-

Berria da ofizioan, baina nazioarteko hainbat gatazketako ondorioen lekuko zuzena izan da jada bere kamera. Diruak baino, interesak mugitzen du urretxuarra. Horrexegatik ez du, hain zuzen ere, inongo egunkarirekin kontraturik sinatzeko asmorik.

Oihana Llorente

2012ko Urtarrilaren 27a

Muturren aurrean pertsonen kontrako mina batek eztanda egin izanak Andoni Berriotxoaren bizitza aldatu zuen. Saharan zegoen, argazki kamera lepoan zintzilik, eta, momentuko senak bultzatuta, klik egin zuen. Ateratako argazkiak itsasoa gainditu eta GARA egunkariko portada eskuratu zuen, urretxuarraren bizitza eraldatuz. Harrezkero, argazkilaritzaz bizitzeko helburua du Berriotxoak  eta munduan barrena dabil gatazkak eta sufrimenduak erretratatzen.

«Freelance» argazkilari moduan aritzen zara. Noiztik? Nola hasi zinen?

Argazkilaritza beti gustukoa izan dudan arren, freelance moduan urte eta erdi daramat. Hasiberria naiz, beraz. Aurretik informatikari lanetan nenbilen; ikasketak ere alor horretara bideratuta ditut. Java programazioaren inguruko masterra ere badut egina, baina dena bukatuta ohartu nintzen informatika ez nuela batere gustuko. Filosofia ere hasi nuen ondoren, baina hura ere ez nuen bukatu.

Nire herriko, Urretxuko, webgune digitalean egon nintzen lanean, Otamotz.com atarian, eta hor eduki nuen argazki eta bideo kontuekin lehen harremana. Multimedia mundua gertutik ezagutu nuen eta harrapatu egin ninduen. Lan hura utzita hasi nintzen jada argazkilaritza munduan muturra sartzen eta freelance moduan bizitza aurrera atera nahian.

Etxe inguruan baino, munduan barrena aritzea duzu benetan gustuko.

Bidaiatzea beti izan dut gustuko, bai anaiarekin bai bakarrik Afrikari buelta dezente emandakoa naiz. Land Rover bat hartu, Ghanara joan eta bertan hilabeteak pasa izan ditut.

Noiz ikusi zuen argia zuren lehen lanak?

Saharan maiz egondakoa naiz, aspalditik kolaboratzen dut-eta sahararrekin. Behin, Saharako manifestaldi batean nengoela, nire ondoan mina bat lehertu eta di-da argazkia ateratzea otu zitzaidan. GARArekin jarri nintzen harremanetan eta orduan Polisarioren sorreraren 35. urteurrena ospatzen zela-eta, Saharatik bertatik 10.000 karaktereko testu bat idazteko eskatu eta nire sei argazki argitaratu zituzten. Portadan ere agertu zen nire izena.

Ordutik aurrera zabiltza «freelance» moduan?

Harrezkero, horretan probatzea erabaki eta argazkilaritzaz bizitzea jarri nuen bizitzako helburu moduan. Hala ere, bidaiatzeko dirua edo argazki kamera on bat behar nituenez, ez naiz etengabe gatazkak erretratatzen jo eta su aritu. Bestelako lan batzuk egin behar izan ditut, ezkontzak edota argazki korporatiboak, adibidez.

Munduko gatazketan espezializatu nahi duzu? Zergatik?

Gazte-gaztetatik interesatu izan zait munduan zer gertatzen den. Gogoan dut, nahiz eta oso gaztea izan, Bosnia eta Kroaziaren arteko guda hura interes handiz jarraitu nuela. Aitak beti gogoratzen ditu nire galderak, guda horretan onak eta txarrak nortzuk ziren argitzeko eskatuz. Helduago nintzela, Sahara edo Etiopiako gatazkak ezagutu nituen. Nazioarteko politikarekiko interesa betidanik izan dut.

Gatazkak bere horretan baino, dituzten ondorioak erretratatzen dituzu maiz. Zergatik?

Gatazken ostean gatazka lekuetan badaude biktimak, hildakoak, zaurituak, bortxatutako emakumeak... eta haien berri ere eman behar dela uste dut nik. Askotan gatazka eremuetara epaile bat joan eta garaile eta garaituak nor diren esanda gatazka bukatutzat ematen dela dirudi. Errealitatea, ordea, ez da hori eta atzean sekulako arazoa ezkutatzen da. Euskal Herrian oraindik Gerra Zibileko kontuez hitz egiten ari bagara, pentsa Libian zenbatekoa den arazoa gaur egun. Komunikabideek erru handia dute horretan, jada interesa ez duten gaien inguruan ez baitute ezer esaten. Niretzat, ordea, garrantzitsua da bertan jarraitzea.

Munduak ahaztutako lekuak dira horiek, eskertzen al dute bertakoek zure lana?

