Cirque Krone Kalaportura iristen zen bakoitzean aho zabalik begiratzen zioten umeek zirkuari. Kolosala omen zen Sarrionaindiak deskribatzen zuen zirkua. Gaur milaka lagunek aurpegi berdinarekin so egingo diote kartzelak husteko asmoz egingo den mobilizazioa erraldoiari. Nola antolatzen da, ordea, herri mobilizazioa bat? GAUR8k gaurko manifestazioaren sukalderaino egin du txangoa.
Oihana Llorente
2012ko Urtarrilaren 06a
Gaur, 17.30etik aurrera, Bizkaiko hiriburua gelditu egingo da, kolapsatu. Euskal preso politikoekiko elkartasunak milaka eta milaka lagun elkartuko ditu Bilbon. Preso eta iheslarien senideek zapi zuria jantzi eta duintasunez eramango dute euren seme-alaben Euskal Herriratzea galdegiten duen banderatxoa. Haiek irekiko dute martxa, zeruertzeraino luzatzea espero den manifestaldi erraldoia.
Aieteko Bake Konferentziak mahaigaineratu zuen bide orriak eta ETAk jarduera armatua behin betiko alboratzeko hartutako erabakiak euskal presoek bizi duten egoeraren gaineko arreta biderkatu egin du eta, hortaz, gaur arratsaldeko herri mobilizazioa, jendetsua baino, kolosala izatea espero da.
Era honetako herri mobilizazio bat, ordea, ez da egun batetik bestera antolatzen. Urrian jakin genuen manifestazioaren data, eta, ordutik, mobilizazioaren berri ematen duen kanpainak ez du etenik izan. Eginbehar asko daude gaurko hitzorduaren aurretik. Gehiegitan oharkabean pasatzen diren eginkizunak dira, baina herritar askoren eginahalak exijitzen dituzte.
GAUR8k herri mobilizazioaren erraietara bidaiatu du. Herri mobilizazioaren sukalderainoko txangoan, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideak izan ditugu bidaide. Herri mobilizazio bat burutazio ero izatetik errealitate kolosala izaterainoko ibilbidea aztertu eta orriotara ekarri dugu.
Herri mobilizazio orokorra
Sei bat hilabete igaro dira Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideei urtarrilean mobilizazioa egitea otu zitzaienetik. «Udaran hasi ginen hausnartzen eta orduan atera zen herri mobilizazio orokorraren kontzeptua», azaldu digu Beñat Zarrabeitia ekimeneko kideak.
Urte berriarekin batera, urteroko zita izaten da presoen eskubideen aldekoa. Aurtengoa, ordea, berezia izatea nahi zuten. «Abagune politikoak manifestazioa inoiz baino handiagoa izatea eskatzen du eta horregatik eman nahi genion indar berezia aurtengo hitzorduari, apartekoa izatea nahi genuen, ez urtez urte errepikatzen den manifestaldi nazionala; horregatik izena aldatzearen ideia», argitu du.
Hasieran belarrietara xelebre egiten zen kontzeptua, forma hartzen joan zen. Mobilizazio eredua erabakita, hitzordurako jo eta su lanean arituko zen lantaldea antolatu zuten. Denborarik galdu gabe, bideari ekin zioten berehala. «Komunikazio eta antolaketa beharrei erantzun nahi zion lantaldeak eta zortzi lagunek osatu genuen hasieratik», argitu du Zarrabeitiak.
Atxikimenduak
Komunikazio irizpideez gain, herri mobilizazio orokorrak makina bat atxikimendu eskuratu ditu hilabeteotan. Antolatzaileek zabaldutako azken datuen arabera, 15.000 atxikimenduen muga gainditu du aurtengo hitzorduak.
Horietako asko kolosalaizangoda.info atarian norbanakoek emandakoak dira, alabaina, Alfonso Sastre, Antonio Alvarez Solis, Carlo Frabetti edo Garbiñe Biurrun bezalako izen entzutetsuak ageri dira zerrenda amaigabearen baitan. Sinadura horiek lortzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta ikusiezina egiten zaigun lan mardula dago ahalegin horren atzean.
