Bagdad hiriburuko Tahrir Plazan eta Irakeko hiri guztietako plazetan abenduaren 30ean kontzentrazioak egiteko deialdia zabaldu da sare sozialen bitartez. Izan ere, teorian, egun horretan amaituko da okupazioa, estatubatuarrek beraien tropa guztiak herriratuta. Homa hemen «Al-Quds al-Arabi" egunkariak argitara emandako testua.
Haifa Zangana - «Al-Quds al-Arabi"
2011ko Abenduaren 22a
Mobilizaziorako deialdia egin dutenek «inbaditzailearen porrotaren ostirala» deitzen diote abenduaren 30ekoari, ez «leialtasunaren ostirala», Gobernuan dauden politikariek bigarrena nahiago duten arren. Irakeko gizarte zibileko makina bat erakunde, ikasle elkarte, intelektual independente eta herrialdean oso ezagunak diren pertsonek bat egin dute deialdiarekin, ados baitaude okupazioaren amaiera eskatzeko ekimenarekin. Irak salbatu nahi dute, inbaditzaileak ezarritako Konstituzioak herrialdea zatitzen duelako, erlijioaren eta etniaren araberako zatiketa helburu duen politikaren bitartez. Aipagarriak dira mobilizazio hori bultzatzen duten taldeen webguneen izenak: Arabiar Iraultza Handia, Otsailaren 25eko Iraultzaren Koalizioa, Irakiar Askeen Intifada, Ez Dugu Amore Emango, Maliki Erori Zen Gaua, Al-Anbareko Gazteen Elkartea, Berehala Ospa Egin Ezazue Koalizioa... Talde horien webguneak bisitatzea gomendatzen diot irakurleari, taldeok osatzen baitute estatubatuarrek okupatutako Iraken otsailaren 25ean kalera protesta egitera irten zen herri mugimendu baketsua, hedabide nagusiek ia erabat ezkutatzen dutena.
Ordutik ostiralero adierazi dute okupazioaren aurkako mezua. Mugimendu nekaezina dirudi, nahiz eta hedabideen arretarik erakartzea lortu ez duen. Arabiar munduko beste herrialde batzuetan askoz ere jaramon gehiago egin zaie tankera bereko manifestariei. Gainera, Irakeko bertako hedabideek zein nazioartekoek ezikusia egin diotenez, herritar asko dira elkarte sozialen protestaldi baketsu horiek ezagutzen ez dituztenak. Horiek horrela, mugimenduak babes moral sendo baten gabezia nozitzen du. Hedabideek eman ziezaioketen babes hori, nahi izanez gero.
Gose greba eta hedabideak
Arundhati Roy Indiako idazle eta ekintzaile ezagunak idatzi duenez, kasu batzuetan protesta bera bezain garrantzitsua da protesta baketsuak hedabideetan izaten duen oihartzuna. «Zer lortzen da oso urruti dagoen herriska bateko nekazariek hil arteko gose greba eginda, tankerako egoeran daudenengana eta, beraz, nekazarien alde zerbait egin dezaketen horiengana, berria iristen ez bada?», galdetzen du indiarrak, hedabideen garrantzia nabarmentzeko.
Bagdadeko Tahrir plazan eta gainontzeko hirietan ostiralero egin duten protestaldi bakoitzari manifestariek izena eman diote: «haserrearen ostirala», «duintasunaren ostirala», «askatasunaren ostirala», «aldaketaren ostirala», «okupazioaren aurkako ostirala», «atxilotu guztiak askatzearen aldeko ostirala», «Gazari Bagdadek babesa emateko ostirala» edo «askatzaileen egunsentiaren ostirala». Testuinguru horretan, abenduaren 23rako deitutako protestaldiari honako izena ipini zioten: «erregimena hankaz gora bota nahi duen herriaren ostirala».
Manifestariek etengabe errepikatzen dituzte beraien eskaerak: okupazioari amaiera eman, agintea erlijioaren arabera partzelatzearizi ez, presoak askatu, oinarrizko zerbitzuak eskaini, giza eskubideak errespetatu... «Gu makurtu, ezta pentsatu ere!». Izan ere, mugimenduaren eskakizun nagusia atzerriko soldadu guztiak herrialdetik joatea da, soldadu horiei edozein izena emanda ere: borrokarako indarrak, segurtasun indarrak, instrukzio laguntzaileak edo mertzenarioak.
