-

Osasun arazo larri batek hurbildu zuen makrobiotikara. Hitzaldien eta ikastaroen bidez berak eraiki duen bizi filosofia propioa zabaldu nahian dabil.

Xole Aramendi

2012ko Martxoaren 15a

Besteek agian bai, baina berak ez du bere burua maisutzat. «Nik bizitako esperientziaren berri ematen dut, beste askori baliagarria gertatuko zaiolakoan», argitu du. Esperientzia hura ez zen nolanahikoa izan, 35 urterekin minbiziak bere bizitza arrisku bizian jarri baitzuen. Itsu zegoen orduan. Makrobiotikaren argia ikusi zuen. Sasoiko ikusten da orain eta zorteko sentitzen da. «Beti izan dut zortea nire bizitzan eta berriro jaiota ere denak pasako nituzke berriz. Dena ikasbidea izan da eta hasi besterik ez naiz egin bidean», nabarmendu du, irribarretsu, Jexux Larretxeak (Arantza, 1954).

Gaixotu bezala, nork bere burua sendatzeko duen gaitasuna aldarrikatzen du. «Oreka lortzea da gakoa, eta, horretarako, gorputzaz gain buruak ezinbesteko garrantzia du», adierazi du.

Noiz eta nola hasi ziren zure osasun arazoak?

Elektrikaria nintzen. Kirolari denbora asko eskaintzen nion eta ustez osasuntsu nengoen. Sintomak abisua ematen hasi ziren, bazela zerbait ondo ez zegoena. Baina horiei askotan ez diegu kasurik egiten eta horrela joan ziren urte batzuk... Gero eta arazo gehiago nituen, eta burura jotzen zuten, horrek duen arriskuarekin. Psikea ukitzen zuen. Eta psikeak zekarren gorputza energiarik gabe geratzea. Medikurik onenengana jo nuen, herrialde ezberdinetara, baina inork ez zidan konponbiderik eman. Ikusmena galtzera iritsi nintzen; 0.01 besterik ez nuen ikusten. Neurologo batek esan zidan 35 urte izan arren 85 urteko gorputza nuela, nire zelulak zahartu egin zirela. Urte horiek denak aurretik bizi izan badituzu ondo, baina...

Nola izan zenuen makrobiotikaren berri?

Etxenagusia pilotaria Frantziako Saint Gaudens zentroan leuzemiaz sendatzen ari zela entzun zuen alabak. Galtzekorik ez neukala pentsatu nuen. Berekin hitz egin nuen, baita bularreko minbizia gainditua zuen Oiartzungo neska batekin ere. Animoz beteta joan nintzen hara. Bertako zuzendariak, René Levik, zera esan zidan: «350 aldiz mutxikatzen baduk mokadu bakoitza eta gai baldin bahaiz modu horretan gari sarrazenoa jateko, baduk sendatzeko aukera!» Miller izeneko sendagile amerikarra zegoen han, oftalmologoa, eta hark animatuta ekin nion. 364 egunez egin nuen agindutakoa, gehiago ezin izan nuen!

Gorputzak nola erantzun zuen?

Poliki-poliki zelulen berritzea etorri zen. Egunean kilo eta erdi galtzen hasi nintzen, baina arintasun horrek energia beroa ematen zidan. Zoragarria zen, barruan zerbait fuertea sentitzen nuen! Indarra, energia eta animoa biltzen hasi nintzen. Egunero hitzaldiak ematen zizkigun Lévyk. Taldean egiten genuen lan. Hari entzun eta bakoitzak berak behar zuena jasotzen zuen, bere ahalmenaren barruan. Inork ez zizun jarraitu beharreko erritmoa ezartzen.

Besotik helduta kalera eramaten ninduen han zegoen eratsundar batek. Sei hilabetera, egun batean, argi txiki bat bezala ikusi nuen eta zenbaki bat: 1’.... Ez dut sekula ahaztuko! Atzetik zenbaki gehiago zeuden baina ni ez nintzen ikusteko gai.

