Gazteen artean erabilpena bultzatu eta kalitatea hobetzeko ekimenak abian dira Zumaian eta Azpeitian
Hitanoaren erabilpenak behera egin du, baita kalitateak ere, noka ia desagertzeraino. Eta gazteenganako transmisioan etena dago. Hori ikusita, Zumaiako eta Azpeitiko udalak, Mintzola Fundazioarekin elkarlanean, egitasmo bana ari dira lantzen, hitanoa gazteen artean sustatu nahian. Hezkuntza arlotik abiatu dira.
Xole Aramendi
2011ko Maiatzaren 27a
Nik hika, hik zergatik ez?», edo «Neskei aizan, mutilei aizak!» bezalakoak irakur daitezke Zumaiako hainbat eraikin publikotan. Herritarrak hitanoa erabiltzera bultzatuz ikasleek egindako kartelak dira. Izan ere, hitanoak bizi duen egoera ez da onegia: gero eta gutxiago hitz egiten da, kalitatea ere jaitsiz doa eta gurasoek seme-alabei ez diete transmititzen. «Transmisio etena ikaragarrizkoa izan da, euskararena izan den bezala. Kasu askotan belaunaldi batetik bestera ez da pasa. Joerak ere garbiak dira: toka -mutilarena- egiten da, baina noka -neskarena- maldan behera doa. Neskak neskari ez dio horrenbeste egiten, eta, mutilak neskari, ere ez. Eta, egiten dionean, toka erabiltzen du», azaldu du Josune Zabalak, Mintzolako zuzendariak. Arau aldaketak ere nabariak dira. «Lehen oso jakinekoak zirenak orain lausotzen ari dira», gaineratu du.
Aurrez hainbat saiakera egin izan dira, fruiturik gabe. Azkenean, Zumaiako Udalaren, ikastetxeen eta Mintzola Fundazioaren arteko elkarlanak lehen emaitzak eman ditu eta hitanoa hezkuntza arautuan lantzeko material didaktikoa prestatzen ari dira. Udalak hezkuntza sistema aukeratu du abiapuntu bezala, «herriko gazte guztiak gertu izango dituen eremua delako. Izan zitekeen aisialdia ere, lagunarteko giroari lotua dagoelako hitanoaren erabilpena, baina hezkuntzaren aldeko hautua egin zuten», azaldu du Zabalak.
Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2.era arteko ikasleei zuzenduta dago materiala, hika edo zuka hitz egiteko erabakia 10 urte inguruko adinean hartzen baita.
Mintzolako Maitane Ayerza teknikariak bideratu du egitasmoa Udaleko eta ikastetxeetako ordezkariekin elkarlanean. «Liburua edo CD-ROMa, zer egin erabaki behar genuen, eta, azkenean, webgunearen aldeko apustua egin genuen. Erakargarria izateaz gain, ariketetan aldaketak sartu nahi izanez gero aukera emango ligukeelako -kontatu du-. Ondoren, material didaktikoen diseinua egin genuen. Ahalik eta era dibertigarrienean gerturatu nahi diegu hitanoa».
Bit & Mina enpresa arduratu da diseinuaz. Ikasle txikienek Klax karramarro ikerlaria dute bidelagun hitanoa ikasteko bidean; handienek, berriz, Karrami. «Material didaktikoak ludikoa izan nahi du, baina ez da joko desberdinen batuketa bat. Ikasleen artean norgehiagokarik ez genuen sortu nahi. Zentzua daukan eta jarraikorra den materiala sortu nahi genuen», adierazi du Zabalak.
«Materiala Zumaiari oso lotua egon zedin nahi genuen. Ez dugu landu Zumaiako hitanoa, baina bertatik abiatu gara. Ondorioz, ikus-entzunezko asko herriari lotutakoak dira», argitu du Mintzolako zuzendariak.
Hezkuntza arautuaren eremuan landuko denez, zalantzak izan dituzte ikasleei ikasitakoaz ebaluazio zenbakiturik egin ala ez. Azkenean, ezezkoan geratu dira. Zumaiakoa gisa honetako lehen esperientzia da. «Hitanoa inoiz ez da landu eskolan eta ez daukagu erreferentziarik. Orain arte sortu den materiala ez da hain adin txikietarako».
Webgune berezia sortu dute
Proiektuak ikasleak herritarrekin harremanetan jarri ditu, aurreko belaunaldiek hitanoa nola erabiltzen duten aurrez aurre ikus dezaten. «Horrez gain, herrian zehar komunikazio kanpaina egin zuten hitanoa indartzeko. Leloak sortu, jendea animatuz kartelak jarri...-kontatu dute-. Aditz taulak badaude, baina guk ez genuen horretara mugatu nahi. Aditzak ikasi bai, baina testuinguru batean, harremanak sortuz». Webgune berezia sortu zen materiala eskegitzeko, orain Fundazioaren webgunean (www.mintzola.com) zintzilik dagoena. Dagoeneko erabilgarri dago, nahiz oraindik lanean jarraitzen duten. «Edozeinek bertara sartu eta jolas egiteko aukera dauka, baina aparteko lanketa ikastetxeetako irakasle-ikasleen esku dago. Materiala sortu dugu, eta, orain, aldiz, probatzen ari gara aldatu beharreko ezer dagoen ikusteko. Ekaina bitartean lau sekuentzia probatuko ditugu eta datorren ikasturtean beste hainbeste; zortziak jada esekita daude Mintzolaren webgunean».
