Isidro Esnaola
2012ko Urtarrilaren 27a
Do you agree that Scotland should be an independent country?». Horrela formulatu du Eskoziako lehen ministro Alex Salmondek herritarrei 2014ko udazkenean ospatuko den independentziari buruzko erreferendumean egingo zaien galdera. Dena den, aste honetan Eskoziari buruzko berri gehiago ere izan ditugu. Astelehenean jakin genuenez, Estatu espainoleko Gobernua presionatzen ari da Eskoziak independentzia lor ez dezan. Betiko moduan, Estatu espainola bere arazoak konpondu ezinean eta besteen arazoak konpondu nahian. Ulergarria da Estatu espainolari ez gustatzea Eskoziaren independentzia, baina ez da ez batere zuzena besteen etxeetan gauzak nola egin behar dituzten esateko sartzea. Heziketa txarrekoa, esango nuke nik. Arazoa argia da: Eskoziak normaltasun osoz horrelako urrats bat emanez gero, Estatu espainolaren independentziaren aurkako jarrera guztiz ahulduta geldituko litzateke eta hori ezin dute jasan.
Gogoratu behar dugu orain dela urte batzuk Mikel Buesak oso gogotsu hitz egiten zuela Euskal Herriko independentziaren aurka. Bere tesi nagusia zen Euskal Herri independente batek kostu oso handiak izango lituzkeela eta kostu horiek guztiz bideraezina egiten zutela gure herriaren independentzia. Bitxiena da kostuen artean berebiziko garrantzia ematen zizkiela Europar Batasunarekin lotutako kostuei. Bere aburuz, Euskal Herriko independentziak, de facto, Europar Batasunetik kanporatua izatea ekarriko luke. Era berean, eurotik kanpo geldituko ginatekeela ere esaten zuen. Eta horrek guztiak gure hondamendi ekonomikoa ekarriko lukeela ondorioztatzen zuen; hain zuzen ere, gure merkantziak Europan saldu ahal izateko muga-zergak ordaindu beharko genituzkeelako zioen hori, eta, horrek, jakina, gure produktuak garestitu eta salmentak zailduko omen lituzkeelako. Modu berean, eurorik gabe gure moneta propioa jaulki beharko genukeela eta horrelako moneta bat ez litzatekeela nazioarteko merkatuetan onartua izango gehitzen zuen. Gaur egun, Europar Batasunean egotea edota euroa izatea bera ez da ez lehen bezain erakargarria. Ikusi besterik ez dugu Islandiaren bilakaera, zertarako eta Europako beste hainbat estaturen egoerarekin konparatzeko. Aldea izugarria da. Dena den, berak ziurtzat ematen zuen Euskal Herriko independentziak Europar Batasunetik kanporatuak izatea ekarriko lukeela. Baina, aldiz, Eskoziak normaltasun osoz independentzia lortzen badu eta Europar Batasunaren barruan jarraitzen badu, bere tesi osoa goitik behera eroriko da. Eta hori da Estatu espainolak ekidin nahi duena. Izan ere, Europar Batasunaren barruan independenteak izateko aukera baldin badugu, zerekin beldurtuko ote gaituzte independentziaren inguruko erreferendum batean?
Egunotan independentziaren inguruan beste adierazpen batzuk ere irakurri ditut. Politika Zientzietako irakaslea den Jorge Verstryngek esan du Berlingo harresia erori zenetik aberatsak gainontzekoei laguntzerik nahi ez dutelako ari direla Europatik alde egiten. Eta Eskoziaren kasua aipatzen du, baita Europako beste «erregioena» ere: Lonbardia, Flandria, Euskal Herria eta Katalunia. Hori irakurrita ematen du bideragarritasun ekonomikoaren inguruko eztabaida galdutzat jotzen dutela. Eskerrak, antzua baita eztabaida hori: bere buruaren jabe den herriak zehazten dituen erronkei aurre egiteko antolatuko ditu bere indarrak. Hobeto antolatuz gero, bizitza errazagoa izango da. Ez dago besterik. Hain zuzen ere, Europako hainbat herri burujabetza galdu zutelako daude esku hartuta, ez bideragarriak ez direlako. Horri Estatu espainoleko panorama tristea gehitzen badiogu, argi ulertzen da Gobernuaren presioa Europar Batasunaren barruko independentzia prozesuak oztopatzeko.
Mikel Buesak, gutxi gorabehera, tontoak ginela esaten zigun independentzia aldarrikatzeagatik; orain, berriz, Jorge Verstryngek zitalak garela esaten digu. Kuriosoa da, baina eztabaida esparru ekonomikoan irabazi ezin dutenean, esparru moralera jotzen dute. Ikusiko dugu Eskoziako ministro ohi Jim Matherrek zer kontatzen digun...




