GIZARTEA -

Agiantza gobernuz kanpoko erakundeak bultzatuta, Bilboko San Frantzisko auzoan diren erlijio ezberdinetako kideek elkar ezagutzeko parada izan dute batzar batzuen bitartez, auzoaren errealitatean eragin asmoz -«Bilbao Multiple" liburuan jaso dituzte ekarpenak-. Espiritualitateaz berba egin eta auzokidea «aldatzeko" baino, pobreziaz berba egin eta norberak bere sinesmenetik irtenbideak bilatzeko baliatu nahi izan dituzte batzarrok.

Anartz Bilbao

2012ko Urtarrilaren 27a

Ortzadarra egunero ateratzen da Bilboko San Frantzisko auzoan, bera baita etorkinek Bizkaiko hiriburuan duten bizileku nagusia. Aniztasun kultural eta erlijioso ikaragarria du auzoak, baita arazo sozial ugari ere. Eta azken horiei aurre egiteko, sinesmen ezberdinen arteko batzarrak egin dira aurrenekoz, Agiantza gobernuz kanpoko erakundeak deituta.

Etorkin gazteekin lan soziala egiten du Agiantzak eta bertako kide da Bernart Baltza, «Bilbao aniztuna» liburuxkan batzarretan jasotakoa argitaratu duena -hiru hizkuntzetan: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez-. «Gure esparrua lan sozialera mugatzen da. Batzar hauekin, aldiz, gure auzoa den San Frantzisko guretzat ohikoa ez den begiradapean jarri nahi izan dugu, bertan diren sinesmen ezberdinen ikuspuntutik». Izan ere, makina bat erlijio dira bertako fededunek jarraitzen dituztenak. Batzarretan, hamazortzi lagunek parte hartu dute: Soka Gakkai ildoko budistak, AMMAren jarraitzaile hinduistak, musulmanak (Assalam meskitakoak, Dahiratou Moutakhadina Filahi eta Subulu Salam elkartekoak...), Baha´i-ak, ebanjelistak (Filadelpia eliza), Mariaren Bihotza parrokiako kristauak, eliza erreformatukoak...

San Frantzisko auzo berezia da Bilbon. Azken bi hamarkadetan, esaterako, hiriko beste auzoek ez bezala, Ibaiondok -auzoa dagoen distritua- 6.000 biztanle irabazi ditu beherako joera nagusiaren aurrean. Eta hirian etorkinak %7 diren bitartean, Zabala, Bilbo Zaharra eta San Frantziskon batez bestekoa hirukoiztu egiten da, %23,38ra helduta. Horietatik %40 afrikarrak dira (beste auzoetan %18) eta %47,1 latinoamerikarrak.

«Asmoa sinesmen guztiei deitzea zen, denak agertuko ez zirela jakinda. Jehovaren Lekukoak, esaterako, gonbidatu genituen eta ez zuten parte hartu, baina behin ekimena burututa etorkizunean parte hartzeko erabakia agertu digute». Batzarrak hiru hilabetez egin ziren, iragan irailean, urrian eta azaroan. Aurretik, bi kezka nagusi zituen antolakuntzak. «Baga, ez genekien, gure elkarteak ez duenez zerikusirik erlijioarekin, sinesmen tradizioek onartuko gintuzten, gure asmoa soziala baitzen eta ez erlijiosoa [Baltzaren ustez kontu hau erabakigarria suertatu zen, onerako]. Eta biga, behin hitzordua eginda zalantza genuen gai izango ote ziren hiru hilabetez kasik astero eta bi orduz elkar entzuteko. Baina ekimena aurrera eraman eta irautea lortu genuen». Elkarrengana hurbiltzeko gai izan ziren, alafede!

