-

Argentinara iritsi eta euskal nortasuna bizi-bizirik duten euskaldunekin eta haien ondorengoekin egin du topo Nuria Vilalta bilbotarrak. Uruguaiko euskal diaspora ere ezagutu du. Pixkanaka, ia konturatu gabe, euren testigantzen indarrak elkarrizketak grabatu eta dokumental bat egitera eraman du. «Guk" filma da emaitza.

Xole Aramendi

2010ko Urriaren 08a

Behin gizon bat ezagutu nuen Uruguaiko tamboan (esne saltokia). Hirurogeita piko urte izango zituen eta txapela buruan zeraman, Euskal Herriko irudi batekin. `Uruguaiko Minas probintzia gehitu nahi diot Euskal Herriko irudiari, nire zortzigarren probintzia', esan zidan. Euskal Herrira joan zen lehenengo aldian bere aitaren familiaren baserrira joan zen; bertan bere bihotza lasai sentitu zuela zioen. `Bertokoa nintzela ulertu nuen eta hortik aurrera trankil geratu nintzen Uruguain', azaldu zidan». Nuria Vilaltaren hitzak dira.

Makina bat euskaldun eta euskaldunen ondorengo ezagutu ditu. «Dokumentala Argentinan zentratuta dago aurrekontuagatik, baina, Uruguai horren gertu izanda, nahikoa hartu-eman izan dugu baita. Badago esamolde bat edozein uruguaiarrek familian euskaldun bat duela dioena».

Gizonezko hark aitortutakoak eman zion zer pentsatua: «Toki batean jaio eta beste nonbaitekoa izan zaitezkeela ikusi nuen. Besteen emozioak entzutean sentimendua ulertzea lortu nuen», kontatu du.

Nuria Vilaltak (Iruñea, 1982) Lekunberrin eman zuen haurtzaroa, nahiz Bilbon bizi izan den ia bizitza osoa. Sei urte daramatza etxetik kanpo, horietatik bat Buenos Airesen. Dokumental ikastaro bat egitera joan zen eta irakasleak agindutako lana izan zen abiapuntua. «Elkarrizketa bat egin behar nuen klaserako. Heldu berri nintzen eta ez nuen konfiantzazko inor elkarrizketa patxadaz egiteko. Ondorioz, nire izebaren izeba elkarrizketatzea erabaki nuen. Azken finean, ezezaguna izan arren, herri bat, Bakio, genuen komunean; abiapuntu bezala erabili nuen. Elkarrizketak aurrera egiten zuen heinean, 60 urte Argentinan pasa eta Euskal Herrira bidaia bakarra egindako emakumearen euskal nortasunaren indarrak harritu ninduen», gogoratu du.

Hainbat elkarrizketaren grabazioez gain, artxiboko irudi zaharrak ere, Argentinakoak zein Euskal Herrikoak, ikus daitezke lanean. «Horrez gain elkarrizketatu batzuk euren argazki pertsonalak eskaini dizkigute eta horrek asko aberastu du filma».

Argentinan aurkitutakoak zirrara berezia eragin dio Nuria Vilaltari. «Euskal nortasunaren indarrak interesa piztu zidan. Euskal Herrian normala iruditzen zaizu euskal nortasuna izatea eta euskal kultura jorratzea, batzuei bai behintzat. Baina Argentinan edo Uruguain jaioa bazara... Zure amona euskalduna zenez, zu ere euskalduna sentitzea eta euskara ikastea eta irakastea... Jakin-mina sorrarazi dit prozesu horrek».

Izan zuen zalantzarik ere. «Euskalduna izanda Buenos Airesera heltzeak ezin zaitu indiferente laga. Kale izen euskaldunak, negozio izen euskaldunak, abizen euskaldun ugari, unibertsitatean euskarazko klaseak, frontoien ugaritasuna.... Euskaltasuna sumatu egiten da Argentinan. Baina onartu behar dut hasieran pixka bat kostatu zitzaidala. Munduaren beste puntan egotea eta euskaldunei buruzko lan bat egiten hasteak lotsa-edo ematen zidan, ez dakit zergatik, baina chauvinismo antzeko batean erortzeko beldur nintzen. Gero ulertu nuen ez zegoela ezer txarrik euskalduna izateaz harro egotearekin; are gutxiago gure kultura sustatu eta lantzen dutenei buruzko film bat egitearekin».

Euskal diasporako kideen artean interes handia sumatu du Vilaltak: «Gero eta gehiago jakin nahi dute. Internet bidez gero eta kontaktu gehiago egoterakoan, gero eta informazio gehiago mugitzen da bi aldeetara; hemendik hara eta handik hona».

