-

Txikitatik erakarri izan du sukaldeak. Bertako usainak, joan-etorriak, zaratak... Hemengo sukaldariekin ikasi ondoren maletak egin zituen, 24 urterekin. Munduko hainbat gastronomia eta kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera eman dio bere lanbideak. Eta ez du alferrik galtzen utzi. Erronka berrien bila beti.

Xole Aramendi

2011ko Abenduaren 02a

Amaren eskutik ezagutu zituen herri inguruko jatetxeetako sukaldeak. «Ama zerbitzaria da. 8-10 urterekin asteburuak jatetxeetako sukaldean ematen nituen. Hango usaina... erakarri egin ninduen», gogoratu du.

Berehala jakin zuen zein izango zuen lanbidea Oskar Urzelaik (Deba, 1972). «14 urterekin argi neukan sukaldaria izan nahi nuela. Amak esan zidan gogorra zela, asteburuetan lan egin beharko nuela, baina nik horixe nahi nuen», kontatu du.

Jaioterrian aurkitu dugu. Gustura dabil Debako kaleetan. «Urtero etortzen naiz familiakoak eta lagunak ikustera». Agenda bete-betea dauka atsedenaldian ere. Herritarrek etengabe agurtzen dute elkarrizketa egiten ari garen bitartean.

1989. urtean hasi zen Martin Berasategi sukaldari ezagunarekin Donostiako Bodegón Alejandro jatetxean lanean eta ordudanik ez da gelditu. Berasategi bere maisutzat dauka. Ondoren, Madrilgo Zalacain jatetxea etorri zen. Ostean, Bartzelona, eta, 24 urterekin, Kuba. «Abentura bila joan nintzen, gustukoa ez banuen itzultzekotan», gogoratu du.

Abenturak aurrera egin zuen. Kuban lau urte, beste bi Dominikar Errepublikan... Indonesian lanpostua eskaini zioten, baina eragozpen bat zuen: ingelesez ez zuen hitzik egiten. Ingelesez hitz egiteko gai ez izateak herrialde gehiagotarako bidea ixten ziola ikusita, Londresera jo zuen 1996. urtean. «Jatetxe batean ontziak garbitzen aritu nintzen ingelesa ikasten nuen bitartean», kontatu du.

Beste dei bat. Lanerako gonbita. Helmuga: Singapur. Bertan ingelesa sakondu eta handik Egiptora. Mundu berri bat. «Ez nuen inoiz lanik egin musulmanekin. Singapurren kultura aniztasun handia dago, txinatarrak, indiarrak... Baina Kairon erlijio eta kultura musulmanak ezagutu nituen», esan du.

Asia aldera itzuli nahi izan zuen eta bertan egin ditu azken urteak. Balin hiru urte, Kanbodian urte eta erdi eta Thailandia ondoren. Orain, urtebete darama Jakartan (Indonesia).

Gehienez bi urte egiten ditu toki berean. «Behin epe hori pasata hotelari ezin diozu ezer berririk eskaini. Eta erronka berrien bila hasten naiz», adierazi du, irribarretsu.

Platerak sortzeaz harago, sukaldean ari den lantaldea koordinatzea da bere zeregina. Begiak pizten zaizkio lanaz hizketan hastean. «Orain 150 langile dauzkat. Goizero 15 minutuko training-a eskaintzen diet, oinarrizkoa irakasteko eskola modukoa. Jakiak nola prestatu, osasun kontuak, garbitasuna... denetarik. Garrantzitsua da».

Bilerak ezin ahaztu. Lehenik, hoteleko zuzendaritzarekin. «Hotelari ahalik eta proiekzio handiena ematea da gakoa, inbertsioari etekina ateratzea», azaldu du. Sukaldeko buruekin segidan. «Sail bakoitzeko chef-arekin -janari txinatarra, janari japoniarra, gozogintza- biltzen naiz eguneko plana aztertzeko. Dozena bat pertsona. Beste hotelek zer egiten duten aztertu, produktuen kalitatea egiaztatu... Izan ere, erosketa bolumen handia daukagu», azaldu du. Eta, ordurako, zain izaten ditu hornitzaileak. Bilerak bata bestearen atzetik izaten ditu egunero. Sukaldaritza baino logistika lana da orain debarrarena.

Erritmo bizia

Jakartako erdigunean dago hotela eta negozio gizon-emakumeen joan-etorria etengabea da. «Gure zereginetako bat coffe break-ak prestatzea da, hau da, bileren atsedenaldietarako kafe eta mokaduak. Oporretako hotelak lasaiagoak dira eta han logelek ematen dute diru gehien; aldiz, gurea bezalakoetan, sukaldeak», dio. Bezeroak plater goxoekin erakarriz, hotela ezagutarazteko sustapen kanpainak ere pentsatu behar izaten ditu Urzelaik, urtean lau aldiz.

Sukalde bariatua da. «Badira eseri gabe mokaduen bila datozenak, besteek menu bat nahi dute: nazioarteko menua, italiarra, txinatarra, japoniarra... denetarik daukagu. Nork bere aukera egiten du. Mediterraneoko sukaldea lantzen hastekoak ere bagara orain», azaldu du.

