Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren atarian, tratu txarrak pairatu dituzten emakumeei ezartzen zaizkien babes neurriak eta baliabideak ditugu hizpide. Eurekin lan egiten duten elkarteek argi dute indarrean dagoen protokoloak «hutsuneak" dituela, eta, nolabait, emakumezkoak «urrezko kartzelan" edukitzea dakarrela. Hala ere, aurrerapauso handiak ikusten dituzte.
Amalur Artola
2011ko Azaroaren 18a
Datuak zenbakiak besterik ez dira askotan. Baina, begiratzen dakienak, horien atzean gordetzen dena ikusteko gaitasuna izango du. Hartara konturatuko da, adibidez, teorian emakumeen aurkako biolentzia «gaitzesten» duen gizarte batean bizi bada ere, erasoak jasotzen dituzten emakumeen kopuruak gora egin duela, eta, agian, bere buruari galdetuko dio nola den posible hori, geroz eta prebentzio gehiago, ikastaro gehiago, kanpaina gehiago eta babes neurri gehiago badaude. Ziurrenik, egun martxan den protokoloaren eta babes neurrien eraginkortasuna etorriko zaizkio burura eta huts egiten duen zerbait badela pentsatuko du.
Halako galdera handiak aurrez aurre jartzean, erantzunak bilatzea izaten da zaila, baita egunero biolentzia matxista jasan duten emakumeekin lan egiten dutenentzat ere. Horietako bat da Asier Bilbao psikologoa. Azken hogei urteotan, gisa honetako erasoak pairatu dituzten emakumeak hartu ditu bere kontsultan eta Clara Campoamor elkartearekin aritzen da elkarlanean.
Emakumeek salaketa jarri ostean martxan jartzen den protokoloak ez duela «beharko lukeen bezain ongi funtzionatzen» uste du Bilbaok, «bestela ez bailituzkete horrenbeste hilko». Hala ere, azken urteekin alderatuz, aldaketa esanguratsuak eman direla aipatu du: «Ni honetan hasi nintzenean emakumeek `zer egin behar dut?' galdetzen zioten euren buruari. Ez zeukaten baliabiderik, eta, legalki, kalte psikologikoak ere ez ziren aintzat hartzen, ezta kalte fisikoen maiztasuna ere. Poliziarengana jo, eta, gezurra badirudi ere, zenbait emakume etxera bidaltzen zituzten».
Iritzi berekoak dira Gasteizko Aizan elkarteko kide Marta Gonzalez eta Marian Garcia ere. Elkarte honek hamar urte daramatza jada arlo ezberdinetatik emakumearen aurkako biolentziaren gaia lantzen -emakume taldeak, prebentzioa, ikastetxeetan tailerrak, formazioa...- eta, euren ustez, «arazo hauek senar-emazteen artekotzat hartzen zirenez, emakumeari ez zitzaion burutik pasa ere egiten bere senarra salatzea». Protokoloari begira, hainbat zerbitzu publiko «primeran» jasotzen dituela uste dute, baina zertan hobetua badagoela diote. «Askotan, salaketa jarri eta gizona ziegetara eramaten dute, baina gehienez ere astebete egoten dira bertan. Eta, zer gertatzen da gero? Kasu larrienetan emakumeari babes neurriak ezartzen zaizkiola, baina gizonari ez; erasotzailea aske dago».
Lupa emakumearengan
Ohi denez, datuek aurrekoen esanak baieztatzen dituzte: Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendaritzak argitaratutako datuen arabera, 2011ko lehen sei hilabeteetan 1.952 emakumek 2.357 eraso salatu zituzten, erasoen %77 biktimaren bikotekideak edo bikotekide ohiak egin zituen, 46 emakumek zuten eskolten bidezko etengabeko zaintza eta 242 emakumek zuten «Bortza» sakelako telefonoa. Hori guztia sei hilabetetan. Urte hasieratik azarora bitartean, berriz, bost emakume erail dituzte Euskal Herrian.