Osasuna berreskuratuta ikasitakoaren berri besteei ematea erabaki zenuen.

Hasieran ingurukoei eta lagunei bakarrik kontatzen nien. Hamarretik bakar batek entzungo ninduen, besteek zorotzat hartzen ninduten... Baina ez nintzen harritu. Gainera, nik ere ez nuen nahi nire altxorra lau haizetara zabaltzerik. Jon Intxaustik eta biok elkartea sortu genuen. Txiki geratu zen segituan. Eta, ondoren, Intxaurrondon Kimu jatetxea ireki genuen, baita aldameneko denda ere. Lierni alaba sukaldean zela bost urtez egon ginen biok. Hitzaldiak ematen hasi nintzen. Berehala ahotsa zabaltzen hasi zen eta utzi egin genuen jatetxearen ardura.

Maisu batekin eta bestearekin ikasi ondoren zeure filosofia propioa eraiki duzu. Zein da oinarria?

Janaria asko zaindu arren, burua lantzen ez baduzu alferrik ari zara. Makrobiotika oso eskola zabala da. Maisu bakoitzak bere ikuspuntua du: batzuentzat arlo fisiko-psikikoa gailentzen da, besteentzat psikiko-espirituala, eta badira baloreak lehenesten dituztenak. Nire ustez balio bera izan behar dute arlo fisikoak, psikikoak eta espiritualak. Azken hori ez dut erlijioari lotuta ulertzen, zentzu zabalagoan baizik: energia, baloreak, izaera... Gaur egun fisikoa traba da beste bi alorretara egoki iristeko.

Geure buruarekin oso intoleranteak gara, eta are gehiago ingurukoekin. Lasai egoten ikasi behar dugu. Gaur ez dago erabakia hartu beharrik, egunero ilundu eta argitzen du... Hainbeste energia mugitzen da, ordu batzuk itxaron eta agian hartuko duzun erabakia aldatu egingo dela. Erabaki txarra hartu baino hobe da itxarotea, bizitza oso luzea da. Dena den, makrobiotikan asko ari gara eta honetan ez gara ados jartzen.

Makrobiotika Ekialdetik dator. Nola uztartu hemen?

Nik makrobiotika ez dut ikusten hangoa eta hemengoa, unibertsala baizik. Azken finean, bakoitza, bere herriko kulturaren baitan, bere burua ezagutuz, bere buruaren jabe izatea da. Euskaldunok agian japoniarrek baino gertuago daukagu, gainera. Itzuliko baginateke duela 40 urtera... Nik amonaren baserrian ikusi dut artatxikia egiten, esaterako. Baita garia ere, harekin txerria gizendu eta ondoren guk animalia jateko. Zuk bezala edo hobeto jaten zuen txerria jaten zenuen! Alde ederra dago hura jan edo industrialki hazitako animaliak jatearen artean...

Makrobiotikan garrantzi handia dauka mutxikatzeak. Zergatik? Txistuaren bidez alkalinitatea sortzeko. Gero sabelean dauzkagun entzimei esker odola egiten da. Azkar jaten badugu, elikagaien %5 eta %10 artean besterik ez ditugu aprobetxatzen. Eta gaur egun horregatik jaten dugu hainbeste, odolak ez duelako aprobetxatzen. Gure hortzak eta haginak ikusi besterik ez dago zer jan behar dugun jakiteko. 32 pieza ditugu guztira. Horietatik hogei haginak dira, errotarrien formakoak, zerealak zapaltzeko. Geratzen diren hamabietatik zortzi hortz zorrotzak dira, mozteko –barazkiak, fruta eta irin gauzak–; gainontzeko lauak, berriz, animalien proteinak jateko dira, hortzaka egin eta tira eginez.

Gaur egun erabat aldatu da bizimodua.

