1960an hasi ziren elkarrekin lanean eta 30 urtez harreman estua izan zuten. Indusketak egin bitartean elkarrekin egoten ziren gau eta egun, lo ere gela berean eginez. Indusketarik ez zenean ere, orduak ematen zituzten elkarrekin eta Joxe Migelek norabait joan behar zuenean Jesus Altuna joaten zitzaion bila bere Vesparekin lehenik eta autoarekin ondoren.
Joxean Agirre
2011ko Abenduaren 22a
Hil ondoan ere, Joxe Migelen egunerokoa behin eta berriz irakurri du Jesus Altunak eta dagoeneko bi liburuki eman ditu argitara Barandiaran fundazioak. GAUR8 lekuko ezin hurbilago honekin egon da, lehen pertsonan mintzatu dena maisuari buruz hainbat zertzelada emanez.
Galzoriko kultura baten bilatzaile
Etnografian aritu zen batez ere. Aztertu zituen aztarnategiak aztertu izan ez balitu ere, bertan leudeke oraindik ere ondorengo belaunaldien zain. Edonola ere, berak desagertzeko zorian zegoen kultura baten aztarnak bildu zituen, hamaika ipuin, mito eta esaera zahar, alegia. Berak ikusi zuen joan den mendean zehar nola galdu ziren. Horregatik esan izan dut gauza asko kendu zizkiola heriotzari. Zorionez, herri honek etnografo ospetsu bat izan du, beste herri askok ez du suerte hori izan. Etnologia kulturak elkarren artean konparatzen dituen zientzia da. Horretan, ordea, ez zen hainbeste nabarmendu, berak esaten zuenez, nahikoa lan bazuen gurea jasotzen, eta, ondorioz, etnografia egiten saiatu behar zela. Hala, herri honen deskribapena egin zuen. Ondorengoen lana behar zuen beste herri batzuekin konparatzeak.
Velosolex batean ibiltzen zen
Beti esan izan da Joxe Migel Barandiaranek Euskal Herria alderik alde behin eta berriz zeharkatu zuela. Baina, nola ibiltzen zen? Zer garraiobide zuen? Saran bizi zela Veloxolex bat erosi zuen eta horrela egiten zituen Miarritzera edo Baionara artekoak. Ataunera ere eraman zuen, inguruetan ibiltzeko. Berak kontatzen zuen hiruzpalau pedalkada nahikoa zituela Gaintxurizketa igotzeko, txikia eta arina baitzen. Lambretta bat erregalatu zioten, baina ez zitzaion gustatu, handia eta pisua iruditzen zitzaiolako. Ez zen indar handiko gizona eta astuna iruditzen zitzaion. Gero Velosolex hori utzi zuen eta nire motoan ibiltzen ginen. Madrilgo Complutensean ikasketak egiten ari nintzela erosi nuen Vespa hartan mugitzen ginen biok. Atzeko parrillan bere maleta, bera atzean jarrita eta nik, aldiz, hanka artean morrala neramala joaten ginen joan behar zen lekura, Arrasatera, esate baterako. Argazki hori ez daukat, neure buruari ez bainion argazkirik ateratzen. Pena ematen dit. Gogoan dut Bergaratik gindoazenekoa. Herri osoa igaro behar izaten zen orduan, eta ihes hodia hautsita neramanez, sekulako zarata ateratzen nuen. Belarrira gerturatu eta «Midas bezala goaz», esan zidan. Midas hori zein zen galdetu nion eta Frigiako agintari bat zela erantzun zidan eta herrialde hartako herrietatik igarotzen zela zarata eginez jainkotzat har zezaten. Mitologia etorri zitzaion gogora orduan ere.