Zumaiako eta Oikiako hiru ikastetxeetan ari dira proiektua garatzen; irakasleek formakuntza jaso dute aurrez. «Proposamena jaso duten ikastetxe guztiek bat egin dute. Irakasle batzuk beldur ziren. `Nik ez dut hitanoa egiten, nola irakatsiko dut?' galdetzen zuten hasieran, baina, gero, bidean, motibatu egin dira eta oso gustura daude orain», azaldu dute.
Zumaiako egitasmoari jarraiki, Azpeitian bertan ere lehen pausuak ematen ari dira. «Zumaiako proiektuaren berri izan dute, kezka bera zuten eta materiala sortzea eskatu digute. Azpeitian hitanoa asko erabiltzen da, bizirik dago, baina joera batzuk zuzentzea edo egoki irakastea falta da», esan du Zabalak.
Momentuz bi herri dira hitanoa berpizteko ahaleginetan ari direnak. Egitasmo interesgarria delakoan dago Josune Zabala. «Guretzat garrantzitsua da hezkuntza arautuaren barruan, orain arte ez bezala, ahozkotasuna lantzen delako; orain artean aztertu gabeko erregistroa zen hitanoa», dio.
Zumaian aspalditik dator hitanoarekiko kezka. Euskara Aholku Batzordearen eta Eskola Kontseiluaren barruan urteetan egin da gogoeta eta kezka horrek bultzatuta jo zuten Mintzola Fundaziora Josune Herrartek eta Xabier Azkuek, Zumaiako Udaleko euskara teknikariek. 2009ko udazkena zen.
«Hitanoa Zumaian» lana
Azkuek gertutik ezagutzen zuen hitanoak bizi duen egoera. Izan ere, 1998 eta 1999 artean «Hitanoa Zumaian» izeneko lana egin zuen Udalak emandako beka bati esker. Hizkuntz erregistro honi buruz egin zen lehenengo azterketa espezifikoa da. «Ordura arte ateratako argitalpenetan hitanoaren formak tauletan jasotzen ziren, baina ez zegoen azterketa berezirik».
Batetik, zein aditz forma erabiltzen ziren aztertu zuen, haiekin taulak osatzeko. Bestetik, hitanoaren egoera aztertu zuen, arrazoiak ikusi eta haien araberako diagnostikoa osatuz.
Azterketa egiteko hainbat herritar elkarrizketatu zituen eta berehala ohartu zen hitanoak beheranzko bidea hartua zuela. «Erabilpenari dagokionez, grafikoetan ikusten zen transmisioa jaitsi egin zela. Kalitateari dagokionez, berriz, akats batzuk nabarmenak zirela ikusi nuen, eta ohitura batzuk ere bai. Baserri giroan senideen artean egiten zen, baina seme-alabei ez, esaterako; Oikia aldean hitanoa erabiltzen zen, baina Zumaian ez; koadrilan mutilen artean bai, baina nesken artean ez. Joera batzuk oso argi ikusten ziren», gogoratu du.
Lanak liburuxka batean argia ikusi zuen eta hartan geratu zen. «Hutsunea detektatu zen, baina ez zitzaion arazoari heldu, horretarako zer egin zehaztu behar zen hasteko, eta, ondoren, baliabideak eduki», dio.
Bere esanetan, «lehen pausua hezkuntzan eman da, baina beharrezkoa da zabaltzea, kirol edo aisialdi arloetara, esaterako. Edo familia transmisiora. Oso txikiak direnean agian ez, baina adin batetik aurrera aukera egokia da hika aritzea, modu naturalean jasoko dutelako, ez eskolan unitate batzuen bitartez bakarrik. Hortik hasi gara, baina ez du esan nahi horrekin bakarrik konponduko denik».
Hitanoak urte luzez izan duen prestigio txarraren eragina nabaria da transmisioaren galeran. «Nik uste baino prestigio askoz txarragoa zuen. Elkarrizketak egitera joandakoan sumatzen nuen harritu egiten zirela. `Zertara hator horrelako kontu sastarrez hitz egitera?' pentsatuko balute bezala. Lagunartean erabiltzekoa bai, baina uste zuten ez zela transmititzeko modukoa».
Azkuek alboan du Feli Uria. Baiezkoa dio buruaz. Zarauztarra, Zumaian bizi da aspalditik. 30 urtez aritu da irakaskuntzan, horietatik 25 Oikian. «Duela hogei bat urte, gogoan dut baten batzuk hizkuntza zatarra zela esanez etorri zirela eskolara», gogoratu du.
