GIZARTEA -

«Zenbat eta lehenago, hobeto. Zenbat eta lehenago utzi, bereizi, salatu... hobeto. Zenbat eta lehenago atera gurpil zoro horretatik, hobeto». Mezu hori zabalduko dute genero indarkeriaren biktimek Sebastopoleko Titiriteroekin prestatzen ari diren ikuskizunean.

Maider Iantzi

2010ko Urriaren 22a

ASADEko lagun batzuk eta Sebastopoleko Titiriteroak taldea genero indarkeriaren kontrako ikuskizun bat prestatzen ari dira elkarlanean. Azaroaren 25ean estreinatuko dute, 18.00etatik 19.00etara, Donostiako Bulebarrean. Leku berean urtero tratu txarren kontra egiten den manifestazioa baino lehen, Udaleko Berdintasun Saileko programaren barruan. Gipuzkoako Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren laguntza jaso dute, eta aitzinerago, bertze leku batzuetan aurkeztuko dute, ahalik eta jende gehienarengana ailegatzeko, mota guztietako jendearengana.

ASADE elkarteko emakumeak ez dira antzezleak, etxeetako zerbitzuak ematen dituzten langileak baizik: pertsona zaharrak zaintzen dituzte, ezintasunen bat dutenak... Langile gisa elkartu ziren, esplotatu egiten zituztelako. Beren bizitzari buruz solasean hasi eta konturatu ziren gehienek, gainera, tratu txarrak jasaten zituztela. Bi aldiz esplotatzen zituzten, beraz, lan arloan eta genero bat izateagatik.

Egoera gogor hori gainditzeko bidean, ekimenak prestatzen dituzte urtero: iaz eskolako tratu txarren inguruan egin zuten bat. Eskola eta institutuetan hitzaldiak ere eman dituzte berdintasunaz eta indarkeria matxistaz. Orain prestatzen ari diren lana, titiriteroen ikuskizuna denez, erritmo handikoa, bizia eta irudi aldetik harrigarria izanen dela iragarri du Antxon Etxeberria Sebastopoleko Titiriteroak taldeko kideak. Irudi indartsu-indartsuak eta erritmo bizi-biziak lortu dituzte jada. «Gure estiloa oso sinplea da: zirkua, euskal antzerki herrikoia eta ahal ditugun astakeriak elkartzen ditugu. Hizkuntzari dagokionez, euskara, gaztelania, frantsesa, ijitoen hizkuntza... Ahalik eta soinu gehien erabiliko ditugu ahalik eta jende gehienak ulertzeko», adierazi du.

Igande arratsalde euritsu eta hotz batez bisitatu ditugu, lehenbiziko entseguan. ASADEko kideak Sebastopol kultur etxera ailegatu dira. Aterkiak utzi, eroso jarri eta argazki saioari ekin diote koltxonetaz, baloi handiz, sarez eta trapezioko ariketak egiteko tramankuluz betetako gela batean. Batzuk bizkarra emanda -ez baitute erasotzaileak ikusterik nahi-, bertzeak kamerari tinko begira, irudi indartsua osatu dute. Eta anitza: gizon-emakumeak dira, adin desberdinetakoak, batzuk eserita daude, bertzeak zutik, lurrean edo eskailerara igota.

Lehenbiziko kontaktua

Orduantxe ezagutu dute elkar ASADEkoek eta Antxon Sebastopoleko lagunak, eta berehala hasi dira lanean. Bizkarretik helduta borobil bat osatu eta saltoka ari dira. «Kataluniarrak dirudizue sardana dantzatzen!», erran die besoan min hartuta dagoen taldekideak ondotik. Antxon baxu mintzatu zaie: «Hemendik aurrera nik bakarrik hitz egingo dut. Zuek keinuak egin». Lagun bat borobilaren erdian kokatu da eta gainerakoek koltxoi goxo bat balira bezala hartzen dute. Lagunak lokartzean izaten den sentsazio lasaia sentitzea nahi dute eta horretarako kontuz-kontuz ukitzen dute, batek jaso eta bertzeari pasatzen dio laguna poliki-poliki eguzki ahulak baino argitzen ez duen areto honetan.

