Ezezagun izatetik milaka pertsonen aurrean agertzera pasa da Ainhoa Moiua astebetean. 22.000 pertsonatik gora dira sare sozialen bidez Zea Maysen «Negua joan da ta" abestia zeinu hizkuntzan adierazten ikusi eta bere interpretazioaz gozatu dutenak. Musika taldeak zein berak gorren hizkuntzaren normalizazioaren aldeko apustua egin dute eta pozik jaso dute bideoklipak izan duen oihartzuna.
Xole Aramendi
2011ko Martxoaren 25a
B ideoklipean agertzen duen indar bera transmititzen du Ainhoa Moiuak hizketan ere. Asko harritu dira «Negua joan da ta» kantuaren esanahia zein modu berezian espresatzen duen ikusita. Sare sozialak begiratzea besterik ez dago. «Azaldu ezinezko zirrara sortzen dit», dio bisitari batek; «Behin eta berriz ikusteko gogoa ez zait itzaltzen», beste batek; «Nolako komunikazio gaitasuna duen Ainhoak», hirugarren batek.
Ezustean harrapatu du Ainhoa Moiua (Beasain, 1982), baina pozik dago jasotako erantzunarekin. Bere errutina hankaz gora jarri dugu kazetariok, baina esperientziaz hitz egiteko prest dago, nahiz arraroa egiten zaion. «Besteen hitzak itzultzera ohituta nago, baina ez inork niri egindako galderak erantzutera», argitu du. Izan ere, zeinu hizkuntzako itzultzailea da lanbidez.
Donostian Haizearen Orrazian egin dugu hitzordua. Azken egun hauetako zurrunbilotik atera eta atseden hartzeko toki aproposa. Bizitoki duen herrian, Seguran, bai, herritarrak hurbildu zaizkio bideokliparen gaineko komentarioak egitera, baina Donostian nahikoa oharkabean ibil daiteke, bere lasaitasunerako. «Bolada batean buruan ez dut zapirik ipiniko, badaezpada», dio irribarretsu.
Astebete pasa da Zea Mays taldeak bideoklipa zabaldu zuenetik eta sekulako marka lortu du. Youtube atarian (http://www.youtube.com/promomusika) 16.000 bisitatik gora izan ditu eta EITBren webgunean ere (www.eitb.com) azken egunetan bera da bideorik ikusienetakoa; euskarazko bertsioak 4.000 bisitaritik gora ditu eta gaztelerazkoak 2.500etik gora. «Ez nuen inondik inora espero. Lehengusuak Facebooken eskegiko zuela esan eta `ondo, horrela zure lagunek ere ikusiko dute' erantzun nion -kontatu du-. Bat-batean handituz eta handituz joan da».
Ainhoaren begiek eta eskuek arreta pizten dute hizketan ari denean eta bideoklipean, horiez gain, baita oinek ere. «`Nola daramazun erritmoa oinekin!' komentatu eta oinutsik jartzea proposatu zidaten Zea Maysekoek. Zeinu hizkuntzan badirudi eskuak bakarrik erabiltzen direla, baina horrez gain aurpegia ere beharrezkoa duzu, eta, musikaren kasuan, baita oinak ere».
Entzuteko gai direnei zein pertsona gorrei, guztiei zuzendutakoa da bideoklipa. «Gorrek normalean bibrazioen bidez sentitzen dute musika. Dena den, kantuaren erritmoa jarrai dezakete nire oinen mugimendua ikusiz. Bideoklipa musikarik gabe ikusi genuen proba modura eta nabari daiteke kantuaren nondik norakoa», azaldu du.
Ispiluaren aurrean jartzea bezala izan da beretzat bideoklipa ikustea. «Esan izan didate keinu asko egiten ditudala, eta orain neure burua ikusi egin dut». Badu egun hartako anekdotarik: «Hortzetako ortodontzia eta guzti atera nintzen azkenean. Grabatu genuen egun hartan bertan kendu zidaten, kasualitatea, bi urte eta erdiren ondoren...».
Zeinu hizkuntza modu artistikoan agertzeak daukan garrantzia nabarmendu du. «Era honetako gauzak egitea posible dela erakutsi dugu», esan du.
Zeinu hizkuntzan musikaz gozatzeko aukera askorik ez dago, eta are gutxiago euskaraz. Gorren artean aldeko iritziak jaso ditu. «Ideia ona iruditu zaie. Bada euskaraz egin izana goraipatu duenik ere. Izan ere, beraiei ez zaie euskara irakasten, gaztelera baizik. Ondoren zeinu hizkuntza ikasten dute».
Zea Mays musika taldea oso kuttuna du eta «Negua joan da ta» kantua bereziki gustukoa. «Aioraren ahotsak betidanik liluratu nau eta abestia ikaragarria da», adierazi du.
Askotan joaten da autoan bilbotarren doinuak entzunez. Eta, oharkabean, zeinu hizkuntzara itzultzen hasten da. «Musikak eramaten nau eta erdi jolasean hasten naiz. Iristen da une bat ingelesez jartzen dudala, ez ulertzeko eta tentazioa saihesteko», kontatu du.
Opari berezia
Taldekideentzako oparia zena, Zea Maysekoek Ainhoa berari egin dioten erregalia bihurtu da. Kasualitatez sortu zen proiektua. «Tolosako Bonbereneako kontzertura neuk egindako grabazio bat eraman nuen. Letra ikasi eta kameraren aurrean jarri nintzen etxean arratsalde hartan. Saioaren bukaeran taldekideengana hurbiltzen ausartu eta DVDa eman nien, opari modura. Hain urduri nengoen ez naizela une hartaz askorik gogoratzen...», aitortu du.
