Markina-Xemeinen 1974an jaioa, bizitza erdia herritik urruti igaro du Gorka Urkidik, 16 urterekin zesta-puntan jokatzera AEBetara jo zuenetik. Hogei urte eman ditu bertan pilotan... harik eta etxera bueltatu den arte. Urtarriletik Markinan da berriro, bertako frontoiko arduradun berria baita; Unibertsitateko «kantxeroa».
Anartz Bilbao
2012ko Otsailaren 03a
Gorka Urkidi markinarrak 8 urte ingururekin jantzi zuen zesta aurrenekoz, eta, jokatzen, berriz, lehenengo Frontoi Txikian eta gero Pilotaren Unibertsitatea deitzen duten kantxan hasi zen; harik eta 15 urte besterik ez zituela debuta egin eta hurrengo urtean AEBetara jo zuen arte. Hogei urte etxetik kanpo eman ditu geroztik, herrira bueltatzea deliberatu duen arte. Gaur bera da Unibertsitateko kantxero berria.
«Urteetan, Mentxaka erretiratzeko asmoarekin zebilenetik [aurreko kantxa arduraduna], urteetan ibili naiz behar honen ondotik, egia esanda», adierazi digu Urkidik. Pilotaren Unibertsitatean bertan egin dugu hitzordua, non bestela, «negu partean entsegu aldetik-eta traba handirik» ez dagoela profitatuz. Goizean, esaterako, entsegu bakarra jaso zuen egun horretan frontoiak, Txikito Bolibar bera kantxaratu zuena.
«Nire ardura frontoia eramatea da; zabaldu, itxi, ordenan eta garbi eduki... Arratsaldetan umeen monitore moduan nabil -astelehen eta eguaztenetan-; bariku eta domeketan partidak daude...», zerrendatzen dizkigu zereginak. Berez, pilotalekuaren ardura izateaz gain, Urkidik haurrei eskolak ere emango dizkie, zesta-puntan jokatzen ikas dezaten. Hortaz, berak antolatu beharko ditu «hemendik aurrera» aipatu dizkigun partidak, nork norekin eta noren kontra jokatu. «Ez ditut umeak denak ezagutzen oraindino, eta lagundu egiten naute. Etxeba, Atain... [denak ere pilotari izanak] badira hemen hiruzpalau pertsona laguntzeko prest».
Zesta-punta eskolan berrogei ume inguru dira Markina-Xemeinen egun, gehienak mutikoak. «Pare bat neska ere badagoz, baina oraindino ez ditut ezagutu, ni hemen nagoen denboran ez dira etorri-eta». Eta guztientzat ideia berriak ditu monitore lanak beteko dituela-eta «pozik-pozik den» Urkidik. «Gaitza izango da zesta-punta lehengo mailara eramatea, baina asmoa badaukat umeei ilusio apurtxo bat emateko. Orain gaztetxoek ez dute ilusiorik, eta horixe nahi dut, zeozelan ea atzera ilusioa bueltatzen den».
Markina-Xemeinen makina bat pilotari sortu da iraganean, zesta-puntara emanak gehienak. Alta, egun esku pilota eskolak ume gehiago ditu zesta-puntakoak baino. «Eskuak indar asko du orain, eta ez zait txarto begitantzen; kirol oso polita da, geure kirola». «Uni»-an, esaterako, martitzen eta eguenetan entrenatzen dute, «eta nire laguntza izango dute edozertarako, eskatzen badidate. Baina nire bizimodua zesta-punta izan da eta gustatuko litzaidake ostera ere zesta-punta lehen izan zuen mailara urreratzea».
Urkidik, min hartuta, iaz utzi zuen pilota. «Utzi nuen egunetik zesta eskuan sartu gabe izan dut harik eta lehengoan, ume bi bakar bakarrik zirela-eta, zesta zahar bat hartu eta beraiekin batera kantxara sartu nintzen arte. Gogorapen asko etorri zitzaizkidan burura; ia-ia hogeita bat urte egin ditut profesionaletan, pentsa!».
