Ez zitzaion sekula burutik pasatu diseinatzaile lanbidea izan zitekeenik. Are gutxiago berea izango zenik. Euskal Herrian egiten den modaren alorrean gaur egungo erreferentzietako bat bilakatzea lortu du.
Xole Aramendi
2011ko Abenduaren 22a
Sormenerako grinak bultzatuta, Arte Ederretako ikasketak egin zituen. Baina Parisek begiak ireki zizkion. Han bizitakoaren ondoren, ez zegoen atzerapausurik: diseinu ikasketak egingo zituen. Moda alorreko enpresa entzutetsu eta handietan aritu zen, baina barruan borborka zuena ezin baretu. Egun osoko lanaldiaren ondoren, etxean, irudimena lagun, diseinu propioak sortzen zituen.
Donostian duen dendan hartu gaitu. Argitsua da. Koloreak zipriztintzen duen txuria da nagusi. Norak hain gustukoa duen Eskandinaviako estetika dario.
Beti sortzen. 2012ko udazken-negurako diseinuak dabilzki buruan jira-biraka. «Alkandora hartu dut ardatz. Dituen aukera guztiak aztertu ditut, 30-40ko hamarkadetako emakumeen uniformeak ere bai. Koloreeen aldetik zuria eta beltza gailenduko dira», aurreratu dio GAUR8ri.
Joan den larunbatean, Balenciaga Museoan, desfilea aurkeztu zenuen. Aukera polita izan da Modatik bilkurarena, ezta?
Bai. Desfilea garrantzitsua zen eta uste dut lortu genuela benetako pasarela izatea, maila ematea. Hain toki berezian arropak ondo zaindua izan behar du. Gogor lan egin nuen eta dena nahi bezala atera zen. Sinbolikoki ere esanahia du, Balentziaga asko gustatzen zait eta. Antolatzaileei dagokienez, oso profesionalak dira eta dena primeran joan zen.
Usoa Zumetarekin batera egindako kamiseta serigrafiatuak erakutsi zenituen.
Desfile argitsua eta distiratsua izan zedin nahi nuen, eta osagarri bezala erabili nuen kristalezko harria izan zen motibo nagusia. Zetaren gainean egindako serigrafiak aurkeztu genituen. Bereziak dira, urrezko ogiarekin eginak. 18 look izan ziren eta horiez gain, amaieran, kotoizko kamisetak ere erakutsi genituen, serigrafiatuak. Denetarik zegoen: negu honetarako jantziak, datorren udarakoak eta negurakoak, baita desfilerako propio sortutakoak ere. Desfilean elementu berria zetazko galtzerdiak izan ziren, diseinuei ukitu berezia eman zieten. Pasarelak libreago jokatzeko aukera ematen du.
Txikitan soinekoak josten zenizkien panpinei?
Nire amak mertzeria zeukan eta umetan ebakigarriekin jolasten nintzen, bai. Gogoan dut Arte Ederrak ikasten bukatu nuenean lagun batek horixe egin zidala opari, ebakigarri bat. Dena den, diseinatzaile izatea aktore izatea bezala zen niretzat, ezinezkoa. Gustukoa bai, baina ez benetako lanbidea. Zer egin erabakitzeko momentua iritsi zenean, karrera bat ikastea pentsatu nuen, Arkitektura edo Arte Ederrak. Bigarrena aukeratu nuen. Nire sormen lanetan oihalak-eta sartzen hasi nintzen, pixkanaka. Barruan nuena ateratzen hasi zen. Lientzoak ere neuk josten nituen. Gogoan dut irakasleek, nire lanak ikustean, estilo markatua nuela esaten zidatela.
Parisen egindako egonaldia erabakigarria izan zen, ezta?
Bai. Azken urtean Parisera joan nintzen, Erasmus egitera. Hura gozamena! Han diseinua oso gustukoa nuela konturatu nintzen. Oso eskola famatua zegoen eta sormen prozesu osoa nolakoa zen ikusi nuen. Parisen hartu nuen diseinu ikasketak egiteko erabakia. Baina non? Noski, eskola hura gustatzen zitzaidan, baina oso garestia zen...