Nabarmentzekoa iruditzen zaio, batik bat kontuan izanik munduko beste toki batzuetan guztiz kontrakoa gertatzen ari dela. «Komunikabideek deserrotze prozesu batera ere bideratu ahal gaituzte eta gero eta mundutarragoak izaterakoan, europarragoak, edo dena delakoagoak, bihur gaitezke, gure herriko nortasun ikurrak, gure lokalismoak, ahaztuz. Eta hori ez zait horren ona iruditzen, horregatik iruditzen zait interesgarria sustraietara bueltatzen ari direnen prozesua», esan du.

Ikertu eta informazioa eskuratuz zihoan heinean, gaian sakontzeko irrika areagotuz joan zitzaion. «Ikastolan behin amerikanoei buruz, indianoei buruz, mintzatu ginen. Gainera, nire osaba eta izeba garai batean Nevadan bizi izan zirenez, nolabaiteko ideia bat izan banuen diasporari buruz. Baina ideia bat baino ez. Hona heldu eta hemengo euskal gizartea eta hemen dagoen ekimena ezagutzeko aukera izan nuen; arlo askotan aritzen dira gainera, ez soilik kulturalean, baita politikoan ere adibidez. Euskal Herrian azaleko ideia bat baino gehiago izan beharko genukeela iruditu zitzaidan -azaldu du-. Beste garai batzuetan oso garrantzitsua izan zen diaspora eta uste dut oraindik ere izan daitekeela. Beste herrialde batzuetan oso garrantzizkoa izan da diaspora nortasun nazionalari estatua eman ahal izateko, begira, adibidez, irlandarrak, edo poloniarrak. Gu, aldiz zergatik ez gara biltzen? Kanpo laguntza, kanpo presioa erabili ahal izango genuke...».

Bitxia izanik ere, Argentinan daramatzan hilabeteotan hobeto ezagutu du Euskal Herria. «Ispilu antzeko batean isla gaitezkeela uste dut. Testuinguruak aldatzerakoan, etxean ikusten ez ditugun gauza batzuk ikusteko aukera izan dezakegu kanpoan, paradoxikoa badirudi ere».

«Guk» dokumentala elkartzeko gonbita da. «Tesia argia da: elkar gaitezen euskaldunok. Kanpoan daudenak eta barruan daudenak, Euskal Herria maitatzen duten guztiak... Kultura, nortasuna, dugu komunean eta hori edozein uste politiko baino askoz ere garrantzitsuagoa da. Ez dut uste garai onenak direnik eta denen aportazioa eta esperientzia kulturala, soziala eta politikoa positiboa izango da», adierazi du. Euskal Herrian diasporaz dagoen ezjakintasuna handia delakoan dago. «Denetarik dago, baina orokorrean baietz uste dut. Lan honekin hasi nintzanean, `zu zeu ere harritzen al zaitu nolakoak garen?' galdetzen zidaten irribarre artean. Gero ulertu nuen urtero-urtero ailegatzen dela ni bezalako norbait Argentinako euskal etxeetara eta guztiok aho bete hortz geratzen garela. Batzuei ikaragarria iruditzen zaie, eta, beste batzuei, ordea, ez; hori ere esan behar dut. Badaude euskalduntzat hartzen ez dituztenak, folkloriko hutsak bezala katalogatzen dituztenak...».

Filmak harrera ona izatea espero du. «Nire lagun eta familiarekin konpartitzen hasi nintzenean haien artean ere jakin-mina pizten zela sumatu nuen. Dokumentalaren trailerrak izandako harrera ona ikusita, Euskal Herrian diasporari buruz gehiago jakin nahi dutela bistan geratu da», esan du.

Urtebetez ikerketak, elkarrizketak eta grabazioak egiten aritu ostean, postprodukzio fasean sartu berri dira. Muntaketa lanak egiten dituzten bitartean, finantziazio iturriak bilatzeari ekin diote: «Orain arte ekimen pertsonalari esker egin dugu aurrera, baina zaila izango da finantziazio eta kanpo inbertsiorik gabe era honetako lan bat burutzea. Horrexegatik Argentinarekin koprodukzioa egin nahi duen ekoiztetxe baten bila ari gara», azaldu du. Sarean (http: //vimeo.com/15261663) zintzilikatu duen aurrerapenak -momentuz gaztelera eta ingelesezko azpitituluekin soilik- diru laguntzak eskuratzeko aukerak zabaltzea espero du.

Film luzea bukatu eta ahalik eta pertsona kopuru handiarengana iristea da bilbotarraren helburua. «Zine jaialdietara zuzenduta egongo da, baina horrek ez du esan nahi bestelako bideak alde batera utziko ditugunik. Helburua lana ahalik eta jende gehienak ikustea denez, gaur egungo teknologiak eskaintzen dituen bide guztiak erabili ahal eta behar dira», kontatu du.