Hiru bat hilabete dira Urola Kostako baserritarrak elkartu eta Baserritik.com webgunea sortu zutela. Azoka aberatsa da eskaintzen dutena, baserriko produktu freskoenak eta onenak etxeko ateraino eramaten dituena. Elkartuta indar askoz handiagoa dutela konturatuta, Baserritik.com elkartea sortu dute orain.
Amagoia Mujika
2012ko Otsailaren 03a
Gurean kontsumitzen denaren %5-10 inguru baino ez da bertan ekoitzitakoa eta, hala ere, baserritarrek sekulako zailtasunak dituzte ekoizten dutena saltzeko. «Gutxi hori saldu ezinik gabiltza. Azokara gero eta jende gutxiago gerturatzen da eta bestelako salmentak ere asko jaitsi dira», agertu du Xabier Artolak, Baserritik.com proiektuaren bultzatzaileak. Artolak ondo ezagutzen du gure baserrietako errealitatea. Batetik, bera baserritarra da, Aizarnako Ezkurru baserrian dauka artaldea eta arkume ekologikoa merkaturatzen du; eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko langilea da eta baserriz baserriko ibilera egiten du askotan.
Hartara, aspaldian konturatuta zegoen baserritarrek beren produktuak saltzeko dituzten zailtasunekin. «Baserritar asko hasiak ziren webgune propioak sortzen eta beren produktuak bertan eskaintzen. Baina ez ziren konturatzen zenbat kostatzen den web orrialde bat sortzea, mantentzea eta ezagutaraztea. Orduan, web orrialdea egiten zuten, inbertsio bat egiten zuten, baina gero ezin zuten hori ezagutzera eman», agertu du Artolak. Horrez gain, on line egiten zituzten salmenten garraio gastuekin arazo handiak zituzten. «Produktua asko garestitzen zen garraio gastuak zirela medio eta, noski, horrek salmenta are gehiago zailtzen zuen».
Arazo horiekin konturatuta erabaki zuten elkartu eta denen artean webgune bat martxan jartzea. Hortik sortu zen Baserritik.com proiektua. «Bakoitzak berea egin beharrean denontzako moduko web orrialde bat sortzea erabaki genuen. Modu horretan bakarka joanda sortzen ziren arazo askori irtenbidea ematen genien», segitu du.
Esaterako garraio gastuak partekatuta askoz orekatuagoak dira, bezeroaren mesedetan. «Garraiolari berdinak banatzen ditu web orrialdean egiten diren eskaera guztiak. Azpeitiko Udalak lokal bat utzi digu eta bertan prestatzen ditugu eskaerak. Bezeroak eskatutako produktuak, erosketa saskia, bertan prestatu eta handik banatzen dugu». Azpeitiko Udalak ez ezik, Urkomek -Urola Kostako landa garapenaren alde lan egiten duen elkarteak- ere hasieratik egin du proiektuaren alde eta webgunea martxan jartzeko diru laguntza eman zien baserritarrei. «Baten eta bestearen laguntzarekin lortu dugu proiektua martxan jartzea», gaineratu du Artolak.
Urria bukaeraz geroztik dago martxan Baserritik.com webgunea eta bertan 43-45 baserritarren produktuak erosteko aukera dago -tartean daude elkarte batzuk eta horiek ekoizle mordoa biltzen dituzte-. Denetarik eros daiteke: frutak eta barazkiak; arrautzak eta esnekiak; gaztak eta hestekiak; harategiko produktuak; okindegi eta gozotegiko jakiak; edariak; kontserbak eta gozagarriak; lekak eta fruitu lehorrak. Horrez gain, ostatuen eskaintzak ere biltzen ditu web orrialdeak.