Baltzaren ustez, ekimena aurrera ateratzeko «garrantzitsua izan da begirada auzoan jartzea, bizi gaituen egoera soziala aztertzea. Ezagutzen genituen antzeko esperientziak, Bartzelonan-eta, gai orokorrei buruz gauzatuak, baina inoiz egin gabeak ziren hain toki konkretu eta gai zehatzekin; gure asmoa auzoaz, espazio publikoari buruz hitz egitea baitzen, `Europa 2020' txostenaz eta sinesmen tradizio bakoitzak pobreziari buruz duen kontzeptuaz. Horretaz gain, ez genuen aurrekari gehiegi ezarri nahi berbetan hasi aurretik». Batzarren gai eta prozedurak iazko finkatuak zituen jada Agiantzak, Lakuako Gobernuari buruan zuen ekimen berritzailea aurkeztu zionerako.

Batzarrak

San Frantzisko auzoko Gizarte Etxean burutu ziren batzarrak -toki ez erlijiosoa behar zuten, guztiak eroso senti zitezen-, eta partaideei hamazortzi puntuko abiapuntua eman zitzaien: baga, zubiak sortzea da helburua; biga, sinesmen tradizio guztiak hartzen dira begirunez; higa, ezberdintasunak errespetatzen ditugu; laga, boga, sega...

«Gure auzoan, meskitak seguruenera parrokiak baino sinestun gehiago jasoko ditu egunerokoan -otoitzerako, Caritas eta kontuan hartu gabe-, eta Filadelfiako eliza ere antzean ibiliko da. Eta beldur nintzen sinesmen batzuetatik partaide gehiago izan eta errealitatearen isla lanbrotzekoa, kristauek pisu handiagoa hartzekoa, esaterako. Baina ez da gehiengo eta gutxiengorik sortu. Aparte, guk sinesmen tradizio bakoitzeko bi lagun nahi genituen, emakume eta gizonen arteko parekotasuna mantentze aldera. Eta ezin izan dugu asmoa bete, sinesmen batzuetatik gizonak baino ez dute parte hartu-eta». Parte-hartzaileen artean, oinarriko sinestunak zein elizako agintariak izan dira. «Berdin zitzaigun eliza barruan zuten maila, ez genuen imanak edo artzainak derrigorrean izan zitezen nahi. Eta aniztasuna izan dugu aspektu horretan; batzuk oso jantziak ziren, beste batzuk fededun hutsak».

Behin guztiak elkartuta, «piztu ziren eztabaida gutxi batzuk -kultu tokien lege egitasmoa dela-eta, esaterako- eta hizkuntza arazoren bat edo beste, baina begirune izugarriz entzun eta hartu dira hizlari guztiak. Gogotsu agertu da batzarretara jendea, parte hartu, elkar ezagutu ekarpenak egiteko grinaz; labur gelditzen zitzaigun denbora», azaldu du Baltzak. «Gainera, esan beharra dago hasi aurretik hausnarketarako edo meditaziorako isilune bat uzten genuela, sinestun bakoitzak bere federa begira zezan, eta berbetan hasi baino lehen arnasa hartzeko. Parte hartze bakoitzaren ostean ere, esandakoa ondo uler genezan tarteak egiten genituen, hitzek oihartzuna izateko. Isiltasunaren kontua oso garrantzitsua izan da jarraitu dugun metodologian».

Bernart Baltzaren aburuz elkar ezagutu eta elkar ulertu nahia izan dira nagusi batzarretan, «oso ase gaude alde horretatik eta nabarmentzekoa da partaideek egin duten ahalegina».

Agiantzako arduradunaren esanetan, «tradizio erlijioso guztiek dute konpromiso soziala, islatu zaigunez. Kontuan izan behar da, gainera, batzarretara hurbildu diren sinestunak, bakoitza bere fedearekin, oso pertsona irekiak direla. Fundamentalistak balira ezinezkoa litzake elkarri entzuten izatea».