Errealitate horren aurrean, gizarte matxista batean bizi garela eta «lupa emakumearen gainean» jarrita dugula ziurtatu dute Aizaneko kideek: «Emakumea da zentro batera joan behar duena, programak berari zuzentzen zaizkio, bera da bere ohiko lagunartetik atera behar duena, etengabeko zainketa behar duena... Hori da guk oso ondo ulertzen ez duguna. Zergatik da emakumea ezkutatu behar duena?». Bilbaok ere ondo ulertzen du salaketa hori: Ertzaintzaren «Bortza» telefonoa daramaten pazienteak, maiztasun jakin batekin patruila auto batek «zaintzen» dituenak, bizkartzainak dituztenak eta euren erasotzaileei urruntze aginduak ezarri zaizkienak hartzen ditu kontsultan. «Kontuan hartu behar dugu, legearen arabera, sententzia atera bitartean gizonezkoa beste edozein bezain libre dela, eta, beraz, berebizikoa dela babes neurriak hartzea. Baina, irudika ezazu: parke bateko eserlekuan zaude eserita eta tratu txarrak eman dizkizun hori zugana datorrela ikusten duzu. Sakelakoa ateratzen duzu eta deitu egiten duzu, baina... nor iritsiko da lehenago, patruila bat ala gizonezkoa? Eta hori -jarraitu du- deitzea lortzen baduzu... Une horiek beldurrezko filmen parekoak dira; ez duzu atea irekitzea edo giltza autoko kontaktuan sartzea lortzen, oso urduri zaudelako... Ba horixe». Hala ere, urruntze aginduen eraginkortasuna handia dela dio: «Argi dago zerbait egin beharra dagoela, emakumeak hil egiten dituztelako, baina urruntze aginduak gutxi batzuen kasuan izan dira alferrikakoak».
Bizkartzain «ezerosoak»
2010eko urte amaieran 19 ziren eskolta zeramaten emakumeak; aurtengo ekainaren 30ean 46 emakumek zuten bizkartzaina. ETAren adierazpenaren ostean 52ra igo zen kopurua, eta, berriki, «terrorismoaren aurkako borrokan» ziharduten 135 ertzain biolentzia matxista pairatu duten emakumeak «zaintzen» jarri dituela adierazi zuen Barne Sailak. Kontu horrengatik galdetuta, Aizanetik azaldu dute bizkartzaina «kasu larrienetan soilik» jartzen dela, eta, euren aburuz, emakumeen babesa «beste era batera» ziurtatu beharko litzatekeela. «Bere senarrak sozialki isolatuta zeukan emakume bat izan genuen behin -kontatu dute-. Bizkartzaina jarri zioten, eta berak esaten zuen ezagutzen ez zuen gizon bat etengabe atzetik jarraika edukitzea oso gogorra egiten zitzaiola, berriro ere lagunak galtzen ari zela, bazituela bizkartzainaren eraginez berarekin kafe bat hartzeari uko egiten zioten lagunak... Azkenean, emakumearen larruan jartzea da; zuk etengabeko zaintza duzu eta bera aske dago».
Alderdi psikologikotik, neurriak alde positibo zein negatiboak dituela dio Bilbaok. «Ez dira eroso egoten eta batzuek aipatzen didate ea zergatik eraman behar duten beraiek bizkartzaina eta ez euren erasotzaileek, edo zergatik joan behar duten beraiek babesleku batera. Zenbaiti segurtasun sentsazioa ematen badie ere, orokorrean euren lagunartetik irteten direla sentitzen dute neurri hauekin: ezin diot inori esan non nagoen, ezin dut nire gertuko jendearekin hitz egin... Urrezko kartzela batean daude euren erasotzailea aske dagoen bitartean».