Euskal ukitua ematea ez da erraza, batez ere produktuen eskasiagatik. «Noski, bisigua edo erreboiloa eros ditzakezu, baina kiloa 50 dolar ordaindu behar duzu. Enkargu bereziren bat izan dudanean erosi izan dut, baina garestia da. Gainera, han arraina hezurrik gabe jarri behar duzu platerean, haragi garbia. Eta are garestiagoa ateratzen da. Gainera, ez du zapore handirik. Hemen, itsasoa hotza denez, arrainak koipe gehiago eta zapore handiagoa du».

Urzelairen esanetan, Asiakoa oso dieta orekatua da. «Begira zein argal dauden! Barazki eta fruta asko jaten dute. Arroza ere desberdina da, freskoa. Litro bat arrozentzat litro bat ur behar duzu, kopuru bera. Eta hemen, hiru aldiz gehiago, gehiago xurgatzen duelako. Hemen betekada sentsazioa izaten duzu, baina han ez», kontatu du.

Osasuntsua izateaz gain, diru iturri nagusia ere bada arroza. «Petrolioa bezala da bertakoentzat. Arroza eduki ezean sekulako arazoa izango lukete», gaineratu du Urzelaik.

Vietnamgo sukaldea oso gustukoa du. Thailandiakoa ere bai, nahiz pikanteagoa den. Urzelaik ez du arazorik. «Mexikora joan nintzen ikastaro bat egitera eta ederki ikasi nuen pikantea jaten. Ez da egunero jatekoa, baina.... Sukaldaritza tradizionaleko liburuak erosten ditut, jakiak nola prestatu jakiteko».

Turismo arloko enpresa handienentzat aritu da lanean debarra. Orain bost izarreko hotel batean dago. Tamainarekin bat doa eguneroko jatorduen kopurua. Zifrak ez dira txantxetakoak. «Hilean 70.000-90.000 pertsonak gosaldu, bazkaldu eta afaltzen dute berton», esan du. 420 logela daude hotelean, baina, horrez gain, 2.500 pertsona hartzen dituen batzar areto bat ere badago. «Niretzat errazagoa litzateke 2.000 gonbidatu etorri eta guztiek menu bera izatea, baina gehienetan taldeak izaten dira. Menu bat 300entzat, beste bat 600entzat...», kontatu du.

Menu itxietatik harago, tarteka izaten du sukaldean libreago aritzeko aukerarik ere. «Enbaxadetatik etortzen direnean, ezagutzen nautenez, nire esku uzten dute menua».

Hoteleko batzar aretoan ezkontza ugari ospatzen dira. «Sekulako muntaia da. Zenbat daukaten erakustea gustatzen zaie eta ikustekoak dira daramatzaten diamanteak eta esmeraldak... Toki pobreetan dirua duenak asko dauka! Azkena 1.500 pertsonentzako tarta prestatu genuen. Arrosatan ere zenbat diru gastatu zen...», dio.

Ez du sekula ahaztuko Dominikar Errepublikan hotelean helikopteroentzat zeukaten aparkalekua. «Bezeroak nor bere helikopteroan etortzen ziren Santo Domingotik. Jendeak dirua barra-barra zeukan», esan du Urzelaik.

Kanbodiako herritarrek liluratu dute bereziki. «Jendea ikaragarria da, oso bihotz onekoa -azpimarratu du-. Oso pobreak dira, baina uneoro eskaintzen dizute laguntasuna».

Munduan batetik bestera, txanponaren bi aldeak ikusi ditu. Herritar xehearen bizimodua eta aberatsarena. Lantokian goi mailako herritarrekin izan ohi du harremana, nahiz aisialdian lankide zein bizilagunen konpainiaz gozatzen duen.

Topikoak horrela dio: gutxien daukanak ematen du gehien. Eta egia dela ikusi du. «Behin, Kuban, etxera gonbidatu ninduen lagun batek. Hamabi ginen eta oilasko bat zeukan. Gehiago erosiko nituela esan nionean etxetik botako ninduela erantzun zidan. `Ez zaitut horretarako gonbidatu, nire laguna zarelako baizik', esan zidan -kontatu du-. Beste behin, lau aspirina bakarrik zituen eta guztiak eman zizkion bizilagunari. Hemen bi eman eta beste bi gordetzen ikasi dugu».

Doan tokian egokitzeko eragozpenik ez du. «Zenbat eta kultura gehiago ezagutu, orduan eta errazago moldatzen zara. Seychelleetara eta Zanzibarrera joateko deitu naute, baina uharte txiki batera joaterik ez dut nahi. Bizitza pixka bat duten tokiak nahiago ditut», esan du. Ez daki bizitzak nora eramango duen, baina badaki 24 urterekin Debatik atera zen Oskar eta gaur egungoa ez direla pertsona berdina. «Zuritik beltzera aldatu naiz», argitu du. «`Lehen Mundua' deitutakoan jendea oso materialista da. Denetarik dauka baina ez da zoriontsua. Hemendik kanpo ez daukate ezer baina irribarrea dute aurpegian, ilusioa. Zailtasunak zailtasun aurrera egiten dute», adierazi du.

Beste urtebete baterako kontratua du Jakartan. Momentuz Indonesian jarraitzekoa da. Etorkizunean ez du baztertu jatetxe propioa irekitzerik. Baina ez Euskal Herrian. «Krisia dela eta egoera oso zaila da. Vietnamen edo Kanbodian irekitzea nahiko nuke», adierazi du. Bitartean, erronka berriei atea zabalduko die.