Isidro Esnaola
2012ko Apirilaren 26a
Europako bazterrotan ostirala bihurtu da asteko egun garrantzitsuena. Estatu espainoleko gobernu kontseilua egiten da ostiraletan. Bilera horietako bakoitzetik neurri sorta handia ateratzen da. Hainbeste dira neurriak astebeteko tartea motz gelditzen dela hartutako erabaki guztiak barneratzeko eta erabakien logika ulertzeko. Izugarri zaila suertatzen da momentu bakoitzean non gauden jakitea.
Orokorrean, Rajoyren Gobernua hartzen ari den erabakiak beste herrialdeetan ikusitakoen oso antzekoak dira: zerga igoerak eta gizarte gastuen murrizketak. Beraz, ezer berririk ez eguzkipean. Badira, ordea, berezi xamarrak suertatzen diren neurri pare bat. Lehenengoa amnistia fiskalarena izan zen. Erabaki horren inguruan asko hitz egin da eta gehiengoaren iritzia nahiko argia da: horrelako neurriek ez dute inolako justifikaziorik, ez politikorik, ez etikorik, ez ekonomikorik. Ondoren, Gobernuak Estatu espainoleko herritarrek kanpoan dituzten ondasunak ordainketa txiki bat eginez legeztatu ahal izango dituztela erabaki zuen. Horretarako tarte bat zabalduko du. Behin tarte hori amaituta, iruzur horren ondorioak ez dira inoiz preskribituko.
Bi neurri horien eragin ekonomikoa nahiko txikia izango dela deritzot. Ez dut uste jende askok legeztatuko dituenik ezkutuan dituen ondasunak; orain arte beharrik edo gogorik ez badu izan, hemendik aurrera ere motibazio berezirik ez du izango hori egiteko. Botin familiak, adibidez, kanpoan zituen ondasunak informazio hori dirua gordetzen zuen bankuak berak zabaldu zuenean bakarrik legeztatu zuen. Bankuak informazio hori publiko egin ezean, hor jarraituko zuen lasai asko Botin familiak eta inork ez zuen ezer jakingo. Dena den, kanpoan dauden ondasunak, beharbada, uste baino handiagoak dira. Kontuan izan behar dugu ultraeskuindarrek urte batzuk daramatzatela jada Espainia erortzear dela lau haizetara zabaltzen. Agian, hainbat herritarrek kasu egin diete eta beren ondasunak babespean jarri dituzte atzerriko estatuetan. Londreseko higiezin agentziek esaten dutenez, Ingalaterrako hiriburuko auzo aberatsetan etxebizitzak erosten aktiboenak Europako hegoaldeko herritarrak dira.
Nire ustez, bi neurri horien garrantzia ez dago hainbeste egiten duten horretan, ematen duten mezuan baizik. Esku hartuta dauden Europako herrialdeek ez dute horrelako erabakirik hartu, nahiz eta euren egoera askoz larriagoa izan. Horrelako neurriekin Rajoyren Gobernuak ziurrenik mezu argi bat bidali nahi izan die Europako agintariei. Mezua edozer gauza egiteko prest dagoela da. Europako agintariek, batez ere Alemaniakoek, ziur asko mezua ulertu eta pozik hartu dutela.
Munduko beste eragile ekonomiko, sozial eta politikoek ere mezua ulertu dute. Baina, beraien erreakzioa ez da positiboa izan, oso negatiboa baizik. Horren adibide garbiena, hilabete honetan ikusi dugun burtsaren gainbehera amaigabea. Eztabaidatik kanpo dago murrizketekin jarraituz gero amildegia gero eta sakonagoa izango dela. Ekonomia denbora luzean ez da berpiztuko eta enplegua ez da sortuko. Eta jarduera ekonomikorik eta enplegurik gabe, ezinezkoa da Estatuaren aurrekontuak berdintzea. Behia nahi adina jetzi dezakezu, baina esnerik ez badago, ez da sortuko.
Hala ere, Rajoyren Gobernuak bereari eusten dio, eta, giroa nahasita dagoenez, eskaintza berria egin du: 10.000 milioi euro aurreztuko ditu hezkuntzan eta osasungintzan. Erabaki horrek ez du ez hanka ez buru. Horiek bai ideologiaren mende daudela! “The New York Times” egunkariak hilaren 13ko editorialean oso argi adierazi zuen bere posizioa: «Atzoko etxebizitza burbuila ordaintzeko biharko lan indarrean xixkatzeak ez du zentzu ekonomikorik. Ondorio horretara iristeko ez da ezkerrekoa edo ekonomialaria izan behar. Sen onak hori esaten digu».




