-

Josu Imanol Unanue

2011ko Abenduaren 22a

Gabon kanta asko eta asko egon arren, gure herriko ohitura izaten da gabon kanta batzuekin hasi, eta alkoholaren konplizitatea medio, antzinako kanta zaharrak gogoratzea. Lehen artean aipa ditzakegu 12 estrofako «Agur Maria» edo «Urte barri-barri». Hala ere, nire gustukoenak dira, besteak beste, «Bermioko portuan», «Anakleto», «Erropak jausi dira» eta denen artean nire faboritoa, «Foruak kendu».

Gure etxean gauza polita zen ikustea amama Mari abesti hori kantatzen harrikoa egiten zuen bitartean. Bazirudien indar eta gogo gehiago jartzen zituela lanean abesti horrekin.

Badirudi XIX. mendekoa dela, eta II. Gerra Karlistan eta ondorengo gertakarietan duela jatorria. Horrela hasten da salaketa-kanta hau:

Foruak kendu kintak imiñi,

Gañera kontribuziñoa,

Horrei guztixei gutxi ereitzitxe

Egiten deusku akziñue..

Abesti zaharra bai, baina oso ausarta dela esango nuke, baita iraultzailea ere, garai horretarako. Izan ere, Foruak kendu ondoren sortu zen egoera maltzurra ez ezik, elizaren papera ere kritikatzen du. Atera kontuak. Ikus ezazue ehun urtetik gora dituen kantuak zer esaten duen bertso batean:

Abadak eta klerua, pobre izorratzaileak,

Konfesatera juanagaitxik, esan behar dau egia,

Etxean dakoz gordeta guriak baiño hobiak,

Hori ez da abadan legia.

Bestalde, beste zati batean, Euskal Herria eta askatasun gogoak goraipatzen ditu, honela:

Lora eder bat jaio da, gure mendietan, bere usaña zabaldu da Euskalerrietan.

Esaten dutenez, bertso hau berriagoa da, eta sasoi zehatz eta ezagun batean gehitu zitzaien hasierako bertsoei.

Bukaera aldean, gainera, beste bertso batek ondokoa dio:

Gora Errepublika eta errepublikanoak,

Fuera Españiatik italianuak.

Bertso horri buruz, askotariko hipotesiak entzun ditut. Bakoitza asmo eta garai ezberdinei lotuak daude. Adibidez, gure amametako batek, errepublikazaleak, esaten zuen bertsoak monarkiaren eta haren jatorriaren aurka egiten zuela.

Besteak, ordea, nazionalista zenez, bertsoa beste errealitate batekin lotzen zuen. Haren aburuz, mende hasieran gure herrira hainbat familia italiar etorri ziren, gehienak siziliarrak. Haiek sortu zituzten antxoen lehen kontserba fabrikak eta azkar aberastu ziren. Antza herritar gehienak zeuden negozio horien alde, eragin zituzten onurengatik, baina batzuk ez zeuden hain konforme.

Dena den, arrazoiak arrazoi, ezin da ukatu abestiaren berezko edertasuna. Eta lehenago esan dudan moduan, oso gogoko dut hau abestea.

Gabon hauetan ere aurkituko dut abesteko parada, eta zuen omenez kantatzeko asmoa dut. Urte berri on bat izan dezazuela, eta ez ahaztu, oraindik asko dugula aldarrikatzeko, batez ere, preso guztiak kalean libre izatea lehenbailehen.