Txiki ikusiagatik, handitu egiten da pareta batean eskegita dela. Zeru urdina laztantzen duen bitartean, buruz behera, itzulipurdika edota sardana bat dantzatzen ikus dezakegu. Lurrean zein airean aldakak mugitzea du begiko eta bere bizia eskaini dio dantzari.
Oihana Llorente
2012ko Urtarrilaren 27a
Ahoa zabal-zabalik, guztiz txundituta eta tortikolisak jota utzi ohi ditu ikus-entzuleak. Soka artean aritzen da, saltoka, zeru urdina ia laztantzerainoko akrobazietan. Prestaketa lanetan ikusiz gero eskalatzailea dela esango genuke, baina ez: dantzaria da Nagore Somoza. Haatik, paretan eskegita egiten ditu bere koreografia gehienak.
Errenterian jaio arren, Irunen hazi eta hezitakoa da Somoza. Bere ametsaren atzetik zihoala, ordea, diasporara egin behar izan zuen ihes, Kataluniara zehazki. Girona du geroztik bizitoki eta nahi baino gutxiagotan itzultzen da gurera.
Txiki-txikitatik du gorputza astintzeko ohitura eta amari zor dio, hein batean, gorputz heziketarako bokazio hori. «Umetan aukera handiak izan nituen, igeriketa, tenisa, dantza... denetarik egiteko parada eskaini zidaten gurasoek. Apurka-apurka definitzen joan eta gauzak bukatu gabe uzten hasi nintzen; dantza, ordea, beti izan dut bidelagun, jazza eta balleta bereziki», argitu dio GAUR8ri.
Dantzan ikasi egiten dela defendatzen duen arren, berezia izango zen nonbait Somozaren dantzatzeko modua, izan ere, 12 urte besterik ez zituenean Balleteko karrera dohainik egiteko gonbita jaso zuen. Aldiz, alaba gazteenak hamar urtez Sevillan dantza klasikoko ikasketak egiteko aukerari ezezko borobila eman zion amak zirt-zart batean. Nagorek urteetara izan zuen aukera horren berri eta erabaki horrek, nahi ala ez, bere ibilbide profesionalean eragina izan duela jakin arren, lehen uneko amorrualdia gaindituta ados dago familiak bere izenean hartutako erabakiarekin.
Dantzarekiko zaletasuna bazterrean inoiz laga gabe, Psikologian lizentziatu eta kale hezitzaile moduan aritu zen urte askoz Somoza. Bostonen ere eman zituen hainbat hilabete eta gerra zein gatazka armatuak sufritu zituzten umeen aholkulari bilakatu zen tarte batez.
Dagoeneko 28 urte zituela dantza profesionalaren aukerak gogoz jo zuen berriz bere atea, eta oraingoan, apenas pentsatu gabe, atea parez parez zabaldu zuen. Abagunea Gipuzkoa Aldundiaren eskutik heldu zitzaion: bi urtez dantza profesionaleko ikastaroa jasotzea zen saria. Artelekun epaimahaiaren aitzinean bakarkako lana aurkeztu ostean aukeratu zuten Nagore Somoza.
Euskal Herrian ez dago dantza modu profesionalean ikasteko betarik, ezta artisten lanak plazaratzeko zirkuiturik, eta, hortaz, atzerrira joatea ezinbestean gainditu beharreko traba bilakatzen da gure arteko dantzari askorentzat.
Aldundiak eskaintzen dituen diru laguntzetan, norberak erabakitzen du nora joan, baina Somozak ez zuen urrutira joateko asmo gehiegirik, aitortu moduan, adina dantzan ere muga delako. «Nik Bartzelona aukeratu nuen, jada 16 urte ez nituelako», esan digu.
Ondo baino hobeto aukeratu zuen norakoa, izan ere, azken sei urteotan bere ametsa errealitate bilakatzeko aukera ederrak izan ditu eskuartean.
Dantza ikasketak Bartzelonan egiten zituen bitartean, inguruan zituen casting guztietara aurkezten zuen bere burua. «Koreografo batek neskak behar zituela entzuten nuen bakoitzean hara nindoan, koreografia ondo-ondo ikasi eta agertoki gainean nire izaera eta gorputzaren bidez obra ahalik eta hobekien defendatzen ahalegintzen nintzen», dio.
Gironan egindako casting horietako baten ostean, telefonoak jo eta Deambulants konpainiaren deia jaso zuen. Orain bi urte itxi zituen konpainia katalan horrek bere ateak, baina bere hamar urteko ibilbidean hamaika saio eskaini zituzten taldea osatzen zuten clown, dantzari garaikide, zirkuko pertsonaia eta aireko dantzariek. Deambulants taldearen eskutik hasi zen, beraz, aireko dantzaren, edo «eroaren» berak deitzea gustuko duen moduan, abentura zirraragarria.