Espiritualitatera itzuli

Erlijioak gaur, fama txarra du Mendebaldean, onartu digu Baltzak, «batzuetan gobernuz kanpoko erakundeek bezala. Baina, gizabanakoak gizartearekin hartzen duen konpromisoan, sinesmenak hartzen du indarra edo kontrako bidean sinesmenak sortzen dio konpromiso soziala? Antzinako kontua dirudien arren, sumatzen dut nolabaiteko espiritualitatea esnatzen ari dela. Jendeak interesa du, jakin-mina; zerbaiten bila ari da, deitu sinesmen, erlijio edo espiritualitate...».

Behin batzarrak bukatuta, ez dute deliberamendurik argitu Agiantzan. «Asmoa ez zen asko sakontzea, ezberdintasunak agertzen hasiko baitziren horrela. Kontua da orain elkar ezagupena egin dutela sinesmen ezberdinetako kideek, eta auzoaren alde lan egiteko aukera dutela, bada heldutasun nahikoa horretarako, batzarrak egiten jarraitu eta aurrera egin dezaten, beren kabuz».

Txosten gisa «Bilbao anizkuna» argitaratu dute. «Aldundiaren erantzun ona jaso dugu, Eudel eta Lakuarekin berbetan gabiltza, ekimenari balio soziala emateko, bigarren pausu gisa. Erakutsi nahi dugu sinesmen sakratuak bide egokia izan daitezkeela gizarte arloko lankidetzarako; horrela erakutsi du auzo zehatz batean egindako egitasmo xumeak».

 
ETORKIN GAZTEEI LAGUNTZEA XEDE
 
Agiantza gobernuz kanpoko erakundeak hogei urte daramatza lanean, gizartea eraldatu nahian. «1999. urtera arte hiesaren arloan eta drogamenpekotasuna zutenekin egin genuen lan, baina azken zazpi urteotan etorkinekin ari gara». “Mundutik mundura” izeneko programarekin adin txikiko izateari utzi eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babespetik kanpo gelditzen diren etorkinekin dabiltza lanean, pisuetan.
 
«2005etik gaude gaztetxo hauekin harremanetan», azaltzen du Baltzak, erlijio ezberdinekin berba egiteko egitasmoaren jatorria azaltzerakoan. «Bagenekien gaztetxo horietako batzuk fededunak zirela, meskitara jotzen zutela. Baina konturatu ginen batzuengan, sinesmenetatik gaindi, pisu handia zuela erlijioak, egunerokotasunean ere, arlo kulturalak baino gehiago; pentsa Ramadan garaian, esaterako». Agiantzak etorkin gaztetxo hauen heziketan arreta jartzen du, «eta gure gizartean egun ospe txarra duen gai batekin egin genuen topo: erlijioa. Beraientzat baliogarriak dira oso dituzten sinesmenak, eta gaia kontuan hartu beharra sumatu genuen... baina ez gure Mendebaldeko ikuspuntutik». Beraz, San Frantzisko auzoan –lan esparru nagusia dute– diren sinesmenen arteko elkarrizketak atondu zituzten. «Aitzakia bat genuen erlijio bakoitzak gauzak ulertzeko zuen modua ezagutzeko. Eta guk lan soziala egiten dugunez, beraiei ere gizartera begiratzeko eskatu genien», eta horrela itxi zuten zirkulua.
 
ABU FARUK, MUSULMANA: «Elkarbizitza egokia lortzeko ezinbestekoa da gure arteko ezadostasunak ezagutzea»
 
Bilbo Zaharreko Assalam meskitako kidea da Abu Faruk. Batzarrak direla-eta, «gaia ez zitzaigun berria –dio–, musulmanek elkar ezagutza eta ulertzea baititugu xede». Erlijio ezberdinen arteko mahaiko sortzaile izandakoarentzat, ezinbestekoa da auzokidea ezagutzea, elkarbizitza egokia lortzeko. «Jakin beharra dugu zerk batzen eta zerk ezberdintzen gaituen». Bide horretan «beste ahalegin bat» bezala hartu ditu Farukek Bilboko batzarrak, «errespetua eta hitza ardatz».
 
