MARTA MORENO ZAMEZA -

2012ko Otsailaren 17a

Zer moduz oiloekin?

2011ko urtarrilean, 100 oilo sartu genituen, kortaren aparteko batean, froga egiteko eta maneiua ikasteko. Gure arrautza ekologikoak salmenta zuzenean ondo saltzen zirenez, ekoizle txiki gisapauso bat aurrera ematera ausartu ginen. Ondoren, araudia betetzeko, uztailean lehenengo sorta ofiziala erosi genuen (250 oilokoa), Isa Brown arrazakoa; eta urrian, bigarrena, beste 250 Lohman arrazako oilokoa. Denak bere txerto eta nortasun agiri antzeko batekin. Hau ez da matematika, batzuetan, gauzak era batera ateratzen dira, eta besteetan, bestera. Gure proiektua 950 oilo jartzea da. Hortaz, ekoizpen gaitasunaren laurdenean soilik gaude.

Jendarteak ondo hartu ditu Busturialdeko arrautza ekologikoak?

Egunean, 16-18 dozena arrautza ipintzen dituzte oiloek. Momentuz, dena saltzen da, gure bezeroek badakitelako zer ari diren erosten. Orokorrean, jendartean informazio falta handia dagoen arren... Arrautza ekologikoak arrautzen artean onenak dira, hau da: `Pata negra'.

Zer da zure arrautzak berezi egiten dituena?

Bizi diren era eta arrautzak sailkatzen ditugun modua. Eskulana, guztiz. Arrautzak bezeroei aurkeztu aurretik jarraitzen dugun prozesua hurrengoa da: lehenik eta behin, arrautzek arrakalarik edo zikinkeriarik ez dutela ziurtatzen dugu, eta ondoren, pisuaren arabera sailkatzen ditugu. Arrautza bakoitzari zigilua jarri eta gero, kutxara sartzen ditugu, kutxan kontsumitzeko epea zehaztuta (28 egun). Oilotokian, metro karratu bakoitzeko 6 oilo daude; kanpoan, araudiak metro karratu bakoitzeko 4 eskatzen ditu, baina gureek landa handiagoa daukate. Eta, hala ere, oiloak luzaro ibiliz gero, belarrak sufritu egiten du. Horregatik, zelaia partzelatan banatuta daukagu, belarrak birsortzeko denbora izan dezan. Hegaztiek egunero, kalera irteteko aukera daukate: goizean, ateak zabaltzen dizkiegu, nahi dutenean irten daitezen. Janaria, noski, ekologikoa da, GEOrik gabekoa. Bakoitzak 130 g inguru jaten du egunero. Goizean kantitate horren herena ematen diegu, eta arratsaldean bi heren. Lo gutxienez 8 ordu egiten dituzte egunero. Garbiketa, uraren aldaketa... egunero egiten dugu. Arrautza jatean, igartzen da beste gauza bat dela. Gainera, fresko-freskoak dira, saltokietara eramatean, gehienez, 3-4 egun baitauzkate. Merkatuan ez dago horrelakorik, bertoko arrautza ekologikoak ez badira. Gure arrautzak 55-75 g artekoak dira (M eta L tamainakoak). Hori baino txikiagoak edo handiagoak ez ditugu saltzen, guretzako edo ingurukoentzako gelditzen dira.

Hainbeste arrautza janda, kolesterolez gainezka amaituko duzue.

Ez! Gure aititak egunero hainbat arrautza jaten zituen eta sekula ez zuen arazorik izan. Eta beste gauza bat esango dizut: gure bezeroen artean, badago arrautzekiko intolerantzia daukan bat, baina gure arrautzak arazo gabe jaten ditu.

Zergatik erabaki zenuten oilotegia jartzea arrautza ekologikoak saltzeko?

