Haurrei zuzendutako espazio berria da Muxugorri. Eskuz egindako arropa, osagarriak eta hainbat gutizia polit aurki daitezke bertan. Saretik Donostiako Alde Zaharrera egin du salto. Irati alabarentzat soinekoak egiten hasi zen Irene Zabaleta eta Interneten lehen pausoak eman ondoren, denda ireki du Donostian.
Xole Aramendi
2012ko Urtarrilaren 27a
Goxoa eta alaia da Muxugorrik etxeko txikienei eskaintzen dien txokoa. Eskuz jositako jantzi zein osagarriak daude zintzilik. Baita umeen logelarako apaingarriak ere. Amak beretzat zein haurrarentzat gutiziak aurki ditzake bertan.
Lau hilabete besterik ez daramatza dendak irekita. Donostiako Alde Zaharrean dago, San Jeronimo kalean. «Lau urte neramatzan Interneteko plataforma desberdinetan nik sortutako jantziak saltzen. Bide horretatik jo nahi nuen eta eman beharreko pausoa zen dendarena», azaldu du.
Online denda edo saltoki fisikoa edukitzeak ez du zerikusirik, Ireneren ustez. «Sarean saltzea oso zaila da. Oso gainean egon behar duzu, sare sozialen bitartez asko mugitu ezean ez duzu saltzea lortzen», dio.
Etxean betidanik ikusi ditu amona eta ama josteko makinaren aurrean. Bera ere txikitatik erakarri izan du orratzak eta hariak eskaintzen duten aukerak. «Betidanik aritu naiz arropak marrazten eta egiten. Beste askok bezala, panpinei soinekoak josten nizkien. Gogoan dut jaunartze egunean jaso nuen oparirik onena jostorratza izan zela», kontatu du.
Arkitekto lanean ari zen estudio batean. «Sormen lana da, baina ez hainbeste. Udalekin tirabiran ibili behar duzu baimenak direla... Ez ninduen betetzen. Bat-batean, ama hil, ni haurdun geratu eta senarrari gaixotasun larria diagnostikatzea, dena bat izan zen. Orduan hartu nuen arkitektura uzteko erabakia. Bizitza honetan bi egun besterik ez garela egongo pentsatu eta ordura arteko bizimodua irauli nuen».
Benetan gustukoa duen zerbaitean egin nahi zuen lan. Lortu du. «Irati alaba jaio zenean harentzat soinekoak josten hasi nintzen. Hura izan zen abiapuntua. Pixkanaka, sarean zeuden plataformak ezagutuz joan nintzen. AEBetan, esaterako, eskuz egindakoaren kultura oso zabalduta dago. Etxekoandre ugari dira etxean egindako produktuekin euren sosak ateratzen dituztenak. Online dendak daude, baita saltoki txiki ugariz osatutako plataforma ere, Etsy izenekoa».
Mundu berri bat ireki zitzaion. «Hura zen nik nahi nuena. Plataforman nire dendatxoa ireki nuen eta egun batetik bestera hainbat tokitatik eskaerak jasotzen hasi nintzen: Londres, Huston.... Lan aukera izan nezakeela ikusi nuen», gogoratu du.
Abentura izan da. «Ez da erraza lanpostua uztea», dio. Eta senarraren bultzada, ezinbestekoa. Berak lagundu zion webgunea zein bloga sortzen. «Gainontzekoa sinplea da: josteko makina eta denbora», bota du.
Ez da duela bost urte hartutako erabakiaren damu. Aurpegian duen irribarrea da horren seinale. «Pozik nago», esan du.
Izan ere, aspaldiko ametsa zuen denda irekitzea. «Baina hor geratzen zen, ametsetan», esan du. Emakume arropa saltzen ikusten nuen nire burua, baina alabaren jaiotzarekin haurren alorrean sartu nintzen eta erabat lotu nau -kontatu du-. Eskergarriagoa da, eromenari tokia egiten errazagoa da. Estanpatuekin eta gehiago egin dezakezu jolas. Beraz, haurren arropa diseinatzen jarraitzeko asmoa dut».
