jon maia -

"Gazta zati bat-The piece of cheese" dokumentala muntatzen ari da, hiru urtean horretan buru-belarri aritu eta gero. Apirilaren bukaeran ikusi ahal izango dugu Jon Maiaren azken lana.

Amagoia Mujika

2012ko Otsailaren 03a

Nazioen Munduaren enkarguz hasi zen duela hiru urte Idiazabalgo laborategi politiko txiki batean egiten duten lanaren gainean fokua jartzen. Elkarren kontrako bi bandok urak usteltzen utzi gabe elkarrekin hizketan hastea nola erabaki zuten kameraz jasotzea zen hasierako asmoa. Gehienak Irlandara eta Quebecera begira zeudenean, Idiazabalen Eskoziara begira jarriak zeuden. Gehienak elkarri harrika ari ziren bitartean, Idiazabalen ahalegin zintzoa egiten ari ziren elkarrizketaren bidetik adostasunera iristeko.
Eta Jon Maia eta bere taldea hori guztia grabatzen ari zirela, gure herrian aro politiko baterako lehen pausoak igartzen hasi ziren. Eta dena gurutzatu zen denboran, eta beren begien aurrean. Eta kamera bat zeukaten eskuan. Bazirudien gertatzen ari zenaren gidoia Idiazabalen idatzita zegoela.
“Gazta zati bat-The piece of cheese” historia unibertsal bat da, «gatazka giroko edozein herritan aplikagarri eta eredugarri». Oraintxe muntatzen ari dira eta apirila bukaeran ikusi ahal izango da hainbeste pasioz eta sentimenduz jositako lana. Egia esan, Jon Maiak ez daki gauzak beste era batera egiten.

«Gazta zati bat-The piece of cheese». Nondik nora sartu zinen proiektu honetan?

Ematen du Idiazabalen idatzi dela Euskal Herriko eta Eskoziako gertakizun historikoen gidoia. Idiazabalgo Nazioen Mundua elkarteak dokumental bat egiteko deitu zidanean helburua zen beren eredua ezagutzera ematea eta munduan zabaltzea. Pentsamendu desberdina duen jendea adostasun batera iristeko gaitasuna da eredu horren mamia. Eta herri txiki batean adostasun horretara iristeko gaitasuna badute, pertsonak noraino hel daitezkeen erakustea. Blokeo politikoa eta talde politikoen ezintasunak gainditu eta jende arruntaren indarra erakustea zen proiektuaren asmoa. Eskoziara joan beharra zeukaten herri kirolen topaketa batean parte hartzeko. Berehalako bidaia bat zen eta hura grabatzea nahi zuten. Aurretik «Bidaia intimoak» Korrikaren inguruko dokumentala egiten aritu ginen lantalde berdina batu eta Eskoziara joan ginen, zertara gindoazen oso garbi jakin gabe. Eta ordutik hiru urte pasa dira.

Eta hasieran txikixeagoa zen proiektua handitu egin zaizue hiru urteko bidean.

Eskoziako bidaiarekin hasi ginen. Gero, Miramarren, nazio mailako lehen agerpena egin zuten jende ezagunez elkartuta erabakitze eskubidearen alde. Eta Ordizian egin zen Eskozia-Euskal Herria kirol eta kultur topaketa handia etorri zen gero, apustu izugarria eta ondo atera zena. Hori bukatu zenean, «eta orain zer?», galdetu genion elkarri eta horri bueltaka ari ginela Euskal Herriarentzat historikoa izango den ziklo aldaketaren lehen pausoak hasi ziren gertatzen. Ezker abertzalearen erabaki estrategikoak eta ETAren su-etena. Horrekin paralelo, Eskoziak erreferendum bat zeukan deituta 2010erako, baina bertan behera utzi zuten. Eta konturatu ginen erabaki oso garrantzitsuak hartzen ari zirela hemen. Eta nola kamera eskuan genuen, prozesua gertutik jarraitzea erabaki genuen. Eta lekuetara joaten hasi ginen.

Eta, geroztik, lehen lerrotik jarraitu duzu Euskal Herriak bizi duen prozesua.

Bai, horrela izan da. Bilduren legalizazioa gertatu zenean Arenalean geunden; ezker abertzaleak Sorturen estatutuak aurkeztu zituenean Euskaldunan... Buru-belarri sartu ginen prozesu horren hastapenetan eta elkarrizketak egiten hasi ginen. Brian Currinekin egon ginen, Rufi Etxeberriarekin, Markel Olanorekin, Xabier Arzallusekin... Aldaketa hori gorpuzten joan zen eta ikusi genuen aukera ederra dena lotzekoa: Idiazabalgo gizaki arrunt hauek, kaleko jende honek, aurre hartu dio bere garaiari eta etorkizunean eztabaida zentratuko duen gaia aurretik landuta dute beraiek. Denborak arrazoia eman die. Aurrekari bat izan zen Idiazabalgoa. Hasi ginen herri txiki bateko istorio bat kontatzen eta bukatu dugu nazio baten aldaketa historikoa grabatzen. Hori da gertatu zaiguna, eta dena parean egokitu zaigu, bai Euskal Herrian bai Eskozian. Eta dena etorri da gidoia guk Idiazabalen idatzi izan bagenu bezala.

