-

Josu Imanol Unanue

2011ko Abenduaren 02a

Orain gutxi, gure herrian, iaz jaiotako umeen eguna ospatu genuen. Bertan, besteak beste, ekintza ezberdinak burutu ziren: eurei idatzitako olerkiak irakurri, pailazo batzuek barreak atera zizkiguten, eta aurkezle on bati esker, jakin genuen zergatik geunden bertan eta 144 jaioberri egon zirela 2010. urtean. Gurasoek irribarrea zeukaten aurpegian, pozgarria baita norberaren haurra altzoan dela, jai batean parte hartzea.

Aldiz, ez dauzkat daturik esateko zenbat herritar hil ziren iaz gure herrian. Badirudi gutxiago izan zirela, baina hala-hola gure herriko Gizarte Ongizateko Udal Patronatuko presidente- ordezkaria naizen heinean, berehala hasi nintzen konparazio txikiak egiten.

Haurrei berehala geure arreta guztia eskaintzen diegun bitartean, zahar asko dira bakardadean bizi dutenak zahartzaroa. Gure atso-aguretxo askoren zainketa konplikatzen zaigunean, azkar hasten gara beraien ardura hartzen. Egia esan, kasu askotan, ondo zainduta egoten dira; horretarako badaude, gainera, etxez etxeko zerbitzua, asistentzia zerbitzu ezberdinak, zaharren egoitzak, eta abar. Zeresanik ez, mediku eta boluntario askoren lana ere hor dago.

Baina, beste asko ere badaude bakarrik eta zaindu barik, eta geure arduragabekeriarekin uzten ditugu bere horretan. Zergatik portatzen gara horrela? Bada, ziurrenik, ez gaudelako prest geure burua ispilu baten aurrean jartzeko eta onartzeko geu ere egoera horretan egon gaitezkeela egunen batean.

Badirudi, haurrei hurbiltzea oso erraza dela, eta zerbaitek erakartzen bagaitu, beraien goxotasuna da. Aldiz, badirudi pertsona zaharrengan ez dugula horrelakorik aurkitzen. Nire ustez, aldiz, pertsona nagusiek daukate oso erakargarriak egiten zaizkidan hainbat balio. Hasteko, daukaten aberastasuna, asko bizi izan dutelako urteen poderioz. Zelan ez, gehienek daukaten malgutasuna, bizitakoak ematen dielako guk behar dugun pazientzia gertakariak aztertzeko lasai eta onartzeko. Baina gehien baloratzen dudana da guganako erakusten dituzten sentimenduak, esango nuke, gehiegi baloratzen dituztela gurekin, gazteagoekin, dauzkaten harremanak. Bestela nola ulertu bizi osoa gu zaintzen eta hezten eman dutenak bakardadean geratzea?

Haur jaioberriei egindako jaialditxoan, gazte asko eta aitxitxe-amuma gutxi egon ziren. Badakit gizajoak ez direla egon behar toki guztietan. Eta esan dudan legez, beraien aldeko balioetatik aparte, beste aldea badaukate: gehienak, zarata eta harrabotsen zaleak ez direla izaten. Esana, jaialditxoan, beraien falta nabaritu nuen.

Konturatu naiz, egungo belaunaldi ezberdinetako pertsonen arteko harremana gaiztotzen doala. Horren harira, bakoitzak aldarrikatzen duela bere espazio propioa. Guztiok gogoratuko gara orain urte gutxi modan jarri zela «zaharra» edota «tio» deitzea nagusiei. Sasoi horretan, zama handi baten legez bizi izan genuen beraien presentzia gure artean. Agian, hortik hasi ginen bakoitza bere espazioa bilatzen eta bestea baztertzen, eta gutxi-gutxika herritarren arteko harremanak adinaren arabera sailkatzen.

Atera kontuak, nire belaunaldikoek, gure herrian, sekula ez diogula «agurea» edo «atsoa» deitu nagusi bati, eta orain aldiz, kasu askotan ohikoa dela horrelakoak entzutea, ez gara bada guztiok zahartuko? Zeren beldur ote gara?

Orain egun gutxi, herriko zaharren egoitza publikoan, zaharren omenez egin zen jai batean, bertan zegoen gure kaleko andre nagusi batekin egon nintzen berbetan. Urte asko zituen eta igartzen zitzaion, gehienbat, aurpegiko ximurretan. Ahots goxoarekin kontatu zidan hainbat istorio polit eta eder; garai bateko gure kaleko bizilagunak izandakoei buruzko hainbat eta hainbat gauza, baita nire familiari buruzkoak ere, nik ez nekizkienak.

Berehala ohartu nintzen gogoko nituela halako gauzak gogoratzea eta eskertzekoa zela zerbait gehiago jakitea. Pazientzia guztiarekin, Begoñak esan zidan bera bertan dagoela beti eta gura nuenean ahal nintzala berarekin geratu... «aspaldi itxi nebazen beharrak, eta ez daukot ezer egiteko, badakizu, zahartxuek lo asko egiten dogula eta itzartute gagozenean gogaituta egoten garala, horregattik daukot denbora guztia gura dabenari daukotena emoteko, esaten dan lez, arraine dauenean jan behar da».

Begoña, bertan utzi nuen, irribarretsu eta pozik , agian une batean ez zelako bakarrik sentitu, baina ni ere ez nintzen bakarrik sentitu. Gainera eskertu nion niri ematea bere denbora eta jakintasuna. Ez dakit nola baloratu berak kontatutakoak, baina ez bazidan esan, egun ez nintzateke garai bateko gertakariekin ohartuko.

Haurrek behar dute beraiei arreta eskaintzea, baina zenbat ikasiko genuke guztiok alboan pertsona nagusi bat izango bagenu!!