Ajangizko ortugile ekologikoek -Ainhoak eta Alexek- komentatu ziguten. Gernikako plazan, beraien ondoan egoten zen baserritarrak arrautzak saltzen zituen, baina erretiroa hartzear zegoen. Beraiek animatu ninduten arrautza ekologikoak ipintzera. Arrautza ekologikoak izanik, beraien postuan saltzeko aukera eman ziguten. Aldi berean, inguruko beste ekoizle ekologikoen sare komertzialak eta dendak aprobetxatu ahal izan ditugu.

Baserriarekin loturarik bazenuen?

Hona etorri ginenean, orain dela ia 14 urte, ardientzako korta egin genuen. Orain, korta birmoldatu eta oilotoki bilakatu dugu. Horregatik, egin behar izan dugun inbertsioa ez da horren handia izan. Edonola ere, baserriarekin lotura haurtzarotik daukat, ama baserrikoa dut, Gernikako erdigunean zegoen baserri batekoa. Esnea banatzen zuten. Nire asmoa azaldu nionean, ez zuen batere argi ikusten. Amaren alde negatiboa eta nire «erromantizismoa» aurrez aurre. Noski, erromantizismotik soilik ezin daiteke bizi, gogor lan egin behar da. Ez dago oporrik, lan asko suposatzen du... Kanpoan ere lan egiten dut, jardunaldi erdiz. Eskerrak familiaren laguntza daukadan!

Eta ekoizpen ekologikoa ezagutzen zenuen?

Bai, ezagutzen nuen. Elikagai ekologikoak aspalditik ezagutzen ditut. Gaur egun, etorkizuna hortxe dagoela uste dut. Hala ere, bertoko ekoizpen ekologikoa babesteko eraren bat behar dela ere iruditzen zait. Produktu ekologikoak kanpotik ere ekar daitezke. ENEEKen zigilua ikustean, kontsumitzaileak pentsatzen du bertoko produktua dela, baina hori ez da beti horrela. Kanpotik ekar daiteke produktua, berton eraldatu edo ontziratu, eta ENEEKen zigilua jarri. Araudia horrelakoa da eta horren aurka ezin da ezer egin, baina bertoko produktuak nolabait babestu beharko lirateke.

Kontsumitzaileen artean elikadurarekiko ardura sumatzen duzu?

Bai. Busturialdean, irakasle, guraso eta beste eragile batzuk batzartzen hasi gara.

Arduraturik gaude, batik bat, eskoletan haurrei ematen zaien elikaduraz. Are gehiago, jantoki kolektiboen araudia aldatu zenean, lekuan lekuko ekonomiek kolpe gogorra hartu zuten. Harategiek, okindegiek, arrandegiek, baserritarrek... Kolpe handia izan zen beraientzat, egun batetik bestera eskolak zerbitzeari utzi behar izan ziotelako. Nire ama eskola handi bateko sukaldaria zen, eta berak egiten zuen astero eskaria, bati eta besteari deituz; umeek etxeko janaria bazkaltzen zuten. Halako batean, enpresa bat hasi zen erosketa guztiez enkargatzen. Erosketak herrian bertan egiteari utzi zioten. Orain, batek daki nondik datorren janaria. Eta, gainera, inor ez dago pozik: umeak, kexaka; gurasoak, kexaka; langileak, kexaka.

Ezin diegu gure umeei bertoko produktua jaten eman? Italiako araudian, legez ezarrita dago eskoletan bertoko ekoizpen ekologikoa sartu behar dela. Zergaitik ezin da hori egin hemen? Bertoko enpresak ixten ari dira, apenas dago lanik... Zergaitik ez da bultzatzen nekazaritza ekologikoa? Urdaibain badaukagu aukera elikagaiak ekoizteko, eta penagarria da hainbeste sasi ikustea. Ez da erraza baserritik bizitzea, nik neuk ere kanpoan egiten dut lan. Baina Biosfera erreserba gara, Agenda 21 martxan daukagu, lurra ere badago. Baliabideak hortxe daude.

GAUR8 26 / 27