Nagore Amondarain
2012ko Urtarrilaren 27a
Neuk ere deserritik idazten dizut Ekaitz, jakinda deserria norberak aukeratu gabe heltzen dela sarritan, aitortuz beti uzten dugula ainguraren bat han. Sakonera botatako burdin zati astun horiek dira gure lekukotza denboran, ur azalean mantentzen gaituzten heldulekuak, itsasoak zakar jotzen gaituenean.
Zaballako makrokartzela berriko ziega batean irudika zaitzaket, matrioskaren sabelean oraindino. Hazten ikusi zintuzten parajeetatik ez hain urruti, hazten ikusi zaituzten kaleetatik milaka kilometrora aldi berean. Iragana aurrean ikusten duzun pareta zuria dateke, paretaren bazter batean atzamar batez urratutako arrakala etorkizunerako behatxulo.
Azkenengoz El Corte Ingleseko balkoian ikusi zintugun, atxilo eraman zintuzten unean. Matriosken sabelen babesean gertatu zen guztia. Eta Matrioskek asko dute zugandik ere; batean bertsotan ikusten zintugun, bestetan muinoko etxean aurrera eta atzera, gero Hala Bediko estudioetara hasi zinen agertzen, otzan, nahiz eta mikroen aurrean zorrotz, bizi, lotsagabe ibili. Handik gutxira etorri zen 2008ko Txorionak kanpaina, batxilerra bukatzekotan zen nerabe gogoratzen zaitut artean. Ez dakit zelan sartu ginen urte osoko ibilaldi hartan, ez dakit zein ardo eta ardo artean eman zitzaion hasiera istorio hari, baina ibilian ikasi genuen bidea marrazten, norberaren ahaleginetik taldearen indarrez lor daitekeen kontzientzia hartu genuen. Hura ere, geruzaz geruza eta mintzez mintz osatutako matrioska izan baitzen. Hala Bedik 25 eta Gasteizko gaztetxeak 20 urte betetzen zituztela genuen ospatzeko eta aldarrikatzeko. Gauzak egiteko bestelako modu bat, bestelako errealitate baten alde ari ginen lanean. Irautea eta hobetzea harrotasunez zabaltzeko zerbait delako Gasteizen, zoritxarrez Euskal Herrian fokua ez baita beti ondo argiztatua egoten. Eta guk hemen gaudela egin nahi genuen aldarri, A8ak lotzen dituen hiriburuak baino hurbilago dagoela askotan Gasteiz gu guztiongandik.
Txorionak kanpainaren lehen agertokia inauteriak izan ziren. Hantxe elkartu ginen Gaztetxearen epeletan (eguraldiak gutxi baitzuen epeletik) ehundik gora lagun, hiriko kaleetan zehar egingo genuen koreografia entseatzera.
Bilerak ere ohikoak bihurtu zitzaizkigun konturatu gabe, eztabaidarako eta elkarrengandik ikasteko gune, asteroko zitak ikasturte osoan zehar. Urrirako itzela antolatu nahi genuen, lan egin beharra zegoen. Garai hartan egurra besterik jasotzen ez zuen hirian zerbait piztea zen asmoa. Oraindik era, kanpainarako egindako abestia entzutean zurekin gogoratzen gara, zeinen ondo konpontzen zen bertsolari gaztea hip hop doinuetan.
Eta oso gogoan dut, udaberri partean, zure ikastolara aurkezpen bat egitera joatea suertatu zitzaidala. Hantxe aurkitu zintudala, batxilergoko gela batean. Eta pentsatu nuen nire baitan; «zer azaldu behar diot nik mutiko honi?». Argi nuen azaltzen nuena ez zegokizula, ez nituen nik zure ikasketak osatuko aurkezpen harekin, nahiko ikasketa zen zuretzat ikastolatik kanpo jasotzen ari zinena.
Horrelakoak etorri zitzaizkidan akordura urtarrilaren 14an, ezkutuan zen gaztearen alde hiriko kaleak bete ziren egunean. Tristura eta amorrua sentitu genuen nola eramaten zintuzten ikustean. Hala ere, bagenekien ez zela alferrik izango, ereindako hazietatik jasoko ditugula etorkizuneko uztak, oharkabean pizten direla maiz gugan iraultzarik txikienak. Iraultza txiki horietatik baino ez dugu lortuko bestelako etorkizun bat. Atzamar bakarrez urratutako arrakala hori ere nahikoa izan daiteke, pareta zurian orainak hauspotuko duen etorkizun hobe bat irudikatzeko.