Europako etnografoekin harremanetan
Arkeologian Eguren eta Arantzadi izan zituen lankide, baina etnografian bakarka egin zuen lan asko. Hala ere, orduko etnografo europarrekin harreman estuak izan zituen. Barandiaranek 1921ean argitaratu zuen bere lehen artikulua eta Vienako Wihelm Schmidt etnografo ospetsuaren eskuetara iritsi zen. Misiolarien kongregazio bateko kidea zen, mundu osoko kideei bidaltzen zizkien galdetegiak gai jakin batzuen inguruan eta antzinako erlijioei buruzko obra garrantzitsuak argitaratua zen, bsete lan askoren artean. Schmidtek gutun bat idatzi zion zorionak emanez eta hurrengo urtean Herbeheretan egitekoak ziren antzinako erlijioei buruzko biltzarrera gonbidatu zuen. Antzinako euskal erlijioari buruzko hitzaldia eman zuen Barandiaranek biltzar horretan. Schmidtekin lotura estua izan zuen, baina aurretik Wundt irakasle alemaniarrarekin harremanetan zegoen. Oso gazterik joan zen Barandiaran Leipzig-era irakasle horrekin erlijioen historia ikastera eta Wundtek esan zion erudizioa gainditzeko, bere herrian ere aurkituko zuela zer ikasi. Euskalduna zela jakitean, etxean sekulako altxorra zuela esan zion. Horrela hasi zen euskal kultura zaharra ikertzen. Wundt psikologia esperimentalaren aita izan zen eta herrien psikologia bultzatu zuena.
Alemana eta frantsesa erabiltzen zituen
Alemana ikasi zuen bere kabuz, orduan egiten zen moduan, gramatikak erabiliz. 1913an joan zen Leipzigera, 23 urte zituela, artean apaiz egin gabe. Frantsesaera menderatzen zuen, hitzaldiak ematen baitzituen hizkuntza horretan. Kontuan hartu behar da Historiaurrearen ideia frantsesek sortu zutela eta herrialde horretan ikerkuntza oso garatuta zegoela. Bi hizkuntza horiek jakitea aski zen, joan den mendearen erdi aldera arte bederen, arkeologian eta etnografian aritzeko.
Norbere herria ala urruneko bat aztertu?
Garai hartan, etnografoen artean, puri-purian zen honako eztabaida: batzuek ziotenez, norbere herria aztertzean objetibotasuna galtzen zen. Wundt, aldiz, ezezkoan zegoen, uste zuen ezin zela urruneko herrialde batean ezer aztertu bertako hizkuntza ondo ikasi gabe. Nik neuk ere egin izan dut proba: zoaz Zuberoako mendietara eta baserri urrunenean leihora atera den baserritarrari galdeiozu frantsesez ea nola igotzen den gailur batera, eta ez dio zakurrari isiltzeko aginduko ere eta gutxi gorabeherako bide bat seinalatuko dizu. Euskaraz galdetu dudanean, aldiz, atea ere zabaldu izan didate, zakurrari isiltzeko agindu eta behar diren agerpen guztiak emateko.
Artzain baten eskeletoa axuria eta zakurrarekin
Madrilen Biologia ikasketak bukatzear nengoela hurbildu nintzen Barandiaranengana eta hasi nintzen indusketak egiten Lezetxikin lehenik eta Aizpitarten ondoren. Lezetxikin ari ginela esan zidan garai batean Arantzadik giza hezurrak aztertzen zituela, Egurenek moluskuen fosilak eta berak tresnak, baina abere hezurrak agertzen zirela etengabe eta horretaz ez zekitela ezertxo ere. Abere hezurrek informazio handia eman zezaketela uste zuen eta esparru horretara bultzatu ninduen. Nik neuk ere halaxe uste nuen. Gerora, Marizulon, Urnietan, indusketa lanetan genbiltzala, gizaki baten eskeletoa agertu zen eta haren ondoan hiru hilabeteko arkume baten eta zakur baten hezurrak. Zakurrari buru-hezurra falta zitzaion. Artzaina zela ikusi genuen, ez zela ehiztaria eta, beraz, ez zela Paleolito garaikoa. Hil zenean, axuri hil berria berarekin batera lurperatu zutela eta zakurra ere ondoan jarri ziotela ikusi genuen. Hori dena argitu ahal izateko, gaurko eskeletoak behar nituen eta orduan hasi nintzen penintsulan barrena eskeleto bila Vespaz lehenbizi eta gero, ezkonduta jada, emaztearekin autoan.