Ekoizle gehien-gehienak Urola Kostakoak dira, baina badira beste eskualde batzuetakoak ere. «Proiektu honekin ez dugu Urola Kostako baserritarrentzat irtenbide bat topatu nahi, oro har, baserritarrarentzat irtenbide bat topatu nahi dugu. Urola Kostakoa proiektu pilotua da, gerora beste eskualde guztietara zabaldu nahiko genukeena, Gipuzkoa mailako proiektua izan dadin», agertu du Artolak. Helburua da, gainera, webgunearen eskaintza ahalik eta zabalena izatea. «Urola Kostan denetarik daukagu baina ez daukagu esnekiak ekoizten dituen baserritarrik; esnekiak, jogurtak, gaztak... horrelakorik ez daukagu. Horregatik beste eskualderen batean horrelakoak ekoizten dituenari eskaintzen diogu webgunean parte hartzeko aukera. Normalean baietz esaten dute zuzenean, haiei ere komeni zaielako. Hartara, haientzako ona da eta guretzako ere bai. Guk gero eta aukera zabalagoa eskaini, bezero gehiago izango ditugu».
Bertatik bertarakoa
Berez bertatik bertara gauzatzeko pentsatutako proiektua da; bailara bakoitzean bailarako bertako eroslea du buruan. Horregatik, aurrera begirako helburua eta asmoa proiektua eskualdez eskualde zabaltzea da, eskualde bakoitzak zerbitzua berean eman dezan. «Ez dauka zentzurik Tolosako batek Urola Kostako produktuak erostea bere eskualdean produktu berdinak eta merkeago dituenean», esan du zentzu horretan.
Gaur egun Urola Kostako biztanleentzako garraio gastuak 3 eurokoak dira 30 eurotik beherako erosketetan. Eta 30 eurotik gorakoetan, berriz, doan da garraioa. Eskualdetik kanpokoentzat, berriz, 30 eurotik beherako eskaeretan 8 eurokoa da garraio gastua; 30 eta 90 euro bitarteko erosketetan, 5 eurokoa, eta, hortik gorako erosketentzat, doan. Gipuzkoatik kanpoko eskaerentzat, azkenik, gastuok 16 eurokoak dira.
Joan den urrian, 2011ko Kilometroak jaian, aurkeztu zuten proiektua Azpeitian eta azaroa hasieraz geroztik dabil martxan. «Baserritarrak oso pozik daude eta hori oso garrantzitsua da. Ikusi dute aukera asko zabaltzen zaizkiela elkartuz gero. Orain arte bakoitza bere bidetik joaten zen eta bideak motzak ziren horrela joanda. Orain konturatu dira elkartuta gauza askoz gehiago egin ditzaketela. Web orrialdeaz aparte, beste merkatu batzuk ere zabal daitezkeela. Eta hori da, zalantzarik gabe, proiektuaren lorpenik handiena», nabarmendu Artolak. Webgunearen bidezko erosketei dagokionez, berriz, pixkanaka baina badoaz aurrera. «Erosketak egiteko modu berria da eta jendeak ohitu egin behar du. Baina emaitza ona da».
Baserritik.com elkartea
Elkartzearen garrantziaz ohartuta, Baserritik.com izeneko elkartea sortu berri dute izen bereko abenturan abiatu diren baserritarrek. «Azoka batzuk berpitz ditzakegu, jatetxeetara hel gaitezke, haurtzaindegietara, zahar etxeetara... eta bertako produktuen babesean ate asko zabal ditzakegu, baina denak batera joanda, elkarte baten izenean. Oraintxe, edozein jatetxek bertako produktuen aukera zabala lor dezake gure elkartearen bidez. Web orrialdearekin batera, beste ate asko zabalduko zaizkigu», nabarmendu du Xabier Artolak.
Baserritarrak beharrezkoa du bide berriak urratzea berean biziraungo badu. «Jendea ez da konturatzen bertakoa kontsumitzeak zer garrantzia daukan. Kanpoko generoa erosten dugunean, bertakoa erosteari uzten diogu. Eta bertakoa erosten ez denez, natura zikintzen ari da, zelaiak zirenak baso bihurtzen eta lanpostu mordoa galtzen. Bertako produktua erosiko bagenu, une honetan lanpostu asko sortzeko aukera izango genuke nekazaritzan, eta jendea horrekin konturatzea nahiko nuke. Benetan aukera bikaina litzateke lanpostuak sortzeko».