Asko eskertzen dute. Gaur egungo mundu honetan argitaratzen ez dena, telebistan agertzen ez dena, ez da existitzen. Haiek erabat ahaztuta daude eta bat-batean kamera batekin norbait agertu eta euren egoera ezagutarazi nahi duela ikusten dutenean asko eskertzen dute arreta hori.

Saharan edota Birmanian egon zara. Gogorra al da bertan bizitzea?

Bai, oso gogorra da. Bai fisikoki eta baita psikologikoki ere, baina niretzat, pertsonalki, fisikoki baino, psikologikoki da latzagoa. Fisikoki oraingoz jasan daiteke, baina psikologikoki... Batzuek shock egoera hori bueltatzean bizi dute, gelditzean. Badira, gainera, bizi izandakoaz gogoeta ez egiteko gelditzeko astirik hartzen ez duten gerra kazetariak ere. Pentsa, New Yorken etxea eduki arren orain dela bost urte bertara joan ez den bat ezagutzen dut; ez du gelditu nahi. Niri, normalean, lekuan bertan nagoela ematen dit shockak. Sekulako pozoia sartzen zaizu gorputzean eta eguna bukatzean, lasaitzean, negar egin behar badut, orduan egiten dut. Etxera bueltatzean, lehen egunak ere oso gogorrak izaten dira; sekulako aldaketa da, han tiro artean zaude eta hildakoak egunero daude, eta hemen, aldiz, normaltasuna da nagusi. Hala eta guztiz ere, ezkutu bat osatzen duzu. Ezkutu bat osatzera behartuta zaude.

Zer sentitzen duzu klik egiterakoan?

Nik, argazkiak ateratzen ditudan unean, ez dut apenas pentsatzen. Argazkian jarrita dut arreta guztia, bai argian bai inguruan egon daitekeen arriskuan ere, noski. Argazkiak bidaltzerakoan, lasaitzerakoan, hasten naiz pentsatzen. Gogoan dut petril baten atzean nengoela frankotiratzaile bati argazkia atera nahi nion pasartea. Argazkia atera bitartean behar bezala fokuratzea edo argi egokia hartzea bakarrik nituen buruan, baina, behin argazkia atera eta bidalita, honakoa esaten nion nire buruari: «Ze ostia egin dut nik hor!». Unean bertan arriskua baloratzen duzu, baina ez era arrazional batean. Hala eta guztiz ere, era honetako egoera batean egon arte inork ez du bere burua benetan ezagutzen.

Ahaztuko ez dituzun pasarteak ere biziko zenituen...

Bai, hala da. Marokon, adibidez, kartzelan bukatu eta bertan eman nuen astebete. Lotsaren Hormaren inguruko lan bat egin nahi nuen, alde batean zein bestean banatuta dauden familiei argazkiak ateraz, baina, lana egin aurretik, atxilotu egin ninduten. Zazpi egun eman nituen preso eta Espainiako enbaxadak ez zuen ezertxo ere egin. Azkenean, herrialdetik kanporatu eta argazki guztiak ezabatu zizkidaten. Argazki kamera ere lapurtu nahi zidaten. 2010eko otsailean gertatu zen eta gerora ez naiz berriz Saharara joan.

Beste batean, Libian, Sirteko mendebaldeko frontean nengoela, zaurituen argazkiak egin nahi nituela-eta ospitale batera joan nintzen. Sekulako bonbardaketa jazo eta zauritu eta hildako pila iristen hasi ziren bat-batean, tartean aurreko egunetan egindako lagun bat. Gorputegira sartu nintzen argazki batzuk egitera eta sartu bezain azkar bere gorpua nola garbitzen zuten ikusi nuen. Kristo eginda zegoen gainera; manta baten azpian zatika iristen ziren. Han nintzela, gainera, lagunaren anaia etorri zen, eta, anaia hil zela esan ziotenean, burua galdu zuen. Oso gogorra izan zen une hura.

Nola antolatzen da era honetako bidaia bat? Nola erabakitzen duzu nora joan? Bakarrik joaten zara? Nola bizi zara bertan?

Interesen arabera antolatzen ditut bidaiak, batik-bat interes propioak aintzat hartuta. Inork ez nau inora bidaltzen, eta, beraz, nik neuk aukeratzen dut nora joan. Nik ordaintzen dut bidaia, baita bertako egonaldia ere; beraz, gastuak konpartituko dituen beste pertsona bat bilatzen ahalegintzen naiz hasiera batean. Lekuan nagoela hasten naiz lanean; egunkarietara deitzen, agentzietara joz... Argazkiak eskaintzen, finean.

Bizitzeko adina ematen du profesioak?

Momentuz ez. Argazki korporatiboak eta ezkontzak ere egin behar ditut bizitzeko. Egia esateko, Libiakoa izan da errentagarri atera zaidan gatazka bakarra, eta, hala eta guzti ere, Libiako moduko gatazketan etengabe aritzea ez dut uste ez bideragarria ezta ona denik ere.