Batzarretan jatorri ezberdineko musulmanek hartu dute parte; «baina Jainko bera dugu guztiok», dio Farukek. «Auzoan musulman ugari bizi gara, bistan da. Baina sarri ospe txarra dugu bilbotarren aurrean eta argi utzi beharra dugu islametik abiatuta laguntza eman dezakegula, gure komunitateari dituen betebeharrak gogorarazi eta auzoa hobetzeko. Musulmanak ezin du ezkutatu, bere fedearen arabera jokatu behar du, sinesmenarekin zuzen; bakoitza da-eta bere portaeraren erantzule, Jainkoarekin harreman zuzenean. Erlijioak elkarbizitzarako ekarpenak egin ditzake». Assalam meskitako kideek lan ugari egin dute, esaterako, adin txikikoen zentroetako musulmanekin. «Erakundeek ez dute ondo jokatu ezta ahal beste egin ere arlo horretan, eta, gu beti laguntzeko prest gauden arren, errefusatu egiten gaituzte». Eta meskitak ere, bere aldetik, «oraindik gehiago egin dezake», aitortu du. Egiptoarrari pena ematen dio sinesmenik gabeko gizarteak. «Mendebaldeko gizartea materialismoak janda dago, eta beharrezkoa du espiritualitatera itzultzea, gizakia ez baita haragi hutsa, arima ere bada... elikatu beharrekoa», uste du.
 
JOSUNE BADIOLA, AMMA ILDOKO HINDUISTA: «Besteenganako errukian eta lagundu nahian bat egiten dute sinesmen guztiek»
 
Indiako emakume bat da AMMA, hinduismoa gaurkotu duena, nolabait esateko. Kastetan ez du sinesten, adibidez, eta jaiotakoan denok zoriontsu izateko aukera bera dugula dio. Eta bere jarraitzailea da Josune Badiola. Iraganean San Frantzisko auzoan bizi eta lan egindakoa denez  –azken hamar urteotan asko aldatu omen da auzoa, onerako–, batzar batean hartu zuen parte. «Beti izan dut sinesmen ezberdinak ezagutzeko interesa; pertsonalki bilatu dut nirea, bere mezu nagusia maitasuna eta errukia duena, auzoari eskua luzatu nahia». 
 
Badiolak interesgarritzat du jorratutako ekimena, «ondo sentitu nintzen batzarrean; batak besteari ekarpenak egiteko asmoarekin egin genuen berba».
Erlijioei dagokionez, ez zuen ezer berririk ezagutu, asko ikasitakoa baita aurretik ere, baina elkartzea oso garrantzitsutzat du, elkarri laguntza emate aldera. «Guztiek bat dutenaz egin genuen berba, errukia eta ulermena. Eta bertaratutako guztiak laguntzeko gogoz ziren, akaso erlijiotik gaindi, espiritualitatearekin lotuago dagoen grina batez». Izan ere, Badiolaren aburuz, hitza erabili edo ez, behar-beharrezkoa dugu espiritualitatea, gizartearen parte baita. «AMMArentzako, esaterako, oso garrantzitsua da meditazioa; lasaitu eta norbere barrura begiratzea, gure arazoen erruak inori leporatu ordez –errazkeria dela-eta, oso ohituta gaude hola jokatzen– gure erantzukizunak aurkitzeko. Noizbehinka komeni den ariketa da».
 
«Auzoarengana hurbildu nahia ikusi dut, gauzei beste modu batean begiratzekoa. Elkarrekin zerbait gehiago egin daiteke bakarka baino; aldaketak lortzeko beharrezkoa da elkarlana».
 