Hizkuntza trakesten ikusi du. «Erabilpenean ez dut hainbeste nabaritu, nik eskolan adin txikiko haurrak nituen eta. Kontuan izan baserrietan ez zitzaiela hika jaiotzetik egiten, laneko ardurak hartzeko adinera iristean baizik», esan du Uriak. Gogoan du bertara iritsi zenean ikasleen gurasoak hika zuzentzen zitzaizkiola. «Nire aurretik gazteleraz egiten zuen maestra egon zen. 30 urteren bueltan nenbilen, eta adin bertsukoak ziren amak. Haiek hika egiten zidaten. Eta nik ondo hartzen nuen. Aldiz, hurrengo guraso belaunaldiak ez zidan hika egin», dio. «Ikastolen sorreraren garaian, andereñoak euren artean hika egiten hasi ziren. Eskola publikoan, berriz, euskaldun berriak iristean aldatu egin zen eta gaur egun galdu egin da», esan du.
Feli hika aritzen da etxean zein lagun giroan. Txikitan etxean entzuten zuen, nahiz senideek hasieran ez egin. «Gure etxean amak, haserretzen zenean, hika egiten zigun. Baina beste egoera batzuetan, aholkuren bat ematerakoan, adibidez, zuka. Erregistro aldaketak ematen ziren. Guk zerbait entzuten genuen hika etxean, aitak ere egingo zigun seguruenik, nahiz ez dudan gogoan».
Seme-alabei jaiotzetik hika
Bere seme-alabei hika jaiotzetik egin die. «Hasieratik egin behar niela uste izan nuen. Pentsatu nuen gero zaila egingo zitzaidala zukatik hikara pasatzea», kontatu du.
Zazpi anaia-arreben artean gazteena da Feli. «Ni gaztea nintzela ahizpon artean gazteleraz egiten genuen. Eskolan eta kalean dena erdaraz egiten zen Zarautzen... Une batean gure aldetik kontzientzia hartze bat izan genuen, eta anaia zaharrenak etxean hitanoa erabili behar genuela esan zuen. Eta hika egiten hasi ginen», gogoratu du.
Garai hartan mutil koadrilak entzuten zituen hika. «Zarautzen mutilei entzuten nien hika egiten, neskei ez».
Adin erabakigarria zuen Felik hika egiten hasi ala ez erabakia hartzeko. «Nik 14-15 urte izango nituen eta anaia zaharrenak 28 inguru. Hari hika egiten hasi nintzaion eta gogoratzen dut berak harrituta begiratu ninduela. Baina horrela jarraitu genuen. Nire anaia bikiak ez zion egin eta gaur egun ere zuka egiten jarraitzen dute. Gainontzeko guztiak hika aritzen gara gure artean», gaineratu du.
Azkueren esanetan, «senideen artean, adin tarte handia dagoenean, kosta egiten da hika egitea. Seme-alaba batek gurasoei egitearen modukoa da. Hori lehen onartu ezinezkoa zen, senar-emazteen artean gertatzen den bezala, nahiz gaur egun gauzak aldatzen ari diren. Bada horren bidez beste modu batera ezingo lukeen gertutasuna lortuko duelakoan onartu egiten duenik».
Izan ere, konfiantza handia erakusten duen hizkuntz erregistroa da hitanoa. «Aspaldiko lagun batekin elkartzen naizenean hika eginez hobeto sentitzen naiz, txikitan geneukan lotura berreskuratzen laguntzen dit», aitortu du Uriak.
Garaiak aldatuz
Betidanik indarrean izan diren arauen berri ematearen aldekoak dira biak, nahiz garaiak aldatzen ari diren. «Nik uste arauak azaldu egin behar zaizkiela gazteei, baina debekuak direnik ez nuke esango», dio Azkuek.
«Guraso eta seme-alaben arteko harreman estiloa ere aldatu egin denez, malgutasuna beharrezkoa da, nahiz niri belarrira min egin», gaineratu du Uriak.
Azkuek jarraitu du: «Banuen lankide bat adinez zaharragoa, zuka egiten niona. Berak hika egiteko eskatu zidan eta kasu hartan egiten nion, baimena eman zidalako. Lankide mailako tratua eta konfiantza geneukan, baina bestela kosta egiten zait. Berak esan ezean niri zuka ateratzen zait ni baino zaharragoekin, nahiz eurek hika egin. Dena den, ezagutzen ditut libre hartu eta hika aritzen direnak».
Uria Zarautzen eszena bitxiak ikusitakoa da. «Oikiatik Zarauzko Orokieta ikastetxe publikora pasa nintzenean, duela bospasei urte, ikastola publifikatu-ez publifikatu eztabaida hartan parte hartu zutenen seme-alabak tokatu zitzaizkidan. Guraso euskaldun batzuk haurrak ikastolatik atera eta publikora eraman zituzten, eskola publiko euskaldunaren alde eginez. Harrigarria bada ere, Guardia Zibilen haurrak ere hika aritzen ziren jolastokian. Felix Etxeberria (Pedagogian katedraduna) ikerketa lan bat egitera etorri zen eta talde hura ikusita guztiz harrituta geratu zen. Baina argi esan nion hura oso egoera eta garai berezia zela».