Esperientzia handiko hainbat gatazka argazkilarik ere beste diru iturri batzuk bilatzen dituzte bizitza aurrera ateratzeko. Pentsa, World Press Award saria bi aldiz irabazi duen argazkilari bat ezagutzen dut eta urte erdia argazki korporatiboak egiten ematen du, gainontzeko hilabeteak gatazken berri eman ahal izateko. Hemendik aurrera, ordea, gatazken berri ematea errentagarriagoa izan dadin akordioak sinatu ditut hainbat argazki agentziarekin, eta, beraz, espero nire lana probetxuzkoagoa izatea.

Zein da «freelance» gisa aritzen diren eta agentzia baten barruan lan egiten duten argazkilarien arteko diferentzia?

Ez luke desberdintasunik egon behar berez, frontera joan beharko ginateke denak eta bertan zer gertatzen den ikusi. Agentziako argazkilariek, alabaina, soldata finko bat dute, ateratako argazkiak onak edo txarrak diren kontuan izan gabe. Berdin kobratzen dute bizitza gehiago edo gutxiago arriskatu. Denetarik dago, hala ere; badira txapela kentzeko kazetari eta argazkilariak, baina baita hoteletik idazten dutenak ere. Gure lanean akatsen bat izanez gero, ordea, sekulako aldea dago batzuen eta besteen artean; guk kale egiten badugu gure argazkia ez dute erosiko eta listo, baina, aldiz, agentziakoak egiten badu kale, mundu osoan zabalduko da akats hori.

«Freelance» lanak nahikoa baloratuta al daude gure artean? Aldea al dago gainontzeko herrialdeekin?

Gure lana ez dago batere baloratuta, oso gaizki ordainduta dago. Nik Euskal Herrian edo Estatu espainolean baino, atzerrian saldu ditut argazki gehiago. Begira, Birmanian geundela «Asiako Che Guevara» moduan ezaguna den Moethee Zun elkarrizketatzeko aukera izan genuen Periodismohumano.com atariko kazetaria den Carlos Sardiñak eta biok. ``El Pais'' egunkariari eskaini genizkion elkarrizketa eta lau argazki, eta, bi orriko elkarrizketa eskatu ondoren, 41 euro eman nahi zizkiguten. Eskaintzari uko egin genion, noski; hori gure lana oparitzea da. ``The Independent'' egunkariak, aldiz, 1.200 euro eman zizkion Sardiñari Moethee Zunen inguruko zutabe bat idazteagatik.

Errespetua ere ez dute komunikabideek. Munduko beste puntatik posta elektronikoko mezuak bidali eta bidali gabiltza gure argazkiak eskaintzen, eta, askotan, erantzun ere ez digute egiten. Ze kostatzen da, bada, mezu bati erantzutea?

Estatu espainoleko kazetaritza gehiena kaka hutsa da. Agentzia batek ateratako argazkia, ona edo txarra izan, egunkari guztietan jartzen dute, eta hori ere zentsura mota bat da. Eduardo Galeanok dioen bezala, bat bidaltzen dugu eta bere egia denen egia bilakatzen da. Libian ginela sekulako argazkia lortu genuen, baina egun horretan Albako dukesa ezkontzen zela argudiatuta ez zioten Libiari tarterik eskaini nahi. Bertan zeuden freelance batzuek harrituta entzuten gintuzten.

Freelance gehiago behar dira, komunikabideek horretan inbertitu beharra dute. Nahi dugulako goaz, egia da, baina gure lana ordaindu behar dute. Egunkari batzuk berdin ordaintzen dute argazkia hemen edo munduko beste puntan atera eta hori ez da ulergarria; arriskuak aintzat hartu behar dira.

Zein izango da zure hurrengo geltokia?

Ez dakit, eta, gainera, zer edo zer lotuta eduki arte ez dut deus esaten.

Bizitza osorako lana da honako hau?

Hasiberria naiz eta ez dakit nola erantzun galdera horri. Fisikoki zein psikologikoki oso gogorra izan arren, bada ondo eramaten duen jendea. Niri behintzat gustatuko litzaidake bizitza osorako lana izatea, baino nork daki.

Internetek eta teknologia berriek argazkilaritza eraldatu dute.

Bai, erabat gainera. Nik ezin dut imajinatu ere egin argazkilariak nola aritzen ziren lehen argazkiak errebelatu eta bidaltzeko. Aldaketak, ordea, onerako zein txarrerako dira. Kontaktuak egiteko, adibidez, Facebook sekulako bitartekoa da; pentsa, gerrillariek ere Facebook profila izaten dute! Gure lana promozionatzeko ere primeran dago, bai eta kontaktuak mantentzeko ere. Kontran, azkartasun izugarria exijitzen digute egun argazkilarioi.

Nolakoa izango da argazkilaritzaren geroa?

Etorkizuna multimediaren eskutik etorriko da, seguru. Argazkiek eta bideoek dute etorkizuna; guri ere bideoak eskatzen dizkigute. Orkestra gizon gisa joan beharko dugu hemendik aurrera frontera!