-

Iratxe Esnaola

2011ko Abenduaren 22a

ENISA-k, Europako Sarearen eta Informazioaren Segurtasunaren Agentziak 2010eko otsailean argitaratu zuen txostenak (eskuragarri dagoena, ingelesez, hemen: 'Online as soon as it happens': www.enisa.europa.eu/act/ar/deliverables/2010/onlineasithappens/at_download/fullReport) izenburu hori du.

Txostenak sare sozialak eta mugikorrak lotzen ditu, mugikorren zerbitzu berriek sare sozialetan murgiltzeko zer nolako esperientzia eskaintzen duten aztertuz eta, bide batez, erabiltzaileen arrisku eta mehatxuei sakonki erreparatuz. Jakina denez, sare sozialak erabiltzeak dakartzan arriskuez gain, gailu mugikorretatik sare sozialak atzitzean, gailu mugikorren arriskuak ugaritu egiten dira. Hori horrela, mugikorren bidez sare sozilak era desegokian erabiltzeak eragin ditzakeen arazoen gaineko kontzientzia sortzea da txostenaren helburu nagusia, eta, horretarako, bederatzi kategoriatan sailkatutako hamazazpi gomendio eman ditu. Hemen dituzu guztiak:

Kontuz argitaratzen eta igotzen duzun informazioarekin. (1) Ondo pentsatu zein irudi, bideo edo bestelako informazio igotzea erabaki aurretik, ez ahaztu: Internet sare publikoa da. (2) Noski, informazio sentsiblerik inoiz ez ezazu argitaratu, ez helbide, ez datu, ez bankuko konturik. (3) Ez da derrigorrezkoa zure izen erreala erabiltzea eta, benetan ezagutzen zaituztenek, jakingo dute nor zaren, ezizen bat erabiltzen baduzu ere.

Ondo aukeratu zure lagunak. (4) Ez zenituzke ezagutzen ez dituzun pertsonen lagun-gonbidapenak onartu beharko. (5) Eta, zergatik ez, zure kontaktu guztiak egiaztatzea ez legoke soberan.

Babestu zure lan-eremua, baita zure ospe edo erreputazioa ere. (6) Sare sozial ez profesionaletan parte hartzerakoan, erabili zure posta elektronikoko helbide pertsonala, ez lanekoa. (7) Kontuz lan egiten duzun enpresa edo erakundearen gainean sarean esaten dituzunekin. (8) Eta, bide batez, ez nahastu zure kontaktu profesionalak kontaktu pertsonalekin.

Guztiaren gainetik, «zaindu zure mugikorra». (9) Leku publiko batean zaudenean, egiaztatu ezezagunek ez dutela zure mugikorreko edo perfileko informazioa ikusten. (10) Eta, are gutxiago, ez galdu mugikorra bistatik. (11) Pasahitza gogoratzeko aukeren aurrean, esan beti ezetz, mugikorra galdu edo lapurtzen badizute, edonor sartu ahal izango baita zure profilera. (12) Zure mugikorrak eskaintzen dizkizun segurtasun neurriak erabili, zerbaitetarako daude-eta, batez ere haserako PIN zenbakia eta wi-fi eta bluetooth konexioak kontrolatzeko neurriak.

Zaindu zurea, baina «errespetatu besteen pribatutasuna». (13) Argitaratzen edo igotzen duzun informazioa zu ez zaren beste batzuen ingurukoa bada, ondo pentsatu zer egin. Nor zara besteen pribatutasuna urratzeko?

«Informa zaitez». (14) Erabiltzen dituzun sare sozialen erabilpen-baldintzak eta pribatutasun politikak ondo irakurri. Zure informazioarekin zer gertatzen den jakin nahi beharko zenuke.

«Babestu zure pribatutasuna». (15) Pribatutasun ezarpenak ondo erabili eta ondo zehaztu. Zorrotza izan.

«Mugikorra galdu edo lapurtzen badizute, lehenbailehen jakinarazi», (16) batez ere, mugikorrean kontaktuak eta argazkiak gordeta badituzu.

Eta bukatzeko, «adi kokapen geografikoan oinarritutako mugikorren zerbitzuekin». (17) Benetan behar ez baduzu, desaktibatu geolokalizazio zerbitzua. Bestela, zehazki non zauden edo non egon zinen jakin daiteke.

Kontu argia da. Teknologia dela-eta, segurtasunaren kultura areagotu behar izan dugu. Sare sozialek, pribatutasunaren garrantzia mahiagaineratu dute. Eta, orain, mugikorraren bidez, segurtasuna eta pribatutasuna urratzeko aukera sakelean daramagu. Arriskuak gero eta gertuago ditugu eta gero eta denbora gehiagoz, hortz gero eta gehiago zaindu beharko dugu.