-

2011ko Abenduaren 02a

Kontsumitzaileei hoberena eskaintzeko ilusioz betea datorren eta euskal nekazal belaunaldi honentzat aukerarik hoberena den nekazaritza ekologiko gaztea bultzatzeko parada eman digu GAUR8k. Kontsumitzaileari zuzendutako bi larunbatetik behineko txoko honetan, nekazaritza eta elikadura ekologikoaren alorrak jorratzen joango gara.

Nekazaritza ekologikoaren eragileak garenok, geure aniztasunean bat egiten dugu natura bezala, datozen urteetan, nekazaritza ekologikoak merkatuan eta gizartean, landa eremuan eta herrian bete behar duen izaera iraultzaileari bidea jorratzeko. Lortu dugu banaka-banaka geure lursailean iraultzaileak izaten, baina iritsi da garaia sektore moduan geure hitza eta ekintza gizarteari bere osotasunean erakusteko. Horren isla da Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK).

Zer da nekazaritza ekologikoa?

Nekazaritza ekologiko, biologiko edo organikoa, lurraren emankortasuna eta ekosistemen eta gizakien osasuna mantendu eta indartzen dituzten elikagaiak ekoizteko eredua da. Prozesu ekologikoetan, biodibertsitatean eta lekuan lekuko zikloetan oinarritzen da, kutsadura eragingo luketen kanpo baliabideak baztertuz. Horregatik, nekazaritza ekologikoaren teknikak muzin egiten die ongarri kimikoei, pestizidei, genetikoki eraldaturiko organismoei eta, orokorrean, naturalak ez diren bestelako gai sintetikoei.

Nekazaritza ekologikoak, betiko ohiturak, berrikuntza eta zientzia uztartzen ditu. Guztiok partekatzen dugun ingurumena zaintzen du, bidezko harremanak bultzatzen ditu, bizi kalitatea zentzurik zabalenean hobetzeko lan egiten du.

Elikagai ekologikoen ezaugarriak

- Osasuntsuak eta elikagarriak dira, laboreentzat, ingurumenarentzat, abereentzat zein gizakiontzat egokiak diren lekuetan ekoizten direlako; elikagai erabat orekatuak dira, zaporez beteak.

- Lurraren artisauek ekoizten dituzte, beraien eskulan trebeaz eta lurraren emankortasunaz baliatuz eta inguruneko bizidunekin bat eginda.

- Nekazari eta abeltzain ekologikoak ingurumenaren zaintzaileak dira, aldaketa klimatikoa leuntzen lagunduz, nekazal sistemen eraginkortasun energetikoa hobetuz, biodibertsitatea indartuz eta kutsagai pilaketa murriztuz.

- Eraldaturiko produktuetan osagaien %95ak jatorri ekologikoa dauka, non gehigarrien erabilera oso murritza den.

- Ekoizpen, elaborazio zein merkaturatze lanetan parte hartzen duten pertsona eta enpresa guztiek, beraien lana aparteko ziurtapen entitate batek kontrolatzea onartzen dute.

- Ekoizpen eredu zehatza da, duela 30 urte baino gehiago normalizatua. Europar Batasunaren kasuan, araudi bakarra dago partaide diren estatu guztientzat.

Etiketa ekologikoa

Soilik nekazaritza eredu ekologikotik lortutako elikagaiak merkatura daitezke Ekologiko, Eko, Biologiko, Bio eta Organiko aipamenekin. Nekazaritza Ekologikoaren ezaugarriak Europa guztirako indarrean den 834/2007 (EB) Araudian finkatuta daude, bai ekoizpenari bai etiketatuari dagokionez. Euskadin produktu ekologikoek araudi hori betetzen dutela bermatzen duen kontrol agintea Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua da.

Elikagaion etiketan Europar Batasuneko logotipo ekologikoa -eurohostoa- agertu behar da, eta, horrekin batera, produktuaren benetakotasuna ziurtatu duen entitatearen izena eta kodea. Euskadin ziurtatutako elikagaiek ENEEK erakundearen kodea daramate, ES-ECO-026-VAS. Produktu ontziratuetan logotipoa agertzeak zein ekoizlea eragile ekologikoen erregistroan inskribatuta egoteak produktua era ekologikoan landu (landaketak) edo hazi (animaliak) edota eraldatu (transformatuak) dela bermatzen dute. Kontsumitzaileak izango zarete, zuon aukeraketekin, elikagai ekologikoen geroa bermatuko duzuenok, baserritar eta abeltzainon ahalegina aintzat hartuta, elikagai eta ingurumen ondarea zainduz.