AEBetako «Baby Sign» metodoa «Cinco Deditos" deitzen da gazteleraz. Haurrek berba egiten ikasi arte, gurasoekin komunikazioan zubi lana egiteko metodologia batez mintzo gara, orain gutxi gurera heldu dena. Keinu hizkuntza berria irakasten, besteak beste, Amaia Aparicio getxoztarra eta Mirari Marfagon dabiltza; dituen onurak azaldu dizkigute.
Anartz Bilbao
2012ko Urtarrilaren 27a
Keinuen bidezko hizkuntzak haurrei komunikatzeko gaitasuna ematen diela-eta, gero eta presentzia handiagoa du gurean sistema honek.
Amaia Apariciok aldizkari batean ezagutu zuen AEBetatik datorren Baby Sign metodoa. «Psikologo batzuk ikusi zutenez, gormutuen seme-alabek bizkor lortzen dute komunikatzeko ahalmena eta hitz egiten ere lehenago hasten dira. Eta umeentzako keinu hizkuntza erabiltzen hasi ziren». Getxoztarrak bi seme-alaba ditu (9 eta 4 urtekoak) eta keinu hizkuntza eskoletan erabiltzea onuragarria litzakeela uste du, «beste hizkuntza bat bezala ikasi beharko litzateke».
Mirari Marfagonek orain gutxi ezagutu zuen haurrekin keinuen bidez komunikatzeko sistema. «11 hilabeteko haur bat dut; lauzpabost zituela `Baby Sign' liburua utzi zidaten. Irakurri eta... hunkitu egin nintzen, pentsatuz lehenago komunikatu ahal izango nuela haurrarekin!». Errenteriarrak betidanik izan du keinuen hizkuntzarekiko interesa. «Ingalaterran bizi nintzela ikastea ere pentsatu nuen, baina herrialde bakoitzak bere sistema du antza, betiere oinarri anglosaxoia edo frantziarra moldatuta. Estatuan, esaterako, gaztelerak bere bertsioa du, eta katalanak berea».
«Keinu bidezko haurrentzako hizkuntzak zubi lana egin nahi du haurra jaiotzen denetik hitz egiten ikasten duen arte». Gurasoek hitz erabilienen keinuak ikasten dituzte, eta berba esaten duten bakoitzean keinuarekin errefortzu bat eman umeari. Horrela berak ere ikasten ditu, eta gurasoekin komunikatzen hasten da. «Konturatu naiz iristen dela momentu bat umeak gurasoen hitza ulertzen duena, baina komunikazio hori ez dator bueltan, zaila da. Eta erreminta egokiak emanda, komunikazioak ez du soilik norabide bat, gurasoengandik umearengana, haurrak ere esan dezake zer nahi edo behar duen, zer ikusten duen».
Marfagon gero eta ezagupen gehiago hartzen joan da, batez ere Internet erabiliz. Bere kasuan, ingelesez oso ondo moldatzen denez, jatorrizko liburuak erabili ditu, baina gazteleraz ere material franko dago. «Lehen esan bezala herrialde bakoitzak bere gormutuen hizkuntza bertsioa du, eta hemen oinarria ASL da, American Sign Language. Berez ez da hizkuntza oso bat, urte gutxi batzuetan erabiliko duzun metodo bat baino. Haurraren jaiotzatik hitz egiten hasi arte da erabilgarria, eta murriztua da, berrehun bat hitz -edo hirurehun- erabiliko dituzu-eta».
Haurrek ez dute aparatu fonatzailea garatua, eta ez dira berba egiteko gai, baina besoak mugitzeko, seinalatzeko, agur egiteko... gai dira. «Umea keinuka komunikatzen da, nahi gabe ere -dio Marfagonek-. Kontua da urrutirago joan eta hitz zehatzak sartzea, zuk hitzak ahoskatzearekin batera keinua egitea eta berak errepikatzea lortzea». Bide beretik, «komunikazio ez berbala berezkoa du gizakiak, hitz egitea bezala. `Negarrik egiten ez duenak ez du titirik hartzen', jaiotzatik. Eta metodo honen bidez haurrek gaitasuna hartzen dute gurasoekin komunikatzeko hitzik erabili gabe», argitzen du Apariciok. «Kantu asko, esaterako, keinuz lagunduta abesten dira». Berak, adibidez, keinuz ematen ditu «Pintxo Pintxo», «Sorgina pirulina» eta antzekoak.
Getxoztarrak, koxkortuak dituen arren, umeekin egin du proba, «eta asko gustatzen zaie». Marfagonek ere, haurtxoa duenez, berarekin egin ditu probak. «Praktikak etxean bertan egin ditut. Lehenengo bere irribarreak esaten dit ulertu duela, eta orain keinuak egiten ditu berak ere: loa, pilota... Komunikatu egiten da!».
Onura franko
Abantaila ugari ditu keinu sistemak haurrentzako, bi irakasleen ustean. «Haurrak zurekin komunikatzeko ahalmena badu haserrealdiak gutxituko ditu, eta behar edo nahi duena lortzeko aukera badu gutxiago frustratuko da, eta, beraz, bere buruarengan konfiantza handiagoa izango du. Komunikatzeko ahalmenak segurtasuna ematen dio; hori oso onuragarria da».
AEBetan egin izan diren ikerketek agertu dutenez, adimen kozientea garatzen du haurrak, eta keinuka aritzen diren umeek normalean arinago egiten dituzte buruan garatzen diren sareak. «Niretzako baina, bigarren mailakoa da hori; haurrarekin komunikatzeko balio badit, kontent naiz», aitortu digu Marfagonek.
