-

Maximiliano Sbarbi Osuna

2012ko Urtarrilaren 27a

Latinoamerika osoan oso arazo larria da hiri indarkeria. Hedabide askok Mexikoko egoera nabarmendu dute, oso urte gutxitan ikaragarri hazi baita fenomenoa, baina Brasilek ditu oraindik ere daturik negargarrienetakoak. Kontinenteko indarkeriaren sailkapenaren arabera, Venezuela eta Kolonbia ageri dira lehen bi postuetan, eta Brasil hirugarrenean, 100.000 biztanleko 26 erailketa baititu. Sao Pauloko Sangari Institutuaren arabera, Brasilen milioi bat pertsona baino gehiago erail dituzte 1985az geroztik. Datu izugarria da. Gaur egun, batez beste 137 pertsona erailtzen dituzte egunean.

2003. urtean eman zen Hegoamerikako herrialde erraldoiko homizidio kopururik handiena eta geroztik beherako joera izan du, egungo mailan egonkortzea lortu arte. Hala ere, nabarmentzeko moduko faktore bat daukagu: hiri handietan behera egin du indarkeriak, eta, aldi berean, gora egin du nekazaritza eremuetan.

Brasileko ipar-ekialdean, herrialdeko eskualderik pobreenean, makina bat egitasmo jarri du abian Gobernuak baztertuta zeuden milaka laguni lana eman eta beraien egoerak hobera egin dezan. Hala ere, erailketa kopuruak gora egin du: Bahia estatuan %303 eta hegoaldeko Parana estatuan %252 hamar urteko epean, Osasun Ministerioak berak emandako datuen arabera.

Arazoa sortzen da, hazkunde ekonomikoarekin batera, Estatuaren presentzia handiagoa izan ez delako. Ekonomia hazi da, baina Estatuaren presentzia ez, eta horrek droga gogorren kontsumoak gora egitea eragin du; ate horretatik, noski, narkotrafikatzaileak ere igaro dira. Gainera, Rio de Janeiro, Sao Paulo eta Santa Catarina bezalako estatu populatuetako narkotrafikatzaileen aurkako errepresioak narko horien migrazioa eragin du. Eskualde lasaiagoetara joan dira, kontsumoa eta garapena hasi berriak diren tokietara.

Hiri handietako kaleetatik armak ateratzeko egitasmoak eta kanpainak eraginkorrak izan dira, segurtasunean diru asko inbertitu da eta indarkeriaren aurkako politika etengabe aplikatzen da. Agintarien helburua 2014an Munduko Futbol Txapelketa eta 2016an Rio de Janeiron Olinpiar Jokoak egiten direnean Brasil herrialde egonkorra izatea da. Horri esker lortu da homizidio kopuruak behera egitea: 2003az geroztik, Rio de Jaineiron 100.000 biztanleko 51 hilketa izatetik 26,2 izatera pasa dira, eta, Sao Paulo hirian, 42,2tik 13,9ra. Rio de Janeiro Brasil osoko batez bestekoan dago orain, eta, Sao Paulo, berriz, batez besteko horren erdian.

Orduan, erabat pobretuta zeuden eremuetako hazkunde ekonomikoak zergatik ez du lortu estatu horietako indarkeria mailak behera egitea? Alde batetik, nabarmendu behar da ez dela zuzena delinkuentzia pobreziarekin lotzea. Onartu behar da Lularen agintaldian gauza garrantzitsu bat gertatu zela: 20 milioi pertsona eskale izatetik pobre izatera pasa ziren. Baina hori ez da nahikoa Brasilen, susperraldi izugarrian den potentzia berrietako bat izanda ere, sekulako desberdintasunak baitaude. Milioika lagun daude lanik gabe eta hezkuntza sistematik baztertuta, eta hezkuntza da gizarte baten etorkizun oparoaren oinarria.

Gazteak dira indarkeriak gehien kaltetutako sektorea. 15 eta 24 urteko brasildarren %20k ez du lanik eta ez du formazioa jasotzeko aukerarik. Eta gazteen artean, azal beltza dutenak okerrago daude, aurrera ateratzeko aukera gutxiago baitituzte. Gizartean integratuta ez izateagatik gazte horiek jasaten duten bazterketa eta indarkeriaz gain, beraiek dira homizidio gehien pairatzen dituztenak.

Brasileko indarkeriaren sorburuen artean mugak ere aipatu behar dira. Brasileko Estatuak gaur egun ez du 16.000 kilometroko luzera duen muga behar bezala zaintzeko gaitasunik. Beraz, bertatik arazo handirik gabe pasatzen dira legez kontrako armak, esklaboak -edo esklabo bihurtutako pertsonak- eta era guztietako drogak. Gobernuak berak onartu izan du herrialdeko mugak «porotsuak» direla. Horregatik jarri zituen abian Agata izeneko egitasmo militarrak. 6.500 soldadu mobilizatu dituzte aipatu egitasmoek. Agata 1 egitasmoa Brasilek Kolonbiarekin eta Perurekin dituen mugetan aplikatu zuten; Agata 2, Paraguai eta Argentinako mugetan; eta, azkenik, Agata 3 egitasmoa, Brasilek Perurekin, Boliviarekin eta Paraguairekin dituen mugetan.

Militarren jarduerak Estatua bertan egotea bermatzen du; mugetako ariketa militarrez gain, Rio de Janeiro eta Sao Paulo hirietako favela ugaritan ohikoak dira sarekadak, eta, Estatua agertzen denean indarkeriak behera egiten du, goian aipatu bezala. Baina ez da hori Brasilek behar duen estatu presentzia, indarkeriak behera egitea nahi badu. Estatuak programa sozial gehiago jarri beharko lituzke abian, eta horiei eusteko konpromisoa hartu, Rio de Janeiron eta Sao Paulon egin duen moduan.

Ipar-ekialdeko eskualdeetako egoera erabat ezberdina da. Bertako garapen ekonomikoa hezkuntza sistemaren hobetzea baino bizkorragoa izan da, eta horrek arazoak eragin ditu. Gauza bera gertatzen da integrazio politikekin, hazkundea askoz ere bizkorrago iritsi dela.

Gainera, hiri handienetan oraindik ere hasiberriak diren kaleetatik armak ateratzeko egitasmoak eta kanpainak herrialde osora eraman beharko lirateke. Gauza bera egin beharko litzateke hiritarren arteko bitartekaritza bultzatzeko Estatuaren jarduerekin ere.

Hala ere, oinarrizkoena aberastasunaren pilatzea erasotzea izango litzateke, metatze hori baita herrialdeak bizi duen desberdintasun ikaragarriaren arrazoi nagusia. Herrialdeak hazkunde ekonomikoari eusten dio eta esportazioek gora egiten dute, munduan Brasilek duen pisu politikoak bezalaxe. Brasilek ez du alferrik galdu behar hazkunde jasangarriaren aukera barne desberdintasun izugarrien eraginez. Familia batzuk ikaragarri aberatsak dira, eta, bien bitartean, milioika lagun erabateko pobrezian bizi dira. Bide horretan urrats batzuk egin badira ere, Hegoamerikako erraldoiari egonkortasuna kendu diezaiokeen faktore izaten jarraitzen du oraindik ere desberdintasunak.