Pirena proba ezagunean seigarren egitea ez dago edonoren esku. Itoitz Armendarizek bere lehen parte-hartzean lortu du. Pozarren dago. Urte osoko lanaren ostean, txakurrek ondo erantzun diote eta espero baino emaitza hobea eskuratu du. Europako txapelketa du asteburu honetan erronka.
Xole Aramendi
2012ko Otsailaren 17a
Eman eta jaso. Horixe Itoitz Armendarizek (Eskoriatza, 1979) eta bere txakurrek elkarrekin duten harremanaren gakoa. Pirenatik itzuli berriak dira. Bi astez elur zuriaren gainean lerari tiraka, sufritzen, gozatzen. Eta emaitzari erreparatuz gero, esan daiteke bi aldeek ondo bete dutela tratua. «Probatzera joan naiz eta gauzak ondo atera dira. Hamabigarren eginez gero pozik egongo nintzela esan nuen eta azkenean seigarren geratu gara. Ez dago gaizki», esan du.
Shiva, Elsa, Frida, Sami, Reggae, Ipar, Jai, Sorgin... zain ditu, etxe aurrean eurentzat egokitutako kaioletan. Goizean leihora hurbildu eta etxe aurrean txakurrak ikustea bezalakorik ez dago Itoitzentzat eguna ondo hasteko. Haiekin bizitzeko erosi zuen propio Lukon etxea, duela lau urte. «Ez da gauza bera txakurrak egunean pare bat orduz ikusi edo eurekin bizitzea. Harremana askoz estuagoa da eta kirol honetarako erabakigarria da hori. Txakurrek nigandik jasotzen dutena ematen didate ondoren ordainetan», azaldu du.
Pirineoan hamabost egun irauten duen lasterketa gogorrean, etapa luzeetan nabarmendu dira, bat baino gehiago harrituta utzita. Are gehiago, animalien gaztetasuna kontuan badugu. Izan ere, urtebete eginda eduki behar du txakurrak lehiatu ahal izateko eta animalia batzuk lasterketetan hasi berriak dira.
Ondo egindako lanaren harrotasunak ez dio eragotzi bere buruari erronka berriak jartzea. «Postua oso ondo dago, baina datorren urterako erronka oso zaila daukat hori hobetzen».
Frantzian, Suitzarekiko mugan elkartu dira, asteburu honetan, Europako musher onenak. Ez daki nola moldatuko diren. «Urteko prestakuntza Pirenara bideratu dut. Europako Txapelketa hau hiru egunekoa da, esprint saioak daude, eta ez dakit txakurrek nola erantzungo duten», esan du. 2006an ere lehiatu zen, baina ez bere txakurrekin, Iker Ozkoidi musher nafarraren txakurrekin baizik. Eta ez da gauza bera. «Hark egindako lanaren emaitza zen, ez nirea», esan du. Gauza bera gertatu zitzaion Pirenan, Azpeitiko Andoni Azpillagaren txakurrekin parte hartu zuenean ere. Beraz, esan daiteke aurten estreinatu dela benetan bi lehiaketetan.
Musher-ak ez du atsedenik. Animaliak urte osoan zaintzen ditu. Orain, jolaserako denbora hartuz, garaian garaiko entrenamenduak eginez, gero. Lehiaz harago, txakurrekin egotea du gustukoa. «Txakurrik gabe ilusiorik gabe biziko nintzateke, nahiz ez ditudan hamalau txakur behar. Birekin ere berdin litzateke. Helduko da lera gainean ibili ahal izango ez naizen eguna eta pare bat nahikoa izango ditut», kontatu du. Animaliekin osatzen duen taldean, Itoitz bera da liderra. «Txakurrek badute taldean lider naturala, baina ni nagoenean neu naiz», argitu du.
Txakurren psikologiaz asko ikasi du liburuetan. «Nire energia maila neurtzen dute. Pozik banago, nire inguruan izango ditut, leran noanean laguntzeko prest. Aldiz, haserre edo etsita banago, ez dira nigana hurbilduko. Noski, horretarako, gure arteko harremana landu egin behar da. Liburuak irakurri eta hura praktikan jarrita ikasi dut. Guri aurpegian nabaritzen zaigu. Eurei belarrietan, buztanean eta begietan».
Lehia urte osoko lanaren emaitza da. «Sailkapenak esaten digu ordura arte egindako lanak ezer balio duen edo entrenamenduak aldatu egin behar ditugun».
Hamabost urterekin eduki zuen lehen txakurra. Ipar, huskya. Lehenengo bat, ondoren lau. «Hasieran, etxean nituen, baina ezinezkoa egin zenez, aitaren ortura eraman nituen. Lurrik gabe geratzean, txakurrik gabe geratu nintzen», azaldu du. Baina ezin etsi. «Txakurrekin harremana izatea faltan nuen», aitortu du.
Ondoren, Iker Ozkoidik berarekin Pirenan parte hartzeko aukera eman zionean, ez zuen zalantzarik egin. Eta sei bat urtez aritu zen bere handler bezala, animaliekin laguntzen. Beraz, lehiaketa ondo baino hobeto ezagutzen du.
Aukera eduki bezain pronto, bere txakur taldea osatzeari ekin zion. Alemaniarako bidea hartu zuen, munduko txapelduna den Rudy Robertsi txakur eme parea erosi, eta etxera. «Txakurkumeak atera eta hiru gorde nituen. Bigarren kumaldirako berriz Alemaniara, txakur bat hartuta, hura gurutzatzera. «Aurten ere Pirenan garaile atera den Tom Andresen txakur ar bat gustatu zitzaidan. Gurutzatu genuen, baina ez zen ernaldu». Beste saiakera bat. Handik sei hilabetera, berriz Munich aldera. «Orain ditudanetatik lau kumaldi hartakoak dira. Ondo atera zitzaidan. 1.000 euro ordaindu nituen, eta horrez gain bi bidaia Alemaniara. Baina orain emaitzak datoz», adierazi du. Hamalau kideko txakur koadrila osatu du musher-ak.
