ELKARTASUN PLATERKADA -

Desagertzeko asmoarekin sortu zen arren, Paris 365 ekimenak inoiz baino arrakasta handiagoa du gaur egun. Iruñeko jantoki solidarioak hiru urte daramatza abian, eta, krisia dela-eta, eskaintza zabaldu behar izan dute azken urteetan: lege-aholkularitza zerbitzua, aisialdirako gunea eta hezkuntza institutua zabaldu dituzte berriki.

Ion Orzaiz

2012ko Apirilaren 20a

Paris 365 jantoki solidario gisa jaio zen. Gaur egun, askoz gehiago da. Duela hiru urte, baliabiderik ez zuen jendeari jatekoa ematea beste helbururik ez zuten ekimenaren sustatzaileek. 2012 honetan, aisialdia, hezkuntza edota lege-aholkularitza bezalako alorretan ere lanean dihardute, jendarteko sektore kaltetuenen mesedetan, betiere. Izan ere, jantokiaren sustatzaileek espero ez zuten “arrakasta” erdietsi zuten ekimen horrekin. Inork nahi ez zuen arrakasta.

«Desagertzeko helburuarekin jaio zen Paris 365, duela hiru urte», esan digu Marian Gorraiz Areopagita Gizakia Herritar fundazioko kideak. Elkarte hori da jantokia 2009an sortu zuena, eta, ordutik, beste hamaika ekimen sustatu dituena. «Gustatuko litzaiguke, bai, gurea bezalako ekimenak beharrezkoak ez izatea, baina, tamalez, egungo krisi ekonomikoak egoera larritu besterik ez du egin, eta Paris 365 ezinbestekoa da lagun askorentzat», azaldu du.

Gizartea eraldatzea zen Gizakia Herritar fundazioko lagunen hasierako asmoa, eta, horretarako, lehen urratsa elikadura eskubidea bermatzea zen: «Gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan bizi den jendearentzat, beste guztientzat bezalaxe, elikadura funtsezkoa da. Sabela beterik ez badugu, zailagoa izanen da lanpostu bat aurkitzea, edo, oro har, aurrera egitea». Helburu horrekin, Jarauta kaleko Paris ostatu zaharra alokatu zuen fundazioak, bertan proiektua garatu ahal izateko. «Tabernaren izena mantentzea erabaki genuen, alde batetik, erreferentziala zelako, eta, bestetik, ‘beti geldituko zaigu Paris’ esaldi famatua gustuko genuelako. Nolabaiteko xarma du izen horrek. Bestalde, 365 zenbakia erantsi genion, urte osoan zehar lan egiten dugula adierazteko. 365 egun urtean, hiru otordu egun bakoitzean», gogora ekarri du Gorraizek.

Egunean eskaintzen dituzten hiru otordu horien truke, Paris 365 ekimenak euro bakarra kobratzen die bezeroei. Salneurri sinbolikoa, baina proiektuaren eta Gizakia Herritar fundazioaren ikuspegia laburbiltzen duena: «Guk egiten duguna ez da karitate hutsa –azpimarratu du fundazioko eledunak–. Horregatik kobratzen dugu euro bat. Guk zerbitzu bat eskaintzen dugu, eta jendeak prezio bat ordaintzen du horren truke, beste edozein jatetxetan bezalaxe». Izan ere, Paris 365 ekimenaren atzean dagoen filosofia ez da limosnan oinarritzen, horri esker, euren burua eskaletzat ez duten pertsonak ere hurbiltzen dira jantoki solidariora: «Hain zuzen, jantoki sozialaren kontzeptu horrekin apurtzeko, bezeroek ez dute bazkalorduan bertan izena eman behar. Beste ordutegi bat dago erabiltzaile berriek izena eman dezaten, eta gero, telefonoz hots egiten zaie, euren eskaera onartua izan dela jakinarazteko. Zuhurtziaz jokatzen dugu, jendearen pribatutasuna gordetzeko».

