Gorka Zozaia
2012ko Otsailaren 03a
Badakit ez naizela oso originala, hotz siberiarrak hartuta gauden honetan izotza hizpide hartuta. Egunerokotasunari ikuspegi zientifikoa eman nahian, asteon han-hemen birproduzitu diren solasaldiei ekarpentxoa egin nahi nieke lerrootan eskola garaitik ahantziak ditugun hainbat konturi hautsa astinduz. Horregatik ezarri dut irudi gisa diagrama bat ohiko elur malutaren egitura hexagonal ikusgarri bezain ezagunaren ordez.
Erabaki honek zientzia arrotz zaion irakurle andana uxatzea eragin dezakeela kontziente izanik, ezer baino lehen grafika sinple hau argitzera nator: substantzia puruentzat eraiki ohi den fase diagrama bat da; hots, substantzia batek presio eta tenperatura jakin batean duen egoera (solidoa, likidoa edo gasa) islatzen du. Irudikoa, uraren fase diagrama da, eta bere erabilgarritasunaren adibide gisa, lerro eten bat marraztu zaio atmosfera bateko presiopean (lurrazaleko ohiko eguratsaren presioa). Lerro eten honi jarraituz, tenperaturaren araberako uraren jokaera ezaguna ikus genezake: 0°C azpitik solidoa, 0°C eta 100°C artean likidoa eta 100°Ctik gora gasa. Asko sakondu liteke fase diagramen azalpenean, baina izotzaren propietate nagusi bat aztertzeko nahikoa zaigu horrekin.
Solido, likido eta gas egoerak ulertzeko ikuspegi mikroskopikora jo behar dugu. Hala, sinple esanda, substantzia bat osatzen duten unitateak (molekulak, ioiak edo atomoak) elkarri zurrunki lotuta daudenean solidoa dugu, elkarri lotuta baina mugitzeko gai izanik likidoa, eta elkarrekiko askatasunez higi daitezkeenean gasa. Presio eta tenperatura jakin batean substantzia batek duen egoera, beraz, substantzia hori osatzen duten unitateen artean dagoen elkarrekintzaren sendotasunak zehazten du. Tamainan eta egituran uraren antzekoak diren metanoa, amoniakoa edo azido sulfhidrikoa adibidez gasak dira lurrazaleko ohiko baldintzetan. Ur molekulen artean baina, elkarrekintza elektrostatiko bereziki sendoa ematen da, molekularen baitan, dentsitate banaketa handia delako (hidrogeno zubia bezala ezagutzen da lotura berezi hau). Ondorioz, lurrazaleko ohiko baldintzetan, gas egoeraz gain, likido eta solido egoeratan ere topa daiteke ura (areago, ura da lurrazalean hiru egoeratan topatu daitekeen substantzia bakarrenetarikoa).
Dena dela, uraren kasuan, kuriosoena ez da molekulen artean ematen den elkarrekintza sendoa, baizik eta kristaltzen denean ematen den fenomeno ia esklusiboa. Likidotik solidorako trantsizioan molekulak (edo oinarrizko unitateak) libreki mugitzeari utzi eta egitura zurrunetan antolatzean, trinkotze bat ematen da normalean; hots, substantziaren bolumena txikitu egiten da dentsitatea handituz. Urak baina, elur malutetan ikusgarri egiten den kristaltze hexagonalari jarraituz, bolumen handiagoa hartzen du solido egoeran, izotzaren dentsitatea urarena baino txikiagoa eginez. Itxuraz garrantzirik gabeko propietate hauxe, Lurrean bizitza garatzeko bermeetako bat izan da, izotzak berak azpian uzten duen ura kanpoko hotzetik babestea lortzen baitu. Hala ere, propietate hau ez da berria eta ikusgarri egiten da egunerokotasunean: izotzak edaritan flotatzen ikusita, izozkailuan sartutako ur botila puztuta ateratzean edota, egunotan bezala, kalean irristaka gabiltzanean.
Azken hori hobeto ikusteko, uraren propietate berezi honek fase diagraman duen islari erreparatu behar zaio. Izan ere, solidoa eta likidoa banatzen dituen lerroak ezohiko malda negatiboa du uraren kasuan (hau da, normalean presioa igotzearekin tenperatura handiagoa behar izaten dute substantziek urtzeko, urak ez bezala).
Presioak, solidoa trinkotzen lagundu ordez, uraren bolumen handiko egiturak apurtu eta solidoa likido bilakatzen du. Hala, patinatzeko boten kutxilaren bidez adibidez, izotz gainean presio handia eragiten du gure pisuak eta gainazal fin honetan izotza urtzen denez labaintzea posible da. Egunotan askok frogatu ahal izan duenez, patin berezirik gabe ere, gure oinetakoen zolak nahikoa dira izotz gainean irrist egiteko. Bizitza garatzeko ezinbestekoa izanagatik, kontuz izotzarekin!