Sator zulo bati begira
Barandiaran arkeologiara bultzatu zuen gertakaria Aralarren izan zen. Ataungo Jentil Baratza izeneko Erdi Aroko gazteluan egin zuen lehen indusketa herriko baserritar bat lagun zuela. Leku-izenak ematen zion arreta. Wundtekin egon berria zen eta bertan zerbait aurkituko zuela uste zuen. Baserritar horrek esan zion berak bazekiela non zeuden lurperatuta azken jentilak, Aralarko paraje batean, hain juxtu. Biharamunean hara joatekotan geratu ziren, baina baserritar horrek ezin zuenez, bakarrik joan zen Joxe Migel eta pare bat orduko ibilaldiaren ondoren ogitarteko bat jateko etena egin zuen. Aurrean zuen sator zuloaren lur pila harrotu omen zuen makilarekin eta giza hagin bat agertu zitzaion. Horrela ohartu zen hilobi baten gainean zegoela.
Han zegoela 14 bat urteko mutikoa hurbildu zitzaion, artzaina bera, eta hari galdetu omen zion, «Ba al dakizu hau zer den?» eta baietz erantzun zion, jentilen hilobia zela, baina azken jentilak beheraxeago zeudela lurperatuta erantsi omen zion. Jentilarrira joan ziren eta mutikoak han kontatu omen zion Kixmiren ipuina. Mutiko batek kontatu zion ipuin hori Barandiarani. Barandiaranek errepikatzen zuenez, «oinekin pentsatu behar da lehendabizi gero buruarekin pentsatzeko». Bera onez asko ibilia zen.
Berak baso bat esne, nik katu gisatua
Oso gauza gutxirekin konformatzen zen. Afaltzeko beti baso bat esne edaten zuen arrautza gorringo bat nahastuta. Nik azken 30 urtean ezagutu dut afari horixe egiten. Ez dizut esango baserriaren izena, baina behin afaritarako eseri ginela, Joxe Migeli baso esnea atera zion etxekoandreak arrautza gorringoarekin eta niri gisatu platerkada bat. Jaten hasi nintzen eta berehala ohartu nintzen katu hezur bat agertu zitzaidala gisatuan. Joxe Migeli esan nion hezur hura katuarena zela eta etxekoandreari esateko esan zidak berak. Nik ez niola esango erantzun nion, oso goxoa zegoela eta berdin ziola. Jarraitu nuen afaltzen eta gutxi gorabehera erdiak untxi hezurrak ziren eta beste erdiak katuarenak. «Aizu, etxekoandre. Hemen konejua bakarrik ez zegoen», esan zion afaria bukatu genuenean. Berehala ohartu zen etxekoandrea hezur kontuetan jakitunak ginela eta ez zen ukatzen ausartu eta niretzat prestatuta zuen gisatuaren erdia mendizale batzuk jan zutela aitortu zuen eta katu bat hil behar izan zutela eltzea osatzeko. Suerte txarra izan zuen emakumeak gu bezalako bezeroekin.
Ni aurretik ere katua janda nengoen. Erretorearen etxea genuen albokoa. Aitona Berastegitik Tolosarako autobuseko gidari ibiltzen zen eta arraina askotan ekartzen zuen eta katuak tarteka arraina jaten zigun. Hortaz, erretorearen katua jatea erabaki genuen.
Muga pasatzen lagundu zion judua
Bere izaeraz beti esaten den gizon apala zela eta hala zen, baina aldi berean sekulako jakin-mina zuen. Besteei laguntzeko prest zegoen beti. Lan asko egiten zuen, baina ez zuen sekula esango lanpetuta zebilenik. Beti irribarrez hartzen zituen etortzen zitzaizkion bisitariak. Eta etxea zabalik izatea gustatzen zitzaion.
Saran bizi zela, etxea utzi zion jabea kexatu omen zitzaion gonbidatuak edukitzen zituelako eta horrek mindu egin zuen. Ataunera etorri zirelarik, etxea irekita edukitzea gustatzen zitzaion. Bere egunerokoan agertzen dira kontu horiek. Baina badago egunerokoan agertzen ez den interes handiko kontu bat. Saran zegoela, 42an edo, judu bat etorri omen zitzaion ilunabar batean Gestapo atzetik zuela eta muga pasatzen lagunduko al zion galdezka. Joxe Migel larritu egin zen, baina barrura sartzeko esan zion.
