurreko belaunaldien ohiturekiko begirunea eta errespetua agertu nahi dugu eta horregatik berreskuratu nahi dugu Atsolorra. Eta bide batez, noski, ondo pasatzea da helburua», jarraitu du Minerrek. Atsolorra lehen ere festa eder bat zen, parranda polit bat, eta berreskuratu duten honetan hori mantentzen saiatu dira noski.
Auzoko zazpi haur
Aiur, Ortzi, Maddi, Urko, Maier, Xare eta Kima. Zazpi haur eta zazpi guraso auzoaren aurrean agertzeko. Atsolorra berez emakumeen festa da, baina 2012. urte honetako atsolar garaikidean gizonezkoak ere onartzen zituzten. Hala ere, bertaratutako gehienak emakumezkoak ziren, oso belaunaldi desberdinetakoak, baina emakumeak nagusiki. Ereñotzuarrak ziren gehienak, baina kanpotik etorritakoak ere baziren. Esaterako, Ainhoa eta Arantxa Ansa aranoarrak beren semeak besoetan hartuta gerturatu ziren. Lehendabizi txalaparta jo zuten eta ondoren abesti eta jolas gozoz jantzi zuten arratsaldea. Amonagandik jasotakoak partekatu nahi izan zituzten han bildutako amekin.
Abestiak, bertsoak eta merienda
Lehendabizi haurrak banan-banan aurkezteko abesti bat erakutsi zieten ansatarrek, “Matxinsaltoa”. Ama bakoitzak bere haurra aurkeztu zuen horrela; «Matxinsaltoa, salto ta salto, bizkarrean hartuta Maddi, salto ta salto gotti ta betti poteka doa irribarrez!», hasi zen lehendabiziko aurkezpena, eta horrela zazpi haurrak aurkeztu arte. Ondotik beste abesti batzuk etorri ziren: “Txalo, txalo, txalotxin”, “Katamiximarrau”, “Eskutxoa”, “Xango Mango”, “Arre-arre mandoko”... Oso giro berezia sortu zen, haurrek primeran pasatu zuten eta baita beren amek ere. Eta begira zeudenak ere gustura. Auzoko adineko emakume dezente gerturatu zen Atsolorrera eta haientzat ere oso ezagunak ziren abesti gehienak, aldaerak aldaera, beraiek beren seme-alabei auskalo zenbatetan abestutakoak. Ansatarren saioa eta gero Estitxu Eizagirrek eta Ainhoa Agirreazaldegik bertsotan egin zuten. Ezohiko moduan aritu ziren gainera, Estitxu bere seme Beñat besoetan hartuta eta Ainhoa tripa handiarekin, laster jaioko baita bere alaba. Dena, beraz, pare-parean egokitu zen han sortutako giroarekin, baita bertsolariak ere.
Esaten da etxe batera gonbidatzen zaituztenean, ezin duzula atea eskuarekin jo, hankarekin jo behar duzula. Zergatik? Ba eskuetan beti zerbait eraman behar duzulako, heziera oneko pertsonena delako gonbidatzen duten mahaian berak ere zerbait jartzea. Halaxe iritsi ziren gonbidatu guztiak Ereñotzuko Auzo-etxera, eskuak okupatuta.
Garai bateko atsolarretan meriendara joaten ziren guztiek eramaten zuten jatekoa edota edatekoa. Gisatua, xerra pipermorroekin, arroz-esnea, almibarretako mertxika... ez ziren merienda makalak izaten. Menua ere moldatu dute garaiotara; patata-tortilla, gazta, bizkotxoa, txorizoa, urdaiazpikoa, pastela eta txokolate beroa besteren artean. Lehen bezala orain, euskaldunen jaietan ez da faltan izaten jatekoa eta edatekoa.
Eta osagarri horiekin guztiekin, ba, festa segurua. Aurtengoa, hamarkada batzuetako hutsunea eta gero, poliki joan da. Eta datorren urtean, Ereñotzuko guraso berriek gogoa eta borondatea baldin badute behintzat, berriz. Behin Atsolorra berreskuratuta pena litzateke berriz galtzen uztea, ezta?
Mari Karmen Basterretxea doktorea da Antropologian, Filosofian eta Hezkuntzan. Berak parte handia dauka Atsolorraren berpiztean, ereñotzuarrei laguntzen aritu baita. Eta igandean pozik eta gustura ikusi zuen hainbeste maite dituen errituetako batek nola hartu zuen berriz bizia.
Zer da atsolorra?