Ondoren Bartzelonara jo zenuen, Diseinua ikastera.
Trenean joan nintzen, bakarrik. Lau eskola bisitatu nituen eta haien artean bat aukeratu nuen, gustukoa nuena. Oso kontuan hartzen zuten Arte Ederrak ikasi izana eta niretzat garrantzitsua zen. Patronajearen oinarria faltan nuen, baina sorkuntza arloa aurrez landua neukan. Uda hartan, jostun batekin aritu nintzen, oinarrizko nozioak ikasten; ahal bezain ondo prestatuta joan nahi nuen. Lehenengo bi urteak, ikasgai jakin batzuk salbu, baliozkotu egin zizkidaten. Alde horretatik ondo joan zen.
Diseinatzaile batzuek badakite josten, besteek ez. Zuk jostea gustukoa al duzu?
Ez dut gutxietsi nahi, baina patroiak ondo egitea eta ondo jostea beste lanbide bat da. Eta ni ez naiz horretarako egina. Josi izan dut eta manga bat ondo kolokatzea zera iruditzen zait... Ez daukat horretarako pazientziarik. Nirea diseinua da. Jantziak egin eta ondoren saltzera joatea bezala da, joan egingo naiz, baina... ez da nire arloa. Noski, diseinatzaile batek patroigintza ulertzeko gai izan behar du. Teknikoki zer egin daitekeen eta zer ez jakin behar dugu.
Produkzioa non egiten duzu, Katalunian?
Bai, Kataluniako neska batek josten dizkit. Lana nire gustura egiten du eta ondo moldatzen gara. Nik marrazkiak egiten ditut eta berak prototipoa bidaltzen dit. Zerbait zuzendu behar bada egin, eta berriz bidali. Paketeak atzera-aurrera ibiltzen gara. Lehentxoago pakete bat iritsi da tailerretik eta ireki eta ikusteko sekulako gogoa daukat! Oparia da niretzat.
Sormen lanetik zer duzu gustukoen, kontzeptua bera sortzea ala hori oihaletan islatzea?
Guztia da polita. Konturatzen naiz dena gustatzen zaidala, beraz, zortedun sentitzen naiz. Kontzeptua sortu eta ondoren zein oihal, zein kolore erabili pentsatzea asko gustatzen zait. Aurreko bilduma bukatu eta berriarekin hasteko une hori oso pozgarria da, ilusio handia egiten dit. Baina berdin gustatzen zait katalogoa prestatzea ere... Diseinua tartean duen dena dago nire esku.
Ahizpa ere zurekin batera ari da lanean.
Bai, enpresaren marketin kontuak Maitaneren ardurapean daude. Enpresa handi batean egiten zuen lan, komertzial gisa, eta hura ere aspertuta, elkarrekin probatzea erabaki genuen. Bakoitzak bere arloa du, baina bere iritzia ere kontuan hartzen dut. Normalean, bilduma berri bat sortzeko unean, nondik-norakoa zehazten dut lehenik. Ondoren, berari planteatzen diot, ea zer dioen. Ados badago, aurrera, eta ez badago, elkarrekin negoziatzen dugu.
Webgunea (www.noraizagirre.com) eta bloga (noraizagirre.wordpress.com) dituzu. Nolako garrantzia dute?
Sare sozialak gero eta garrantzitsuagoak dira eta lantaldean pertsona bat dugu, Maria, haietaz eta komunikazio arloaz arduratzen dena.
Izen handientzat ere lan egina zara. Hermès, Lolita Lempicka... Erabat desberdina izango da lana agiteko modua.
Martin Margielaren alboan lan eginez asko gozatu nuen Parisko Hermès etxean! Bueltan, Donostian, Cold Alaska eta Woman Individual dendetarako arropak egiten dituzten enpresan aritu nintzen lanean. Hogei denda dituzte eta alderdi komertziala gertutik ezagutu nuen. Bi urtez egon nintzen, baina ez ninduen betetzen.