Biharamunean gaixo bati komunioa ematera joan behar zuenez, esan omen zion laguntzaile gisa eramango zuela, sotana eta guzti. Horrela joan ziren muga inguruko baserri horretara eta esan zion nondik nora muga pasatu.
Handik bost urtera, Israeleko lehen gobernua osatu zenean gutuna bidali omen zion Joxe Migeli. Muga pasatzen lagundu zion gizona gobernuko ministroetako bat zen, gizon inportantea beraz.
Egunerokoa eta elkarrizketak
1916an hasi zen Joxe Migel Barandiaran egunerokoa idazten. Data horretan hasi eta Ipar Euskal Herrira joan zen artekoa liburuki batean argitaratu dugu. Bigarren liburukian Iparraldeko egonaldia bildu dugu eta hirugarren bat prestatuko dugu Ekain aurkitu arteko materialarekin.
Askotan egunerokoa da, ez beti, baina astebeteko tartea ematen du idatzi gabe gehienez ere. Bere barruko kezkak ere agertzen dira. Bada beste liburu bat berriki, orain lauzpabost urte, Larrondo izeneko apaiz batek argitaratu duena, interes handikoa. Hegoaldetik ihes zihoazenei elkarrizketak egin zizkien Barandiaranek. 350 bat elkarrizketa egin zituen. Horiek denak jaso zituen. Hemen gertatu zena ezagutzeko oso material interesgarria da. Alemanak sartu zirenean lurpean ezkutatu zituen Uztaritzen, Intxausti ontzigilearen etxeko oilategian. Elkarrizketatu horien artean apaizak dezente ziren. Mateo Mujika gotzainak argitaratu zuen «Imperativos de mi conciencia» txostenaren atzean Barandiaran dagoela gauza jakina da.
Gerra ondoren hemengo gotzainek noiz deituko zain egon zen Gasteizko apaiztegian klaseak ematen jarraitzeko. Chicagoko unibertsitate batetik deitu zioten han klaseak emateko eta ezezkoa eman zien, Gasteizera itzultzeko itxaropena zuelako. Azkenean, Antonio Tovar hizkuntzalariaren bidez lortu zen bere kontrako fitxa desegitea.
JOXE MARI GALPARSORO, BARANDIARANEN SENIDEA: «KONTRABANDOAN PASATUTA, PILAR ETORTZEN ZEN GU BISITATZERA»
Joxe Mari Galparsoro da Joxe Migel Barandiaran 1953an Ataunera itzuli eta gertuen izan zuen senidea. Harreman estua izan zuen berarekin, izan ere baten bizilekutik bestearenena, Joxe Marirenetik eta “osabarena”, alegia, bi metro baino ez baitaude. Bere alaba da gaur Sara txukundu eta zaintzen duena.
Zein dira Joxe Migelez dituzun lehen irudiak?
Ez dut umetako oroitzapenik. Ni 1931ean jaioa naiz eta bost urte nituela joan zen Iparraldera eta ez dut gordetzen urte horietako irudirik. Orain muga erraz pasatzen dugu, baina garai hartan oso zaila zen eta nik osaba ezagutu nuenerako hogei urte nituen. Anaia eta biok bisitatzera joan gintzaizkionean ere pasaporterik gabe joan ginen. Irungo aduanan lan egiten zuen ataundar bat ezagutzen genuen eta hark lagunduta pasatu genuen muga. Gerra etorri zenean ni oso umea nintzen. Lizarrustitik barrena sartu ziren erreketeak eta amak besoak altxatzeko agintzen zigun haiei begira egon behar bagenuen, bestela zer edo zer egingo ziguten-eta. Joxe Migel amaren osaba zen, baina guk ere osaba esan izan diogu beti, nolabait esateko, “osaba txikia” bazen ere.
Gogo ederra izango zuen Ataunera itzultzeko.
Hala kontatzen dute. Larrunera igotzen zela tarteka, handik Ernio ikusten delako, Ataundik Ernio ikusten baita. Ataunekin asko gogoratzen zen. Salamancako Unibertsitateak katedra bat ireki zuelarik, bertako erretoreak, Antonio Tovarrek, egin zituen gestioak baimena lortzeko.
Ordurako Sara eraikita al zuen hemen?
