-

Nagore Amondarain

2010ko Irailaren 03a

Ikasleen hiria deitu izan den honetan, iraila etxez aldatzeko sasoia izan ohi da. Orduantxe ateratzen dira merkatura abuztuan zehar itxita egon diren etxeak eta orduan hasten da alokairu onenen ehiza.

Etxeko jabeak ez du beste aukerarik izango etxea abuztuan, Madrilen duen seme eta beronen lagunentzat irekitzea baino, jaietan aterpe itzela baita gurasoen badaezpadako etxea. Ikasleek alde egin ohi dute udan, baina bertan geratzen diren langile, sasi-ikasle eta osterantzekoak ere etxe bila dabiltza. Hiru pisukide izatetik bira igaro direlako eta etxe txikiago eta merkeagoa behar dutelako, jabearen semea ezkondu eta pisua ezkonberriei utzi dielako jabeak edo beste barik, argitasun gehiagoren bila dabiltzalako pisukideak, hezetasun gutxiago duen etxe baten bila, dagoeneko ez direlako ikasleak eta egoera duin batean bizitzearen aukera egin nahi dutelako edo eleberri onen bat idazteko inspirazio bila dabilelako idazle nekatua.

Modu horretan ikusi ditut lagun bi abuztuaren hondarretan. Telefono batera deitu, gero bestera...baldintzak, kokapena, logela kopurua...Eta ondoren etorri zaie etxeak bisitatzen hasteko garaia. Inoiz baino presenteago dute hiriko kartografia, ezezagunak ziren auzoak tanteatzeko garaia izaten da eta, zer esanik ez, ezezagunak ziren kaleen izenak ikasten hastekoa. Ondo pentsatu beharra dago, «gustura biziko nintzateke hemen?», «zenbat denbora dut alde zaharrera», «ba ote du auzoak bizitza interesgarririk?».

Etxe arrotz batera egiten dute bisita, jakin barik eurenganatuko duten edo ez, emakume edadetu bat dute zain. Berdin-berdin izan dezakete bikote gazte progre bat zain, bakoitza hipoteka baten jabe izanda, elkarrekin bizitzeko hautua egin dutenak. Eta bietako bat alokatu behar duten beharrizanaz hitz jarioan hasten dira, euren aurkezpen txartela horixe izanik. Merkatua holan eta halan dagoela eta kontratua nahi badute garestitu egin behar dutela alokairua mutilak, alde bakarrean duen belarritakoari hazka eginez.

Bietariko bat hautatu behar dute, azkenean emakume edadetuarenari baietza ematen diote. Dagoeneko beraz, eguneroko ibilbideak irudikatu beharrean daude, supermerkaturainoko ibilbidea, taberna gustukorainokoa... handik egun batzuetara, emakumearen deia jaso arte. Zeharo nahastuta dagoela, ez duela argi, badituela hautagai gehiago...etxean galdetu duela eta beste bikote baten aldekoa dela erabakia. Etxe egokiaren bila baino casting batean dabiltzan irudipena izan dute nire lagunek.

Gauzak berez-berez etortzen direnez, auzoan etxe bat ikusteko aukera atera zaie azken unean. Hantxe joan dira, ondo-ondo ikasita lezioa. Aurrenekoa; ez direla bikote, beraz ez diezaiela inork betikoa aipatu «logelako ohea nahiko handia eta erosoa da, beste logela txiki eta iluna estudio moduan erabil dezakezue», bigarrena; dagoeneko ez direla ikasleak, bata idazlea dela eta bestea itzultzailea, beraz ez ditzala inork nerabe aztoratu gisa katalogatu.

Ezin sinetsita daude, aldizkarietan ikusten diren etxe horietako bat topatu dutelako. Jabeak aitortza egin die, aspaldi erosi zuela «badaezpada», alabak ere albokoa erosi zuelako eta bide batez... Zein arrazoi ote dago halako kapritxoz etxe bat erosteko.

Hantxe daude itzultzailea eta idazlea, bata lanerako mahaia non jarri pentsatzen eta bestea literaturako sari nazionala idazteko besteko etxea duela pentsatzen.

Kilokada maleta igotzen laguntzen diet, pentsatuz zoriona dela ondasunik edo patrimoniorik ederrena.