Iñaki Altuna
2012ko Martxoaren 29a
Greba orokor arrakastatsua izan da Euskal Herrian. Lerrook idazterakoan greba egunaren lehenengo orduak baino ez ziren igaro, baina, han eta hemen jasotako lehen informazioen arabera, oso erantzun zabala izango zuela begien bistakoa zen. Estatu espainol osoan zegoen deitua greba orokorra, baina lau euskal lurraldeetan lehendik antolatuta zegoen protesta egunak ezaugarri bereziak izan ditu.
Hasiera-hasieratik, Euskal Herrian jarraipen handiagoa izango zuela aurreikus zitekeen, are gehiago Estatuko sindikatuek aldez aurretik abertzaleek jarritako data bera aukeratu zutelarik. Aspaldiko partez, langile antolakunde guzti-guztiek grebara deitu zuten. Ezin da ahantzi, gainera, azken urteotan Euskal Herrian protesta dinamika –Estatuan baino indartsuagoa– abiarazi dela sistemak berak sortutako eta orokortutako krisia dela-eta. 2009an eta 2010ean izandako grebak ditugu adibide. Nolabait esatearren, egoerari aurre egiteko baldintza sozialak landuak dira. Baita politikoak ere. Estatuan, aldiz, ez da aldaketarako alternatiba politiko eraginkorrik egituratzeko zantzu handirik ikusten. Ez orain arte, bederen. Protesta eta mugimendu soziala azaldu dira, «suminduen» mugimenduarekin ikusi moduan, baina harago zerbait sortzeko arazoak ere izan badira. Horrela lortu zuen PPk gehiengo osoa, inoiz lortutako handiena, azaroko hauteskundeetan, nahiz eta orain, Andaluzian, bere eskaintzaren sinesgarritasuna ez dela hain sendoa ikusi den. Euskal Herrian, berriz, burujabetzaren eta independentziaren aldeko ezkerreko indarren batuketak eta berrantolaketak itxaropena piztu dute.
Berezitasuna ez dago grebaren jarraipenean soilik. Grebaren edukian ere aldeak ikus daitezke. Lan erreforma negoziatu ahal izateko deitu zuten CCOOk eta UGTk greba orokorra Estatuan. Ez dute indar posizio batetik egin, sindikatu horiek oso ukituak iritsi baitira une honetara. Urte askotako nora ezaren ondorioz, beraien eragin gaitasuna zalantzan dago. Hori gutxi ez-eta, Espainiako eskuin muturrak langile antolakundeen kontrako sekulako kanpaina jarri du martxan.
Euskal Herrian, azken denboran izandako eskubide murrizketak salatzeaz gainera, lan harremanak eta, oro har, eremu ekonomikoa eta soziala bertan arautzeko beharra nabarmentzen ari da.
Aldaketa politikoa egiteko garaia dela behin eta berriz entzuten ari garen honetan, aldaketa arlo ekonomikoan eta sozialean ere gauzatu behar dela erakutsi digu grebak. Euskal Herrian irekitako prozesuak prozesu osoa, integrala, izan behar duela diotenen iritzia indartu zen ostegunean.
«Bateragune auzia»
«Bateragune auzia» deritzanaren helegitea aztertzen hasi dira aste honetan bertan Espainiako Auzitegi Gorenean. Zigorra bertan behera uzteko askotariko arrazoi ugari daude. Arrazoi juridikoak, zigor epaiaren hutsuneak nabarmenak baitira, defentsak arrazoitu duenez. Arrazoi politikoak, Bateraguneko epaiketatik hona aro berria zinez ireki dela ukaezina delako eta nekez leporatu ahal zaielako zigortuei estrategia politiko-militarra betikotu nahi izatea. Eta arrazoi sozialak, Euskal Herrian gizartearen gogoa zigortuak kalean ikustea baita.
Halere, arazoak ere galantak dira. Alde batetik, Rajoyk ez duelako zigorra eta inposizioa oinarri dituen estrategia aldarazten. Beste alde batetik, Auzitegi Gorenak, eskuarki, oso jokabide gogorra izan ohi duelako. Eta azkenik, Estatuak, prozesu demokratikoaren beldur denez, «albiste onek» ezker abertzalea indartzen dutela uste duelako. Horregatik, behin eta berriz denbora geldiarazten saiatzen ari dira, etorkizuna iritsi ez dadin. •