Kirolari handi batek esan zidan momentu txarretan nork bere barrura begiratu eta erroetara begiratzea dela gakoa. Nire sustraiak nire gurasoak eta aiton-amonak dira. 140 urtean pentsa ezazu zenbat aldatu den dena... Oso urte gutxian aldaketa sakonak eman dira eta ez gaituzte horretarako hezi. Gure garapen pertsonala ere ez da fisikoarekin bat joan. Barruan dugun hutsunea janarekin eta edanarekin bakarrik estal dezakegu. Ez dakigu bestela nola egin. Behin Deepa Chopra mediku eta idazle indiarrarekin topo egin nuen aireportu batean. Hitz egiten entzun eta berehala hurbildu zitzaigun. «Euskaraz ari zarete? A ze herria!», bota zigun. Luze aritu ginen. «Zuen arazoa da erromatarrak bezala sabela gurtzen duzuela, eta, haiek bezala, galzorian zaudetela». Pentsa!

Gorputza ari zaigu abisuak ematen baina ez gara gai hori ikusteko eta are gutxiago sintomak irakurtzeko.

Profesionalarengana joan eta hark «hau hartu behar duzu» esaten digu. Horrek ez dizu sintoma desagerrarazten, estali edo zabaldu baizik. Gure gorputza ez da kimikoa, beraz produktu kimikoak ez du ahalmen hori. Kolesterola pilula batekin edo jogurt bat janez konpon daitekeenik zeinek sinetsi behar du? Koipea baldin badaukazu odolean, nola nahi duzu jaistea koipea daukan zerbait janda? Hori garbitu, kanporatu egin behar da. Kasu askotan, hamar egunez gorputzaren garbiketa egitea nahikoa da.

Euskal Herrian ezagutzen ditut beste hamabi pertsona, ni bezala, buruko tumoreak makrobiotikarekin sendatu dituztenak. Horietatik bederatzi aurretik ebakuntza egin, kimio terapia hartu eta bigarrenez minbizia sortu zitzaienak ziren.

Medikuntza ofizialak ez du gorputzaren eta buruaren arteko batasuna ikusten.

Hala da. Frantzian ikusi nuen gorputza erabat garbitzea zazpi urteko lana dela eta segundoro 300.000 zelula hil eta berritzen direla. Hori zoragarria da! Jakinez gero zuri zein elikagaik egingo dizun ondo, zer da ba hori zazpi urtez egitea? Eskaileran pauso bat besterik ez da. Noski, horrek ohitura aldaketa eskatzen du. Izan ere, ohiturek garamatzate gaixotasunera. Gure buruaren jabe izan behar dugu, ez kalorien esklabo. Lehenengo gure burua maitatzen ikastea da kontua, onartzea.

Herriz herri ari zara hitzaldiak eskaintzen.

Txikitatik dut jendearengana gerturatzeko erraztasuna. Bilkurak antolatzen ditut, eta, teoriaz gain, janariak nola prestatu ere irakasten dut. Herriz herri nabil, elkarteetan, eskoletan... Ondarroan talde bat biltzen gara eta Donostian ere beste ehun pertsona elkartzen gara hilean behin. Horrez gain, hainbat belar dendatan kontsulta pasatzen dut; macrobiotica.com helbidean dago informazioa eskuragai.

Askok gaizki daudenean jotzen dute zugana, beranduegi agian.

Zenbat eta kasu zailagoa, hobe niretzat. Hobekuntza datorrenean poza askoz handiagoa da. Baina ni neu gaixotzeko arriskua daukat. Erabat akituta geratzen naiz saioaren ostean. Gaixoarekin aurrez aurre nagoenean kosta egiten zait distantzia jartzea eta dena xurgatzen dut... Ez da erraza. Niri bezala gauza bera gertatzen zaie oso gaixotasun larria izan dugunoi.

Gaixotasun guztiek al dute konponbidea?