Koltxoneta gainera igo da kide bat; bertzeak azpian gelditu dira, bi ilara osatuz, batak bertzeari eskua emanda bertze koltxoneta bat osatuz. Goikoak bere burua erortzen utzi du «bat, bi, hiru» errandakoan; gero, «boing, boing, boing» egin dute denek, pixkanaka zutik jarri den arte. Banaka-banaka, denak igo eta erori dira, ukondoak eta eskuak aitzinean, babesteko, eta begiak begietan, bere lekuan, ez deprimituta ez euforiko. Ikara aurpegiarekin jaitsi da gizon bat. Emakume batek ezin izan du egin, beldurragatik. «Zeinek egin behar du ariketa?», galdetzen du Antxonek tarteka. «Nik, nik, nik...», erantzuten diote, taldean denak bat direla eta ariketa elkarrekin egin behar dutela adieraziz.

«Hemen amak, langileak... izateari uzten diogu. Hemen pertsonak gara, taldeari kohesioa emateko lan bat egiten ari garen pertsonak», ohartarazi die Sebastopoleko kideak. Ariketekin jarraitu dute. Pertsona bat jarri da azpian eta bertze bat bere gainean, bizkarrez. Helburua honek itzulipurdia egitea da. Gainerako lagunak inguruan daude segurtasuna eta babesa ematen. «Gorputzari logika aurkitzen badiot, dena doa azkarrago», azaldu du Antxonek.

Itzulipurdika ibili ondotik, oinez hasi dira, angelu zuzenean beti, eta «emadazue bolumena!», agindu die Sebastopolekoak belarriak kolpatzen dituen mailukada hotsen antzeko musika bat jarri bitartean. «Ibil zaitezke angelu zuzenean, bolumena emanez, erritmoa jarraituz, eskuei libre utziz. Bizitzan bezala, ibili. Erotzen ari gara». Egia da, diskoaren burrunbarekin, antzezleek egiten dituzten oihuekin eta Antxonen agindu ozenekin sentsazio hori ematen du. Antzezleak hormari begira eta oihuka ari dira, mailukadak eta beren burua entzuten, gero eta ozenago, gero eta arinago.

GAUR8ko argazkilariak aspaldi alde egin du, baina bertze argazki saio berezi bat egin behar dute. Antxonek aukera eman die aldamio baten inguruan nahi duten bezala kokatzeko, eta gero bakoitzari jarrera horretan zer egiten ari den galdetu dio. «Beti da oso garrantzitsua egiten ari garena. Zertan ari zara?». «Aldamioari eusten». «Zergatik?». «Taldeari sostengua emateko». «Zergatik?», Antxonek temati. «Zein da irudirik interesgarriena?», galdetu die. «Nirea, nirea, nirea...», gizon-emakumeen erantzuna.

Bi orduren buruan, entsegua bukatu dutenean, helburua jendeak bere begiekin ikustea dela adierazi digute, jendea konturatzea etxeetan genero indarkeriaren arazoa dagoela. Begiak pixka bat irekiaraztea nahi dute. Kale antzerkia aukeratu dute horretarako bitarteko, jende gehiagorengana iristeko esperantzarekin. «Gizarteak ez du ikusten etxe barrenean gertatzen dena. Telebistan zabaltzen dituzten mezuek emakume bat hil dela esaten dute, eta, normalean, gizon erasotzailearen prototipoa bizilagun atseginarena izaten da. Atsegina lagunekin, baina etxean? Zer egiten du bertan egunez egun? Hori da jendeak jakitea nahi duguna. Egunetik egunera egiten dena eta etxe barruetan sufritzen duguna».

Egoera hau jasaten ari diren pertsonei mezu bat eman nahi diete: «Lagunen eta profesionalen laguntzari esker bizirik atera daiteke. Atera daitezela, salatu dezatela. Kostatzen da pauso hori ematea, baina egin daiteke». Tratu txarrak jasaten dituzten gizonezkoak ere badirela aipatu dute.

