-

Mikel Zubimendi

2012ko Otsailaren 03a

Asteko protagonista Jesus Egiguren izan da. Bilboko Carlton hotelean eman zuen hitzaldia, letraz letra, hitzez hitz eta orrialdez orrialde egunkarietako berri nagusi bilakatu da, kronika politikoa bereganatu eta, esaten den bezala, agenda markatu du. PSEko lehendakariak euskal konstituzio berri bat aipatu eta Euskal Herriaz natural hitz egin zuen, erabakitzeko eskubideaz dramarik gabe, Eskoziaz, soluzio demokratiko baten defentsan. Zentzu oneko hitzekin, jator, abertzale guztien belarrientzako goxo, eta are, ezker abertzaleak, bere-bereak izan ez arren, bere egin ditzakeen posizioetatik.

Bestela esanda, soluzio demokratiko batek abiapuntu berri bat, adostasun berri bat, konponketa asko eta akordio politiko sendoak eskatzen dituela esan zuen. Horretarako, elkarrizketa politikoa antolatu behar dela, politikariek -Arnaldo Otegi barne- serio eta helduen moduan elkarrekin hitz egin behar dutela, funtsean, errail politikoa dinamizatzeko ordua dela. Esan gabe jakitera eman zuenez, nolabait adieraztearren, errail teknikoa konponketa askoko bidea da, baina, errail politikoa, konponbidearena da. Funtsezko funtsa, gatazkaren muina, etorkizunaren oinarria. Edonondik begiratuta ere, ekarpen positibo bat egin zuen, pedagogikoa, PPren ezetzaren jarrera publiko faltsua pitzatzen duena.

Soluzioen trenbideko errail teknikoaren berri ere izan dugu azken egunotan. Nazioarteko Egiaztatze Batzordea Euskal Herrian izan da eta konfiantzazko mezu bat utzi du: ETAk esandakoa bete egin du. Betirako eta atzera bueltarik gabe borroka armatuari agur esan dio. Eta bere konpromisoa bururaino eramateko prest da. Lehen eskutik eta bide zuzena medio dakitela hori, eta lanean segituko dutela, martxan, bere martxa duen errailean. Zurrumurru merkeak gorabehera, dagokien mandatu zehatza bukatu arte.

Presoen gaia da, dudarik gabe, errail horretako beste gakoa. Ezinbestean, konbentzimenduz eta hala erabakita, lotura bat behar duena biktimen gaiarekin. Oparoa izan da astea presoen inguruko berrietan. Ohikoak baina ohitzekoak ez diren egoera latzen inguruko informazioak informazio, bi izan dira azpimarratu beharreko kontuak. Batetik, gaur aurkeztuko den presoak askatzeko Herrira mugimenduaren sorrera. Bestetik, Rajoy-Lopez, Rajoy-Urkullu, Fernadez Diaz-Ares... bileren osteko agerraldi orotan presoak gora presoak behera aritu dira. Noiz eta Gallardon Justizia ministro eta Fragakume konfesoak, eufemismoekin bada ere, bizi osoko zigorraren legalizazioa, preso ohientzat ere aplikagarria, hizpide zuen bitartean, kaleratzeak barkamena eskatzea baldintza duela eta gisakoak esanez.

Ongi etorri Herrira mugimenduari. Presoen aldeko Bilboko manifestazioan bildu zen jende olde ikusgarriaren esperantza eta gogoaren hartzaile da. Ardura handia benetan. Oxala izen berriak izate berria balekar! Herritarren neurriko mugimendu plural, indartsu eta garden bat. Presoak askatze bidean zehatz eta gauzagarri diren eskakizun eta pausoekin ibiliko dena, dekretuz ezarri nahi duten isiltasunaren kontra plaza publikoa hartuz, euskal gehiengoaren aldekotasuna zainduz, milaka askoren konpromiso mailak eta adierazpen modu guztiak sustatuz. Zorte on, Herrira... eta urte gutxirako!

Gallardonek latzak esan ditu. Astakeriak esatea eta lokatz horietan hankak sartzea erraza da. Hortik hankak ateratzea, aldiz, beti da problematikoagoa. Dena den, den-dena ere ez da beltz-beltza, banan-banan, eskuzabal eta «altura de Estado» delakoaz jokatuko dutela aipatu baitute. Hitzok etsigarriak ote? Inolaz. Larritasunaren sortzaile dira? Ez luke hala beharko. Tenplea behar da, eta lana. Lana eta lana.

Askoz ere etsigarriagoak izan dira asteak utzi dizkigun ELA eta LAB sindikatuen arteko ika-miken oihartzunak. Hori ez. Banatuta ezina, eta, batuta, etekina.