ANALISIA -

Israelgo agintariek 1.027 preso palestinar askatzea erabaki dute orain dela gutxi, erresistentziak harrapatutako soldadu baten askatasunaren truke. Egileak Ekialde Hurbileko testuingurua aztertu du gertatutakoa ulertu nahian.

Aitor Imaz

2011ko Abenduaren 02a

Duela hainbat hilabete, lagun batek eta biok Gaddafik Libian izan beharreko jarreraren inguruko eztabaida izan genuen: boterea utzi aurretik ituna egin behar ote zuen matxinoekin edo erresistentzian trinkotu eta NATOren erasoa izan arren botereari eutsi behar ote zion. Nire lagunak, Gaddafik lehena hautatu ezean, zanpatu egingo zutela zioen. Nik ez nuen hain argi ikusten hori horrela izango zenik, baina denborak lagunari arrazoia eman dio, zer-nolako bortxakeriaz gainera! Lagun berarengana jo dut Shalit Israelgo soldaduaren askatasunaren ingurukoak aztertzera.

Hamasek duela bost urte bahiketa bat egin asmoz burututako ekintza izan zen Shalit soldaduaren atxiloketa. Bost urtez izan du giltzapean, Israelek askatasuna negoziatzea erabaki zuen arte. GARA egunkarian Alberto Pradillak analisirako zenbait elementu eman baditu ere, Israelen egoera deserosoa azpimarratu nahi dugu hemen.

Geoestrategiaren menpe

Israel sarerik gabe geratu dela zioen nire lagunak. Testuingurua nola aldatu zaion ulertzeko, lehenik eta behin iparraldean Turkiak bizi duen aldaketa prozesu sakona aztertu behar dugu. Duela mende bat, Mustafa Kemal Ataturkek Turkia berritua eratu bazuen ere, Turkiak Europaren onespen osorik gabe jarraitzen du. Orain, Erdogan islamistaren Gobernuak badirudi bere diskurtsoa sendotu nahi duela, batez ere Mediterraneoaren ekialdearen gaineko bere nagusitasuna bermatzeko. Iran eta Libiako gatazkekiko jarrera propioa izan du eta ez dugu ahaztu behar Gazaren aurkako blokeoa hautsi nahi zuen Askatasunaren Ontziteriaren aurkako erasoan hildako guztiak turkiarrak izan zirela. Bi estatuen artean gatazka sorrarazi zuen ekimen hark. Turkiak duen indar berrituaren azken adibide gisa, Kofi Annan Donostiako Bake Konferentziara Istanbulen Erdoganekin eta Tony Blairrekin bildu ostean heldu zela oroitu behar dugu.

Hegoaldeari dagokionez, Egipton ematen ari diren aldaketa sakonak errezeloz ikusten ditu Israelek. Agerikoa da Egipto dela Gazaren atzealdea eta Shalit soldadua bertan egon zitekeela gauza jakina zen. Mubaraken ondorengo Egiptoren garapenak sekulako garrantzia du Ekialde Hurbileko oreka hauskorrean.

Azkenik, Israel oso urduri dago Iranek gaitasun nuklearra garatu izanagatik. Berriki, Irango ustezko espioi bat AEBetan atxilotu izanak aitzakia eman du Iranen aurkako erasoaren auzia beste behin ere mahai gainean jartzeko.

Libiako esperientzia

Bide batez, Libian gertatu denak garrantzi itzela du. Afganistango eta Irakeko esperientzien ondoren, AEBetako edota NATOko agintariek nekez lortuko dute haien herritarren babesa soldaduak gatazka lekuetara modu iraunkorrean bidaltzeko. Baina hara non Libian Gaddafi garaitua izan den aire eremuaren kontrola ziurtatuz eta goi mailako espioiak lurrean edukita.

Posible al da estrategia bera Iranen erabiltzea? Batek daki, baina Iranen aurkako balizko erasoa ez da hain pentsaezina gaur egun. Gainera, iduriz, AEBek Iraken 10.000 soldadu inguru uzteko asmoa bazuten ere, Irakeko Gobernuak immunitaterik eman ez dielako ez dira geratuko. Irakek Iranekiko hurbilketa prozesu bat has dezake, eta hori Israelen interesentzat oso kaltegarria litzateke. Mehatxu handia, zalantzarik gabe. Beraz, iparraldean, Israelek diplomatikotzat jo dezakegun arazoa du Turkiarekin, eta, hegoaldean, berriz, Egiptorekin, eta ondoren Iranekin, arazo militarra.