Azken urteetako krisi ekonomikoak, bestalde, izugarri zabaldu du Paris 365 jatetxearen bezeroen esparrua: «Gure zerbitzuen erabiltzaileak aipatzen ditugunean, beti irudikatzen dugu kale gorrian dagoen eskale bat, baina askoz multzo handiagoa hartzen dugu. Zu edo ni bezalako jendea joaten da jantokira egunero-egunero. Desjabetze baten ondorioz etxea galtzeko zorian dauden pertsonek, adibidez, hipoteka ordaindu ahal izateko euren sos guztiak erabili behar dituzte, eta ez dute jatekorik. Horregatik, pentsatzen duguna baino garrantzitsuagoa da Paris 365 jantokiak jendartean betetzen duen papera», azaldu du Gorraizek.

Elkartasuna zifretan

Iruñeko jantoki solidarioak 70 lagun baino gehiago hartzen ditu egunero-egunero. Guztira 470 boluntariok lan egiten dute Gizakia Herritar fundazioaren alor ezberdinetan, eta, horrez gainera, 60 enpresek laguntza ematen diete (jakiak eta bestelako lehengaiak, hein handi batean). Eta aurtengo balantzeari erreparatuz gero, datu esanguratsu gehiago topatuko ditugu: proiektua abian jarri zenetik gaur arte, ia 70.000 otordu zerbitzatu dira Paris 365 jantokian (bataz beste, 20.000 urtean, gutxi gorabehera), 1.500 lagun baino gehiagorentzat. Urtez urte haziz doan zerbitzua eskaintzen du Gizakia Herritar fundazioak.

Egungo egoera ekonomiko latzak, ordea, elkartearen egitekoa zabaldu eta zerbitzu berriak eskaintzera behartu ditu Paris 365 ekimeneko partaideak: «Egia esan, proiektuak ez ditugu faltan, eta beharra gero eta handiagoa da. Horregatik aberastu dugu gure eskaintza azkenaldian», azpimarratu du fundazioko bozeramaileak. Hala, jantoki solidarioa zabaldu eta berehala, aholkularitza zerbitzu bat ere abian jarri zuten, Etorkin izenekoa. «Paperik gabe etortzen ziren immigranteei laguntza eman nahi genien, batez ere, doako lege-aholkularitza zerbitzuak eskainiz».

Hezkuntza izan zen elkarteak landu zuen hurrengo esparrua, Bizikasi institutua sortuz. «Gizarteko beharrak identifikatu eta irtenbideak proposatzen ditugu –diote elkarteko kideek–. Horretarako, laguntza teknikoa, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen diegu bai parte-hartzaileei bai kanpokoei».

Azken urtean, 365 Txokoa eta Txoko Txiki guneak ere zabaldu dituzte, aisialdiaren esparruan lan egiteko helburuarekin: «Aisialdi zerbitzuak eskaintzen ditugu bertan, dohainik. Izan ere, gaur egungo gizartean, gauza guztiengatik ordaindu behar izaten dugu, baita aisialdi kontuengatik ere. Guk, aldiz, aisialdia bermatzea oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Denetarik eskaintzen dugu, baliabiderik gabeko jendeari laguntzeko: Interneteko konexioa duten ordenagailuak, aldizkariak, egunkariak, liburuak, musika, DVDak, pelikulak ikusteko proiektorea... Zer lortzen da horrekin? Aisialdia betetzea, eta, aldi berean, pertsonen arteko harremanak sustatzea, hori ere pobrezia mota bat delako». Gune horretan, bestalde, lan eskaintzei edota ikastaroei buruzko informazioa ere ematen zaie erabiltzaileei.

Aurreko eskaintza guztia helduei zuzenduta zegoela ikusita, baliabiderik gabeko pertsonen seme-alabentzako proposamenak egitea otu zitzaien Gizakia Herritar fundazioko arduradunei: «Txoko Txiki haurrentzako ludoteka da. Pertsona askok ez dute seme-alabak non utzi, lanera edo ikastetxera joan behar dutelako, eta ez dute haurtzaindegi bat ordaintzeko adina diru. Horiei begira zabaldu genuen zerbitzu hau», esan du Marian Gorraizek. Bertan, aisialdi eta hezkuntza baliabideak eskaintzeaz gainera, jolas librea sustatu eta hamaika ekimen antolatzen dituzte: lantegiak, ikastaroak, hiri udalekuak, txangoak, jarduera bereziak...