Jende mota guztiarengana

«Gauza bat utzi nahi dut argi», gaineratu du kide batek. «Zenbat eta lehenago, hobeto. Hori ongi barneratu behar du gizarteak. Zenbat eta lehenago utzi, bereizi, salatu... hobeto. Zenbat eta lehenago atera gurpil horretatik, zenbat eta lehenago egin egin behar duzuna, hobeto. Ni horretatik pasatu naiz eta hori diot».

Ekitaldia kalean egiteko arrazoia ez da jende ahalik eta kopuru handienera iristeko nahia bakarrik. «Jende mota guztiarengana ailegatu nahi dugu: haurrak, jende heldua, emakumeak, gizonak, ikasiak, gutxiago ikasiak, azkarrak, lodiak, meheak... Denengana ailegatu nahi dugu, denak gaudelako gauza berean sartuta». Bizitza ere guk antolatutako ikuskizun bat dela deritzote. Horregatik antzerki hau. Gizarte guztia inplikatzea bilatzen dute, tartean haurrak. Umeek ere sufritzen dute arazo hau eta haiek izaten dira sarri lekuko bakarrak, haiek baitaude etxean. Antzerki honetan, anitzek ikus dezake bere burua islatua aitarengan, anaiarengan, arrebarengan, semearengan, alabarengan edo bizilagunarengan. Horregatik, zenbat eta azkarrago, hobeki. «Oihu bat entzuten baduzu, telefonoa hartu eta poliziari hots egiten badiozu, hobeto».

Txinparta pizteko

Antzerkiak txinparta piztea espero dute. Jendeak erratea: «Hara! Hori ezaguna egiten zait». «Psikologikoki tratu txarrak jasaten ari den pertsona batek, adibidez, esan dezake: `Baina, hori gertatzen zait-eta!'. Ez zen konturatzen. Bada jendea errutina horretan bizi dena eta normala dela uste duena, norbaitek esaten dion arte». Non dago muga? Konturatzen al da bat pasatzen denean?

«Konturatzen zara. Ateratzen zarenean konturatzen zara; agian barrenean zaudenean ez. Bikote arteko eztabaida bat eta egunero ezdeusa deitzea ez da gauza bera. Ezdeusa, putakumea, lerdoa... Beti hala deitzea jada ez da eztabaida bat. Hain ezdeusa zarela pentsatzen duzu, halako gutxiagotasun konplexua daukazu, hain ergela sentitzen zara, hala trata zaitzaten normala dela sinesten baituzu. Eta zure buruari egozten diozu errua: zein tuntuna naizen, ez dakit erosketak egiten, ez dakit txorizo ogitarteko bat egiten!».

Ikuskizunean kantu bat sartu nahi duela azaldu du bertze emakume batek. Maitagarrien ipuinaren amaieraren istorioa kontatzen du abesti honek. 14 urteko alabak pasatu zion. «Ama, hau perfektua da zuk beti kontatzen duzuna adierazteko». Istorio horretan, neska batek mutil bat ezagutzen du. Dena da hagitz polita, txantaje emozionala hasi arte. Dena da hagitz polita, une batean arazoak hasi arte. Emakumeak ez du ulertzen eta ez dio familiari kontatzen. «Pasatuko da», pentsatzen du. Azkenean, halako jipoia ematen dio salatu egin behar duela. Denbora pasata, bertze bikote bat aurkitzen du eta dena ongi doa, handik pare bat urtera erasotzailea berriz agertu eta neska labankadaz hiltzen duen arte. Hori kontatzen du maitagarrien ipuinaren amaierak, eta alabak primeran ulertu zuen. «Zur eta lur gelditu nintzen kanta pasatu zidanean. Gazteak oso ondo konturatzen dira gertatzen denaz, nagusiok ez bezala batzuetan. Denbora daramagu jasaten, jasaten, jasaten, eta ez da lehenengo aldian ere jasan behar», ohartarazi du.

Antxonek nabarmendu duenez, datuak eskandalagarriak dira, salaketenak soilik, eta salatzen dutenak gutxiengoa dira. Euria egitea bezain ohikoak dira tratu txarrak. «Talibanez hitz egiten dugu: ez dietela emakumeei hau eta hori egiten uzten... Baina konturatu gara Euskal Herrian taliban bat ez, Jon bat, Tomas bat, Txema bat... dagoela, etxean sekulako astakeriak egiten. Eta itxuraz, kanpoan, erasotzailea zoragarria da, itxuraz dena da polita».