Agurtzane Subijana
Agurtzane Subijanak 23 urte dauzka eta aitarekin batera Ezkurtxerri izeneko etxeko enpresa txikian egiten du lan, Getariako Meaga auzoko Eguzkitza baserrian. Bertako alaba da Agurtzane eta betidanik ezagutu du aita gogor lanean baserritik bizimodua atera nahian. «Aitak lehen esne behiak zituen, baina kontuak okertzen hasi ziren. Esnearen prezioa lurretik zegoen, hiltegian arazoak zeuden... eta duela hamabost bat urte behiak utzi eta txerriak jartzea erabaki zuen», kontatu du baserritar eta enpresari gazteak.
Eguzkitzan artadi ederra daukate eta batek baino gehiagok esana zien txerrientzako toki ona zela. «Aitak proba egitea erabaki zuen. Txerri kuadrilla txiki bat jarri zuen, ondo atera zen apustua eta gehiago jartzera animatu zen. Baina hasiera batean gizendu bakarrik egiten zituen. Gero hiltegira eramaten zituen eta, handik, harategietara. Guk ez genuen produkturik ekoizten, baina Durangoko hiltegia itxi zutenean, aita bezero bakarraren mende geratu zen eta erabaki zuen zerbait egin beharra zuela, egoera hura ez zela ona».
Hartara, etxean bertan lantegi txiki bat jartzea erabaki zuten, txerritik eratorritako produktuak lantzeko. «Duela lau urte egin genituen lanak eta egokitu genuen baserriko azpiko aldea bertan lan egin ahal izateko. Asmoa txikiagoa zen, baina osasungintzako neurriak eta arauak tarteko, lantegi handiagoa egin behar izan genuen», agertu du Agurtzanek. Eta, noski, ekoizpena ere hasiera batean pentsatzen zutena baino handiagoa da, inbertsioari buelta eman behar baitzaio. «Osasungintzaren aldetik exijentzia berdina dauka enpresa handi batek eta gu bezalako baserri txiki batek. Legea ez dago baserritar txikiari begira egina», iritzi dio.
Ezkurtxerri martxan jarri zutenean artean enpresaritza ikasten ari zen Agurtzane: «Ikasketak eta etxeko lana bateratzen nituen, hasieratik esan bainien gurasoei lagunduko niela. Aitak ilusio handia zuen eta horrek animatu ninduen laguntzera. Behin ikasketak bukatuta, erabat sartu nintzen lan honetan. Eta horretan ari naiz aitarekin batera».
Eguzkitza baserria txerriak hazteko toki ona da, bai artadi ederra daukalako bai txerriak libre ibiltzeko nahikoa toki dutelako. Eta txerriak hazteko moduak eragin zuzena dauka azken produktuan. «Txerriak libre bizi dira. Ukuilua daukate, baina sartu eta atera aske ibiltzen dira. Txerramak izaten ditugu ukuiluetan sartuta txerrikumeak pixka bat koskortu arte. Txerrikumeak nahikoa delikatuak izaten dira eta komeni da giro gozoan egotea. Eta bereziki zaintzen dugu gozotasun hori», azaldu du.
Elikadura ere mimoz zaintzen dute. «Ezkur garaian ezkurrak eskura izaten dituzte. Eta, gainontzean, libre daudela jaten dutenaz aparte, pentsua ematen diegu, bakoitzari komeni zaiona adinaren arabera. Hori da lehendabiziko pausoa kalitatezko produktu bat lortzeko, txerriak gustura egotea eta giro onean haztea», segitu du.
Helmuga, kalitatea
Mimoa ez da txerriak hazteko fase horretan bukatzen, txerritik eratorritako produktuak lantzeko modua ere bereziki zaintzen dute. «Enpresa sortu genuenean gure asmoa gauzak betiko moduan egitea zen, betidanik gure baserrietan egin den moduan. Bestelako moduan aritzen diren enpresak badaude asko, baina beti-betiko erak galtzen ari dira eta horien alde egin dugu guk, osasungintzako arau eta neurri guztiak errespetatuz noski. Hori da gure produktuaren berezitasuna», agertu du Agurtzanek.
