-

Jon Benito

2012ko Urtarrilaren 27a

Egitekoak utzi eta begiak bilatzen ditut. Begietara begiratu nahi zaitut, begien barruetara, eta zeure baitan ezkutatzen dena aurkitu: ze iturritik datozen zure hitzak, arnasten duzuna nora doan, non korapilatzen zaizkizun zalantzak. Errepikapenez ezagutzen zaitut, egunaren joanak erakutsi didanagatik: hitz egin, elkarrekin aspertu, konplizitatea... batera dutxatu, bestearen gorputz-bazterrak miazkatu edota haur garaitako argazkiak ikusita eta gurasoekin bazkalduta zure iragana asmatu. Han zeure aita-amen antza hartu izan dizut, keinuetan eta izaeran, eta etorkizuna nola izango den susmatzen dut. Gauza maitagarri bezain beldurgarria da.

Baina beti alanbrean dantzan egite hori. Ezagutzen ditut zure kontu asko baina ez denak. Besarkatzen zintudanean maitekor eta hurbileko iruditzen zintzaizkidan baina lo zaudenean, eta logelan zentzu haizeak jotzen duenean, oraindik arrotz eta ezezagun zaitudanaren kontu hori berriz. Senak zeurera hurbiltzeko keinua egiten dit, besoetan hartzen nauzu eta nik ez dut zure barrura sartu beste gogorik izaten, zeure barrua ukitzeko, zeure barrenekoak ezagutzeko.

Bestenaz biok pokerrean bezala beti, batzen eta ezagutzen dugunari indar eginez eta geure miseria ezkutukoenak gorde-gordeka. Gu garen baina erabat gu ez garen soslaia bat aurkeztuz besteari, orban handiegirik gabe, tristezia zulo nabarmenik gabe, bestea sumindu lezakeen ametsak isilduz. Zeuk nahi duzuna naiz, ni naizena izan gabe, eta viceversa, nik nahi duzuna zara, baina benetako zeu izan gabe.

Egitekoak utzi eta begiak bilatzen dizkizut. Begietara begiratzen zaitut, putzu horren atzean ezkutatzen duzuna ezagutu nahi dut eta burmuineko armairuak ireki. Zeure kantu eta umiliazioak, oroitzapen onak. Eraiki dugun istorio ofizialetik urruntzen den dena. Zeure fantasia eta beldurrak, aspaldiko irrikak betetzen ari ote diren, nola ikusten nauzun zeure barrutik kanpora.

Haizea joanda nire kezka eta zereginetara biltzean Kris Kristofersonen kantuaz gogoratzen naiz, tararareatu egiten dut niretzat, isilka, ez beste inork, ezta zeuk ere, entzuteko moduan, konplizitaterik ez sortzeko, neure gauzak kartoizko kaxetan gordetzen ditudan bitartean.

Bizitzan gutxienez lau alditan egin beharreko ariketa da norberaren ondasun (ia) guztiak kaxetan gordetzekoa. Beti harritzen da bat zenbat gauza dituen, baina, aldi berean, bere izatea ere ze arrasto gutxitara murriztua dagoen.

Ihes egin baino lehen, argazkiak, liburu batzuk, hiru-lau arropa eta zerbait gehiago gordetzea han izan zarenaren neurria hartzea da. Gastatu duzunarena, eraiki duzunarena, pilatu duzunarena: nire gauzak direla konturatzen naiz, nitaz hitz egiten dute. Zenbat oroitzapen eta bizipen gordetzen dituzte eurekin. Baina ez naiz ni. Kutxa batean lekua duena erosgarri da, merke edo garestiago, eta beraz, ordezkagarri. Ez zeu ez ni bezala.

Kris Kristoferssonen kantuak dio, askatasuna galtzeko ezer ez izatea dela.

Nire gauzak kutxetan eta hauek lurrean uzten ditut. Zure begiak bilatzen ditut, begietara begiratzen zaitut, zeure hezur-haragizko arkitektura horrek biltzen duena biluztu nahi dut. Aitzakiarik eta denborarik gabe besarkatzen zaitut ihes ez egiteko, eta zeure begietan nire aurpegia, nire aurpegi beldurtua besterik ez da islatzen.