Public Eye Award izeneko sariak banatu zituzten joan zen astean Bernako Adierazpena elkarteak eta Suitzako Greenpeacek. Aurtengoak Britainia Handiko Barclays bankuari eta Brasileko Vale konpainia multinazionalari eman dizkiete, mundu osoko konpainia kaltegarrienetakoak, pribatuak zein publikoak, direlakoan.
Jose Angel Oria
2012ko Otsailaren 03a
«Eraldaketa handia: eredu berriak margotu». Horixe izan da Davosen urtero egiten den Munduko Ekonomia Foroaren aurtengo leloa, aberatsenen interesak defenditzen dituztenek herritarroi saldu nahi diguten irudia. 2.000 lagun inguru elkartu dira eski estazioan, sekulako segurtasun neurrien erdian: politikariak, konpainia multinazionaletako buruak, bankariak... Manifestarien jarduera oztopatzeko joaten dira hain urruti dagoen -eta hain garestia den- lekura. Gainera, segurtasun indarrek foroa blindatu egin zutela jakinarazi zuten ekintzaileek, protestak saihestu nahian. Hala ere, manifestari talde batzuek lortu zuten kongresu jauregira iristea eta 2011n munduan hedatu diren protestaldien mezua egun horietan kapitalismoaren hiriburu bihurtutako Davosen entzunaraztea.
Euroaren arazoak, Europar Batasunarenak, austeritatea, murrizketak, pribatizazioak... Hedabideek kontatu digutena errepasatuta, badirudi ekonomiaz besterik ez dutela hitz egiten Davosen elkartzen direnek, baina foroaren aurkakoek diote eski estazioan elkartutakoak gauza guztiez aritzen direla, gauza guztietan eragin nahi dutelako. Azken finean, kapitalismoa Jainkoaren pare jarri zaigu azken bolada honetan, bazter guztietara iristen baita, bere balore propioak hedatuz. Negozioa da defenditu beharreko gauza bakarra eta bazterrean geratzen direnei ez zaie jaramonik egin behar. Aberatsek esaten diete agintariei zer egin behar duten, eta herritarrek ematen duten botoak gero eta gutxiago balio du.
Munduko Ekonomia Foroan esku hartzen dutenen artean konpainia multinazionalen buruak daude. Horiek lehenengo postuetan egoten dira giza eskubideen bortxaketen sailkapen guztietan, baina kontu horiek ez dituzte aipatu ere egin Davosen aurreko astean. Giza eskubideen aldekoek egin dute lan hori.
Public Eye Award izeneko sariak banatu zituzten Bernako Adierazpena elkarteak eta Suitzako Greenpeacek. Ekimenaren izenak ezin hobeto esplikatzen du helburua: «Herritarren begiak Davosen gainean». Public Eye Award izeneko sariketa mundu osoko konpainia kaltegarrienak, pribatuak zein publikoak, nabarmentzeko sortu zuten. 2000. urteaz geroztik banatzen dituzte sari horiek, agintariek Munduko Ekonomia Foroan eskaintzen duten argazkiari aurre egiteko. 2008ra arte Pro Natura izeneko erakundea zen antolatzaileetako bat, Greenpeacek ordezkatu zuen arte. Aurtengo Public Eye Award sariak Britainia Handiko Barclays bankuari eta Brasileko Vale konpainia multinazionalari eman dizkiete.
Nazioarteko epaimahai batek, alde batetik, eta Interneten bitartez egiten den kontsultak, bestetik, erabakitzen dute saria nori eman. Aurten nazioarteko epaimahaiak emandako saria Barclaysentzat izan da, eta Valerentzat 88.000 herritarrek esku hartu duten galdeketaren bitartez aukeratutakoa.
Lotsaren Saria eman diote Barclays bankuari «herritar pobreenen sufrimendua baliatuz sekulako irabaziak izan dituelako, elikagaien salneurriekin espekulatuta». Epaimahaikoek esplikatu dutenez, 2010eko bigarren seihilabetekoan mundu osoan 44 milioi pertsona zeuden erabateko pobrezian bizitzen, elikagaien inguruko espekulazioaren eraginez. Hegoaldeko herrialdeetako emakumeak dira espekulazioak gehien kaltetu dituen pertsonak.
Vale konpainiaren jarduera salatzeko modukoa dela adierazi zuten sarean 25.041 lagunek. Guztira 88.000 lagunek erantzun zuten galdeketa. Botoa eman zutenen arabera, meatzaritza konpainia hori, munduko burdin ekoizle nagusia dena, da planetako konpainiarik kaltegarriena. Bigarren postuan geratu da Tokioko Tepco konpainia, orain urtebeteko tsunamiak suntsitu zuen Fukushimako zentral nuklearraren jabea. Hirugarren postuan Hego Koreako Samsung ageri da.
Sariketa antolatzen dutenen arabera, Vale konpainiaren 60 urteko ibilbidean giza eskubideen bortxaketa ugari eman dira, berarentzat lan egiten duten langileen baldintzak onartezinak izaten dira eta naturari ahal duen etekin guztia ateratzen ahalegintzen da, eragiten dituen kalteei erreparatu gabe. Esaterako, Porto Alegren egin berri den Munduko Jendarte Foroan salatu den Belo Monteko urtegiaren eraikuntzan esku hartzen ari da Vale, Amazoniari sekulako kaltea eraginez. Bernako Adierazpena elkartearen eta Suitzako Greenpeaceren arabera, urtegi horrek 40.000 pertsona behartuko ditu gaur egun bizi diren lekuetatik alde egitera. Antolatzaileek eransten dute kaltetuei ez zaiela galdetu ere egin, proiektua abian jarri aurretik, ea zer iruditzen zaien; lanak hasi aurretik nolabaiteko neurriren bat hartu behar ote den ere ez diete galdetu. Jakina, inolako konpentsaziorik ere ez diete eman!
Ekologistek jakitera eman dutenez, Belo Monteko urtegiaren eraginez Amazoniako eskualde horretako ibai gehienak, bostetik lau, desbideratu egingo dituzte eta eremu izugarri bat uraren azpian geratuko da. Ekosistemarentzat eta bertan bizi diren jatorrizko herrientzat tragikoa izango da. Negozioaren izenean egindako hondamendia.
Public Eye Award izeneko sariak banatu dituzten erakundeek urteak daramatzate jada gauza bera eskatzen: konpainia multinazionalei arauak ezarri behar zaizkie, derrigorrean bete beharrekoak, ingurumenarengan eta gizartearengan eragiten dituzten kalteen erantzukizuna beren gain har dezaten. Suitzako 50 gobernuz kanpoko erakunde, giza eskubideen aldeko talde, sindikatu eta elizek bat egin zuten orain hiru hilabete helburu horrekin. Suitzan egoitza duten multinazionalei neurri juridikoak ezarri nahi dizkiete, Hegoaldeko herrialdeetan aritzen direnean ere, giza eskubideen eta ingurumenaren alorretan Suitzako legeak bete ditzaten.
Joseph Stiglitz Ekonomia Nobel saridunak Suitzako erakundeen ekimena txalotu du. Irakasle estatubatuarrak Public Eye sariketako antolatzaileei esan zienez, sari horiei esker munduko konpainia kaltegarrienetako batzuk agerian geratzen dira, baina hori ez da nahikoa. «Sistema bera hobetu behar dugu: egituren eraketa bultzatu, marko juridiko berriak eratu, eta konpainiekiko herritarron eskakizunen eta itxaropenen maila igoarazi. Bide horretatik lortuko dugu merkataritza jasangarri eta justua duen mundua, ez bestela».