Nola uztartzen dira sormen lana eta jantzia salgarria izatea?
Sormena ondo dago, baina arropak jantzigarria izan behar du. Inspirazio bila nabilenean, nik zer jantzi nahiko nukeen pentsatzen dut. Ez dut bezero profilik buruan. Nik badakit linea jakin batzuk egin behar ditudala, salduko direlako. Ondorioz, bilduma guztietan hiru alor lantzen ditut: batetik, markari irudia emango dioten jantziak, nahiz gutxiago saldu; bestetik, gorputz askotara moldatzen diren arropak; eta azkenik, oso erabilgarria den arropa.
Zure markaren koloreak fuksia eta urre kolorea dira, nahiz diseinuetan denetarik dagoen.
Fuksia beti gustatu izan zaidan kolorea da. Ez naiz inoiz nekatzen eta nire buldumetan beti sartuko nuke, nahiz ez dudan egiten, berritu ere egin behar da-eta. Koloreak nahastea oso gustukoa dut, baina beti fintasuna eta elegantzia bilatzen ditut.
Deigarria da diseinatzaileok zuen egunerokoan beltzarekiko duzuen zaletasuna.
Egia da beltza denontzako erraza dela. Baina berezia den zerbaiten bila banabil, seguru asko beltzez ez naiz jantziko. Kolorea zein beltza, biak ditut gustuko eta ezin diot uko egin ez batari ez besteari.
Eskolan sormen lana lantzen da, baina kalkulagailua eskuan zenbakiak ateratzea?
Okerrena hasiera izan ohi da. Ni ez nago kexatzeko moduan, lanean jarraikortasuna izan baitut. Cold Alaska uzteak nire bidea ireki nahi nuela esan nahi zuen. Baina nola? Ordutegi erosoa zuen lanpostu finkoa uztea ez zen erraza izan, noski, baina sortzeko beharra sentitzen nuen. Barruan nuena atera beharra neukan eta eguneko lanorduen ondoren etxean aritzen nintzen neure bildumak sortzen. Ezkontza egunean ohiko soineko zuria ez beste zerbait nahi zutenentzat neurrira diseinatzen hasi nintzen. Baina muestrarioa egitea bera arazoa zen niretzat, hemen ez baitago tailerrik. Nik patroiak egin eta josteko unean nire mugak ditut eta gainera saltzera atera behar dudala kontuan hartuta... Zer egin erabaki ezinik nenbilen. Gabonei begira kamisetak egitea pentsatu nuen. Usoa Zumetak serigrafiatzen irakatsi zidan. Ordura arteko diseinuek ez zuten arrakasta handirik izan nire lagunen artean -`oso polita, baina zuretzat', esaten zidaten- eta lehenengo aldiz pila bat saldu nituen! Hasieran, lagunen artean. Han bidea egon zitekeela pentsatu eta serio hastea erabaki nuen. Muestrarioa egingo zidan tailer bat aurkitu nuen. Ez zidaten gutxieneko kopururik jarri, hori izan ohi da-eta beste arazoa. Ez dakigu zenbat salduko dugun... Orduantxe, haurdunaldiaren azken zatian nengoen eta ez neukan dendaz denda saltzen hasteko gogorik. Lagun bat animatu zen eta dezente saldu zituen. Bigarren bildumarako, Maitane nuen alboan. Kanpaina hura oso ondo joan zen -ordurako gure etiketarekin- eta ordudanik elkarrekin gaude.
Donostiako denda noiz ireki zenuen?
Urtebete egin du oraintxe. Dendak gure filosofia, guk nahi duguna adierazteko aukera ematen digu. Bezeroak nola hartu, arropa nola saldu... Denak osatzen du gure kontzeptua. Saltoki propioa edukitzea gure produktua defendatzeko modua da.
Nolakoa da zure arropa?
