-

Jose Angel Oria

2012ko Urtarrilaren 27a

Britainia Handiko herritarrak berez zintzoak direla dioen mitoa hankaz gora joan da XXI. mendearen hasierarekin batera, Essexeko Unibertsitateko adituek egin berri duten ikerketa baten arabera. «Britainiarrak orain hamar urte baino gaiztoagoak dira», irakurri dugu ANSA Italiako berri agentziak banatutako informazio batean. Berria asteazkenean zabaldu zuten, Davoseko Ekonomia Foroa hasi zen egunean, «Europak eta batez ere euroguneko herrialdeek bizi duten egoera zailak zabaldutako ezkortasunaren mendean», eitb.com webgunean esplikatu zigutenez. «Egun gutxiko epean berebiziko garrantzia duten gaiak konpondu behar dituzte euroguneko herrialdeek, besteak beste, Greziako zorraren berregituraketa». Egun horretan bertan jakinarazi zen Britainia Handiko ekonomiak %0,2 egin duela atzera 2011ko azken hiruhilabetekoan.

Davosen ez dute gaia aztertuko, ezta Porto Alegren ere, baina britainiarren «gaiztotze» prozesuak mereziko luke adituen ahalegina. ANSAk eskainitako informazioaren arabera, Essexeko Unibertsitateko adituek 2.000 herritarri egin diete galdeketa. Ondorioa oso kezkagarria da: 2000. urtean baino gezur gehiago esaten dituzte gaur egun eta, gainera, ezkontzaz kanpoko harreman gehiago izaten dituzte. Bakarren batek pentsa dezake gauza bat bestearekin datorrela, alegia, ezkontzaz kanpoko harremanei eutsi ahal izateko gezurretan aritu beharra izaten dutela orain, baina Ingalaterrako adituek ez dute kontu hori argitu.

Gauza batzuetan gaiztotu egin dira britainiarrak, eta beste batzuetan zintzotu, Estatuak ematen dituen diru laguntzak kobratu ahal izateko egun iruzur gutxiago egiten omen dituzte-eta. Gaizto izateko joera indartsuagoa da gazteen artean, agian etorkizunik gabe uzten dituztela sentitzen dutelako. Manifestari espainol batek oso argi adierazi zuen: «Ezinezkoa zaigu gerrikoa estutu eta, aldi berean, prakak eranztea». Essexeko Unibertsitateak argitara eman duen lanak sexuaren, klase sozialaren eta lanbidearen araberako zintzotasuna ere neurtu du. Emakumeak, oro har, zintzoagoak omen dira, baina beste faktoreek ez dute inolako zerikusirik zuzentasunarekin.

Ezkontzaz kanpoko harremanak errazago onartzen dituzte britainiarrek gaur egun 2000. urtean baino. Ikerketak dio orain hamabi urte herritarren %70ek ez zutela inoiz onartuko etxetik kanpoko abenturarik, baina 2011n proportzio hori %50era jaitsita zegoen; gaiztotzen ari den gizartearen sintoma, zalantzarik gabe.

Gaiztotze prozesuarekin batera, Britainia Handian beste fenomeno kezkagarri bat ari da gertatzen urteotan, «Pagina 12» Argentinako egunkarian irakurri dugunez. Centre for Cities ikerketa taldeak egindako lan bat aipatzen du kazetak, hirien arteko alde ekonomikoa hazi egin dela nabarmentzeko. Garai batean Industria Iraultza ezagutu zuten hiriak gero eta okerrago daude.