Jaioterriko kantxero lana begiz jota aspaldidanik zuen beharra izanagatik, baina gauzak azkar joan zaizkio Urkidiri eta udaletxetik jaso zuen deiak oharkabean harrapatu zuen. «AEBetan mokorretik operatu nintzen 2010ean, eta erretiratu beharra izan nuen, ezin izan nuen jokatzen jarraitu. Hilabete aurretik utzi nuen pilota, min handiekin nenbilen eta botika asko hartu behar izaten nituen-eta. Gero, azkenengo urtea zerbitzari ibili naiz hotel batean, South Beachen (Miami). Baina... betiko gogoa izan dut frontoian jarraitzea».
Zesta-punta beti ardatz
Artean nerabe zela egin zuen profesionaletan debuta Gorka Urkidi Urbietak, «15 urtegaz eta Durangon». Hurrengo urtean AEBetara jo zuen, modu horretan txikitako ametsa betez. «Zortzi urtegaz zesta-puntan jokatzen hasi eta nire helburua zen. Nire sasoiko gazte guztiena zela esango nuke; hamarretik bederatziren helburua huraxe zen, `Ameriketara joatea'».
Pentsa norainokoa zen AEBek Urkidirengan zuten tira, debuta egin aurretik Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukerari ere aurrea hartu ziola -Bartzelonan erakusketa kirola izan zen pilota 1992an-. «Olinpiar Jokoetara joatearena... egia da lehen hautaketa bat egiten zela eta nik parte hartu eta partidak jokatu nituela. Olinpiar Jokoetan izateko aukera bazen, baina nire ametsa Ameriketan jokatzea zen eta 1990ean debutatzeko esan zidatenean banekien hurrengo urtean joan egingo nintzela».
«Ameriketan hamar urte jokatu nituen Milforden [Connecticut]. Baina lehenengo lauzpabost urtetan udako denboraldia zen bakarrik; orduan, neguan bitan Mexikora joan nintzen, beste batean Daniara (Florida), eta beste baten Euskal Herrira; negu baten etxean ere jokatu nuen. Gero Daniara joan nintzen definitibo eta azken hamar urteak Danian jokatu nituen, Miamitik hogei minutura».
Urkidik orain hogei urte egin zuen bide bera egina zuten aurretik ere beste ehunka herriko gaztek, baina geroztik gutxiago izan dira AEBetara joateko aukera izan dutenak. «Ez da erraza, lehen askoz frontoi gehiago zeuden, zoritxarrez ixten joan direnak. Ganorazko pilotalekuak -nahi dut esan urte guztian zabalik direnak- bi dira bakarrik, Floridako Miami eta Dania. Orlandon jokatzen da, baina oso denboraldi laburra da, oso motza. Gero Ocalanera edo Fort Piercera joaten dira, segitu egiten dute, baina hiru horietan oso denboraldi laburrak dira eta mugimenduan ibili behar zara. Miami edo Daniara joanez gero, kategorian zaude, urte guztia bertan. Ez da lehengo moduan, soldatak eta askoz txikiagoak dira, baina horrela dira kontuak; bizi oraintxe ere ondo bizi dira bertan jokatzen daudenak».
AEBetan «oso gustura» bizi izan dela dio Urkidik, baina «zer nahi duzu esan? Ameriketako bizimodua ala Ameriketako pilotarien bizimodua?» bota digu bertako bizimoduaz itauntzean. «Ze nik biak ezagutu ditut eta ezberdinak dira. Pilotari bizimodua luxua da -txolloa dio-; egun guztia duzu zeure gauzak egiteko. Gauean, bederatziak inguruan frontoira joan eta hamabiak bueltan frontoitik kanpora, hori nuen ordutegia. Nire kasuan, esaterako, andrea beharrera joaten zen eta neuk hazi nuen seme nagusia. Gero, erretiratu eta zerbitzari hasi nintzenean, ordutegia total aldatu zitzaidan, askotan goizeko seietan sartu behar izaten nuen, hurrengoan goizaldeko hiruretan irten...».
Bi hamarkada kantxan eman eta gero, «hainbeste urtetan gauza asko pasatu zaizkit onak... garaipenak-eta [isilunea egiten du adibideren bat askatzeko]. Mildforden, esaterako, 18 urtegaz sekula izan den txapeldunik gazteena izan nintzen, kiniela gehien irabazi zituena». Baina hainbeste urtetan une txarrak ere izan dira, «belaun biak ditut operatuta, baita mokorra ere. Denetarik izan dut... baina gehiago positiboa!».