LOLA MARKAIDA, SOKA GAKKAI ILDOKO BUDISTA: «Hitzaren bitartez elkar ezagutu behar dugu, adostasunak lortzeko»
 
Antzezlea da Lola Markaida, baita, negatibotasuna nagusi dugun honetan, guztiari alde positiboa bilatzen diotenetarikoa ere. Orain 11 urte inguru Soka Gakkai sinesmena ezagutu zuen –Japoniatik datorren budismoaren adarra–, eta egunero-egunero saiatzen da «zer egin dezaket zoriontsua izateko eta besteei zoriontasuna bilatzen laguntzeko?» galderari erantzuten. «Jakin-mina sortu zidan lagun batengandik jaso nuen sinesmena, jarrera baikorra baitzuen munduaren aurrean, bizipozez betea».

«Filosofia humanista da, eta, beraz, Agiantzak gonbidatu ninduenean bileretan parte hartzea deliberatu nuen. Izan ere, nire jardueraren oinarria da gizarte barruan zoriontasuna lortzeko zer egin dezakedan galdetzea ere». Markaida San Frantzisko auzotik gertu bizi da, eta «Bilboko auzorik egiazkoena» begitantzen zaio. Heziketari izugarrizko garrantzia ematen dio, 26 urtez nerabeen irakasle izan baita; «eta saiatu naiz nerabeei beren buruen gaineko konfiantza transmititzen, esperantza, bakoitzak bere ametsak lor ditzan...». Beraz, bileretan proposamen konkretuak egin zituen heziketaren ildotik, “Europa 2020” egitasmoaren helburuak lortzeko, eraldaketa abiatzeko, «proposamen zehatzak».

Batzarretan, «errespetua izan da nagusi, ondokoa entzun eta bat egiteko gogoa. Azpimarragarria begitandu zitzaidan, egia esan. Pertsona legez ekarpen izugarria izan da niretzako». Markaidaren ustez esperientzia baliogarria izan da, mundu mailara eraman nahiak erakusten duenez; «garrantzitsua da elkar ezagutzera eman eta hitzaren bidez adostasunak lortzea, gizartearentzat erabaki egokiak hartzeko».
 
MATEO LARRAURI, KRISTAUA: «Konfesio guztiak pobreziaren kontra eta gizakiaren duintasunaren alde daude»
 
Mateo Larraurik San Frantziskon egiten du lan, eta interesa zuen batzarretan parte hartzeko, «gure auzoan diren sinesmen ezberdinak ezagutzeko, garrantzitsua baita ondokoarengana hurbildu eta harremanak sortzea».
Batzarretan gehien balioetsi zuena, bakoitzaren ekarpena baino, «partekatzeko gogoa eta, batez ere, entzutearen balioa» izan zen. «Egokia iruditu zitzaidan gai zehatzez berba egitea: auzoaz, pobreziaz eta gizarte laiko bateko kultu jarduerez. Eta gainera, pobrezia ezabatu beharrean bat egin genuen, bakoitzak bere sinesmenetik konpromisoak hartu eta bidegabekeriei aurre eginez. Erlijio guztiek egiten dute gizakiaren duintasunaren aldeko apustua».

«Erlijio bakoitzak bere kultur aberastasunari buruz egin zuen berba, horrek sinestunari identitatea ematen diola azpimarratuz, eta gizartearentzako ekarpena dela esanez. Eta kontu honetan aukera handia dugu elkar ezagutu eta denok batera lan egiteko auzoan; kohesioa eta bizikidetza lortzea da gure betebeharra, auzorako ezinbestekoa».
 
Mariaren Bihotzeko parrokiako kideak auzoko bizitza hobetu guran dihardu buru-belarri. Bere esanetan, «batzarrak elkar ezagutzeko baliatu ditugu eta zerbaiten hasiera izan dira, ahalegin garrantzitsua. Eta atea irekita utzi dugu, lanean jarraitu eta pausu gehiago emateko. Ez dakigu nora helduko den ekimena, baina egindakoa baliagarria izan da, bakoitzaren sinesmenak auzoari egin diezaiokeen ekarpenak ezagutzeko, errespetu osoa agertuz ezberdinari eta iritziak kontrajarri beharrean elkarri ekarpenak eginez».