Prozesua hain gertutik jarraitu ahal izatea interesgarria izango zen.

Sekulako pribilegioa izan da, dena lehen lerrotik ikusi dut eta aktore nagusiekin behin eta berriz egoteko aukera izan dut. Une oso hunkigarriak bizi izan ditut eta historiara pasako direla kontziente izan naizen momentutan egon naiz ikusle bezala. Izugarria da hori. Gustatu egiten zait gainera eta intentsitate izugarriarekin bizi izan dut. Hilabete hauetan denok bizi izan ditugu une intimoak eta historikoak aldi berean. Jende askorentzat hau dena gure baitan joan den prozesu bat izan da, intimoa eta historikoa, eta hori dena lehen lerrotik bizi ahal izatea, zuzenean grabatu ahal izatea... sekulakoa izan da. Balore handiko dokumentuak dauzkagula uste dut. Pentsatzekoa da orain dokumental asko etorriko direla euskal gatazkari buruz, baina uste dut guk aurre hartu dugula Idiazabalgo bisionario batzuei esker.

Une gogoangarri asko pilatuko zenituen. Kontatu iezaguzu bateren bat.

Aieteko konferentzia baino lehen hiru egun pasatu genituen bertan grabatzen. Han egoten den bedelak, mutil gazte batek, erakutsi zigun etxea eta kontatu zigun mamu bat zegoela Aieteko etxean. Lehen ospitalea izan zen eta neska gazte baten mamua omen dabil handik. Brian Currini esan genion mamu bat zegoela eta agian konferentzian agertuko zela. «Ze, Francorena?», galdetu zigun berak. Eta guk ezetz, neska gazte batena zela. «Beharbada hor ibili da, arima galdu bat bezala urte hauetan guztietan. Eta orain ikusten duenean hemen bakea adosteko oinarriak jartzen dituztela, igual betirako desagertuko da», esan zigun Currinek. Polita izan zen. Horrelako gauza dezente dauzkagu.

«Gazta zati bat-The piece of cheese». Zergatik izenburu hori?

Guk esaten dugu mundua gazta bat dela eta guk, euskaldunok, gure gazta zatia eskatzen dugula. Irudi umila, sinpatikoa eta onargarria iruditzen zait. Ez da asko eskatzea, ezta? Guk prozesu politiko historiko honi gazta usaina jarri diogu, leku guztietara iritsi da gure gazta. Elkarrizketatu bakoitzari gazta bat oparitu diogu. Esaterako, Brian Currinek gure hiru gazta jan ditu -eta bere emazteari asko-asko gustatu zaio-, nazioarteko taldekoei, Paul Riosi, Ibarretxeri... denek eraman dute bere gazta. Egia da jendearengana gazta batekin joatea oso aurkezpen txartel ona dela. Sinpatikoa da eta dagoeneko elkarrizketatuak zerbait hartu du beretzako. Gazta mordo bat banatu ditugu eta gure gazta leku askotan ibili da.

Gazta eta artzaina, noski. Artzainak ere badu tokia.

Luis izeneko artzainak pisu berezia dauka dokumentalean. 70 urtetik gora ditu eta 60 urte baino gehiago daramatza Idiazabalgo mendietan txabola batean bere gaztak egiten. Gaztak lehengo erara egiten dituen azkenetakoa da Idiazabalen. Oso pertsona berezia da, bere bizitza osoa txabolatxo horretan pasatu du eta izugarria da inguruarekin eta ardiekin zein harreman duen. Bere gazta izango da protagonista eta berak irudikatzen du herri honen atenporalitatea. Gaztagintza lur hauetan orain dela 8.000 urtetik egiten den ofizioa da, beti egon gara hemen, eta Luisek ez dio inori kalterik egin inoiz. Inork ezin du esan Luis ez denik euskalduna, bera ikusita eta ezagututa. Bere gaztak eta berak irudikatzen dute euskaldunon izatea. Izan nahi dugunaren edo garenaren oso ikur zintzoa da.

Gazta usaina eta prozesuarekiko begirada propioa izango du, beraz, dokumentalak.

Bai, begirada oso pribatua da, sarrailatik ikusten ditugu gauzak. Dokumental guztiak dauka egiazkotasunaren oinarria; dena da momentuan jasoa, zer datorren jakin gabe, bertatik jasoa... Euskal gatazkari buruzko beste lan askorekin alderatuta, hau desberdina izango da. Informaltasun handia du eta making of logika etengabekoa du. Ez zaigu hainbeste interesatzen kronika politiko formala, hori egunero ikusten dugu albistegietan. Gurea begirada intimoagoa izango da eta nahiko umoretsua gainera.

Horrelako prozesu batean umorea egin daiteke?