Zerbitzari lanetan hasi arte, AEBetan «elkarrekin ibiltzen ginen beti pilotariok, domeketan bazkariak egin...», baina azken urtean, ordutegia zela-eta, nahi baino harreman gutxiago izan du kideekin; «nire andreak bai, beste pilotarien andreekin oraindik harreman handia du. Baina ni jada azken urtean apur bat inkomunikatua egon naiz, egia esanda».
Herrimina
Urkidik badaki AEBak faltan botako dituela: «Batez ere hasieran badakit Amerikarekin asko akordatuko naizela, seguru-seguru baietz». Bertan zela herrimina izaten zuen bezala: «Dudarik barik. Umerik barik ibili naizenean eta... bueno, baina nire asmoa beti izan da herrira bueltatzea, eta semeak jaio zirenez gero gehiago, gogoa handitu egin zitzaidan». Izan ere, bi mutiko ditu Urkidik; «5 urte ditu nagusiak, eta umeak zenbat eta zaharrago, gaitzago honantz etortzeko, konplikatu egingo zen bueltan etortzea. Andrea ondarroarra dut, eta ez genuen bertan betirako gelditzerik nahi».
Etxera bueltan, pozik da familia, baina Urkidi seme txikiagaz itzuli da, andrea eta ume nagusia AEBetan utzita. «Bat-batekoa izan da etxeratzea-eta». Abenduan egin zuen lan eskaria markinarrak, eta urtarril hasieran jaso zuen deia udaletxetik, baiezkoarekin. «`Etorri behar duzu' esan zidaten, eta pentsa, hogeita bat urtez nire bizimodu guzti-guztia AEBetan izan dut: etxea, autoa... hainbeste-hainbeste gauza. Eta andreak esan zidan, `segi zuk, nik egingo ditut egin beharrekoak hemen'».
Beraz, lur hartzen harrapatu dugu kantxeroa -frontoian goiz eta arrats, herrian apenas ibili dela-dio-. «AEBetan txankleta eta praka motzetan ibili gara eta hemen freskuratxoa dugu, baina gustura etorri naiz, ez dut penarik».
«Beti izan dut herrirako tira handia, 21 urtetan 21 bider etorri naiz, urtero-urtero -argitu digu Urkidik-. Beti udan egin ditut ahaleginak, inoiz urriren baten ere etorri naiz, baita Gabon pare batean ere». Orain, esaterako, bi aste baino ez daramatza jaioterrian Urkidik, «baina pasa den abuztuan etorri nintzen, eta ia-ia egunero etortzen nintzen frontoira. Ez da izan hogei urtean ez naizela etorri, ez; herriko pilotalekuko gogorapenak oso berri izan ditut».
Beste askok bezala, txikitako aisialdia Pilotaren Unibertsitatean igarotakoa da Urkidi, eskolako atsedenaldietan ere «arin-arinka bertara» jotzen zutenekoa, eta, seguruenera, txarritan egin izandakoa ere badugu Unibertsitatera jotzeko. «Pentsa! Umetako denbora guztia hemen sartuta pasatu dut nik, eta orain, gure edade bueltakoak eta zaharragoak ezagutzen ditut denak baina... ikasle ditudan umeak ezagutu nahian nabil. `Hau ezdakitnoren semea da, edo beste horren iloba' esaten didate eta banoa aurrera, apurka-apurka».
Gorka Urkidik pilotaria izan du anaia Jabier ere, koinatu duen Urizar eta honen anaia legez. «Markinan ez da egongo familiarik pilotari bat izan ez duenik, balego ez dituzu asko topatuko. Zesta-puntako pilotari asko egon da hemen, horrexegatik gustatuko litzaidake zesta-puntak apur bat gora egingo balu, denon artean bultzatuko bagenu. Kirol hau izan da mundu guztian ezagun egin gaituena, denean ezagutzen gaituzte pilotagatik, eta polita litzateke ostera ere, behar asko eginda, zesta-punta indartuko bagenu». Akaso kantxan zarata atera eta garrasi batzuk egin beharko ditu horretarako, Balda eta Suekoak -Urkidi umea zeneko kantxero eta zesta-punta irakasleak- egiten zuten legez.