Eguzkitzan 300dik gora abelburu dituzte eta ekoizten dituzten produktuen zerrenda 60tik gorakoa da. «Batetik produktu freskoa daukagu -txuletak, solomoa, xerrak...- eta, bestetik, guk lantzen duguna: txistorra, txorizoa, odolkiak, adobatutako gauzak, burualdeak, urdaiazpiko errea, txerrikume errea, hanburgesak, betetako azpizunak...», azaldu du. Eguzkitzakoa ez da ekoizpen handia eta horrek aukera ematen die prozesu guztia kontu handiz zaintzeko: «Finean prozesua zaintzea eta mimoa jartzea da sekretua. Guk aste batetik bestera ekoizten ditugu produktuak, biltegian gauza gutxi izaten ditugu pilatuta. Astero-astero berritzen ditugu gure produktuak eta hori kalitatea da zalantzarik gabe».
Produkzioa, banaketa, bisitak, merkatua zabaltzeko ahaleginak, administrazio kontuak... askotariko lanak egitea egokitzen zaio Agurtzaneri, ordutegirik gabe eta berdin astegun edo jaiegun. Eta lehendik lan gutxi bazuen, bera da Baserritik.com elkarte sortu berriko lehendakaria. «Denoi komeni zaigun zerbait da, baserritar eta ekoizle txikiek batu egin behar dugu, modu horretan indar gehiago izango dugulako. Finean kontsumitzaileengana iritsi nahi dugu, familietara iritsi nahi dugu oraintxe bertan lehen sektoreak bizi duen egoeraren jakitun izan daitezen. Egoera ez da erraza eta irtenbide duin bat topatu nahian gabiltza. Bertakoek bertako produktuak ez baditugu bultzatzen, alferrik ari gara. Eta baserriak galtzen badira, beste gauza asko galduko dira haiekin».
Ez da bide erraza Subijanak aukeratu duena, baina oso garbi dauka bide egokia dela. «Bai, errazagoa litzateke enpresaritza ikasketak egin eta bulego batean hastea. Baina bide erosoena da hori eta baserriko seme-alaba denek hori eginez gero, gure baserriak desagertu egingo lirateke. Gaur egun badaude gurea bezalako proiektu txikiak eta horiek etorkizuna badutela uste dut. Lana eginez eta bide berriak irekiz, aurrera egingo dutela», esan du.
Bisita gidatuak
Duela hilabete pasatxo Urola Kostako Urkome sarien bigarren edizioa izan zen eta Ezkurtxerriren proiektu batek lortu zuen sarietako bat. «Bisita gidatuak ustialekuan» proiektua da saritutakoa eta datorren udaberrian martxan jarri asmo dutena. Eskolei eta familiei begirako proiektua da, baserriko lana bertatik bertara ezagut dezaten. «Zerbait baloratzeko lehendabiziko ezagutu egin behar da, eta hori da bisiten helburua. Baserrira gerturatu eta nola lan egiten dugun ikus dezatela, jaten dutena nondik datorren jakin dezatela. Hori da zerbait baloratzeko lehen pausoa», bukatu du.
Eustakio Aristi
Eustakio Aristik 44 urte dauzka eta, gurasoekin batera, berak darama Zarauzko Baso Beltz baserriko martxa. Baserri mistoa da berea; frutak eta barazkiak ekoizten dituzte; haragitarako abereak hazten dituzte eta sagastiak ere badauzkate.