Telefonoz eta posta elektronikoko helbidez betetako agendak ondo astindu eta kirol, kazetaritza edota kultur munduko ehunka herritarren zerrenda osatuta, lanari ekiteko ordua iritsi zen. Telefonoak harrapatuta egunak eman dituen horietakoa da Ana Saez de Urabain, ehunka atxikimendu eskuratu ditu-eta gasteiztarrak. «Irailaren amaieran ekin genion lan honi eta erantzuna benetan ona izan da», dio pozarren. Ez da lan honetan berria eta esperientziak ematen dion jakinduriatik balora dezake gaurko hitzordua ez dela nolanahikoa izango; «ehunka lagunen ateak jo ditugu, eta, gehienek, euren babesaz gainera, animoak ere eman dizkigute», argitu du.
Aurten egokitu zaion lana «benetan atsegina» egin zaio. Horregatik, euskal herritarrei esker ona agertu nahi izan die orri hauen bidez.
Lantaldeak egindako lanaz gain, Internet bidez herritarrek eurek egindako ekarpena ere nabarmendu behar da. Izan ere, iaz sei astetan lortutako 6.500 atxikimenduak bi aste eskasetan gainditu dituzte aurtengoan.
Zarrabeitiaren ardura da atxikimendu horiek pantailara igotzea eta une batzuetan «zoratzekoa» izan dela aitortu dio GAUR8ri. «Gauean etxera etorri, ordenagailu aurrean jarri eta milaka mezu nituen zain... Izugarria zen. Ezin nuen lana bakarrik egin eta lantalde berezi bat sortu behar izan genuen atxikimenduak igo ahal izateko. Herritarrei pazientzia eskatu beharrean aurkitu gara, eta nahiz eta beren izena bat-batean ez ikusi atxikimendua berriz ez bidaltzeko galdegin behar izan diegu», ekarri du gogora.
Norbanakoez gainera, eragileen babesa eskuratzen ere saiatu da Egin Dezagun Bidea. Alderdi ororen ateak jo dituzte horretarako, eta, PPk edota UPNk ateak zabaltzeari uko egin arren, gainontzeko alderdi guztiekin egin dituzte bilkurak. Sindikatuak ere jo puntu izan dituzte, bai eta Euskal Herrian barrena dauden hamaika eragile eta elkarte ere. Kolektibo horien babesa sinaduretan ikusteaz gain, abenduaren erdialdean Ibaetako campusean gauzatu zen txandakako baraualdian ere ikusi ahal izan genuen.
Sarea astinduz
Internetek euskal herritarren egunerokoan duen garrantzia geroz eta nabariagoa da. Hori dela-eta, azken urteetan era honetako deialdiak zabaltzeko lehentasunezko bidea bilakatu da. Horren adibide dira www.kolosalaizangoda.info web orria edota Twitter eta Facebook moduko sare sozialetan Egin Dezagun Bidea ekimenak irekitako kontuak. Bitarteko horiek etengabe elikatu behar direnez, asko dira xede horrekin sortutako bideo edota argazkiak.
Ekimenak berak sortutako bideoa kalitate handikoa izateaz gain, Euskal Herriko aurpegi ezagunen presentzia ere izan du. Horren erakusle, Toti Martinez de Lezea idazlea, Xabier eta Miren Amuriza aita-alaba bertsolariak edota Ken Zazpi taldeko abeslari Eñaut Elorrieta azaltzen dira, besteak beste.
Lantaldeak bideogintza arloan egindako sorkuntzaz gainera, Zarrabeitiak herri eta auzoetan egindako produkzioak ere nabarmendu ditu. «Ugari eta kalitate handikoak izan dira bidali dizkiguten bideoak», dio. Pozik dago bilbotarra herritarren parte hartzearekin eta Gabonen bueltan sormen hori biderkatu egin dela goraipatu du. «Zoramena da, egunero hiruzpalau bideo eta bospasei argazki bidaltzen dizkigute», azaldu du.
Asko dira Zarrabeitiaren eta beste askoren arreta deitu duten bideoak, batzuk aipatzearren, Donostiako suhiltzaileek, Zarauzko herritarrek edota Gasteizen idazle eta kazetariak tartean daudela grabatutakoak ekarri ditu gogora.