Zentzu horretan, psikologoak argi eta garbi ikusten du bi interes kontrajarri daudela: kontrakoa frogatu artean errugabe garela dioen printzipioa eta arrisku egoeran dagoen pertsona babesteko beharra. «Zaila da horiek biak uztartzea -dio Bilbaok-, eta, azkenean, emakumeari babes gehiago ematea erabakitzen da». Horrek, Bilbaoren zein Aizaneko kideen hitzetan, emakumearen «bigarren biktimizazio» batera garamatza. «Guk -diote Aizanetik- askotan esaten dugu arrisku egoeran dagoen emakumeari babesa eskaintzea ezinbestekoa dela, baina agian gizonezkoa da 24 orduz zaindu beharko luketena, ez emakumea, honekin emakumearen berbiktimizazioa ematen baita; zure etxetik alde egin behar izan duzu eta gainera zu zara zaintzapean egon behar duena, gauza batzuk ez dira oso ondo ulertzen».
Formazio berezitua
Orokorrean kosta egiten da salaketa jartzeko erabakia hartzea. Askok urteak eman ditzakete tratu txar psikologiko zein fisikoak pairatzen. Eta, salaketa jartzeko erabakia hartzean, emakumea urduri, beldurrez, askotan negar malkotan, jipoien bat jaso berritan edota gertatuko zaionaren arrastorik ez duela joaten da salaketa jartzera. Egoera animiko horrekin salaketa jartzera doanak tratu berezitua jaso beharko lukeela uste dute Aizaneko kideek: «Lege Integrala atera zenean, kritika nagusienetakoa tratuaren hoztasuna izan zen. Emakumeak hartzen dituenak sentsibilitatea behar duela argi dago eta egia da asko hobetu dela, baina arlo profesionalean asko dago egiteko. Askotan, ez baduzu biolentziaren zirkulua edo emakume horri gertatzen ari zaiona ezagutzen, ez duzu esaten duena ulertuko. Askotan entzutea besterik ez da, baina maiz ez dugu horretarako denborarik, eta, zenbaitetan, jendea tratatzen dugun bezala tratatzen dugu... Egun badaude talde berezituak, eta nik uste horiek sentsibilizatuta daudela».
Gauza bera uste du Bilbaok: «Guardia Zibilak, adibidez, baditu gai honetan zein adin txikikoen arloan adituak diren taldeak, baina Ertzaintzan sekula ez da halakorik egin nahi izan», salatu du. «Egia da orain dela urte batzuk genero biolentzia kasuetan esku hartzeko talde berezia sortu zutela Deustun, oraindik ere martxan dagoena eta bikain aritzen dena. Baina zerbait ia esperimentala izan zen», azaldu du. Talde horren parekorik ez omen dago beste herrietan, eta, hartara, salaketa jartzera doan emakumeak aurki dezakeenaz mintzatu da psikologoa: «Agian hartu zaituen ertzainari gutxi falta zaio bere txanda amaitzeko eta nekatua dago, edo, nork daki, agian berak ere tratu txarrak pairatu edo ikusi ditu bere etxean, agian bere aitak amari aurpegia nola txikitzen zion ikusi du, eta ez du nahi edo ez da gauza salaketa jartzera pot eginda doan emakumearen deklarazioa jasotzeko». Hortik formakuntza berezituaren beharra: «Emakume hauek hartzen dituen pertsonak, lehenik eta behin, formakuntza berezitua jasotzeko interesa eduki beharko luke, aldagai psikologiko jakin batzuk, entzute aktiboan trebetasuna... Eta hori, Ertzaintzan, ez da egin».
Arkauten emakumeen aurkako indarkeriaren gaineko «birziklatze ikastaroak» soilik ematen direla esan eta hori «akats larria» dela agertu du, «denek ez dutelako ikastaro hau jaso nahi eta badagoelako honi aurre egiteko gauza ez denik».
Hala ere, Bilbaok adierazi du arreta polizialak orokorrean onera egin duela. Lehen «polizia-etxean gaizki hartua sentitu naiz» edo «esperientzia beldurgarria izan da» bezalako esaldiak «askoz gehiago» entzuten zituen; orain, aldiz, «gutxiengoa» dira horrelako kasuak.