«Garai batean abere denak kendu eta barazkigintzarekin bakarrik hasi ginen. Baina orduan zelaiak zikintzen hasi zitzaizkigun eta berriz jarri genituen abereak, mendiak garbi mantentzeko. Eta duela sei bat urte Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza baten barruan sagar landareak aldatzeko proiektu batean sartu nintzen eta oraintxe Eusko Labeleko sagardotegi batekin ari naiz lanean. Hemengo sagarra erabiltzen dute. Bi hektarea eta erdi ditugu sagastietan; negutegiak zortzi, baita aire libreko baratzak ere. Eta horrez gain, babarrunak egiten ditugu...».
Betidanik ibili da baserriaren bueltan Eustakio, ikasketak ere baratzezaintzaren ingurukoak egin zituen. Baso Beltzen betidanik landu dute barazkigintza eta belaunaldiz belaunaldi aritu dira zuzeneko salmentan Zarauzko plazan. «Nire gurasoek duela ia 30 urte jarri zituzten negutegiak. Zarautzen, bigarrenak izan ziren. Eskola bukatu nuenean baserrian hasi nintzen, baina garai txarrak ziren eta kasualitatez hemen ondoko tailerrean lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Tailerrean 13 urte eman nituen lanean, baina, noski, tailerretik atera eta baserriko lanekin jarraitu beharra zegoen. Duela sei-zazpi urte tailerra utzi eta erabat baserrian lan egitea erabaki nuen». Apustu garrantzitsua egin zuen orduan. «Inbertsio handienak eginak zeuden eta ordura arteko bidearekin segitu eta berrikuntzak sartzea erabaki nuen. Eta horretan ari gara», esan du Aristik.
Baso Beltzekoa ez da nekazaritza ekologikoa, «oso zaila» baita etiketa hori lortzea. Baina saiakera berezia egiten ari dira ekoizten duten produktua ahalik eta naturalena izan dadin. Eta bide horretan, «borroka biologikoa» deitzen dena jarri dute martxan.
GILBEko (Gipuzkoako Lorezale eta Barazkigileen Elkartea) teknikoekin egiten du lana Eustakiok. Eta Baso Beltzeko sagastiak FRUITEL Frutazainen Elkarteko teknikoen zaintzapean daude. «Guretzako teknikoak abereak dituenarentzat albaitaria bezain garrantzitsuak dira. Haiek laguntzen eta aholkatzen digute zein bide jarraitu erabakitzerakoan», esan du. Eta teknikoen aholkua jarraituz egin du borroka biologikoaren alde.
Borroka biologikoa
«Bere garaian botikak behar den bezala ez zirelako erabili, zomorro asko galdu egin ziren. Borroka ekologikoarekin berreskuratu egin ditugu zomorro horietako batzuk, haragijaleak direnak eta landareetan arazoak sortzen dizkiguten beste zomorroak jaten dituztenak. Zomorroek zomorroak jaten dituzte, eta modu horretan ez ditugu intsektizidak erabili behar. Eta zomorro haragijale horiek ez diete batere kalterik egiten landareei», agertu du Aristik.
Herbeheretako laborategi batean ari dira Europa mailan baimenduta dauden zomorro batzuk berreskuratzen. «Gainera, zomorro horiek erabili ahal izateko oso ondo kontrolatu beharra dago botatzen den botika kopurua, bestela zomorro haragijale horiek akabatzeko arriskua baitago. Eta, ondorioz, gero eta garbiagoa da produktua. Ez da ekologikoa, eskatzen diren baldintzak oso estuak direlako, baina produktu garbia da. Nik beti esaten dut; etxean jaten dudana saldu egiten dut, eta saltzen dudana etxean jaten dut. Nire leloa hori da», nabarmendu du Eustakiok.
GILBE eta FRUITEL aipatu ditu, eta sortu berri den Baserritik.com elkarteko zuzendaritzan ere badago. Izan ere, elkarte batean eta bestean aritzen den baserritarra da Eustakio, baserriko lanak eta bilerak tartekatzen dituena.
«Elkartetan egoteak kostua dakar, baina konturatzen naiz kostu horrek etekina ere badakarrela. Aholkularitzarekin gauzak ondo egiten ditugu, egin behar diren moduan, eta horrek etekina dakar zalantzarik gabe. Zalantzaren bat izanez gero, teknikoak beti daude laguntzeko prest. Eta, gainontzean, hilean behin haiek pasatzen dira guretik gauzak zertan diren jakiteko», jarraitu du.