Kolosala izango da
Ondo gogoan ditu Zarrabeitiak lantaldearen lehen bilera haiek eta ideia zaparradan emandako orduak. Argi zuten hiztegian adjektibo gutxik deskribatuko zutela gaur arratsaldean egingo den manifestaldia. Bilbotarra izan arren, Zarrabeitiak ez du uste bilbotarkeria denik, jendetsua edo izugarria bezalako hitzek gaurko mobilizazioari zor diotena aitortuko ez diotela guztiz sinetsita baitago. Buruari mila buelta eman ondoren otu zitzaien hitz aproposa: «kolosala».
Logela atontzen zegoela, hauts artean ezkutatuta aurkitu zuen Zarrabeitiak ``Kolosala izango da'' izenburua duen Joseba Sarrionandiaren liburua. Azalari begira gelditu eta «hau behar du!» esan zion bere buruari. Proposamena hurrengo lantaldera eraman eta aho batez onartu zuten Euskal Herriko paretak apainduko zituen leloa. «Horixe da bilatzen ari ginen adjektiboa eta Joseba Sarrionandiaren liburu bat izanik, munduan barrena dauden euskal iheslari guztiei keinu ere egiten die leloak», dio kontent.
Ondoren etorri ziren «Nirekin kontatu» edo «Kaleak bete kartzelak husteko» leloak ere. Sarritan ikusi ditugu kartel horiek gure herri eta hirietako paretetan. Gabonetako apaingarriak balira legez, han-hemenka aurkitu ditugu. Eta ez da gutxiagorako, Zarrabeitiak aitortu digun moduan 30.000 kartelek ikusi dute-eta argia.
Nazioartea
Euskal Herriak bizi duen egoera politikoak, eta era berezi batean euskal presoen aferak, toki esanguratsua hartu du nazioarteko agendan. Zaila izaten da arreta horren berri jasotzea, haatik, gaurko manifestaldiaren deialdiak gure mugetatik kanpo izan duen oihartzuna interes horren adibide da.
Ugari izan dira, ia 500, web orrian euren sinadura utzi duten kanpotarrak. Ikusgarriagoak dira, ordea, atzerrian eurekin ere kontatzeko esanez editatu dituzten bideoak. Elkarrizketa eta negoziazioaren alde dagoen Aragoiko koordinakundetik edota Argentinatik iritsitako irudiak horren lekuko dira.
Eurekin kontatzeko diotenean, gainera, ez dute esateagatik esaten. Gaur arratsaldeko manifestaldian ez dira euskal herritarrak bakarrik egongo, Bartzelona zein Madrildik hainbat autobus etortzekoak dira-eta.
Herri eta auzoak
Euskal Herriko herri eta auzoak dira herri mobilizazio honen oinarri eta bihotza. Zarrabeitiak edota Saez de Urabainek osatzen duten lantaldearen jarduerak bere biziko garrantzia duen arren, herri eta auzoen ekarpenik gabe ezerezean geldituko litzateke beraien lana.
Gaurko manifestaldia jendetsua izan dadin, ehunka pertsona anonimo aritu dira azken asteetan buru-belarri lanean. Autoa hartu eta megafoniaren bidez herri mobilizazioaren gonbita izkina guztietara zabaltzen aritutako herritarrak kontaezinak dira, bai eta erratza eta kuboa eskutan gure kaleetako paretak apaintzen orduak eman dituztenak.
Gabonetako opor egunak baliatuz, hamaika ikasle arituko ziren pankartak egiten, eta beste hainbeste gure errepideetako zubietan horiek eskegitzen. Eskuorriak banatzen edota komertzioei mobilizazioren berri ematen aritutakoak ere asko izan dira.
Berritzeko gogo izugarria igarri da gainera, Tuteratik Balmasedara zabaldu den lanketan, irudimena lagun izan baitute bai kalean bai sarean egindako ekarpenetan. Herrietan aritzen diren horiek osatzen dute katebegi ezinbestekoena eta beraiek egindako lanari esker Euskal Herrian dugun autobusen ontziteria ia guztia beharko da gaurko manifestaziora joango direnak eramateko.