Gu orain bizi garen lekuan baserri bat zen eta baserriko harriekin altxatu omen zuten Sara. Errepideaz bestaldean egin nahi zuen osabak, baina ez zuen lurrik aurkitu. Ataungo bi hargin aritu ziren lanean eta ez zitzaion askorik kostatu: uste dut 60.000 pezeta kostatu zitzaiola. Irudipen hori daukat. Orain ez duzu ezer erosten diru horrekin. Egia da barrua bukatu gabe utzi zutela, baina ondoko urteetan joan ziren osatzen. 1953ko urrian izan ziren uholde izugarri haiek. Ordurako etxea eginda zegoen. Inguru hauek lokatzez beteta egon ziren. Eta ondoren sartu ziren bizitzera.
Pilar ere mugaz bestaldean, Saran, ezagutu al zenuen?
Ez, Pilar etortzen zen, kontrabandoan pasatuta, baina etortzen zen. Emakume bizkorra zen, ezagun batzuek laguntzen zioten eta Berara jaisten zen, eta handik autobusean etortzen zen Ataunera. Amak ere egin zien bisita muga horrela igarota. Gaineko Borda izeneko baserri batera igo omen ziren. Han, ezagunak omen ziren muga zaindarien ohiturak eta Sarako baserri batera pasatu omen ziren. Izeba dezente etortzen zen.
Noiz etorri zinen etxe honetara bizitzera?
Orain 50 urte ezkondu ginen eta orduan etorri nintzen hona. Bien bitartean Perune Zaharren bizi izan nintzen, Joxe Migelen jaiotetxean, alegia. Esan dudan bezala, hemen baserri bat zen eta baserriko harriekin egin zuten Sara. Hemen oilategi bat jarri zuten eta ni ezkontzeko altxatu genuen berriro etxea. Andrea ondoko baserri horretakoa da, erdi bidean jarri ginen bizitzen. Ona da bi familiak gertu izatea, baina lanetan laguntzera ere bi baserrietara joan behar izaten nuen. Osaba kanpoan asko ibiltzen zen eta Pilar bakarrik geratzen zen orduan. Amaren ahizpa zen Pilar eta beti norbaitek etorri behar izaten zuen Perunetik Pilar bakarrik gera ez zedin. Horrela erabaki genuen leku honetan etxea egin eta bertan bizitzen jartzea, izeba Pilarrengandik hurbilago egoteko.
Joxe Migel kontu-kontari egotekoa al zen? Gustatzen al zitzaion berari ere kontatzea?
Entzutea gustatzen zitzaion, baino kontatzea ere bai. Gure ama ere oso memoria onekoa zen eta etxera itzuli zen garai horretan Sarako kontuak kontatzen orduak ematen zituen, asko gustatzen baizitzaion. Amak hemengoak kontatzen zizkion, bera falta izan zen 17 urte horietan gertatutakoak, eta gustura egoten ziren. Pilar ere oso kontulari ona zen. San Gregorioko elizara joaten zen bakoitzean herriko kontu guztiak ekartzen zizkion. Hemen, Mendi Urkullu esaten diogun baserri batean, bazuen gizon bat kontalari ona zena eta harekin askotan egoten zen hizketan. Oso gizon argia izan behar zuen.
Pilarrekin noka hitz egiten omen zuen Joxe Migelek eta ilobak berorika erantzuten omen zion.
Halaxe zen. Izebak berorika egiten ziola ikusita, neroni ere hasi nintzaion berorika, baina gaizki egiten nuen nonbait: “haizak, Joxe Mari, gauza bat esan behar diat, hemendik aurrera hika hitz egin behar didak, hika ondo egiten dek, baina berorika ez dakik bat ere”. Ez niola hika hitz egingo erantzun nion eta zuka egiten nion nik.
Zer harreman zuten izeba-osabek, Pilarrek eta Joxe Migelek?
Senar-emazte asko baino hobeto konpontzen ziren. Oso zorrotza zen osaba dirua kontuetan eta gastu guztien kontua eskatzen zion Pilarri. Kontuak eramaten ona zen. Hemengo baserrietan suaren kontrako asegurua egin zen eta diruzain osaba jarri zuten. Zure galderara itzuliz, izeba eta osaba ez ditut sekula haserre ikusi.