Mahaiaren beste hanka bat
Plazak zer eskatu, hura eskaintzen dute Baso Beltzekoek. «Zarauzko plazaren eskaeraren arabera aritzen gara, ez gara produktu bakarrarekin aritzen. Esaterako, Baserritik.com atarian une honetan hemeretzi produktu ditugu salgai. Sasoian sasoikoa saltzen dugu eta, horrez gain, intxaurrak, hurrak, tipulak, patatak... urte guztirako jasotzen direnak ere baditugu», esan du.
Esan bezala, Zarauzko plaza dute salmenta gune aspaldiko hamarkadetan eta herriko beste bizpahiru dendetara ere eramaten dituzte produktuak. Eta, orain, Baserritik.com webgunean ere badituzte salgai. «Horiekin moldatzen naiz. Batzuetan kolpe indartsuak izaten dira eta produktu mordoa pilatzen da, eta dena ezin saldu ibiltzen naiz. Horrelakoetan Lasarteko maiorista bati saltzen diot soberan dudana. Hutsa ordaintzen du, baina okerragoa da produktu horiek zakarretara botatzea».
Baserritik.com proiektuan parte hartzeko gonbita egin ziotenean, Eustakio Aristik ez zuen batere zalantzarik izan. «Aurretik emazteak askotan esaten zidan webgune bat egiteko. Baina konturatzen nintzen, batetik, niretzako kostu handia zela eta, bestetik, on line salmentarekin lana pilatuko zitzaidala eta ez nintzela denera iritsiko. Gainera, iruditzen zitzaidan gure eskaintza ikusita, igual aste honetan banuela zer eskaini eta hurrengo astean, agian ez. Eta hori ez zela serioa. Horregatik baserritarrak elkartu eta denon artean webgune bat egiteko proposamena sekulakoa iruditu zitzaidan».
Pozik dago Eustakio Aristi proiektuarekin. «Ni oso gustura nago. Jendeak dezente eskatzen ditu barazkiak eta pozik nago. Ez da nire salmenta gune garrantzitsuena, horrekin ez daukat dena egina, baina mahai baten beste hanka bat da. Azokak, dendak, salmenta zuzena eta Internet. Badira lau hanka mahaia eusteko modukoak», jarraitu du.
Baserritik.com salmenta zuzeneko proiektua da, bitartekaririk gabea. «Hori da guk nahi duguna. Guk jarri nahi dugu gure produktuaren prezioa. Gero, noski, gastuak izango dira eta irabazietatik kendu beharko dira horiek. Ados, baina prezioa guk jarritakoa izango da. Horrez gain, produktu freskoak dira, egun batetik bestera iritsiko zaizkionak kontsumitzaileari», agertu du.
Haurren ezjakintasuna
Ordutegirik gabeko lana da baserrikoa eta oporrak -egiten direnean- beti dira nahi baino motzagoak. Eustakiok probatuta dauka tailerreko ordutegia eta opor garai luzeagoa, baina, hala ere, ez luke aldatuko bere bizimodua. «Bere gauza onak eta txarrak dauzka baserriak. Batzuetan mendira igo eta pentsatzen duzu, `ze ondo nagoen hemen'. Eta, hurrena, erreka zuloan zaude, zerbait gaizki atera zaizu eta dena bidaliko zenuke pikutara. Baina, gurea da. Gure lurra hau da eta nik betidanik defendatu nahi izan dut hori».
Oraintxe, «kapritxoz» dokumental bat egiten ari dira Baso Beltzen. «Tomate hazia landatzen denetik lehendabiziko tomatea jasotzen denera artekoa jaso nahiko nuke. Alabak ditut ikastolan eta irakasleekin askotan hitz egiten dut horri buruz; gaur egun haurrek ez dakite ezer beren herriko baserriei buruz. Hain gertu gaude eta, hala ere, hain urrun. Irakasleei eta askotan esaten diet irteerak urrutira antolatu beharrean bertako baserrietara antolatu beharko lituzketela, zer ikasi asko dagoela bailarako baserrietan. Eta, gainerako, sektore guztietako baserritarrak gaude», iritzi dio.
