GIZARTEA / urruneko ama -

Zazpi dira. Emakumeak guztiak. Adin, jatorri eta lanbide aniztasunaren gainetik bada lotzen dituen zerbait: ama dira. Seme-alabak atzean utzi eta milaka kilometro egin dituzte gurera iristeko. Haurrak nola hezi milaka kilometrotara egonik? Nola lortu itsas gaindiko komunikazioa? Galdera hauei eta beste hainbati argia jartzen laguntzen du «Bidaideak» dokumentalak.

Xole Aramendi

2012ko Otsailaren 03a

Orain arte asko idatzi eta hitz egin da migrazio fenomenoaz, baina inor gutxik erreparatu dio emigratu duen amatasunari. Haurrak jaioterrian utzita etorri diren emakumeengan jarri du fokua Soraya Ronquillok (Peru, 1961).

Gizarte langilea eta Bidez Bide elkarteko kidea, gertutik ezagutzen ditu emakumeen bizipenak. «Egoera horrek arazo psikologikoak sortzen ditu. Batetik, urruneko harremanek aldaketak eragiten ditu familian. Gainera, emakumeak identitate berria sortze bidean dira», dio.

Hau guztia ikusentzunezko lanean jaso nahi izan du. Oskar Tejedorrek zuzendaritzapean, dokumentalaren helburua argia da: zaintza lanetan ari diren emakumeek bizi duten errealitatea azaltzea, hemen zein euren jaioterrietan. Joan-etorriko proiektua da. Izan ere, osagarri gisa, argazki erreportajea burutu dute jaioterrian, Perun, etorkinen haurren zaintzaz arduratzen direnak ardatz hartuta.

Dokumentala abuztuan estreinatu zen Euskal Herrian. Ondoren Perun eskaini zen, argazki erakusketa batekin batera. Limako hiru fakultatetan -Gizarte lana, Psikologia eta Hezkuntza- ikusi ahal izan zen. Baita etxeko lanak egiten dituzten emakumeen sindikatuan eta emakume elkarte batean ere.

Euskal Herrian egin diren aurkezpen ekitaldietan parte hartu dute protagonistek. «Eskergarria gertatzen zaie ikusleekin solasaldian parte hartzea. Gustura ematen du bakoitzak bere testigantza», azaldu du.

Dokumentala lagungarria da migrazio prozesua hastekotan daudenentzat, hemen zer aurkituko duten erakusten baitu. «Helburua ez da atzera egin dezaten, proiektua hobeto presta dezaten baizik. Ezinbestekoa da seme-alabei agur erarik egokienean esatea eta han euren zaintzaz nor arduratuko den ondo zehaztea», adierazi du. Izan ere, askotan presaka eta ia oharkabean hartutako erabakien ondorioak behin ama urruti dagoenean sufritzen dira.

Zazpi emakume. Elena Grandez (Peru), Marlene Talavera (Nikaragua), Yajaira Garcia (Honduras), Norma Figueroa (Honduras), Ruth Rebeca Paredes (Venezuela), Belinda Garay (Honduras) eta Justina Sulka (Peru). Azken horren kasua berezia da, dokumentalak Perura bueltan agertzen baitu. Gainontzeko emakumeek gurean duten eguneroko bizimoduaren zertzeladak ikus ditzakegu.

«Migrazio prozesuaren etapa desberdinak agertu nahi izan ditugu. Batzuk iritsi berriak dira, badira hemen bederatzi urte daramatzatenak... Justinarena, berriz, atzera etxera itzuli direnen adibidea da», esan du.

Abanikoa zabala da. Hainbat profil, egoera eta errealitate islatzen ditu ikus-entzunezko lanak. Bada hona iristean, aurretik etorri den senarrak beste bikote harremanak dituela ohartzen den emakumea. Edo ahalegin handiz hemen aurreztutako diru guztia jaioterrian bikotekideak xahutu diona. Edo semea gure gizartera egokitu ez eta bueltan joan zaiona...