Malikiren Gobernuaren erantzuna izugarria izan da: dozenaka manifestari gazte hil ditu, milaka pertsona atxilotu eta jipoitu gero torturatzeko, eta askok heriotza nehatxuak jaso dituzte. Gainera, bere morroiak bidali ditu manifestazioak desegitera. Erregimenaren akolitoak, zarzariya deitzen ditugunak (Siriako shabbihak edo Egiptoko eta Yemengo baltayiak bezalakoak), kamioietan eramaten zituzten manifestazioetara, manifestariei eraso egitera, batez ere emakumezkoei, mobilizazioak desegin nahian.
Abenduko lehen ostiralean, Gobernuko jaun-andreek irakiarren duintasunari eraso egin zioten indar okupatzaileei agur egiteko festa Eremu Berdean antolatuta. Joe Biden AEBetako presidenteordearen aurrean, Yalal Talabani presidente txit agurgarriak opariak eman zizkien AEBetako tropei, Irak inoiz ahaztu ez dezaten. Ematen zuen bisita turistikoa egitera etorri zirela Irakera, ez milioi bat irakiar hiltzera. AEBetako ereserkia hasi zenean, Talabani presidenteak bihotzera eraman zuen eskua.
Maliki eta Talabani
Inbaditzaileen aurrean eskainitako hitzaldian, Talabanik eskerrak eman zizkion estatubatuar herriari. Soldaduei eskatu zien Barack Obama presidenteari eta AEBetako Kongresuari ere goraintziak emateko. Gainera, irakiarrak promes egin zuen Irakek estatubatuarrekin sinatutako akordio guztiak errespetatu egingo dituela burujabetza berreskuratu ondoren. Agintariaren arabera, Irak beti izango da AEBen lagun. Talabanik leialtasun politikoa ere eskaini zien estatubatuarrei lankidetza aro berri horri begira: «Aro horren ezaugarriak eta helburuak bi herrialdeek sinatu dugun Esparru-hitzarmen Estrategikoan finkatu dira. Bada, domumentu hori da gure arteko etorkizuneko harremanen oinarria».
Nuri Al-Malikik ezin zuen onartu Talabani baino leialtasun gutxiagoko politikaria legez agertzea. Esparru-hitzarmen Estrategikoaren bidez etorkizuneko harremanen oinarriak finkatu izanaren garrantzia nabarmendu zuen. Gaineratu zuen Irakek AEBetako instruktoreak behar dituela Irakeko Armada eratu ahal izateko. Hitz horiek oso argi uzten dute Malikik berak eta beste batzuek azken hilabeteotan askotan aipatu dituzten tropen inmunitateari eta estatubatuar instruktoreei buruzko negoziazioak gezur hutsa zirela, benetan sinatutako akordioaren ezaugarriak irakiarrei ezkutatzeko erabilitako gezurra, beraz. Dagoeneko badakigu herrialdean geratuko diren instruktoreak eta tropa guztiak AEBetako Enbaxadaren mende egongo direla eta, beraz, inmunitate diplomatikoa izango dutela.
«Inbaditzailearen porrotaren ostirala» antolatzen ari den batzordeak herritar guztiei dei egin die mobilizazioan parte har dezaten. Gainera, tropa okupatzaileen erretretaren berri ematera etorri diren hedabide irakiar eta arabiar guztiei idatzi bat bidali die, «tropa okupatzaileen erretreta Eremu Berdeko Gobernuaren lanaren emaitza bailitzan aurkez ez dezaten», bestela, erresistentziako heroien lana ezkutatuko dutelako, herrialdea usurpatzaileengandik libratzeko asmoz, martirien odola isurita, ausarki jokatzea oso garesti ordaindu duten erresistentzia kideena, alegia.
Erresistentziarekin segitu
Batzordearen agiriak jakinarazten duenez, erretreta erabatekoa ez bada, gazteek protesta egiten jarraituko dute, soldadu iparamerikar guztiek, edozein izen emanda ere, Iraketik alde egin arte. Eransten dute erresistentziarekin jarraitzeko prest daudela, «Irakeko historiaren aro berri eta erabakigarri honetan». Batzordekideen ustez, behar-beharrezkoa da manifestariekin bat egitea eta «Inbaditzailearen porrotaren ostiraleko» mobilizazioen berri ematea, nahiz eta uste duten hedabide nagusiek ez dutela horrela egingo.
Zailtasun handienen aurrean ere animoari eutsi dioten gazteen irmotasunak eta nekaezintasunak gogora ekartzen dit soldadu okupatzaile batek 2008an bere egunkarian idatzi zuena: «Gure ibilgailuak aparkatu ahal izateko irakiar baten etxea lehertu genuen. Etxea berea zen eta betidanik bere familiarena izan zen. Leherketaren ondoren, handik egun batzuetara, metro askotara sakabanatutako adreilu puskak biltzen aritu zen gizonezko bat: adreilu eta bloke berberak erabili nahi zituen etxea berreraikitzeko».




