-

Laurendi Aphesteguy izenpean, Arbona herrixka lapurtarreko txoko ezkutu batean jarri dugu hitzordua Olentzerorekin. Beso zabalik hartu gaitu bere etxean eta, kafea eta gozoak dastatzen genituen artean, orain hogeita hamar urte gurdia hartu eta Gabonen bueltan Senpere, Miarritze, Arrangoitz eta beste hamaika herritara jaistea deliberatu zuenekoa kontatu digu. Maitasun begiez mintzatu zaigu bere zereginaz.

Amalur Artola

2011ko Abenduaren 22a

Lapurdiko Arbona herrian, mendiko errepidea sigi-saga iristen den txoko ezkutu batean, bada Alexaria izeneko etxe zuri polit bat. Atariko postontzian begiratuz gero, bertan Laurendi Aphesteguy eta bere emazte Mirentxu bizi direla irakurriko dugu, baina etxe hartan, zuhaitz, belaze eta zaldien artean, Olentzerorekin egin dugu topo. Iritsi orduko konturatu gara nor den sarreran guri begira dagoen gizona. Sendoa da, artilezko jertsea darama soinean eta irribarre zabala ahoan. Gerturatu eta etxera sartzeko gonbita egin digu, Mirentxuk adeitsuki prestatutako kafea eta gozoak dastatzen ditugun artean berriketan jarduteko.
Begiak pizten zaizkio haurrei buruz hitz egiten hasten denean. Hogeita hamabost urte atzera egin eta lehen aldiz gurdia hartu eta kalerik kale Olentzeroz jantzita opariak eta gozokiak banatzen hasi zenekoaz mintzatu zaigu. Arrangoitzeko irakasle batek eskatu omen zion herriko ikastolara joan zedin eta, ordutik aurrera, Senpere, Angelu, Baiona eta beste hamaika herritan ere ibili da, ikastolek eskatuta batzuetan, elkarteen eskariz besteetan. Haserako aldi haietako oroitzapen gozoak dauzka, esaterako, haur batek Olentzero lagundu zuenekoa: «Arrangoitzen izan zen –oroitu du–, Olentzero lanak egitera joana nintzen, baina furgoneta, aldatzeko arropak-eta barruan zeuzkala, aski urrun utzi behar izan nuen. Larre batetik pasa behar nuen ikastolara iristeko, baina larre hura maldan zen eta ez nekien nondik zegoen pasabidea. Urrunean ikastolako haurrak ikusten nituen “Olentzero! Olentzero!” dei egiten eta, halako batean, haur bat ikusi nuen belar eta urkien artetik zutitzen. “Olentzero! Segi niri!”, esan zidan mutikoak, eta haren atzetik joan nintzen», kontatu du, begiak distiraz betetzen zaizkion artean. «Hori gertatu zen orain dela 25 bat urte eta haurra Anje Duhalderen semea zen, Txomin. Duela guti ikusi dut Miarritzen eta aipatu dit, oroitzen dela oraindik ere une hartaz. Txominek esan dezake behin Olentzero gidatu zuela larre artetik», amaitu du, irribarrea ahoan duela.
Olentzero izatea «biziki pozgarria» dela dio, batez ere egun 30-35 urte dituzten gazteak kalean topatu eta “Aio Olentzero!” esanez agurtzen dutenean: «Biziki gauza polita da. Gazte eta jende askok, lehen haurtxo zirenek, “aio Olentzero!” erraten didate oraindik. Zenbaitetan, erran izan diet ezin direla nitaz gogoratu, txikiegiak zirela. Eta haiek erantzuten didate, “Ezin dugula? Ezin zaitugu ahaztu!”.  Memento goxoak dira», ziurtatu du.
Haurrek galderak egiteko duten abilezia bereziaz galdetuta, urte hauetan guztietan denetariko galderak egin dizkiotela aitortu du. Eta, gaineratu duenez, orain hogeita hamar urteko haurrek baino galdera gehiago egiten omen dituzte egungoek: «Irekiagoak dira, lehenagokoak ez ziren galderak egitera edo mintzatzera sobera ausartzen, eta orain, aldiz, mintzatzen dira anitz. Egun horietan, esaterako, Senperen izan naiz, andereñoekin-eta, eta haur batek, zortzi urte edo izango zuen, erran zidan: “Baina, zu zara Olentzero?” eta nik ezetz, ez naizela ni, Olentzero zikina dela, itsusia, ez nukeela ukitu ere egin nahi erran nion, zirika. Eta haurrak esan zidan: “Baina, zure buruaren kontra ari zara! Horren estimu gutxian al duzu zure burua?”. Eta hori zortzi urterekin. Halako gauzarik orain hogei urte pentsaezina zen».
Galderen artean denetik bada ere, haurrek Olentzeroren jatorri misteriotsuaz eta honen bizimoldeaz galdetzen omen diote nagusiki: «Nik erraten diet oihanean bizi naizela, urrun, eta haurrek, “bai, baina ni aitarekin mendian ibiltzen naiz!”, diote, atzemango nautelakoan. Orduan, nik erraten diet: “Ez nauzu sekula atzemango, bizi naizelako biziki urrun, txoko batean, eta nik txoko hura atxikitzen dut, nire sekretua da!”. Etxola zahar batean bizi naizela erraten diet –nabarmendu du– eta badudala txerria, baita oiloak ere, jateko eta osasuntsu egoteko. Haurrek biziki maite dituzte horiek denak galdetu eta kontatzea eta, azkenerako, kasik neuk ere sinisten ditut errandako guztiak!», ziurtatu du.