Zuk ere ezagutuko zenituen Joxe Migelen Velosolexa eta Lambretta?
Biekin etorri zen. Lambrettak matrikula frantsesa zuenez, urtean behin aduana pasatu behar izaten zuen eta nik eramaten nuen moto horretan Iruneraino eta, nik pasaporterik ez nuenez, berak pasatzen zuen muga motoa eskutan hartuta. Bi motoak bakarrik ez, errediza batzuk ere ekarri zituzten Saratik. Nire anaia batek eta nik neuk ere batera eta bestera erabiltzen genuen. Aurretik abisatzen zigun halako edo holako mendira edo lekuren batera joan nahi zuela eta bertara eramaten genuen. Taxian ere asko ibiltzen zen. Zahartzaro luzea izan zuen, 102 urterekin hil zen, eta azken urteetan gu ibili ginen medikutara joan behar zuenean eraman eta ekarri. Etxera ere etortzen zitzaizkion, noski. Bazen Lasa izeneko bat, lazkaotarra, Donostian bizi zena. Etorri, bere ondoan jarri eta tentsioa hartzen zion. Osabak “Hi, zertara hator niregana?” galdetu zion behin eta “Zer moduz zauden ikustera etorri naiz”, erantzun zion medikuak. “Alper-alperrik etortzen zarete niregana. Zuek ere hilko zarete eta niri ere ez didazue bizirik eutsiko”, esan zion.
MARITXU SALABERRIETA, BARANDIARAN BIZI ZEN SARAKO ETXEKO ALABA: «SARAKO LEHEN VELOSOLEXA BARANDIARANEK EROSI ZUEN»
Harritzainea esaten dioten 1500. urteko etxe bipil batean bizi dira senarra eta biak Ihalarre auzoan, Saran, baina etxe honetara ezkondu zen arte Bidartean bizi izan zen, Joxe Migel Barandiaran Saran egon zenean bizi izan zen etxe berean. Harreman estua izan zuen umetan harekin eta Pilarrekin eta 1953an Ataunera itzuli zirenekoa gogoratzen hasi eta begiak bustitzen zaizkio oraindik. Geroztik ere askotan igaro zituen oporrak Ataungo Saran. «Espainola ikasi behar nuela eta bidaltzen ninduten eta Ataungo euskara mintzatuz itzultzen nintzen», dio.
Noiz ezagutu zenuen zuk Barandiaran?
Ni sortu nintzelarik, Jaun Apeza eta Pilar gure etxean ziren, Bidartean. Hamahiru urtez egon ziren Saran eta beharbada ni jaio baino urtebete lehenagotik zeuden bertan. Lehen sei urteak Ibartxo Berrian egin zituzten eta zazpi bat urte gurean. Nire bataioko irudiren bat bada Jaun Apeza bertan dela eta komunio handikoak ere bai. Gurea bi bizitzako etxea da, baina barrutik elkarrekin lotzen zituen atea zuten eta bizimodua elkarrekin egiten genuen. Lehenbiskai auzoan dago Bidartea, elizatik kilometro batera. Nik bi ama izan ditut, nire ama eta Pilar, eta esan dezaket halaber bi aita izan ditudala, nire aita eta Joxe Migel Barandiaran. Ume bakarra nintzen etxean eta harreman oso estua izan nuen gerora ere biekin. Nire familia zen.
Nola bizi ziren Bidartean, alokatuta?
Donostiako Hotel Londreseko nagusia, Jose Migel Sansinena, Ramon Labaienen osaba zen. Sasinenak erosi zuen Bidartea eta nire aitari esan zion bizi zen bitartean bertan bizitzen utziko ziola eta hala egin zuen. Dena berritu zuten eta Joxe Migel, beraz, Sansinenaren etxean egon zen. Labaiendarrak Azkainen zeuden orduan eta maiz etortzen ziren Bidarteara.
Pilar zure bigarren ama izan zela esan duzu. Gaztea izango zen artean?
Berrogei urte inguru zituen nire amak eta beharbada urte batzuk gutxiago izango zituen Pilarrek, baina ume batentzako emakume heldua zen nolanahi ere.