Gizakia Herritar fundazioaren proiektuak azaltzen hasita, ezin aipatu gabe utzi Paris 365 Catering zerbitzua: «Jantokiak duen sukalde ederra probestu nahi genuen, egunero bazkari zein afariak prestatzeaz gainera, bestelako eskaintzak egiteko aukera ematen digulako. Bestalde, diru iturri garrantzitsua ere bada elkartearentzat, eta hainbat lanpostu sortu ditugu horri esker», azaldu du bozeramaileak.

Guztiei laguntza eman ezinik

Aurretik ikusi dugun bezala, asko da Gizakia Herritar fundazioak eta Paris 365 jatetxeak egiten dutena. Askoz gehiago, alta, jendarteak behar duena. «Ezetz esan behar izan dugu inoiz, eta hori da, niretzat, gogorrena. Beharren arabera, aukeraketa egiten dugu, eta ezin ditugu eskaera guztiak bete», onartu du Gorraizek, garraztasun puntu batekin. Baina pobreziaren saminarekin batera, elkartasuna ere hurbil dagoela ikusteak aurrera egiteko gogoa berpizten duela nabarmendu du elkarteko kideak: «Miseria eta pobrezia oso hurbil ditugu. Denok ezagutzen dugu kasuren bat, eta gero eta gehiago ari da zabaltzen arazoa; baina, aldi berean, elkartasuna ere hementxe bertan daukagu, aldamenean. Laguntza edonondik eta edonola datorkigu, eta hori ere oso polita da, horri esker ehundu baitugu Paris 365en sarea».

Krisiaren ondorioz, bada, halaber, Paris 365 jatetxearen zerbitzuak ordaintzerik ez duen jendea ere, eta horiei laguntza emateko, Besoz Beso izeneko kanpaina abiatu berri du jantoki solidarioak: «Euro bakar bat ere ordaindu ezin duen jende askorekin topo egin dugu azkenaldian. Duela lau bat hilabete antzeman genituen lehen kasuak, eta, ordutik, dezente ugaritu dira. Horren inguruan hausnarketa egin, eta Besoz Beso ekimena antolatu genuen. Hilabetean euro bat ordaintzeko prest dagoen jendea bilatzen dugu, miseria gorrian dauden pertsona horien otorduak guztion artean ordain ditzagun».

Izan ere, jendearen arteko harremanak, auzolana eta elkarlana sustatzea funtsezkoa da Gizakia Herritar fundazioko arduradunentzat. Marian Gorraizen esanetan, ehunka boluntariok izena eman dute Paris 365 proiektua abian jarri zirenetik, edozein lan egiteko. «Jende askok bere burua eskaini du zerbitzari lanetan aritzeko, baina baita ikastaroren bat emateko ere: dantza afrikarrak, mendi irteerak, informatika, hizkuntzak... Norberaren zaletasunak eta abileziak partekatzen ditugu. Finean, harremanak erraztea da helburua, jantokira hurbiltzen diren pertsona gehienak etorkinak direlako, eta, askotan, pobreziari ez ezik, isolamenduari ere aurre egin behar diotelako».

Lan ildo horretan, bi proiektu berri antolatzen ari dira egunotan Gizakia Herritar fundazioko kideak: alde batetik, Jai eta Azoka Solidarioa; eta bestetik, Paris 365 jantokia Hondurasen. Lehenengoa maiatzean eginen dute, Iruñeko Baratxurien Plazan, eta bertan, kontzertuak, dantza emanaldiak eta bestelakoekin gozatzeaz gainera, bigarren eskuko azokan erosteko aukera izanen dute parte-hartzaileek. Interesgarriagoa izan daiteke, hala ere, Hondurasen zabaldu duten jantokia: «Paris 365-Casa Belen du izena. Tegucigalpa de Belengo auzo txiroenetako batean kokatuta dago, eta, bertan, otorduak doan emateaz gain, hezkuntza eta osasun zerbitzuak ere eskaintzen ditugu». Argi dago elkartasunak ez duela mugarik... ez behintzat Parisen.