Oso gogoan du oraindik ere sokan zintzilikatu zen lehen aldia. Egun gezurra dirudien arren, altuerari ikara zion hasieran eta oraindik ere puenting edota goming bezalako jarduerak ez dituela maite adierazi digu; «zintzilik zaudela sokaren tentsioa sentitzen duzu eta horrek ematen dizu aurrera egiteko konfiantza», dio.
Beldurra beharrezkoa dela uste du, eta, gainera, galdu ere ez dela egiten pentsatzen du Somozak. «Nahiz eta asko entseatu ikuskizun bakoitza mundu bat da. Paretaren forma, dimentsioak, sokaren pendulua, musikaren erritmoa eta distantziak... dena da berria eta egokitu beharrean gara. Saioa hasi aurretik beti denbora bat hartzen dugu paretan eskegita egon eta bertara egokitzeko», azaldu digu.
Asko eta gogoz entseatu behar da zeruan hegan egiteko. Saihetseko minez jaitsi zen lehen lan saioaren ostean eta zer edo zer bihurritu zuen. Hala eta guztiz ere, dantza bertikalean aritzeko gakoa norberaren gorputzaren jakitun izatea dela uste du eta esfortzuarekin lorgarria dela dio.
Egunero sei bat ordu ematen ditu entrenatzen, indarra eta kontzentrazioa behar dira-eta zintzilik dantza egiteko. Ahaleginaren emaitza, ordea, eder bezain ikusgarria da. «Airean egotearen sentsazioa oso ederra da, oso bisuala da, agian hamar minutuko saioarekin nahikoa da ikus-entzuleak konkistatzeko», dio.
Dantza bertikala probatu zuenetik ez da lurrean aldakak mugitzearekin konformatzen. Hala ere, ez da horretara bakarrik mugatu, «nahiko eklektikoa naiz eta gauza bakarra egiten aspertzen den horietakoa naiz», dio barreari ezin eutsirik.
Bi konpaini ezberdinekin egiten du lan egun: dantza garaikidea egiten duen Cobosmika eta Las Lolas aireko dantza taldea. Azken horrekin abenduan eskaini zuten ikuskizun berriaren estreinaldia, eta, orain, programatzaileen esku daude haiek bulego lana egin eta ikuskizunak lot ditzaten.
Dantzak mundua ezagutzeko beta eman dio Somozari eta zeruari eskegita dantza egin du han eta hemen. Lehen ikuskizuna Txinan eskaini zuen irundarrak, eta, gerora, munduko zirrikitu guztiak ezagutu ditu Deambulants konpainiarekin edota La Fura dels Baus antzerki taldearekin egindako kolaborazioen eskutik. «Hiriak ez ditut batera ezagutzen, baina hamaika pareta zapaldu ditut!», dio barrez.
Makina bat bizipen eta pasarte ditu Somozak oroitzapenen motxilan, baina, bidai bat aukeratzeko esanda, ez du leku exotikorik aipatu eta orain gutxi Gasteizen eskaini zuen ikuskizuna hautatu du. «Hori izan da bidaiarik onena eta ikusleen artean nire ahizpa, guraso eta lagunak ikustea izugarria izan zen», dio hunkituta.
Jorge Oteizaren eskultura baten inguruan egin zuen dantza Somozak Gasteizen, eta, dantzari eta aktore lana egiteaz gainera, sortzaile izan zen obra horretan irundarra. «Lehenengo dokumentazio lana egin nuen eta hamar minutuko pieza batean laburtu dut esan nahi nuen guztia», argitu digu.
Gutxitan etortzen da Somoza gure artera eta ez da ez gogo faltagatik izaten. Egun Euskal Herrian dantza zirkuitua ozta-ozta zabaltzen ari dela uste badu ere, zaila deritzo gaur-gaurkoz Euskal Herrian dantzaz bizitzea. Gure mugetatik kanpo ere, ez da erraza hilabete amaierara iristea. «Bizitzeko era bat da artea, bizitza bohemioa da. Nik, adibidez, ez dut ez familiarik ezta jabetzarik ere; malgutasun osoz bizi naiz eta beldurrak albo batera utzita», dio. Hilabeteak eta hilabeteak daudela onartu digu eta orain dela gutxi arte ostalaritzan lan egin behar izan duela adierazi digu. Ikuskizunak sortzen ematen duten tartean soldatarik izaten ez dutela ekarri du gogora; «produkzio fasean zaudenean eta sortzen ari zarenean entsegu ordu guztiak doakoak dira. Diru dena guk geuk jartzen dugu, laguntzak berandu heltzen baitira, lana egin ostean», gogoratu du.
Azken hilabeteotan dantza hezitzaile gisa dabil lanean, haur zein helduekin; Cobosmikak eskaintzen duen graduondoan koordinatzaile lanetan ere aritzen da. Pozik dago, hortaz, Somoza, hezitzaile denetik soldatatxo bat baitu hilabeteko gastuei aurre egiteko.