Zuk sotanarekin ikusten zenuen Joxe Migel etxean.
Beti sotanarekin. Ni jostuna naiz eta oraindik gordetzen ditut haren sotanaren botoiak. Izugarri maite ditut botoi horiek. Egin nuen mantoi bat botoi horiek erabilita. Gauza asko gordetzen ditut garai hartakoak. Baina leize batera edo mendira lanera zihoalarik, sotana kentzen zuen. Hala ere, nik gordetzen dudan bere irudi nagusia bulegoan sartu eta lanean ari zenekoa da, orduak ematen zituen gelatik atera gabe idatzi eta idatzi. Ez genuen konprenitzen nola egon zitekeen hainbeste ordu mugitu gabe idazten.
Etxe horretatik bisitari asko pasatuko zen.
Asko. Beti bazen norbait.
Zer harreman zuen zure aitarekin?
Aita herriko etxeko langilea zen eta arratsean etortzen zenean galdetzen zion herrian zer pasatu zen eta hizketan egoten ziren egunero. Herriko ohiturei buruz ere askotan galdetzen zion. Aitak oso ondo ezagutzen zuen Sara, herriarentzako egiten baitzuen lan. Sarari buruz atera zuen liburuan ikusten da Barandiaranek oso ondo ezagutu zuela herri hau eta nire aitak horretan lagundu zion.
1953an igaro zuen muga Ataunera itzultzeko. Gogoan al duzu egun hori?
Gogoratzen naiz ama eta biok Pilarrekin autobusa hartu eta Hendaiara joan ginela eta han Santiago zubiraino lagundu geniola eta nik negar egin nuela agur esateko unean. Oso gogorra izan zen niretzat Pilarri agur esatea. Baina ez naiz gogoratzen Jaun Apezak nola igaro zuen muga, ez dut hori gogoan. Iruditzen zait aurretik joan zela. Geroztik, dena den, harreman estua izan nuen biekin eta oporretan urtero joaten nintzen Ataunera. Hango familia ere neurri batean nire familia izan da. Jaun Apezaren arreba Mariak haur asko zituen, batzuk nire adinekoak, eta elkarrekin jolasean ematen genituen egunak. Gaztea nintzelarik, Ataungo festetara joaten nintzen edo Beasaingoetara. Ataungo Sara nire bigarren etxea zen. Espainola ikasi behar nuela eta bidaltzen ninduten eta hango euskara ikasita itzultzen nintzen.
Frantsesez bazekien Joxe Migelek. Zenbat hizkuntza hitz egiten zituen?
Nik beti entzun izan dut zazpi hizkuntza zekizkiela eta horietatik gehienak hitz egiten zituela.
Lehen esan duzu orduak ematen zituela Joxe Migelek bere gelan sartuta lanean. Mezarik ematen al zuen?
Sarako elizan ematen zuen meza egunero, baina gaixotu zelarik, Bidartean bertan hasi zen meza ematen. Auzoko guztiak Bidarteara etortzen hasi ziren eta etxea jendez beteta izaten genuen. Nik joan behar izaten nuen serorarengana eta aste osorako behar ziren mezatarako ostiak ekartzen nizkion. Urdailetik gaixotu zen eta eltzekariak pasatuta jaten zituen, haragia ere birrindua, eta esneari arrautza bat nahasten zion, gainean azukre pixka bat botata. Asko zaintzen zuen osasuna.
Kontatzen dute Ataunera Velosolex batean joan zela. Hemen erosi al zuen?
Sarako lehen Velosolexa Barandiaranek erosi zuen eta ondoren nire gurasoek ekarri zuten. Baionara eta Miarritzera Velosolexean joaten ziren. Hemen zegoela erosi zuen Lambretta ere. Sotana jantzita ibiltzen zen Velosolexean.
Zure aita herriko etxeko langilea zela esan duzu. Zer lan egiten zuen?
Herriko bi mutil ziren Saran eta igande goizetan, esate baterako, kridak egiten zituzten herriko etxeko balkotik, asteko abisu eta berriak irakurtzeko. Jaun Apezak kridan eman zituen berriak eskatzen zizkion beti. Mezatatik irteten zen jendeari oihuka ematen zitzaizkion abisu horiek.