Denek. Norbera gaixotzen bada, norberak sendatzeko bidea behar du. Nahi izatea, zure gorputzak ahalmena izatea aldaketa emateko eta aldamenekoak ez oztopatzea –edo zuri hori axola ez izatea– dira beharrezko baldintzak. «Orain ere hori jan behar al duzu?». Horrelakoak entzutea ohikoa da. Ez hori bakarrik, gainera ondokoak jatorduak prestatu beharra ere izaten du... Zer da maitasuna? Zu tumore batekin bizi zarenean bakarrik uzten zaituenak maite al zaitu? Zer gutxiago, aukera baten aurrean, saiatzea baino? Hori da niretzat gaur egun dagoen zulorik handiena... Eta horrek indarge uzten nau. Emakumea negarrez kontsulta barruan eta gizonezkoa kanpoan... Alderantziz bada, seguru nago emakumea gutxienez entzutera joango dela.

Makrobiotika gizartean zabaltzera eramango duen proiekturik bai?

Gakoa da industria farmazeutikoaren esku dagoela dena. Hortik askatu bitartean medikuekin ez dago zereginik. Baina badugu proiektua Donostiako Aieten sendagileekin elkarlanean egingo den zentro berezi bat irekitzeko. Talde bat ari gara poliki-poliki lantzen, ez dakit noraino iritsiko garen. 100-120 gelako eraikina izango da, jatetxe pare bat, eta hitzaldi aretoa ere bai. Hogei bat sendagile arituko dira lanean. Badira prest daudenak. Bostonen bada institutu bat, eta, han, osasungintzan duten esperientziaz gain, makrobiotika formakuntza jasoko dute. Horixe da helburua, bi alorrek bat egitea. Baratze ekologikoak jarri eta etxera eramateko menuak erosteko aukera ere eskaini nahi dugu. Milanen dago antzeko zerbait, baina hain osaturik ez. Horrekin batera, herri bakoitzean makrobiotika jatetxe txiki bat egotea da gure nahia.

Topikoak dira oraindik nagusi makrobiotikaren gainean?

«Elikagai hau ona eta bestea txarra da» dioen mentalitatea daukagu. Eta ez dago ezer onik, ezta ezer txarrik ere. Dena oreka aurkitzea da. «Hik arroza bakarrik jaten duk eta begira ze itxura daukaan!» topikoa oso zabalduta dago. Begiratu Guardiola eta Mourinhori! Zein dago tristeen eta zeinek dauka odol txarrena? Guardiola bere buruaren jabe da ehuneko ehunean! Nahi nuke nik ahalmen hori... Beno, egia esan, nahiago dut helburu bezala eduki eta ikasten jarraitzea.

Goi mailako kirolariekin ere ari zara lanean.

Patxi Caminosekin hasi nintzen. Txindokira igotzen errekora hautsi nahi zuen. Seigarren itzulitik ez zen pasatzen. Neuk deitu nion. Baldintza bakarra jarri nion:&punctSpace;«Nik lagunduko diat elikadurarekin, baina ezin duk beste ezer hartu!». Ni han egon nintzen bera kontrolatzen. Aurreko marka 11 igoeratan zegoen. Berak hamabi egin zituen eta ordubete soberan izan zuen. Azkenengoa oinez egin genuen biok.

Kirolari guztiak deika hasiko zitzaizkizun...

Bai, azkena Oihana Kortazar etorri zitzaidan duela hiru hilabete. Jesus Mari Zamorarekin eta Carles Puyol Bartzelonako jokalariarekin ere aritu naiz. Iruñean elkartu eta nik eman dizkiot aholkuak urtebetez. Bera aurretik ere ari zen, zortzi urte daramatza makrobiotika elikadura egiten. Orain Bartzelonako beste aditu batengana bideratu dut. Kirol arloan gero eta eskaera handiago dago. Dopinak badakizu ze arazo dakartzan, bai unean bertan, bai ondoren. 40 urtera iristen dira eta osasunik ez!