Bai, bai, umorea dago eta gainera baikortasunez betetako kontakizuna da. Niretzat miresgarria da Idiazabalgo jende honek ze arduratsu jokatzen duen bizi diren gizartearekiko. Eta nola nahi duten gauzak hobera egitea, eta ze ahalegin zintzoa, garbia, baikorra eta umoretsua egiten duten horretarako. Lanetik atera eta bere gizarteaz kezkatzen den jendea da, sekulako pasioarekin gainera. Horrexegatik konbentzitu ninduten ni. Pasio hori da gauza guztietan jartzen dutena eta horrek funtzionatu egiten du. Nazioen Mundua ez da mugimendu bat gehiago, benetako jende baten benetako ahalegin bat da. Eta politikariek lortu ez dutena Idiazabalgo laborategitxo politiko horretan lortu dute. Eta denborak arrazoia eman die. Dokumental hau aro berriko dokumental bat izatea nahiko nuke; baikortasunez betea eta etorkizunari begira baikortasunez utziko duena ikuslea. Ilusio olatu honekin konektatu duen lana izatea nahi dut.

«Nik ezer esan eta egin gabe, nire gainean istilu bat, gatazka bat eraiki dute»

Donostia 2016 proiekturako aholkulari lanetan hasi behar zuen Jon Maiak azken asteotan, baina bere izendapenak ez du erakundeen arteko batzordean adostasunik lortu eta, oraingoz, erabakia atzeratzea erabaki dute. Ez dira samurrak izan azken asteak zumaiarrarentzat, zenbait hedabidek bere aurkako kanpaina bortitza bultzatu baitute.

Nola bizi duzu zure inguruan sortu den iskanbila?
Pertsonalki harrituta, oso harrituta. Kultur proiektu batean lan egiteko eskaintza egin zait, kultur sortzaile naizen aldetik. Lehendik Donostia 2016 proiektuarekin harremanetan egon naiz aurreko legealditik, “San Juan” itsasontziaren proiektua dela-eta, eta aurreiritzi eta kontraesan batzuk gaindituz, prest egon naiz, bai lehen eta bai orain, proiektu horri laguntzeko. Iruditzen zait oso proiektu baliagarria dela, baita une historiko honetan ere. Kultura humanismoa da eta politikak baino errazago joka dezake funtzio eraberritzaile bat. Eskaera horren aurrean lan egiteko prest egon naiz eta nik ezer esan eta egin gabe, ikusi dut nire gainean istilu bat, gatazka bat eraiki dutela. Nik ez dut ezer egin, lan proposamen bati baiezkoa eman baino ez dut egin, bulego horretan lanean ari diren beste askok bezala. Oso harrituta nago.

Esan duzunez, zuretzat ez da berria Donostia 2016.
Albaola kultur erakundera etorri ziren proposamenen bat egingo ote genuen esanez. Gure amets handiena proposatu genuen eta nik neuk idatzi nuen proiektua: Pasaian 1563. urtean eraikitako eta Kanadan 1565ean hondoratutako “San Juan” baleontzi enblematikoa –Apaizac Obeto espedizioan ezagutzera eman genuena– berreraikitzea, lehen eraikitzen zen bezalaxe. Eta horren inguruan kultur proiektu handi bat proposatu genuen. Gure zorionerako onartua izan zen eta gerora Donostia 2016 egitasmoaren barruan pisu handiko proiektua bihurtu da. Nire egiteko bat, besteak beste, proiektu horri eustea zen eta begira zertan nahasten duten itsasontzi bat egitera doana; kulturatik eta ondaretik gutxi duten irizpideekin tratatu naute zenbait lekutan.

Gaizki pasatu al duzu?
Egia da ez duzula ondo pasatzen, ezta zure ingurukoek ere. Nik beti adierazi izan dut pentsatzen dudana eta horrek inoiz ez dit arazorik eman eta espero dut orain, XXI. mende hasieran, inoren askatasun ideologikoa ez dela zalantzan jarriko. Jendeak ezagutzen nau. Urte asko daramat eremu askotan lanean, diziplina oso anitzeko kultur sortzailea naizelako. Oso aurreiritzi gutxiko pertsona uste dut naizela, oso pertsona baikorra izatez. Horrek eraman nau nirekiko desberdin pentsatzen duen jendearekin lan egitera, kulturako profesional bezala. Nik naturaltasun guztiarekin jarraituko dut, eta, lagundu badezaket proiektu horretan, lagundu egingo dut. Besteak beste inorekin gerta ez dadin nirekin gertatu dena. Elkarbizitza normalizatu bat eraikitzeko kultura behar dugu eta horregatik bakarrik uste dut merezi duela. 2016aren filosofian dago desberdinen arteko elkarlana eta diziplina artekoa. Elkarbizitza ez da elkarren artean ezeztatu eta ondo konpontzea. Elkarbizitzak balio bat lortzen du bakoitzak bere nortasuna eta bere pentsamendua edukita elkarrekin bizitzea lortzen dugunean. Elkarbizitza ez da pertsonen ezeztapenean edo pentsamendu zurian oinarritzen.