Txakurren zaintza, lanarekin uztartu behar. Arrasaten aritzen da, Fagorren lantegian. Erreleboka egiteak, hiru txandatan, ez dio asko laguntzen, baina ez dirudi axola zaionik. «Lanik egin ezean, ezingo nuke txakurrik eduki», esan du. Europan ez dago musher profesionalik.
Ez da kirol merkea. «Hilean 300-400 behar ditut txakurren mantenurako. Jateko haragia ematen diet. Pentsuarekin ere probatu dut, baina emaitza hobeak lortu ditut», esan du. Bidaietan haragiz betetako kutxa bat erremolkean hartuta ibiltzen da, hara-hona.
Kirol minorizatua izanik, erakundeen aldetik ez du laguntza handirik jasotzen. «Neguko Kirolen Euskal Federazioak aurreko denboraldian eskuratutako emaitzen arabera ematen du diru kopuru bat», azaldu du. Bi enpresa ditu laguntzaile moduan, Ternua eta Anaca.
Elurraren bila urrun joan behar izateak zaildu egiten du kirola. «Guk Alpeetara 13 ordu ditugu autoz. Eta Norvegia edo Suediara, 34-38. Norvegiarrek urrirako elurra etxean dute eta guk urtarrilaren bukaerara arte ez dugu eduki -adierazi du-. Aurten, hamabost egun bakarrik izan ditut elur gainean entrenatzeko. Ez dut beste aukerarik izan. Urtarrilean, Alpeetara joan nintzen. Pirenan lehiatu diren beste batzuk bi hilabetez entrenatu dira elurretan. Hurrengo urterako horixe da helburua, hilabetez elurretan prestatzea».
Eskoriatzarrak argi du: «Hemen urrirako elurra izango bagenu, norvegiarrak bezalakoak izango ginateke, azkarragoak».
Azpiegitura ere eskasa da. «Estatuan ez dago txakurrak entrenatzeko tokirik. Iraupen eskiko pistetan ez digute sartzen uzten eta bi aukera ditugu: Soria edo Baqueira».
Europako Txapelketan parte hartu ahal izateko, 26 orduz gidatu du, ondoren lera gainean ordu eta erdiz egoteko. «Merezi al du?», galdera airean utzi du. Kirolari eskaintzen dion dedikazioa ikustea nahikoa da horri erantzuteko. Ez gidari lana bakarrik. «Txakurren kakak garbitu, jaten eman, lau orduro autotik atera txiza egitera, masajeak eman, psikologo lana egin, jolasteko denbora hartu, hankak osatu, eta horrez gain, kotxea gidatu... Eta ondoren, proban, lasterkaria zara», azaldu du.
Ingurukoek bakarrik dakite zenbat ahalegin eta denbora eskaintzen dien txakurrei. Musher-aren jarduera, gainera, ez da ezaguna, nahiz aurten inoiz baino oihartzun mediatiko zabalagoa izan duen Pirenak. Musherra entrenatzailea, gidaria, psikologoa... dena da. «Txakurrak pozik egon behar du, eta ez badago, animatu eta motibatu egin behar dugu. Txirrindulariek ekipoan managerra, mekanikoa, masajista... dute; gu hori guztia gara», esan du.
Txakurren sufrimenduari buruzko galderekin nekatu samar dago Itoitz. «Zer kirolarik ez du sufritzen? -bota du-. Bi orduz lerari tiraka aritzea esfortzu handia da. Baina pozik badago, korrika egingo du».
Gizakia txakurraren ehizarako senaz baliatu da kirolerako. «Gizakiak txakur arraza bakoitza bere lanerako moldatu du. Txakurra ehiztaria da eta senak esango dio harrapakinaren bila korrika egiteko. Guk sena motibatu eta puntu batean moztu egiten dugu, ondoren, eta ordainetan saria eman; etxera iritsi eta jaten emango diogu», gaineratu du. Denboraldiaren azken txanpan sartuta dago. «Aste Santuan, oraindik elurrik badago, trineoan ibiltzera joango naiz, gozatzera. Giro onean. Eta ondoren, maiatzera arte, atsedena».
Uda izanik ere, denboraldi berrirako prestakuntza egiteko aprobetxatzen du musher-ak. «Txakurrak badaki noiz egin duen zer edo zer guregatik eta guk noiz egin dugun zer edo zer beregatik. Udan abandonatuta utzi eta jaten bakarrik eman badiogu, lasai egon, neguan ez dute ezer egingo», esan du. Beroa dute etsai nagusia txakurrek. «Ez da komeni 12 gradutik gorako tenperaturan lerari tiraka jartzea. Esfortzu handia egiten du txakurrak. Mingainetik bakarrik izerditzen du, gorputzean ez baitauka pororik. Izerditu eta arnasa hartu organo beretik egiten duenez, pentsa zer nekagarria den...», esan du.
Hori horrela, bizikleta eta igeriketa baliatzen ditu prestakuntzan etenik ez egiteko. «Ekainean bizikletarekin ibiltzen naiz, txakurrak atzetik libre korrika datozela. Ondorengo hilabeetan, beroa hasten denean, piraguan aritzen naiz eta eurak inguruan igerian. Igeriketa oso egokia da, bai beraientzat, bai guretzat, gorputzeko atal guztiak mugitzeko eta arnasketa kontrolatzeko».