Etxeko talibanak

«Kontua da gizartea oso ohituta dagoela talibanak agintzera», iritzi dio kide batek. «Orain dela oso gutxi arte, salaketa jarri behar zenuenean `zerbait egin izango diozu', esaten zizuten. Agian, gatz gehixeago bota zenien dilistei, edo gutxixeago. Horregatik, jipoi bat merezi zenuen. Taliban hori, edo Igor hori, edo Jon hori... gainetik kentzea eta dilistak erretzeko eskubidea dugula eta ez dela horregatik ezer gertatzen jakitea lehenbailehen egin beharreko gauza da». Bertze lagun batek erantsi duenez, ikuskizun hau erasotzaileen amek ere ikus dezakete, eta anaiek, arrebek... «estali egiten dituzten horiek».

«Badakite zer dagoen eta begi ubelduarekin ikusi eta Thrombocid-a ematen dizute. Bai, bai. `Familiarengatik jasan egin behar da', esan zidan erasotzailearen amak. Ama horiek aldatu egin behar dute. Begi ubelarekin ikusi zaituzte, ez dute ikusi nola egin dizuten, baina badakite, lekuko dira. Askok ikusiko du ikuskizuna eta identifikatuta sentituko da. `Hori egin dut nik'. Ez dute onartzen. Merezi dugu. Euren arabera, merezi dugu».

Emakume honek agertu duenez, erasotzaileek, argudiorik ez daukatenean, bertze batekin joan direla erraten diete, aitzakiak bilatzen dituzte alde guztietan. «Lagunekin bazaude, lesbiana zara. Mutilekin bazaude, prostituta. Kontua da ez dizutela beste jendearekin egoten uzten. Eurek kontrolatzen ez badaude, ez dizute uzten. Gainera, familiak babestu egiten ditu. Munduko alabarik onena, errain onena izatetik, txarrena izatera pasatzen zara. Errain hila nahiago dute salatutako semea baino. Horixe esan nion amaginarrebari semea salatu eta `zer egin didazu?' aurpegiratu zidanean. Hori da mingarria». Emakume hau jendaurrean agertuko da, baina aurpegia estalita, ez ezagutzeko, seme-alabek ez ikusteko, «ume batek ere ez baitu aita erasotzailerik nahi». Segurtasunarengatik ere bai.

«Erasotzaileak ikuskizuna ikustean barruan nagoela pentsa dezake, baina aurpegia ikusten ez badit hobeto. Ez da tratu txarrak bukatzea bakarrik. Egunero urruntzeko agindu batekin eta mugikor batekin ateratzeak askatasuna kentzen dizu. Egunen batean atera izan naiz mugikorrik gabe, urrun egon naizelako, eta hegan dabilen txori bat bezala sentitzen nintzen. Agindu bati eta telefono bati adi egon behar izateak asko, asko kentzen dizu», ohartarazi digu.

Behin gurpil zorotik aterata, bizitza ere bertze modu batera ikusten dela jakinarazi du. Hori da jendeak ikus dezan nahi duena. «Infernuan bizitzetik zeruan bizitzera pasatzen zara eta gauzak gehiago estimatzen dituzu, minbizia izan eta sendatzea bezala da, bizitza hobeto bizitzen ikasten duzu. Lagunak behar dira beti. Ni zorteduna naiz lagun talde hau dudalako, dudan zoragarriena», adierazi du, hunkituta, ondoko adiskideei begira.

Publikoa ere hunkitu nahi dute. Eta, horretarako, artea da ikasi behar dutena, gidoia urte askoan gauzatu baitute.

30 URTEKO BIDEA

Sebastopoleko Titiriteroak definitzeko eskatu eta irriz lehertu da Antxon Etxeberria bertako kidea. «Artaburu talde bat gara, ahal duguna egiten. Datorren urtean beteko ditugu 30 urte antzerkian eta hasi ginenean gauzak oso-oso argi genituen. Arazoa da orain ez daukagula ezer batere argi». Urteotan guztiotan jende pilak parte hartu du proiektuan. Hamabi bat lagun dabiltza orain.