Handik hiru egunetara taldekoen deia jaso zuen, bideoklipa egitea proposatuz. «Asko gustatu zitzaiela eta grabatu egin behar genuela esan zidaten. Ez nekien zer esan... Zea Mays eta zeinu hizkuntza, hain gustukoak ditudanak biak, batzeko aukerarekin asko poztu nintzen», dio. Duela hilabete grabatu zuten Berrizko kultur etxean.
Lanez gainezka dabil beasaindarra. Huhezin Magisteritzako eskolak ematen ditu. Horrez gain, itzultzaile lanetan aritzen da hainbat ekitalditan. Garai batean ikastetxeetan ere ibili zen, goi mailako zikloetan, ikasle gorrei irakaslearen azalpenak itzultzen. Tarteka Gasteizko Parlamentuko saioak ere itzultzen ditu ETBrako, eta politikarien mitinetan aritzea ere tokatu zaio.
Azken aldian, aurten hasi duen tesiari denbora dezente eskaintzen dio. «Entzuten dugunok zeinu hizkuntza ikasterakoan zein transferentzia egiten ditugun neurtu eta didaktikarako oinarriak ezarri nahi ditut; alegia, ahozko hizkuntzaren eta zeinu hizkuntzaren arteko harremana nolakoa den aztertu nahi dut».
Badu aldarrikapen bat: «Entzuten dugun pertsonok zeinu hizkuntza ikasi behar dugu. Gorrek hizkuntza gutxitua duten komunitate gutxitua osatzen dutela onartu behar dugu, orain arte urritasuna duten pertsona bezala aztertu izan dituen ikuspegi kliniko-terapeutikoa alboratuta», ohartarazi du.
Nabari zaio zeinu hizkuntzak piztu dion erakargarritasuna. «Ez dut gorrik inguruan, baina liluratu egin ninduen. Hezkuntza berezia ikasi nuen Eskoriatzan. Entzumen urritasunari lotutako ikasgaia geneukan eta oso oinarrizko gauzak adierazten irakatsi ziguten».
Berehala piztu zitzaion sakontzeko irrika. «Bilbora joan nintzen bi urteko ikasketak egitera. Gorrak eta itsuak diren pertsonekin lan egiteko prestatu nintzen», dio. Ondoren hizkuntzen psikopedagogia ikasi zuen. «Gorrena ere hizkuntza da eta landu diren teoriak berdin aplika daitezke. Nire helburua ekarpenen bat egitea da alor honetan; hainbeste dago egiteko...».
Gorrek gure gizartean sufritzen duten bazterketaren gaiari heldu diogu. «Pentsa, 1960an onartu zen hizkuntza izateko irizpideak betetzen zituela zeinu hizkuntzak. Eta 2007az geroztik ofizialki onartuta dago zeinu hizkuntza -gaineratu du-. Baina mende batez, 1880tik 1990era bitartean, erabat baztertuta egon da».
Ainhoak gorren eta entzuten dutenen arteko zubiak eraikitzen laguntzen du. Gizartean, oro har, oraindik eraikitzeko geratzen diren zubiak aipatu ditu. «Gorrek ahalegin handia egin dute ahozko hizkuntza jakiteko, baina entzuten dutenek ez dute zeinu hizkuntza ikasi. Ikusten dute beti beraiek direla esfortzua egiten dutenak gure komunitatearengana gerturatzeko -dio-. Gorrak gurekin bizi dira eta historikoki presio handia izan dute zeinu hizkuntza alboratu eta ahozko hizkuntza ikasteko. Kontuan izan behar da, gainera, gorren %96 entzuten duten familietan jaiotzen direla. Beti pentsatu izan da zeinu hizkuntza ikasiz gero ahozkoa ez zutela ikasiko, baina, aldiz, azken ikerketek aurkakoa diote, onuragarria dela».
Beasaindarraren ustez txikitan hasi beharko genuke eskoletan ikasten. «Ikastaroak lehen pausua izan daitezke zeinu hizkuntzarekin harremana izateko. Ez duzu zertan itzultzaile izan behar, baina oinarrizko komunikaziorako tresnak eskura ditzakezu», adierazi du.
Ainhoaren ustez ez dago hizkuntza errazik eta zailik. «Motibazioa da kontua. Ni hasi nintzenean nire izena esaten nuen justu-justu, eta urte eta erdian itzultzen jarri ninduten. Norberak du gaitasuna, eta, ez badu, garatu egiten du», esan du.
Hedabideek eta sare sozialek duten indarra sekulakoa da, eta kontrastea are handiagoa da eguneroko lanean ia itzalpean egotea tokatzen zaionarentzat. «Atzo bertan egin nuen itzultzaile lana ekitaldi batean eta agertokiaren azpian jarri ninduten, han, bazter batean -azaldu du-. Gertatu izan zait saioa hasi eta argiak itzaltzea ere. `Hitzaldian dauden gorrek nola demontre ikusiko naute?', pentsatzen duzu. Askotan polita egiten duelako jartzen gaituzte».
Egunotan behintzat fokuen argia gainean duela baliatzen ari da zeinu hizkuntzaren normalizazioaren alde egiteko.