Oinarritik landu
Aipatutako guztiarekin, Aizanetik arazoa oinarritik lantzearen alde egiten dute: «Larrialdi egoeran dauden emakumeak hartzeaz gainera, planteamendu globalago bat eduki behar dugu, zer egiten ari garen galdetu behar diogu gure buruari. Esaterako, Lege Integralean aipatzen da ikastetxeetan hezkuntza eta prebentzioa lantzeko bitartekoak jarri behar direla eta hori oso gutxi egiten da. Eta hor dago etorkizuna, haurrengan. Kontuan hartu behar dugu ere -jarraitu dute- salaketarik jartzen ez duten emakumeak daudela, baita salaketa jartzea burutik pasatu ere egiten ez zaien emakume asko ere. Horiekin ere zerbait egin beharra dago».
Zentzu horretan, eta hasiera batean bitxia suerta badaiteke ere, zenbait kasutan salaketa jartzea atzeratzeko aholkatu duela adierazi du Bilbaok: «Adibidez, hiru urte badaramatzazu horrela, hilabete baten gorabeherak ez du ezer aldatuko», esan du. Eta, hala, biolentzia matxista pairatzen ari den emakumeak jarraitu beharko lituzkeen pausoak azaldu ditu: «Lehen gauza arriskua baloratzea da, segurtasuna berebizikoa da. Laguntza eman diezazukeen jendea bilatu behar duzu, aterperen bat lortu... hori da garrantzitsuena. Behin hori lotua duzula, bigarren gauza aurrera egiteko aukera bat duzula pentsatzea da, hau da, aldatuko dela zin egin badit ere, maitemindu nintzen gizona ikusteko gai naizen tarteak badaude ere, hori ez dela erreala eta egoerak ez duela onera egingo pentsatu behar da, eta salatzea dela irtenbide bakarra».
Psikologoak argi du biolentzia matxista erabiltzen duen gizonezkoak ez duela sekula bere bikotea utziko, izan ere, «horren ezgauza bazara, horren emagaldua, ez badakizu janaria prestatzen, ez larrutan egiten, ez seme-alabak zaintzen... Zergatik dago zurekin? Zergatik ez zaitu uzten?». Erasotzailek emakumea «gauza» bilakatzen ahalegintzen direla uste du, beraiena soilik den objektu kutun bat: «Gustatzen zaiena umiliatzea delako, ez besterik, eta, horregatik, eurek horrenbeste balio ematen dieten `gauza' hori galtzen dutenean, gaizki hartzen dute, eta, kasu larrienetan, euren bikotea hiltzera irits litezke». Erailketa horiek banandu osteko lehen hiru hilabeteetan eman ohi direla azaldu du, eta, zenbat eta denbora gehiago igaro, arriskua murrizten doala.
Salaketa jartzen duten emakume gehienek euren bizitza berregitea lortzen dutela ere baieztatu du Bilbaok. Horregatik, egoera honetan aurkitzen diren emakumeei mezu garbia bidali die: «Lehenik eta behin, egoerak ez duela onera egingo argi eduki behar da. Gero, pentsatu behar da baietz, zenbait arrisku pasa beharko direla, baina emakume gehienek aurrera egiten dutela, bere bizitza berregiten dutela eta garai batean izan ziren emakumeak izatera bueltatzen direla. Gogorra izango da -jarraitu du-, baina hobeto egoteko eta beren burua berreskuratzeko bide bat bezala ikusi behar dute. Hanka apurtzen duzunean ebakuntza behar duzula esaten badizute, ebakuntza eginez gero hobera egingo duzu, baina, ez badizute egiten, sekula ez zara berriz ibiliko. Ebakuntzak beldurra ematen dizu, gero errehabilitazioa dator... baina, ondo egotera itzuli nahi baduzu, une horiek ere igaro behar dituzu».
KOMUNIKABIDEEN «ARDURAGABEKERIA» ETA «TIPO JATOR» GISA AGERTZEN DIREN ERASOTZAILEAK
Albistegietan, maiztasun beldurgarri batekin aditzen ditugu erail edota jipoiak jaso dituzten emakumeen kasuak. Komunikabideek, ordea, maiz «arduragabekeriaz» eta «benetan gaizki» zabaltzen dute gertakaria, Clara Campoamor erakundearekin elkarlanean aritzen den Asier Bilbao psikologoaren ustez. «Esaten den bakarra zera da: ‘Gaur, babes agindua zeukan emakume bat erail dute’. Ni ez nago horren aurka, ezta urteko zenbat emakume hiltzen dituzten azaltzearen aurka ere, kopurua izugarria delako, baina, zenbat dira pairatzen ari diren egoera salatu edo ez euren bizitza berreskuratu eta gizartean integratzea lortu duten emakumezkoak?», galdegin du.