Urteurrena ospatzeko asmo bat dute aspalditik: lauzpabost egunetako elkarbizitza antzeko bat antolatzea, dantza, antzerkia, zirkoa... batuta. Eskola intentsibo handi bat, goizeko zortzietan tai txi egiten hasteko, gero sabel dantza, psikoteknika bat, clowna... Kideentzat jai bat ere egin nahi dute.

Kultur etxea Donostiako Goiaztxiki kalean dute, ospitaleetatik goiti joanda, negutegiz inguratuta. Kideek euren eskuekin eraiki dute dena. Kafe antzokia deitzen diotena, baita dantza, zirko, antzerki eta zine eskolak ere. Beti eman diote garrantzia aztarna ekologikoari eta ahalik eta gutxien kontsumitzen saiatzen dira. Biomasa eta eguzki plakak erabiltzen dituzte, zerrategietako produktuak birziklatu... Erregaiak birziklatzeko sistema batekin ari dira orain, arrasto ekologiko ahalik eta txikiena uzteko. «Gizarteak kutsatzailetzat dituen produktuak erabili eta lehengai bihurtzen ditugu. Hori da gure filosofia, bai antzerkian bai bizitzan», azaldu du Antxonek.

Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeekin prestatzen ari diren ikuskizuna taldearen garapenaren isla izan daiteke. «Gu kanpokoak gara, Sebastopolekoak, gero eta argiago daukagu hori, eta ez dugu gizartea ezagutzen. Urtetan egin ditugu ekimenak guretzat harrigarriak diren errealitateei buruz hitz egiteko. Adibidez, 1984an Nikaraguari buruz egin genuen bat; intsumisioa ere landu genuen; Leitzarango autobidearen inguruan maskarada bat antolatu genuen pertsona askorekin; NATOren kontuak azaldu genituen; gerren kontrako ekintzak eta enbaxada inbasioak egin genituen... Oraingoan ere, ezagutzen ez genuen errealitate batekin topatu eta zur eta lur gelditu gara».

Tratu txarrak hitza eskasa gelditzen zaiela argitu digu Etxeberriak; nahiago dute etxeko tortura deitzea. «Gure gizarteko hamar emakume heldutatik bat etxean torturatzen dute. Horrek esan nahi du ezagutzen ditudan hamar gizonezko heldutatik bat torturatzailea dela. Basakeria da». Bere iritziz, gai bati buruz irakurtzea gauza bat da eta testigantza zuzenak jasotzea beste bat. Hala adierazi die, adibidez, emakume batek antzerkia prestatu bitartean: «25 urterekin, gure semea azkenean psikologoarengana joaten hasi da». Orain erran dio amari 4 urte zituela aitak labana lepoan nola jarri zion ikusi zuela oroitzen dela. Harrituta daude Sebastopoleko Titiriteroak, eta, aitortu dutenez, baita «erabat deprimituta» ere.

«Badirudi gizarteak bideratzen gaituela generoa dela-eta jendearen erdiak beste erdia zapaltzera –hausnartu du–. Teorian, bikote baten erlazioa maitasunean oinarritua dago eta bat-batean gorrotora eta heriotzara bideratzea sekulakoa da». Nola gertatzen da hori, ordea? «Gizonak emakumeari maite duela esaten dio egun batean. Emakumeak proposatzen dio zergatik ez diren pixka bat aldentzen beren harremanari buruz hausnartzeko eta orduan gizonak erantzuten dio hil egingo duela», agertu du Antxonek. Bere ustez, gizarte handi batean, neurri batean normala da jarrera arriskutsuak, antisozialak eta biolentoak sortzea, baina tratu txar proportzio izugarriak adierazten du gizartearen oinarriek huts egiten dutela. Sebastopolekoek egin duten analisi txikian, politika, erlijioa, heziketa, kultura... sartu dituzte eta ikuskizunean ere islatuko da hori.