Nik badakit batzuek nire arropa egunerokorako erabiliko dutela eta beste batzuek ezkontzetarako. Egunero erabiltzeko arropa erosoa da, baina ukitu berezia dauka. Patroiei garrantzi handia ematen diet. Muestrarioa egin ondoren, produkzioa hasi aurretik berriz probatzen ditugu, ondo dauden ikusteko. Jantzia ondo bukatuta badago, igarri egiten da. Horretarako, ezinbestekoa da oihala kalitate onekoa izatea. Lehen, urtero joaten nintzen Parisko erakustazokara, baina azken urteotan ez. Ez naiz etxe askorekin aritzen eta eurak datoz nigana. Espainiko, Italiako eta Portugalgo oihalak erabiltzen ditut.
Osagarriak ere saltzen dituzu.
Gerrikoek arrakasta handia dute. Guk egunerokorako arropa egiten genuen, ez festarakoa, baina denda daukagunetik konturatu gara jendeak asko eskatzen duela gerrikoa. Okasio berezietarako ordaintzeko prest dago. Edozein soinekori jar diezaiokegu ukitu desberdina emateko. Gureak bereziak dira eta online www.noraizagirre.bigcartel.com webgunearen bidez saltzeko errazak.
Euskal Herriko diseinatzaileek elkarrekin harremanik ba al duzue? Eskatzen hasita, ze laguntza eskatuko zenieke erakundeei?
Egia esan, ez dugu harreman handirik gure artean. Gogoan dut Bartzelonan bizi nintzenean han edozertarako laguntzak zeudela. Eta oso ondo zegoen, nahiz neurri batean irreala zen. Izan ere, desfilea egiten genuen, baina gero diseinatzaileok ez ginen horretatik bizi. Gure sormena erabat libre utzita egindako lanik ezin dugu ondoren dendetan saldu. Ikasketak amaitzean, hainbat pasarelatan parte hartu nuen. Ondo zegoen, baina ezin nintzen horretaz bizi. Eta nik hori nahi nuen. Ondorioz, pasarelak alde batera utzi nituen. Nire helburua salmenta zen.
Moda desfileak antolatzeko baino, enpresa aurrera ateratzeko laguntzak behar ditugu. Eta gaur egun ez dago horrelakorik. Esaterako, kanpoko azokaren batera joateko laguntza ondo etorriko litzaiguke. Katalunian, bertako diseinatzaileei, talde bezala, diru-laguntza ematen zaie.
Zure ibilbideko zein puntutan zaude?
Denok bezala, oraintxe ari duen euri zaparrada atertzen duen zain... Momentu honetan, gure helburua ez da bezero berriak egitea. Nahiago dugu poliki joan, egoera kontuz ibiltzekoa da. Hasi ginenean, Maitane kanpora joaten zen dendak bisitatzera eta oso erraz sortzen ziren bezero berriak. Gure produktua ikusi eta erosi egiten zuten. Orain, guk geuk ere ez dugu nahi... Batek ez duela ordaindu... arrisku handia dago eta ez gaude zabaltze-unean, egia esan. Lehen, hazi egin nahi genuen, orain, seguru jokatzea da kontua, dendara datozen emakumeen fideltasuna lortzea.
Euskal Herrian moda nola bizi da?
Euskal Herrian, modarekiko interesa eta ardura badago. Edozein herritan dago denda majoa. Hemendik atera eta berehala nabaritzen da gauzak desberdinak direla. Azkenaldian, egia esan, nahiko antzeko janzten gara guztiak, berdintsu baina ondo.
Munduko zein hirira begiratu behar dugu moda kontuetan ari garenean?
Nik gehien ezagutzen dudana Paris da. Eta beti da erreferentzia, batez ere desfileak, ez hainbeste kalea. Prestigio gehien duten diseinatzaileak han daude. Garai batean Amberes ere nabarmendu zen, bertako moda kontzeptualagoagatik. Niri iparraldeko herrialdeak asko gustatzen zaizkit.