Etorkizuna ez du gaizki ikusten. «Gauzak jartzen ari diren bezala, iruditzen zait bertako produktuen beharra izango dugula. Gero eta garestiagoa izango da kanpoko generoa ekartzea eta bertakoaren eskaera igo egingo dela iruditzen zait», bukatu du Eustakiok.
Joseba Mokoroa
Mokoroatarrak Tolosakoak dira berez, baina badira kasik hogei urte Zarauzko Urteta auzoko gain batean dagoen Kortaburu baserrira etorri zirela bizitzera. Joseba Mokoroak 19 urte ditu eta bederatzi hilabete zituen gurasoek kaletik baserrirako bidea egitea erabaki zutenean. «Ama baserrikoa da berez eta baserrira bueltatu nahi zuen. Aurretik zeukaten Kortaburu baserria erosita eta ni jaio ondoren erabaki zuten hona etortzea bizitzera», kontatu du Josebak. 2008. urtean jarri zuten martxan bertan Mokoroa txakolindegia. «2000. urtean landatu zituzten mahastiak. Baimen kontuak tarteko, 2008. urtera arte atzeratu zen txakolindegiaren proiektua. Amaren jaiotetxean sagastiak zituzten, baina mahastiekin ez zuten esperientziarik. Ibilian-ibilian ikasi dute dakitena», jarraitu du.
Gaztea da, beraz, Mokoroa txakolindegia, baina lehendabiziko hiru urte hauek onak izan dira. «Hasi ginenean zortea izan genuen toki batzuetan txakolin falta zegoelako. Zulo horiek baliatuz sartu ginen merkatuan eta ordutik mantendu ditugu bezeroak. Momentuz dena saltzen dugu, eta, gauzak dauden bezala, ez da gutxi. Aurten 46.000 bat litro ekoitzi ditugu. Gure merkatuaren zatirik handiena Gipuzkoan dago; produkzioaren %10 AEBetara bidaltzen dugu eta beste zerbait, gutxi, Estatu espainolera», segitu du.
Josebak 19 urte dauzka eta enpresaritza ikasketak egiten ari da, betiere aurrera begira txakolindegiaren martxa bere gain hartzeko asmoarekin. «Ez da lan erraza, gogorra da, naturaren mende eta kanpoan lan egin beharra dago. Baina, era berean, sekulako askatasuna ematen du eta gustatzen zait». Beti ez da erraza izaten ikasketak eta txakolindegiko lanak bateratzea, baina moldatzen da. «Nik praktikak etxean egiten ditut etengabe, paper kontu guztiak nik eramaten ditut-eta», esan du.
Baserritik.com atarian eros daiteke Mokoroa txakolina. «Aukera eskaini ziguten eta zalantzarik ez genuen izan. Saltzeko beste aukera bat da eta hori beti da ona. Internetek, gainera, ate asko irekitzen ditu. Baserritar askorentzat bere ekoizpena ateratzeko ate bat izan da webgunea. Guretzat ez hainbeste, gure salmenten gehiengoa beste bide batzuetatik egiten baitugu. Baina aukera bat da eta baliatu egin behar da, zalantzarik gabe. Eskaera batzuk izan ditugu, txikiak, baina, tira, pixkanaka-pixkanaka aurrera egingo du seguru».
Baserritik.com elkarteko bileretara Joseba bera joaten da. «Nire gurasoek esaten dute nahikoa dutela etxeko lanekin eta ni joateko. Eta, egia esan, gustura joaten naiz, iruditzen zaidalako horrelako tokietan egon egin behar dela. Belaunaldi gazteek badakigu zein garrantzitsua den elkartzea eta indarrak batzea», bukatu du.