Israelen ahuldadea azaltzen duten beste bi elementu aipatu nahi ditugu. Batetik, munduak bizi duen krisi ekonomiko sistemikoa Israelera ere iritsi da, herritarren haserrea eraginez. Bestetik, Al Fatah eta Hamasen nazio akordioak palestinarrak indartu ditu.

Mahmud Abbas palestinar presidenteak Nazio Batuetan hitz egin ostean munduan egin duen biraren ondoren, inoiz izan duen atxikimendu mailarik handiena du Palestinak, Jasser Arafat presidentea hil zenetik palestinarrak inoiz ez baitira hain batuta egon. Egia da ere Hamasentzat Siriako egoera arazo iturri dela eta palestinar presoen askatasun prozesuan zenbait deserriratze onartu behar izan dituela.

Bake aukera handia?

Ekialde Hurbilean erasoren bat prestatu izan den bakoitzean, Palestina eta Israelen arteko akordioa bilatu izan da.

Hamasek, alde ahulenaren ordezkarietako batek, inteligentzia osoz jokatu du, gatazka asimetrikoetan alde ahulenak duen arma handiena inteligentzia baita. Unean uneko aukerak ahalik eta ondoen baliatzea da ahulenek egin dezaketen gauzarik onena. Horixe egin du Hamasek Shalit soldaduarekin: ahal zuen guztia atera unerik egokienean.

Aipatu ditugun arrazoiengatik, Benjamin Netanyahu lehen ministroak beharra zuen Israelgo egoera sendotzeko edota batasunerako elementu bat bilatzeko. Eta horrek Shalit soldaduaren prezioa nabarmen igotzen zuen.

Soldadu batek normalean izaten duena baino balio askoz handiagoa hartu du Shalit soldaduak: 1.027 preso palestinar. Gertatutakoak negoziazio ezaren paradigma haustea ekarri du, baina egoera oso delikatua zen eta merezi izan die Israelgo belatzei.

Hala ere, Pradillak GARAn esan duen bezala, agian hurrengo gehiegikeriei ekiteko atzerapausoa besterik ez da. Baina gatazken dialektika horrelakoa da: zenbait gatazka itxi, berriak zabaltzeko. Hori bai, batek daki zer gertatuko den, ez baita gure intentzioa etorkizuneko asmakizunetan sartzea. Hala ere, gerta daiteke nazioarteko testuinguruak bultzatuta, Israelek «barne etsaiarekin» akordioa lortu nahi izatea, «kanpoko etsaiari» aurre egin ahal izateko.

Askotariko faktoreak

Munduan askotan ikusi dugun fenomenoa da: batzuetan gatazkak konpontzeko une egokia iritsi dela dirudi, eta, beste une batzuetan, berriz, gatazka berberak guztiz konponezinak direla ematen du.

Gogora dezagun 90eko hamarkadan Osloko prozesua, Irlandako iparraldekoa eta Quebeceko erreferenduma eman zirela. Egun Irak, Afganistan, Libia eta Tunisiako prozesuak bideratu dira; eta batek daki Siria eta Egiptoko prozesuen bideratzeak ere emango ez diren. Edonola ere, argi dago birkokatze prozesu bat jarri dela abian nazioarteko harremanetan. Beraz, presoen elkartrukatzea, bakarra 1.027 gatiburen truke, testuinguru konplexu honetan eman bada, askotariko faktoreek norabide berean indarra egin dutelako izan da.

Eztabaida amaituta nire laguna eta biok etxera bidean gindoazela, Euskal Herriarekiko estrapolazioa egiten hasi ginen, baina, azkenean, hori beste batzuei dagokiela erabaki genuen... Hori bai, palestinar presoen askatasunak Gaza eta Zisjordanian sortutako poz ikaragarria guregana ere iritsiko denaren itxaropenarekin amesten amaitu genuen eguna.

Bruselan frantsesezko eta nederlanderazko azpitituluak jartzen dizkiete pelikulei, biak batera, bata bestearen azpian, eta ondo dabilen sistema dela aitortu beharra daukat, nahiz eta testu dezente agertu pantailan. Hala ere, 3D pelikulen sorrerarekin eta horiek ikusteko erabili behar diren betaurrekoekin, ziur naiz laster (dagoeneko existitzen ez badira) betaurrekoek azpitituluak ikusteko eta hizkuntza erabakitzeko ere balioko dutela.

Eta zertara dator hau guztia? Duela gutxi Donibane Lohizuneko zinema berrian egon naiz, eta zinez diotsuet Harry Potterren aztikeriek ez dutela magia berdina frantsesez...