-

Ramon Sola

2012ko Urtarrilaren 27a

Lidergoaren kontzeptuaz liburu asko eta asko idatzi dira azken urte hauetan. Ikerketa sakonak burutu dira horren gainean, irizpide askoren arabera sailkatu eta mailakatu dute, hango eta hemengo liderren ehunka biografia ageri dira... Hiztegiak halaxe definitzen du lidergoa: pertsona batek beste pertsonengan eragiteko duen ahalmen multzoa, taldeak adorez lan egin dezan, helburu zehatz batzuen bila eta beti ere errealitatea eraldatzeko asmoz. Lidergoaren kontzeptuak ekimenak abiatu eta erantzukizunak hartzeko dohainak berez dakartza, eta horiekin batera, pertsona askoren arteko lan komun hori piztu, bultzatu, antolatu, kudeatu, zuzendu, gidatu eta animatzeko gaitasuna. Hori guztia, egoera bat aldatu eta aldarazteko helburuz.

Politikagintzaz hitz egiten badugu -hau da, benetan politika egiteaz eta ez politikeriatan aritzeaz-, liderra izateak beste ezaugarri bat ere badakar: arerio politikoen jopuntuan izatea. Estatu bakoitzak erabiltzen duen bortizkeriak -edo arerio horri dion beldurrak- definitzen du gero zigorraren tamaina, baina funtsean ez dago ezberdintasunik Nelson Mandela, Gerry Adams, Abdula Ocalan, Marwan Barguti, Rigoberta Menchu, Aung San Suu Kyi ... eta gaur Logroñoko espetxean bere herritarren berotasuna sentituko duen Arnaldo Otegiren artean. Errepresioak ez du beren lidergoa kaltetu, sendotu baizik.

Liderrik ba al da Euskal Herriak aurrez aurre dituen bi estatuetan? Ez da hitz askorik behar Parisen behintzat ezetz ondorioztatzeko; izan ere, hango agintariak dira euskal arazoa ez dela beraiena behin eta berriro errepikatzen dutenak (gero errepresio mailan Madrilekin buruz buru ibili arren). Eta Gobernu espainol berrian? Ba al da gaitasunik? Zehatz dezagun, hasteko, egoerak ez diola lidergo handirik eskatzen; beste batzuek -arerioak, hain zuzen- ireki dute bidea eta lagundu baino ez luke egin beharko, bururaino eramateko. Baina lehenengo urratsak noraezean eman ditu. Zaila da Barne ministro batek hain egun gutxitan hainbat gauza kontraesankor esatea, eta are gehiago zuhurtzia handia exijitzen duen auzi bati buruz (ETAren jarduera armatuaren bukaera). Eta kezkagarria da lidergoaren kontzeptuaren lehen urratsa ere batere konbentzimendurik gabe eman izana: bere eremu propioan, bere komunitatean, gauzak aldatu eta aldarazteko beharraz pedagogia egitea. Otegik «Bateragune auziko» epaiketan erabili zuen metafora gogora ekarriz, hau litzateke galdera: Espainiako transantlantikoaren norabidea gidatzeko gai al da Rajoyren Gobernu berria, edo «Costa Concordiako» kapitaina bezala, desagerturik dago, itsasontzia iritzi publikoaren olatutzarren eta inertzien haize indarren atzaparretan balantzaka utzita?

Lidergoa gauza kutsagarria da, gainera, onerako zein txarrerako. Ikusi besterik ez da duela hiru urte eskas ezker abertzaleko hainbat kidek maldan behera jaurtiriko elur bolatxo hark hartu duen tamaina eta abiadura. Gaur egun, lekukoa esku askotan dago, azkeneko bi hauteskundeek zein Bilboko urtarrilaren 7ko mobilizazioak frogatu zutenez. Jende andana dago, dozenaka mila -eta jende berri asko tartean- bidaia laguntzeko prest. Bitartean, aldiz, Espainiako agintarien utzikeriarako joera historikoak kezka areagotzen du, bai Euskal Herrian, bai eta nazioartean ere. Egiaztatze Batzordeak emandako abisua Livornoko Portu Agintaritzaren dei hori ekartzen dit gogora: «Itzul zaitez itsasontzira oraintxe bertan», esan dio Mariano Rajoyri. Har itzazu dagozkizun erantzukizunak.

Berak erabakiko du, baina ez dezatela beren burua engaina Espainia aldean. Ezer egin ezean, beren itsasontzia izango da euskal kostaldeetan hondoa joko duena, goiz ala berandu. Eskozia aldera begira dezatela, bestela.