Jose Angel Oria
2012ko Otsailaren 03a
Gaur 10.000 lagun inguru elkartuko dira Bratislava Eslovakiako hiriburuan «Platanoen Iraultza» egiteko, nahiz eta Siberiatik omen datorren hotzak hiri hura ere izoztuta daukan. Herrialde hartako haserretuen bertsio propioa da, «Gorilaren mundu politikoa» gaitzesten duena, eta agintariei platano azalak botata bere haserrea adierazten duena. «SME» Bratislavako egunkariaren arabera, «politikari ustelek eragiten dieten nazka adierazteaz gain, manifestariek eskatuko dute martxorako deituta dauden hauteskundeak irailera arte atzeratzeko».
Aurreko asteburuan aperitibo moduko bat egin zuten Bratislavan bertan. 2.000 pertsona inguru elkartu ziren orduan. Alde zaharretik Parlamentura joan ziren eta Poliziak ezarritako hesia gainditu ondoren, petardoak, platano azalak eta arrautzak bota zituzten eraikin ofizialaren aurka, Komentare.sme.sk webgunean eskaintzen duten bideoan ikus daitekeenez. Bratislavako egunkariak gogorarazi du egungo legediak debekatuta daukala Parlamentura gehiegi hurbiltzea, baina herritarren haserrea ez zegoen pasa den asteburuan horrelako kontuei begira egoteko, eta pentsatzekoa da gaur ere tankerako zerbait gerta daitekeela, Siberiako hotzak guztiak izozten ez baditu behintzat. «Kontuz platanoekin!», diote «SME» egunkarikoek. Presov, Kosice, Trencin, Zvolen, Zilina eta Rosenberg hirietan ere tankerako mobilizazioak egingo dituzte.
Gorilak eta platanoak nagusitu dira Eslovakiako hizkera politikoan, «Gorila» izena baitu herrialdeko agintarien ustelkeriari buruzko txosten argigarri bezain izugarri batek. Urteak egin omen ditu txostenak erredakzioetan eta bulegoetan, baina orain arte ez da argitara atera, eta gaur egun sarean daukate herritar guztiek. «Gorila» izena ipini zion lanari SIS zerbitzu sekretuetako aditu anonimo batek, «Respekt» Pragako astekariak idatzi duenez. «Hauteskundeak egiteko bi hilabete besterik falta ez direnean, nori egiten dio mesede ezagutzera emate horrek?», galdetzen du Martin M. Simecka kazetariak. Txostenak Penta finantza taldearen eta 2005eko eta 2006ko agintarien arteko harremanak atera ditu argitara, Mikulas Dzurindaren gobernu eskuindarraren garaikoak alegia. Hain zuzen ere, telefono-elkarrizketak entzunda osatu zuten lana. Pentako Jaroslav Hascakekin elkartu ziren Jirko Malcharek Ekonomia ministroa eta Anna Bubenikova Ondasun Nazionalaren Funtseko zuzendari ohia. Elkarrizketa horietan arduradun politiko bati edo alderdi bati ordaindu beharreko diru kopurua zehazten zuten, enpresa publikoak pribatizatzeko garaian egindako «mesedeen» truke ordaindu beharrekoa. Energia eta garraio arloetako konpainiak ziren kasu gehienetan.
«Eslovakiako politikaren bihotza ikusteko aukera ematen duen leihoa da `Gorila' dokumentua. Hori irakurrita ondorioztatzen da negozio gizonek lanak enkargatzen dizkietela arduradun politikoei, eta horren truke zenbait sari ematen dizkietela. `Mafiaren kapitalismoan' murgiltzea da txostena irakurtzea. Herritar guztiek zekiten gauzak horrela zirela, baina oso gutxik zeukaten irudi zehatz bat buruan», idatzi du Martin M. Simecka kazetariak. Orain irudi zehatz ugari izango dituztela pentsatu behar da. «Respekt» Pragako astekariak eransten du denborak frogatu egin dituela txostenak salatutako gauza asko. Penta taldeak, jakina, dena gezurra dela esan du eta lana sarean jarri duten guztiak mehatxatu egin ditu. «Baina urtarrilaren 11n, Iveta Radicovaren gobernuak Bubeni- kova kendu zuen kargutik, txostenak esandakoa aintzat hartzen zuela onartuz. Gainera, lehen ministroak berak txostenaren bertsio bat aurkitu du gobernuaren artxiboetan».
Eslovakiako Poliziak bere lana egiten badu, alderdi politiko guztiak kaltetuko ditu txostenak. Horrek esplikatuko luke zergatik eduki duten ezkutuan horrenbeste denbora. Betiko alderdiak izango dira kaltetuak, eta kaltetuena SDKU, eskuinekoa, bertako buruak askotan aipatzen baitituzte. Sortu berriak diren alderdiak daude besteek galdutako botoak jasotzeko moduan. Tamalez, horiek ere eskuinekoak dira gaur egungo Eslovakian. SaS Askatasuna eta Elkartasuna da horietako bat, ustez txostena sarean ipini eta eskandalua eragin duena.