Atsolorra euskaldunak sortu ginenetik dator. Horrek esan nahi du prozesu luzea daramagula. XVI. mendean, Eliza inposatu zenean, gure errituak itzaltzen joan ziren. Gelditu zaizkigunak eta XX. mendera arte iraun zutenak aztarrenak izan dira. Baina egia da emakume askoren memorian daudela atsolorrak, gure amonek ezagutu baitzituzten. Izenari begiratuta, “Atso” horrek erreferentzia egiten dio emakume helduari eta bigarren zatia, “-lorra”, lorpenetik etor daiteke. Erditzera zihoan emakumeari laguntzera joaten zirenak indarra eta kemena ematen zioten bizitza hori aurrera ateratzeko eta hortik etorriko litzateke lorpenaren kontzeptua. Hori galdu egin da eta memoria historikoan, gure amonen memorian, geratu dena festa da.
Beraz jatorrian Atsolorra merienda eta jaia baino gehiago zen.
Emakume bat erditzera zihoanean auzoko beste emakumeak bere etxera joaten ziren laguntzera. Eta behar zen denbora ematen zuten bertan. Behin haurra jaiota, ama eta haurra sendotzen ziren artean laguntzen jarraitzen zuten eta etxeko lanekin arduratzen ziren. Kasu askotan emakume horrek aurretik seme-alaba gehiago zituen eta haiek zaintzeaz ere arduratzen ziren. Auzolanean egiten zuten. Behin ama eta haurra sendotzen zirenean, hori ospatzeko festa egiten zuten herriko edo auzoko emakume guztien artean. Eta bakoitzak etxetik zerbait ekartzen zuen festa horretarako. Euskaldunen jaiotza erritua da Atsolorra.
"Atso" hitzak egun kutsu nahiko peioratiboa dauka.
Bai, baina lehen ez zen batere peioratiboa. “Atso” hitzak emakume heldua, umerik ez duena eta jakintsua dena esan nahi du. Askotan atsoak joaten ziren emakumeei erditzen laguntzera.Zergatik? Ba denbora gehiago zeukatelako, etxean ez baitzuten zaindu beharreko umerik. Hala ere, haurrak zituzten emakumeak ere joaten ziren erditze horietan laguntzera. Belaunaldiz belaunaldi jasotako jakintza handia zeukaten emakume horiek eta bazekiten nola lagundu erditze batean. Baina kontuan izan behar da erditze horiek askotan oso luzeak izaten zirela, beste askotan erditu ondoren ere laguntza handia behar zuela emakumeak, eta atsoek denbora asko ematen zuten eta lan handia egiten zuten etxe haietan. Auzolana zen finean.
Eta gizonezkoak?
Ez zuten erditzean eta parte hartzen baina beti zeuden laguntzeko prest. Haurra jaio zen baserri hartan beren laguntza behar bazuten, han izaten ziren baserriko lanak egiten. Hori ere auzolana da noski.
Matrilinealtasunaren baitan kokatzen duzu zuk Atsolorra.
Euskaldunon gizarte eredua matrilineala zen. Horrek esan nahi du emakumeak antolatzen zuela familia. Sistema horrekin orekan bizi ziren emakumeak eta gizonak eta oreka horren atzean auzolana zegoen. Auzolana izan da gure ekoizpen sistema, lana komunitatean eta komunitatearentzat egiten baitzen. Eta gero batzarra zegoen eta bertan argitzen ziren kontu guztiak. Sistema matrilineal horretan euskaldunok gure bizitzaren etapa bakoitzerako erritu bat genuen. Baina, zoritxarrez, Elizak erritu horiek denak zapaldu egin zituen eta bereak inposatu zituen. Eta tristura handia ematen du horrek. Horregatik da pozgarria erritu horiek berpiztea, gure gizarteak erritu horien beharra duelako.
Zein da Atsolorraren errituaren esanahia?
Esan nahi du haur berriak daudela komunitatean eta denek konpromisoa hartzen dutela haur horiek aurrera ateratzeko. Auzoak edo herriak jaiotza hori ospatzen zuen eta konpromiso hori serio hartzen zuen. Sekulako komunitate zentzua dauka errituak, hain juxtu gaur egun galzorian dagoena. Eta txalapartaren bitartez sinatzen zen konpromiso hori festaren aurretik. Ze finean txalapartaren esanahia hitzarmen sozialarena da. Euskaldunon izatea komunitatea da, eta hori ez genuke ahaztu behar.