Ez da kasualitatea «Bidaideak» lanaren protagonistak zaintza lanetan ari diren latinoamerikarrak izatea. «Migrazio fenomenoa feminizatu egin da. Beste kultura batzutan gizonezkoa da prozesua abiatzen duena, baina Latinoamerikatik emakumeak datoz, eurentzako lan eskaintza, haurren edo adinekoen zaintzari lotua, handiagoa delako -argitu du-. Gainera, emakume gehienak bakarrik datoz. Izan ere, emakume ugari bakarrik ari da umeak hazten, bikotekideak alde egin duelako edo ama ezkongabea delako».

Bikoterik gabeko emakumeen kasuan, euren amak edo ahizpak dira gehienetan umeez arduratzen direnak. «Beti dira emakumeak. Zaintza kate globalak eraiki dira», dio.

Motibazioari dagokionez, egoera ekonomikoa hobetu eta haurren beharrak bermatzea -hezkuntza, elikadura, osasuna...- da nagusiena. Soraya Ronquillok bazuen horren guztiaren atzean beste zerbait ezkutatzen den susmoa eta horrela egiaztatu du. «Badira tratu txarrak sufritu eta ihesean datozenak. Belinda Garayk, esaterako, garbi dio dokumentalean. Gure gizarteak matxistak eta patriarkalak dira eta han oso bakarrean bizitzen da kontua. Emakumeak lotsaz bizi du. Hona etortzean aitortzera ausartzen dira batzuk».

Epe laburreko egonaldia izango den ustea ustel gertatzen da maiz. Urte luzez luza daiteke. Saminez, malkoz eta beldurrez gainezka egiten duen maleta indarrez, ilusioz eta bizitzeko gogoz betetzen da. Asko da emakume hauek bidean utzi dutena, baina baita hemen lortzen dutena ere. Jabetze prozesua bete-betean bizitzen dute. «Ama dira guztiak, baina ez bakarrik. Emakumeak ere badira. Hori ere islatu nahi izan dugu lan honetan», gaineratu du Soraya Ronquillok.

Batetik, lanbidea izateak jabetze ekonomikoa dakar. «Gure kulturan gizonak betetzen du diru hornitzaile papera eta nahiz emakumeak lan egin, osagarritzat jotzen da bere funtzioa. Aldiz, hemen eurak dira familiaren hornitzaile ekonomiko nagusiak. Horretaz konturatzean dator jabetze ekonomikoa -azaldu du-. Denborarekin, horrek familia harremanak eraldatzea bultzatzen du».

Batzuk umiliazio moduan bizi dute ikasketei lotutako lanbidean aritzeko aukerarik ez izatea. «Lan estatusa galtzeak frustrazioa dakar, baina hornitzaile papera mantentzea ahalbidetzen du emakume askoren kasuan», azaldu du. Aldiz, beste askoren kasuan hobekuntza dakar. «Han egiten zuten lan bera egiteagatik ordaindu egiten diete».

Esparru ekonomikokoa baino zailagoa da arlo afektiboari lotutako eraldaketa prozesua. Bere esanetan, jabetze afektiboa oraindik eraikitze prozesuan dute askok. «Badira eurentzat kaltegarriak diren bikote harremanak izan dituztenak eta hemen, berriz, errepikatzeko joera dutenak. Zailtasunak dituzte jarrera batzuk desikasteko, batez ere bikote harremanetan. Gure herrietan gehiago baloratzen zaituzte ama izateagatik emakume izateagatik baino, eta eragina nabaria da. Kosta egiten da hori gainditzea», nabarmendu du gizarte langileak.

Galdu eta irabazi

Migrazio prozesua galerez eta irabazpenez jositako bidea da. «Familia, lagunak, kultura, lana, estatusa, galtzen dira, nola ez. Baina era berean, euren ordutegien eta denboraren jabe dira. Kafea hartzera edo diskotekara joan eta ez da ezer gertatzen. Bikote harreman berriak ere hasten dituzte, edota ordurako gaizki zegoen aurreko harremana hausteko pausua ematen dute. Maila pertsonalean irabazi egiten dute, identitate berria eraikiz doaz», azaldu du.

