HIRIAREN LO(R)ALDIA -

Nagore Amondarain

2011ko Abenduaren 02a

Hegazkinez bidaia bat hasi behar duzunean, hegazkina hartu baino lehen, denbora pasatzen du batek isilik, inorekin hitz egin barik. Azkeneko ikusi dituzun ezagunak, zu ekartzera aireportura etorri direnak, Guardia Zibilaren arkua pasatu baino lehen agurtu dituzu, «botak ere erantzi behar omen ditut, bueno, bueltara arte!» esanez urrutitik. Arkutik pasatzean gaitzik gabeko pertsonak bagina legez igarotzen gara, «onartua», «balio duzu», «reseteatuak» izango bagina legez. Horregatik agian, arkuaren bedeinkazioagatik edo hegazkin batek lurrik gabeko espazio internazional bat ordezkatzen duelako agian, hegazkinera sartzean ez zaigu burutik pasa ere egiten hegazkineko langileek euskaraz jakin behar dutenik ere. Eta beti ibiltzen gara handikeriak egin nahian «good morning» tonurik onenean ahoskatzen. Ez ba, Loiun nago. Egia da Londresera doan hegaldi batean sartu berri naizela, baina nik neurekin eraman beharko dut aireportuan utzi dudan hizkuntza, ezta? Denena eta inorena izan daitekeen aire eremuan «egun on» bat atera zait eta erantzunak harritu eta poztu egin nau: «Egun on zuri ere».

Low Cost hegazkin konpainiak, gainera, agurra gazteleraz eta euskaraz egin digu nire harridurarako. Esan egingo dut: Vueling zen konpainia. Bai, bai, low cost-ean bidaiatzen dugun burges txikiak gara, onar dezagun. Low cost-ean bidaiatu Candem Townen gero poltsikoak husteko.

Etxez aldatu den lagun baten trasladoa izango da bidaiaren zentroa. Esan diot lagunari bi egun daramatzadala haurrik ikusi gabe, ea Londonen ez den umerik sortzen. Hirugarren egunean, etxe aldaketaren aitzakiak Stok Newington auzo lasaira eraman gaitu, uneko auzo trendy-a eta coolhunter-en auzoa. Zer edo zer ikusi badut goizeko hamaiketan, umeak euren kotxetxoetan eta emakumeak kotxeoi tiraka. Horrez gain, umeen arropa dendak, zein jaioberriek behar dituzten denetarikoen denda garestiak. 70eko hamarkadan bizitoki merke eta alternatiboa zena aldatzen ari da; bikote aberatsentzat prestaturiko jatetxe, haurtzaindegi, dendaz josi da. Metroa ere iristen ez den auzo honetan, etxetik lan egiten duten diziplina askotariko ama langileak bizi dira. Bestela ez da ulertzen goizeko ordu horietan dagoen umeen kotxe eta amen joan-etorria.

Auzoko Church Streeten egiten dugu topo lehen aldiz Banksyrekin. Banksy ezizenaren atzean ezkutatzen den grafitigileak Londresen dituen grafitien atzetik abiatu gara, aurrena Internet bidez mapetan arakatu eta gero banaka-banaka kaleetan topatzen. Ez da erraza, Olinpiar Jokoak direla eta asko ezabatu egin dituztelako. Hemen, Donostian, San Telmo museoaren alboan agertu zen Banksyren grafitia bezala. Zinemaldian berari buruzko dokumentala estreinatzen zen sasoian agertu omen zen irudia. Bere grafitien ironiak eta antisistema kutsuak erakarri egiten gaitu eta bere grafitien oroigarriak ekartzen ditugu etxera bueltan, kamisetetan forma hartuta, terako tazetan, markodun argazkietan, arte urbanoa maletetan pilatuta dakargu.

Ezezagun izate horrek edo bere benetako identitatea ezkutatze horrek ez dio eragozpenik jarri artearen munduan antza. Izan ere, bere koadroak 25.000 libratan saltzeraino iritsi da, baita enpresa handientzat lan egiteraino ere.

Eta bai, Banksy bat ezabatu omen zuten orduko Donostiako agintariek. Baina grafiti guztiak ezabatzea irizpide izanik, zergatik mantendu Banksyk egindakoa? Eta mantenduz gero, grafitiaren alde egiteko betetzen ote du artistak koherentzia kuota?

Denok egin dugu hegan noizbait kontraesanen aire eremu librean.