Olentzeroren boza

Olentzeroren ahotik mintzatzen den bakoitzean ahotsa aldatu eta besoak jasotzen ditu, esandakoari indarra eta, aldi berean, gertutasuna emateko. Ahots sakon eta gozo hori soilik erabilita, entzulea amets eta legendazko mundu batera eramateko gauza da. «Urte asko dira eta», dio berak. Baina, hala ere, noiz edo noiz izan omen du “sustutxorik”. «Entsegatzen naiz eta boza aldatzen dut haurrekin mintzatzen naizelarik, baina doinua aldatuta ere ohartzen dira. Bost urteko bilobak “Olentzerok zuk bezalako boza du...” errana dit eta biloba txikiak, hiru urtekoak, “aitatxi da biziki laguna Olentzerorekin!” erraten du».
Baina, kontatu digunez, hori baino ezusteko handiagoak ere hartua da: «Behin, ailegatu nintzen aipatuko ez dudan herri batera, aldatu nintzen eta abiatu orduko entzun nituen haurrak, “Olentzero! Olentzero!” oihuka. Arbia zegoen han, behiak bazkatzeko, eta han tartetik pasa beharra neukan. Hartu nuen saskia eta, handik nindoala, ikusi nuen gizon handi bat niregana zetorrela, nire aurka. Hark ez zekien nor nintzen eta zertan ari nintzen han, eta hogei metrora neukanean saskia eta aizkora lurrean pausatu, pipa ahotik atera, boneta burutik kendu eta erran nion, “barkatu jauna, ni naiz Olentzero, badakizu nor den Olentzero? Entzuten dituzu haur horiek oihuka? Hemendik pasatzeko asmoa geneukan harat iristeko...”. Gizonak, zalantza egin eta azkenerako utzi ninduen pasatzen. Susto galanta izan zen, izutu nintzen ederki!».
Arnasa mozteko moduko izualdiak alde batera utzita, Olentzero izatea haurrekiko maitasunari oso lotuta dagoela uste du, baina baita beraiekin garbi jokatzeari ere. Hartara, urteen poderioz, gurasoen keinuei erreparatzen ikasi eta haur bakoitza nola hartu ikasi omen du, behin Senperen gertatutakoa kasu: «Haur batek bizikleta nahi zuela galdegin zidan, baina bizikletak behar zuela izan gorria. Begiratu nuenean ohartu nintzen nor zen bere ama, begira neukalako, eta keinua egin zidan, baiezko keinua. Orduan, nik, zera erran nion haurrari: “Izanen duzu gorria, egon trankil, manatuko dut eta segur izanen duzula, zeren Olentzerok erraten duena bete egiten da!”. Bai bainekien nik izango zuela bere bizikleta gorria! Gertatzen ahal da zuk baietz esatea eta haurrak nahi duen opari hori ez izatea, eta haur bati ez zaio erran behar opari bat izanen duela gero ez badu izanen».
Aurten, haurrek izango ez duten oparia ikatza omen da. Batetik, jada txondorren erabilera desagertzeko zorian delako eta, bestetik, Olentzerok ez duelako, karriketan behinik behin, ikatzik banatzeko asmorik: «Ez dut ikatzik oparitzen, agian behar nuke egin, baina ez dut egiten. Haurrek galdetzen didate ea ikatzik ekarri dudan, baina nik esaten diet ezetz, ikatza saldu egiten dudala opariak erosteko haur guzti-guztiei, Olentzerok ez duelako haur bakar bat bera ere ahazten. Eta suertez baten bat ahaztuko balu, otoi, barka Olentzerori!», eskatu du.

Ikazkinaren txondorra

Ikatza egiteko prozesuaren gainean, azken urteetan zenbait herritan, Saran esaterako, txondorra egin eta inguruko haurrei ikazkinaren lana erakutsi zaiela azaldu du. «Anitz haur izan dira hori ikusten eta haiek badakite hori dela Olentzeroren lana. Galdegiten didatenean nola ibiltzen ahal naizen horrenbeste etxetan eta nondik ateratzen ditudan horrenbeste opari, erraten diet urte guztian aritzen naizela arbolak mozten eta ikatza egiten, gero ikatza saldu eta opariak erosteko». Hau aipatzearekin batera, bekainak jaitsi, ahoa okertu eta, aurpegikera serioaz, zera nabarmendu du: «Baina ez zait gustatzen sobera erratea arbola guztiak mozten ditudala, behar direlako kontserbatu! Arbolak mozten aritzen naiz, baina baita ere uzten ditut bertze asko mendian, horiek han behar dutelako egon».
Azken urteetan, herririk herri  urte luzez ibili ostean, lekukoa pasatzeko asmoa maiz etorri omen zaio burura eta, hala ere, urtero ematen du amore: «Aspaldian nabil hala, baina galdegiten didate eta ez dakit ezezkoa ematen. Gainera –jarraitu du, aurpegia bete dion irribarrea erakusten digula–, han naizelarik, Olentzerorena egiten, biziki maite dut sortzen den giroa. Denbora eta pazientzia handia eskatzen du, baina merezi du, haur denak, ikusten dutelarik banatorrela, pozez txoratzen egoten direlako. Eta, oraindik ere, ikusten ditudanean lehengo haurrak, orain 40 urte inguru dituztenak... Denek erraten didate “Zer moduz Olentzero?” eta hori oso gozoa da», baieztatu du. Olentzero “on bat” izateko zer behar den galdetuta, azaltzeko zaila dela esan digu baina, zerbait nabarmentzekotan, haurrekiko maitasuna aipatu du: «Haurrak behar dituzu maite, haurrek hori senti dutelako. Nik egiten dudalarik Olentzero, ohartzen naiz haurrak zein gurasoak, aitatxi eta amatxiak zein familiako gainerako jendea, biziki kontent direla eta uste dut goxotasun hori beharrezkoa dugula. Beharrezkoa dela ematea, eta beharrezkoa dela jasotzea».