Gizarte berriak, eredu berriak. Hona iristean erreferentzia garrantzitsua gertatzen zaie etxetik kanpo lan egiten duten emakumeena. «Etorkinei deigarria egiten zaie emakume euskaldunek lana lehenestea seme-alabak izatearen aurrean. Izan ere, han 16-17 urterako ama dira eta 40rekin, amona. Emakumeen eskubideen berri jakiten dute eta poztu egiten dira indarkeriaren aurrean legeak ematen dien babesa bete egiten dela ikustean», kontatu du.

Dena den, irabaziak irabazi, bada pausu bat, mingarria bezain beharrezkoa: dolua. Bere iritziz, «emakumeek, hona datozenean, ez dute neurtzen doluaren zenbaterainokoa. Uste baino handiagoa da».

Bidez Bide elkartearen bitartez laguntza psikologikoa jasotzeko aukera dute beharrean aurkitzen direnek. Eta ikasketak homologatzeko bidea ere zehazten zaie, formakuntza ikastaroak egin ahal izateko.

Norma Figueroa
Honduraskoa, bi seme-alabaren ama

«Nire amak 11 seme-alaba izan ditu eta orain nire biak ari da hazten; gustura egiten du, baina batzuetan gaizki sentitzen naiz»

Mitch urakanak hankaz gora bota zuen Norma Figueroaren (Honduras, 1974) eta bere familiaren ordura arteko bizimodua. «Kafe sailak genituen, baita ganadua ere. Ez hori bakarrik, etxea ere eraman egin zigun urakanak», esan du. Arrisku handiko gunetik ihesi, hirira jo zuten. «Lur zati bat erosi eta mailegua eskatu behar izan genuen bertan ereiten hasteko. Baina egoera txarra zen eta etxea galtzeko zorian geunden».
Euskal Herrirako bidea hartu zuen senarrak. «Gaizki zegoela esaten zigun hitz egiten genuen aldiro. Hori ikusita, alabak ni hona etortzera bultzatu ninduen. 2007a zen», kontatu du.
Donostian bizi da. «Hasieran gaizkilea bezala sentitzen nintzen. Paperik gabe, Poliziak kalean harrapatuko ninduen beldur nintzen. Bazter guztietara begira ibiltzen nintzen. Ikara handia nuen. Paperak lortu ondoren kalean geratu eta hiru aldiz eskatu zizkidaten!», jarraitu du.
Han gizarte langile bezala zuen lana utzi eta hilabete bateko epean hemen zegoen. «Nora ezean egon nintzen, egia esan. Urtebete pasa arte ez nintzen erroldatu. Eta nire senarra, berdin. Inork ez zidan esan. Informaziorik ez geneukan», dio.
Bi seme-alaba ditu. Wendyk 18 urte ditu eta Alexek 12. Duela bost urte utzi zituen han. «Mutilari gehiago kostatu zitzaion, adinagatik. Eguna negarrez ematen zuen eta nire gurasoek esandakoari ez zion jaramonik egiten. Ikasturtea errepikatu zuen. Alaba, berriz, oso heldua da eta egoeraren jakitun zen. Hobeto barneratu du. Azkarra da eta eskolan ez du arazorik», kontatu du.