Koloretsua eta originala da Muxugorriko eskaintza. Izan ere, bere esanetan, bi estilo nagusitzen dira Euskal Herrian haurren modari dagokionean: klasikoa edo umeak heldu txikiak bihurtzekoa». Eta beste alternatiba bat eskaini nahi du. «Haurtzaroa gozatzeko garaia da eta oraintxe dute edozer janzteko aukera».
Umeen jantziez gain osagarriek dezenteko tokia hartzen dute dendan: txupeteroak, baberoak, patukoak, mantak...
Horman jarrita dauden ilustrazioek piztu dute gure arreta. «Zuk eginak al dira?», galdetu diogu. «Nahiko nuke...! Londreseko ilustratzaile batek eginak dira», azaldu du. Artista gazteen lanei ere tokia egiten die Muxugorrik.
Umeentzat ez ezik, emakumeentzako arropa eta osagarriak eskaintzen ditu Zabaletak. Han-hemengo diseinatzaileenak dira, Irenek propio bere bezeroentzat ekarriak. «Eskuz egindakoak edo eskala txikian egindakoak dira. Jatorria zein den jakin nahi dut. Nik badakit hor dagoen lepoko hori Vigoko neska batek egina dela. Eta puntuzko soineko hau, berriz, Madrilgo artisau tailer batean. Eta soineko hau bezalakoak, denera, 30 bakarrik daudela», esan du. Artisau lana izateari balioa ematen dio. Eta horixe da Muxugorri txokora hurbiltzen denak ere bilatzen duena. «Asko dira dendara sartu, eta `azkenean desberdina den zerbait' diotenak. Kate handien eraginez denok berdin janzteaz aspertu samarrak gaudela uste dut», gaineratu du.
Ordaintzeko orduan izaten dira zailtasun handienak. «Noski, denda handien prezioekin ohitu egin gara. Eta kosta egiten da. Baina ez dira prezio bidegabeak. Bertan sortuak dira, hemengo soldatak ordaintzeari esker eginak...», adierazi du Zabaletak.
Zuzeneko harremana
Saltzaileen eta hornitzaileen artean zuzeneko harremana sortzen da. «Bion artean hitz egiten dugu. Diseinatzaileak irabazia pixka bat jaits dezake eta nik ere horrela jaits dezaket beste pixka bat azken prezioa... Nik atera dezakedan mozkina ez da beste denda batzuek adinakoa. Guztion artean saiatzen gara prezioa lehiakorra izan dadin».
Bloga erabakigarria izan da Muxugorri ezagutarazteko bidean. Eta Irenek berak hainbat azokatara egindako bisitak alor honetan lanean ari direnak ezagutzeko bide eman dio. «Jendea ezagutu, nire filosofiarekin bat datorrena ikusi... Adibidez, patuko hauek gudako emakume errefuxiatuei laguntzen dien Kroaziako GKE batek gantxiloz egindakoak dira. Donostiako bertako neska batek diseinatzen ditu», azaldu du.
Bidean pertsona asko aurkitu ditu bera bezala zaletasunez hasi eta sormen lanaz bizitzea lortu dutenak. «Bitxia da, ama izan ondoren hartutako erabakia da kasu askotan -esan du-. Ez dakit zergatik, baina ordura arte barruan gordeta dagoen sormen grinak eztanda egiten du».
Gauzak aldatzen ari direlakoan dago. «Globalizazioaren boom-aren ondoren tokian tokikora itzuli garela esango nuke. Krisi garaiotan guk ordaintzen dugun dirua nora doan jakin nahi dugu. Dirua hemen gelditzea nahiago dugu multinazional baten bidez Txinara joatea baino», argitu du.
info+:
Muxugorriren orria: http://www.muxugorri.com/
Etsy plataforma:
GAUR8 26 / 27




