JATORRIZKO HERRIAK -

Jarawa herria Indiako Andaman uharteetako oihanetan bizi da. 1998. urtera arte gainerako gizakiekin inolako harremanik ez zuen izan eta hobe horrela jarraitu izan balu, une honetan desagertzeko bidean baita. Gizakiak dira, baina inolako giza eskubiderik ez zaie onartzen eta zoologikoan dauden piztiak bezala tratatzen dituzte, turistekin negozio egiteagatik.

Jose Angel Oria

2012ko Urtarrilaren 27a

Britainia Handiko hedabide batzuek argitara eman duten bideoak agerian uzten du Andaman uharteetako agintariek eta poliziakideek bisitak antolatzen dituztela turistentzat, negozio egiteko helburu bakarrarekin, jarawa indigenak ikusteko aukera izango dela esanda. Gizakiak dira, baina giza eskubiderik ez zaie onartzen eta zoologikoan dauden piztiak bezala tratatzen dituzte.

«The Observer» astekariak eta «The Guardian» egunkariak sarean eskaini berri duten bideoan jarawa tribuko emakumeak ageri dira, gerritik gora biluzik daudela, turisten aurrean dantza egiten, bidaia-agentzia handizkariek horrela eskatuta.

Bertan izan diren bisitariek adierazi dute gaur egun oso erraz ikusten direla jatorrizko herri horretako kideak ATR Andaman Trunk Road errepidean, eta horiei argazkiak egiteko eta dantza egiten has daitezen eskatzeko ez dela arazorik izaten.

Dantza eginarazi

Horixe «saltzen» dute bidaia-agentzia batzuek. Lehiaketa bateko irabazleari sari gisa ematen zaion ikur moduan erakutsiko dute gero turistek lortutako argazkia edo bideoa, oporretatik itzultzen direnean. «Batzuetan bertako gidariek protesta txikiren bat egiten dute, baina indigenek dantza egiten dute turisten aurrean, eta bisitariek janaria botatzen diete autoetatik», jakinarazi zien kazetariei Calcutta hirian, Andaman uhartetatik itzuli berria zen turista indiar batek.

Andaman uharteetan jatorrizko herri bat baino gehiago bizi da, baina jarawa komunitatea da desagertzeko arrisku gehien duena. Survival International gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, herri horiek bere garaian Afrikatik etorritakoen ondorengoak lirateke. Arkuak eta geziak erabiltzen dituzte ehizarako. Haziak, oihaneko fruituak eta eztia jasotzen dituzte, turistek emandako janaririk ez dutenean. Nomadak dira eta 40-50 laguneko taldetan bizi dira. Asko jota, 400 kide izango ditu jarawa herriak. Survival Internationalekoen arabera, orain hamalau urte hasi ziren oihanetatik irteten eta inguruetan bizi ziren beste gizakiak bisitatzen, eta hor hasi zitzaizkien egungo arazoak.

Jatorrizko herrien eskubideak babesten dituzten erakundeek uste dute beraien lurren inbasioa dela jarawa herriaren arazorik larriena. Arazoa aurreko mendeko 70eko hamarkadan areagotu zen, ATR izeneko errepidea eraiki zutenean, beraien basoak zeharkatzen baititu. Errepide horretatik barrena iritsi zitzaizkien gaixotasunak eta isileko ehiztariak.

Gaia hedabide askotara eraman duen bideoa Gethin Chamberlain kazetari britainiarrak lortu zuen. «Bidaia-agentzia handizkarien artean banatzen duten bideo bat da. Esan zidaten azken urteotan grabatutakoa dela, baina ez dakigu zehazki noizkoa den», argitu du kazetariak. Edonola ere, edukiak haserrea eragin du eta ekintzaileek zein antropologoek gertatzen ari dena salatu dute.

Indiako Gobernuak salaketa ikertuko duela agindu du, eta neurriak hartuko dituela ere bai. V. Kishore Chandra Deo Tribuetako Gaietarako Indiako ministroak esan zuen gertatutakoa «lotsagarria» dela eta Andaman uharteetara joango dela, bertatik bertara ikusteko han gertatzen dena.

Andaman uharteetako agintariek, arazoari garrantzia kendu nahian, bideoa orain hamar urte filmatutakoa dela adierazi dute, baina horrela indigenen eskubideen aldeko ekintzaileen haserrea baino ez dute eragin. «Herri hori erabat mehatxatuta dago eta hori kontuan hartuta epaileek norbait zigortu beharko lukete, Indiako Epaitegi Gorenak 2002an agindu baitzuen ATR errepidea turistei ixteko», Shekhar Singh ekintzaileak IPS agentziari esan dionez.

Auzitegiak Singh bera izendatu zuen orain hamar urte jatorrizko herri hori babesteko hartu beharreko neurriak gomen- datu behar zituen batzordea zuzentzeko. «403 jarawa bizi dira eta horiek ez dira errepidearen ondoan egoten. 30 bat izango dira batetik bestera doazenak, baina horiek gaixotuz gero, guztiak gaixotuko lirateke. Horregatik itxi behar da errepidea». Izan ere, jarawa herriko kide ugari hil zen 1999tik 2006ra elgorriak jota; hau da, errepidetik barrena iritsitako gaixotasunak jota.

Guztira 46 gomendio egin zituzten, errepidea ixtea barne, alfer-alferrik ordea. «Jarawa herria elgorria bezalako gaixotasunak harrapatzeko arriskuan dago orain eta horrexegatik osasun sistemaren laguntza jaso beharko luke, bisitarien aurrean piztiak bezala eduki beharrean», dio adituak. «Beraien hizkuntza ezagutzea ere oso garrantzitsua da, gero beraiei gehien komeni zaiena aukeratu dezaten, besteek ezarritako irtenbideak onartzera behartu beharrean».

Aditu batzuek kalkulatu dute jarawa herriak dagoeneko 60.000 urte inguru egin dituela Andaman uharteetan. Oihanean dituzten baldintza gogorretara ohituta daude, baina baldintza horiek aldatuz gero, asko sufritu beharko dute. «Gure munduak inbaditu egin du beraien eremua eta horrek sekulako kaltea eragin die», adierazi die kazetariei Samir Acharya Andaman eta Nicobarreko Ekologiaren Elkarteko kideak.

Errepidea da arazo guztien sorburu. Agintariek esaten dute ATR izeneko bidea bertako nekazariek beraien produktuak ateratzeko aukera izan dezaten zabaldu zutela, baina ekologistak ez datoz bat. «Errepidea turistak oihanera eramateko erabiltzen da, batez ere. Baita Gobernuko funtzionarioentzat ere. Nekazariek nahiago dute txalupa erabili -Samir Acharyak esan duenez-. Errepidea zabalik egonez gero, oso zaila da turistak jatorrizko herrietatik urruti edukitzea. Horregatik hobe da errepidea turistentzat ixtea, 2002an Indiako Epaitegi Gorenak agindu moduan».

Jarawa herriak 700 kilometro koadroko azalera erabiltzen du. Horri eutsi beharko litzaioke bere desagerpena saihesteko.

info+:

Jarawa herriari buruzko SurvivalInternational erakundekoen materiala (gaztelaniaz): www.survival.es/indigenas/jarawa