Bere ama sasoiko dago eta gustura zaintzen ditu haurrak. Hala ere, ardura da. «Pentsa, berak 11 seme-alaba izan zituen eta orain nire biak ari da hazten. Gustura egiten du baina gaizki sentitzen naiz».
Dokumentalean bada eszena esanguratsu bat, protagonistetako bati psikologoak ondorengo galdera botatzen dionekoa: «Haurrek nola deitzen dizute, ama?». Ikuslea zur eta lur geratzen da. Horren harira, zera dio Norma Figueroak: «Umeak txikiak badira aitaren eta amaren figura aiton-amonek betetzen dute. Amaz ahaztu egiten dira».
Bikote baten bi alabak zaintzen ditu eta lagungarria egin zaio. «Nire haurrak besarkatzeko gogoa neukanean zaintzen ditudan umeekin egiten nuen. Jolastu eta beraien gauzekin barre egiteak lagundu egiten dit. Era berean, pena ematen dit nire umeekin ezin egin izanak», dio.
Seme-alabak hona ekarri nahi dituen galdetuta, zalantza agertu du. «Ekarri nahi ditut baina nire gurasoentzat oso gogorra izango da. Nire aitak halaxe esan zidan: ‘Nire heriotza izango da’. Ez da erraza».
Bere bizipenei buruz hausnartzeko balio izan dio dokumentalak. «Hainbeste lan egiten dugu ez dugula pentsatzeko denborarik hartzen. Badira haurrak han uztearen ondorioez dokumentala ikusita jabetu diren emakume etorkinak. Eta pozik daude umeak hemen dituztelako. Batzuk hain azkar etorri dira umeak han utzi eta galdu egin dituztela. Drogak hartzen hasi dira, aitak etxetik alde egin du beste emakume batekin... Familiak porrot egin du. Etxekoek batzuetan ezkutatu egiten dute hango egoera gu ez arduratzeko».
Ez da etortzeaz damu. «Gauza asko lortu ditut. Baina senarrarekin nuen egonkortasuna galdu egin dut. Lagun berriak egin zituen, beste emakume batzuekin harremanak izan zituen eta dena okertu egin zen. Bikote proiektuarekin etorri nintzen, baina ez da bete. Hala ere, berekin edo bakarrik, aurrera egin dut eta nire burua gehiago baloratzen dut; gai naiz», esan du.
Martxoan Hondurasera doa. «Lehen Emakumearen Bulegoa sortu nuen eta orain aterpetxea irekitzekoak gara etxean indarkeria jasan duten biktimentzat.  Hemen jaso dugun esperientziak han balio dezala nahi dut».
«Euskal Herrian emakumeek eurek hartzen dituzte erabakiak. Gurean senarrak erabakitzen du. Proiektuaren bidez emakumeek legeak ezagutu eta beren burua defenda dezaten nahi dugu», amaitu du.