Ikerketak aholkuak ere ematen ditu, haurrari bigarren hizkuntza bat irakasteko. Antza 0 eta 5 urte arteko tartea da hoberena bigarren hizkuntza ikasten hasteko.
«Eskolekin nik izandako sentsazioa zabaldu nahiko nuke, keinu metodoa erraza eta oso erabilgarria dela uste baitut», dio aurki metodoa erakusteko ikastaro bi emango dituen Marfagonek. «Ikastaroan metodo hau nondik datorren, zergatik eta zertarako erabiltzen den, zein abantaila dituen, nola eta noiz hasi keinuka erakusten da bi edo hiru orduko klasean; gero liburu bat oparitzen zaie, alfabeto datilologikoa duena, zaila baita hasieran keinuak ikastea... Azkenean, baina, jolas bihurtzen da. Kontua oinarri bat ematea da, bakoitzak bere etxean lanean jarrai dezan».
Errenteriarrak bere lana du eta eskolak lagungarri direlakoan ematen ditu, baina denbora gehiegi kendu ez eta gustukoa duenez, prest dago, ikastaroak sortuko balira, edozein herritara joateko eskolak ematera. Aparicio, bere aldetik, buru-belarri dago haurren munduan murgilduta, eta keinu hizkuntzako ikastaroak emateaz gain, ipuin kontalari gisa aritzen da, masajeak eta dantza eskolak ematen ditu, edoskitze talde batean dago... Gainera, getxoztarra doula ere bada, emakumea haurdunaldian, erditzean eta erditu ostean laguntzen dutenetakoa. «Normalean emakumeak izaten dira doulak, gizonak ere izan daitezkeen arren».
Cinco Deditos metodologiako irakasle asko haurrekin lan egitera ohituta daude, edoskitze taldeetan edo lehen hezkuntzan aritzen baitira eta pedagogiarekin harreman handia baitute. «Gurasoentzat ez ezik, zaintzaile, aiton-amon eta besterentzat ere interesgarria izan daiteke», diote Marfagon eta Apariciok. «Nire hurrengo pausua -adierazi du errenteriarrak-, haur eskoletara jotzea litzateke, metodoa beraientzat interesgarria izan daitekeelakoan». Cinco Deditos metodoko irakasle guztiak emakumeak dira, eta ikastaroetara agertzen diren guraso gehienak ere hala izan ohi dira. «Gizonezkoek gero eta inplikazio gehiago agertzen dute, kontzientzia gehiago dute, baina amatasun kontuak direla-eta, haurren hezkuntza oraindik ere emakumeen kontua da, haur eskoletan-eta ikusten denez», onartu du Apariciok. «Gutxika-gutxika goaz aurrera hemen ere».
Behin ikastaroa eginda, Marfagonen ustez, «gurasoek saiatuak izan beharra dute, lehenbailehen hasi behar dira haurrari keinuak egiten, eta, umeak erantzuteko denbora beharko duen arren, jarraitu egin behar dute». Hasieran nahikoa izan daiteke bost hitz erabiltzea, umearen egunerokoan gehien erabiltzen direnak: jan, lo, fardela aldatu... interesa sortu eta apurka-apurka aurrera egiteko.
KOMUNIKATZEKO ZUBIA
Baby Sign keinuen bidez komunikatzeko hizkuntza AEBetatik zabaldu da mundura. Eta gaztelerara Toledoko Claudia Carterrek eraman zuen Cinco Deditos izenarekin, 2009an.
Marfagonek ingelesez izan zuen metodoaren berri. «AEBetan arrakasta handiz 30 urte zeramatzatela ikusi nuen, eta Internet bidez kontaktuak egin eta liburuak erosi eta irakurtzen hasi nintzen. Eta orain gutxi jarri naiz kontaktuan Cinco Deditos elkartearekin». Apariciok berriz denbora apur bat gehiago darama Claudia Carterren taldearekin. Batak zein besteak Cinco Deditos elkarteko liburua banatzen dute ematen dituzten eskoletan, gurasoek ikastaroaren ostean etxera eraman eta keinuak ikas ditzaten. Euskal Herrian gainera, Getxon eta Errenterian ez ezik Gasteizen ere badu Cinco Deditosek irakaslea.
Elkarteak web ataria du Interneten, www.cincodeditos.com, eta informazio ugari zabaltzen du bertan. Esaterako, haurrak komunikatzeko ematen dituen pausuak azaltzen ditu, baita keinu sistemak dakartzan onurak ere. «Esaterako, lehenengo saiatzen dira negarraren bidez komunikatzen –dio Marfagonek–. Bost negar mota daude, gose direnean, logale, deseroso (fardela, hotza, beroa edo beste dela), eta bi haize motarenak, korroskadak batetik eta kolikoak bestetik. Eta hauek ezagutzeak asko lagun eta lasai ditzake gurasoak, umearen beharrak ezagutzeko». Jaiotzatik lau hilabetera arte negarrari eman ostean, «haurra soinutxoak egiten hasten da... eta keinuka», hamalau hilabete ingurura arte. Gero, «umea lehen hitzak ahoskatzen hasiko da».
Kontu hauek guztiak eta gehiago ezagut daitezke ikastaroetan. Marfagonek gaur bertan du bat Errenterian, eta, otsailaren 4an, Aizarotzen (Nafarroan) emango ditu eskolak. Apariciok, bere aldetik, Getxon emango du ikastaroa otsailaren 10ean eta Bilboko Muxuzmuxu dendan otsailaren 18an. Bertaratu edo ikastaro bat antolatu nahi izanez gero, idatzi cincodeditos.bizkaia@gmail edo cincodeditos.gipuzkoa@gmail helbideetara.