Alde horretatik, komunikabideek gizartean, eta, bereziki, egoera honen parte diren pertsonengan, izan dezaketen eragina bortitza izan daitekeela aipatu du. Emakumeen kasuan, «andre bat eraso eta hil dutela edota bere bikotekideak erailko duen beldurrez gordeta dagoela soilik esaten badugu, normala da egoera hori pairatzen ari direnek salatzeko beldurra izatea».
Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako berriak jorratzeko eran «hobetzeko asko» dagoela garbi izateaz gain, erabiltzen diren adierazpenek zenbaitetan izoztuta uzten dutela ere ziurtatu du: «Joaten dira kamerak emakume bat erail duten lekura eta bizilagunek ‘tipo jatorra, langilea eta bizilagun ona’ dela diote... Nola ‘tipo jatorra’ dela? Noski ez duela ez adarrik ez isatsik, baina bere emaztea hil du, eta ez egun horretan umore makalarekin jaiki delako...». Gertakariok «urtetako tratu txarren ondorio» izaten direla azpimarratu du Bilbaok, eta, hartara, komunikabideek ez luketela horrelako adierazpenik eman behar. «Ez da onargarria telebistan edota egunkari batean ‘tipo ikaragarri jatorra’ zela esatea, baina beti izaten dira horrelako adierazpenak. ‘Kalean ikaragarri jatorra zen’, ‘emaztearekin paseatzera irten ohi zen’, ‘besotik heltzen zion’, ‘polit jartzeko esaten zion’... eta, gero, etxera joan eta aurpegia ubelduraz josita uzten zion norbaiti irribarre egiteagatik! Etxetik kanpo denak gara oso jatorrak», nabarmendu du.
Biolentzia matxistaren biktima izan diren emakumeekin askotan hitz egin du Asier Bilbaok komunikabideen gaiaz, eta, emakumeon iritziz, «arinkeria» gehiegiz jokatzen da: «Gizarteari begira arinkeriaz eta utzikeriaz jokatzen dela uste dute gehienek, horrelako kasuei bozgorailua ematen zaielako. Hori umiliagarria da benetako biktima batentzat».
Umiliagarria eta baita arriskutsua ere, Bilbaoren ikuspegitik. Izan ere, geroz eta arau legal gehiago badaude, kontzientzia maila handiagotzen ari bada, emakumeen bitarteko gehiago badituzte, prebentzioa lantzen bada, eta, orokorrean, biolentzia matxistari aurre egiteko errekurtso gehiago badaude, nola da posible gizonezkoen eskuetan hiltzen diren emakumeen kopuruak gora egitea? «Paradoxa hutsa da –dio Bilbaok–, alderantziz izan beharko lukeelako. Arrazoiaren gainean iritzi asko daude –jarraitu du–, esaterako, batzuk ‘kopia efektuaz’ hitz egiten dute: euren buruaz beste egiten dutenen kasuan bezala; tratu txarrak ematen dituen pertsona bat halako zerbait egin edo ez pentsatzen ari bada eta kritika gabezi hori jasotzen badu, buruan duena egingo du». Beste batzuek, erasotzaileek jasotzen duten mezuan jarria dute arreta: «Bizilagun batek ‘tipo jatorra’ dela esaten badu, nire bikoteak utzi banau eta ni albiste hori ikusten ari banaiz, agian pentsa dezaket: ‘Ba agian jendeak ez du horren gaizki ikusten, ze begira ze ondo egiten duten hitz tipo horretaz...’. Zentzu horretan, komunikabideek duten erantzukizuna handia dela uste dut», amaitu du psikologoak.