Ruth Rebeca Paredes
Venezuelarra, seme bat du    

«Urruntasunak elkartu egin gaitu; Gustavo semeak aitortu dit distantziak lagundu egin digula»

Ez du berehalakoan ahaztuko 2006ko irailaren 6a, Venezuela utzi zuen eguna. Euskal Herrira etorri zen zuzenean, Zarautzera. «Nire herriko lagun bat hemen zegoen ordurako. Ni erabakia atzeratzen ari nintzen eta hark, niri ezer esan gabe, hegazkineko txartela erosi zidan. Bere semea zaintzeko laguntza behar zuen. Hiru hilabeterako etorri nintzen eta begira...», esan du Ruth Rebeca Paredesek (Venezuela, 1977).
Ez da damu. Kuadrilla dauka Zarautzen. «Oso ondo hartu naute», dio. Pena bakarra, semea urruti egotea. Bi urteko ahaleginen ostean lortu zuen biak hemen elkartzea, baina semeak aitona eta amonarengana itzultzea erabaki zuen, Venezuelara. Egunik gogorrena izan zen beretzat. «Bera eskolatik itzultzean ni lanean egoten nintzen eta bakarrik geratzen zen etxean; gogorra egiten zitzaion. ‘Ni denbora galtzen ari naiz eta zu, dirua’, esan zidan. Gogor egin nuen borroka hemen gera zedin baina azkenean nire aitak konbentzitu ninduen hobe zela».
Duela lau urte izan zen hori. Gustavok 18 urte bete berri ditu orain eta amarengana itzultzeko irrikatan dago. Gogorra bada ere, distantziak lagundu egin die. «Orain semearekin dudan harremana agian ez nuke izango bera hemen geratu izan balitz. Berak aitortu dit distantziak asko lagundu digula.  ‘Nire lagunek gurasoekin duten harremana ikusten dut eta ez du konparaziorik’, aitortu zidan. Urruntasunak elkartu egin gaitu», adierazi du, begiak bete-bete eginda.
Erabakia oso zaila da. Hona ekarri eta nola uztartu lana eta umearen zaintza? «Haurrak, ekartzekotan, txikiak diren bitartean ekarri behar dira kultur aldaketa hainbeste nabari ez dezaten», adierazi du.
Hemen egin zuen egonaldiak begiak ireki zizkion semeari. «Gauza materialak emateko zenbat lan egin behar dudan ikusi zuen eta hori onerako izan da. Izan ere, badira amak egiten duen ahalegina batere baloratzen ez dutenak –dio–. Umeak minduta izaten dira amek utzi egin dituztelako eta horren ordainetan dirua eskatzen diete, lagunek baino gauza gehiago izateko. Ikasi egin behar dute gauzak kosta egiten direla, eta, gainera, irabazi egin behar direla. Haur batzuk ama diru hornitzaile bezala bakarrik ikusten dute. Familia batzuetan uste dute dirua esku betean sartzen zaigula; ez guri ez beste inori».
Emandako laguntza eskertzen die gurasoei. «Lan handia egin dute nire semearekin. Oinarria eurek jarri dute. Ni gaztea izan arren, eta nahiz eta bera ondo ulertu, bere ama naiz, ez laguna. Errespetuan oinarritutako harremana eraikitzen saiatu naiz», gaineratu du.
Bere herritar batzuk bizpahiru urtera joan egin dira, etsita. «‘Zuk nola jasan duzu?’, galdetu didate. Jasotzeko eman egin behar da. Ez da etorri eta eskatzen hastea. Besteekin errespetuz jokatzen baduzu, gauza bera jasoko duzu ordainetan», esan du Paredesek.
Ez du ezer galdu izanaren sentsaziorik. «Hangoak han egoten jarraitzen du. Familiaren eta lagunen ospakizunak, agian. Irabazi, berriz, asko. Lagunak, esaterako. Pertsona bezala askoz gehiago garatu naiz hemen. Orain indartsuago sentitzen naiz», dio.
Irribarretsu begiratzen dio etorkizunari. Abentura interesgarritzat jotzen du azken urteotako bidaia. «Nire buruaren jabe egin naiz, heldu», dio.
Egoera zailak ere bizi izan ditu. «Batzuetan telefono dei bat ez da aski –aitortu du–. Gertu izanda haurren zain egon behar baduzu, distantzian are gehiago. Dokumentalean, adibidez, bada bere bi alaba bikiek honakoa esaten dioten emakume bat: ‘Ama, ezagutu egin nahi zaitugu’. Hori ikaragarria da!».
Itzuleran ez du pentsatzen. «Hura nire herria da eta badakit egunen batean hara bueltatu beharko dudala, baina nire buruari ez diot eperik jarri», azaldu du.
Dokumentalaren esperientzia, hasieran, ez zitzaion erraza gertatu. «Ez da gauza bera zure kontuak lagun bati aurrez aurre kontatzea edo ondoren dokumentala pertsona ugarik ikusiko dutela jakitea. Terapia moduko zerbait izan zen. Barruan neukan dena bota nuen Oskar Tejedor zuzendariarekin elkartu nintzenean. Ondoren, seguru sentitu nintzen eta parte hartzea erabaki nuen», gogoratu du.
«Ordura arte ez nion beste munduko garrantzirik ematen egindakoari. Beste edozein amak gauza bera egingo lukeela pentsatzen nuen. Ondoren ikusi dut zertarako gai izan naizen», gaineratu du.
“Bidaideak” dokumentalaren balioa nabarmendu du. «Zer gerta daitekeen erakusten du. Etxea uzteko unean ez dakigun informazio asko eskaintzen du.  Izango da dena ondo joango zaionik, baina badaezpada hor dauka errealitatea, begien aurrean. Ez du dena ondo edo gaizki jartzen, errealitatea den moduan aurkezten du».