Autobus kopuruaren marka izutzeko modukoa da. Hala, azken unean ibili direnek komeriak izan dituzte autobusak alokatzeko. Asko dira gure mugetatik kanpo, Errioxako edota Aragoiko autobus konpainietara, jo behar izan dutenak.
Gaur arratsaldean jasoko da egindako lanaren uzta, haatik, hona hemen mobilizazioaren arrakasta argi ikusarazten duten hainbat datu: aurreko urtearekin alderatuta, Nafarroak bikoiztu egin du autobus kopurua eta Tutera eta Kaseda bezalako herriek autobus bana antolatu dute, Ea moduko herri txiki batek bi autobus bete ditu...
Egin Dezagun Bideak herrietan dituen herri bilguneek egindako lanaz gainera, boluntarioki egindako ekarpen autonomoak ere egon direla nabarmendu nahi izan du Saez de Urabainek. Gasteizen, adibidez, ekimenak antolatutako autobusez gainera, Gaztetxeak, institutu bateko ikasleek eta hainbat lagun kuadrillek antolatutakoak daude; «orotara zenbat autobus joango garen esatea zaila da eta bere kabuz autoz joango diren gasteiztarrak zenbatzea ere ezinezkoa da. Eromena da hau, Bilbora iristea ere zaila egingo zaigu», dio pozik.
Egiteke dagoena
Gaur arratsaldean Bilboko sarrerak kolapsa ez daitezen eta den-denak mobilizaziora iris daitezen antolaketa lan handia dago. Autobusen geralekuak, adibidez, dibertsifikatu egin dituzte eta Ipar Euskal Herritik eta Gipuzkoatik datozen autobusek Etxebarria parkean aparkatu beharra duten bitartean, Araba eta Nafarroakoek Juan de Garai kalean egin behar dute.
500 lagun inguru arituko dira egun osoan zehar boluntarioki lanean. Horietako batzuk muntatze eta desmuntatze lanetan arituko dira. Aurten, gainera, pantaila erraldoiak jarriko dituzte lehen aldiz Abando eta Zabalburu inguruetan, amaierara iristea ezinezko izango zaien manifestariek ere ekitaldia ikusi ahal dezaten.
Mobilizazioa ondo baino hobeto atera dadin segurtasuna ere bermatu beharreko elementua da, eta horretarako boluntario andana arituko dira zinta eskuan dutela. Postulazioa ere ohikoa izaten da era honetako hitzorduetan, eta hamaika lagun izango ditugu gure sosak jasotzeko irrikatan.
Herri mobilizazio hau gure historiara igaro dadin ikus-entzunezko irudiak hartzen ere arituko dira Aiarako hainbat boluntario gazte.
Mobilizazioak lehen pausua eman aurretik, milaka besarkada emango dira La Casilla inguruan. Urteroko zita honetara kale egiten ez duten aspaldiko lagunek elkar ikusiko dute gaur arratsaldean. Besarkada hunkigarrienak, ordea, euskal preso eta iheslarien senideen artean ematen direnak dira. Haiek manifestaldia hasi baina ordubete lehenago dute hitzordua, zapi zuria jantzi eta ilarak ondo-ondo atontzeko. Senideak joango dira lehen lerroan, haiek baitira euskal presoak eta iheslariak lagatako hutsunearen irudi grafikoena.
Egun berezia da gaurkoa presoen eta iheslarien senideentzat. Errepidean hiltzeko arriskurik ez dute, euskal presoek mobilizazioarekin bat egin eta ez baitituzte bisitak onartuko asteburu honetan. Haatik, areago doa gaurko hitzorduaren berezitasuna.
Ana Saez de Uribainek ireki zuen iaz, kinke bat esku artean, amaiezina zen senideen ilara. Orduko hartan sentitutakoa hitzez deskriba ezin daitekeela esan arren, ahalegindu egin da eta honakoa esan dio GAUR8ri: «Izugarria da bertan sentitzen dena, euskal presoen senideen kohesioaren erakusle da eta bertan jasotzen dugun elkartasuna, benetan hunkigarria. Gabonak oso data zailak dira senideontzat, beti dugu hutsune bat mahaian eta Gabonen bueltan elkartasun olatu hau jasotzea... hitzez deskribaezina da. Urteko hitzordu politenetarikoa da guretzat».




