ASTEARI ZEHARKA BEGIRA -

Iņaki Altuna

2012ko Otsailaren 17a

Aspaldidanik bi gai dira nagusi gurean: krisi ekonomikoa eta gatazka politikoa gainditzeko prozesua. Biak ditugu albiste, adierazpen eta ekimen askoren iturburu, zentzu eta norabide ezberdinetan, jakina. Krisi ekonomikoari denek ez diote berdin begiratzen, klase borroka ez baita desagertu, zenbait ideia hori zabaltzen saiatzen den arren. Gatazka politikoari buruz ere ikuspuntu arras ezberdinak azaltzen dira, konponbide osoa -ondorioak eta zergatiak gaindituta- ekarriko lukeen prozesu demokratiko integrala nahi dutenetatik, afera «garaile/garaitu» eskemara eraman nahi dutenetara.

Galderetako bat bi gaien artean ba ote dagoen -edo bilatu behar ote den- inongo loturarik dugu. Beste galdera bat hauxe da: gai batek, kasu honetan krisiak sortutako ezinegonak, besteak beharko lukeen garapena oztopatzen ote duen. Maiz entzuten ari gara Rajoyk ez duela krisia besterik buruan eta, horrenbestez, ezin diola gatazkaren konponbiderako hain onuragarriak liratekeen zenbait konturi berehala heldu. Adibidez, presoen aferarekin ez presionatzeko eskatu omen die Iñigo Urkulluri eta Patxi Lopezi, zerbait noizbait egin beharko duela aitortu omen dien arren.

Espekulazioan, maldan behera erortzeko arriskua ere badago erantzun biribilik gabeko galdera horietan, baita azken asteotan Rajoyk zenbait euskal ordezkarirekin izandako bileretan ustez esandakoa asmatzeko ahaleginean ere. Izan ere, ez da bertsio bateraturik egon bilera horietaz. Urkullu eta Lopez itxaropentsu azaldu ziren. Rajoyk, aldiz, ez zuen txintik ere esan, eta asko jota, ñabardura ñabartzeko, ohar bat kaleratu zuen Moncloak. Azken bisitaria Antonio Basagoiti izan du Espainiako presidenteak, aste honetan bertan. Zer esan haren adierazpenez? Nork zioen Euskal Herriko PPk sentsibilitate handiagoa izango zuela egoera berriari aurre egiteko eta Basagoiti izan zitekeela pertsona egokia? Maila eskasa benetan. Hainbatek, umore gaziz, dio basagoititarrak bezalako eskuineko familia boteretsuek seme-alaba azkarrenak negozioen mundura bideratzen dituztela, eta dohainik gabekoak, berriz, alderdira.

Basagoitiren adierazpenak are zakarragoak dirudite Fernando Diaz Barne ministroari euskal gatazkaren izaera politikoa aitortzen entzun eta gero. Ez da marka makala Barne ministroa baino jarrera hertsiagoarekin azaltzea. Nolanahi ere, adierazpen anabasa galanta ikusten ari gara azkenaldian PPren aldetik, berezkoa duen jarrera itxiaren eta beste batzuen ahaleginari esker sortutako egoera berriaren arteko talkaren ondorioz. Ezin dute egoerari betiko hitzak betiko moduan botata erantzun, eta hortxe hasten dira kontraesanak, gezurtatzeak, ñabardurak eta gainerakoak.

Hitzak hitz, haatik. Prozesu demokratikoaren garapen egokirako beharko liratekeen baldintzak behin eta berriz urratzen baitituzte. Senpereko espetxeratzea, Patxi Gomez kartzelatzea, Patxi Segurolaren kontra estradizioa onartzea... gertaera larriak denak ere. Sorturen legalizazioaren eta biziarteko kartzela zigorraren auziak Espainiako Konstituzio Auzitegiaren epaien zain dauden honetan, zinez kezkatzeko gertaerak dira.

Gatazka eta ekonomia ditugu, horrenbestez, aipagai. Eta biek ala biek burujabetzarekin dutela zerikusia dakusagu. Burujabetza eza da, hain zuzen, gatazkaren muina, eta burujabetza eza horrek dimentsio ekonomikoa ere badu, krisia dela-eta argi bezain garbi azaltzen ari denez. Bistan dira politika ekonomiko eta lan politika propioak izateko mugak eta gabeziak. Urrutira gabe, lan merkatuaren azken erreformak -denek aitortzen dutenez, lanik ekarriko ez duen erreforma horrek- bete-betean eragingo die Hego Euskal Herriko langileei. Eta greba orokorra izango du erantzun.