-

Jorge Capelan

2010ko Irailaren 03a

Wikileaks informazio ezkutuak zabaltzen dituen webguneko sortzaileak, Julian Assangek, portu seguru moduan Suediako erreinua aukeratu zuela jakitean harritu egin nintzen. Aldiz, inor ez luke harritu behar erreinura iritsi bezain pronto emakume bat bortxatzea eta beste baten aurkako sexu erasoa egitea leporatu izanak, horixe egin baitute bere irudia kaltetu eta pixka baterako jokoz kanpo uzteko.

Suedian hogei urte baino gehiago bizi ondoren, eta bertako ezker zabaleko mugimenduetan esku hartu eta gero, esan dezaket, oker ibiltzeko beldurrik gabe, Pentagonoaren atzaparretatik ihes egin nahian dabilen pertsonarentzat Suedia ez dela herrialde seguru bat. Herrialde eskandinaviarra azken eremu «sozialista» zela aditzera ematen zuen irudia goitik behera erori da; irudi horrek jada ezin du ezkutatu estatubatuarren sartze prozesuaren historia luzea, ezta interes atlantistak babesteko Suediako aginte egituraren kolaborazionismoa ere.

Gerra Hotzaren garaian, AEBek beti eduki zuten herrialde horretan fidatzeko moduko aliatua, nahiz eta lerrokatu gabeko herri independentearen itxura hartu. Olof Palme lehen ministroa AEBek hil zuten, seguru asko Hegoafrikako eta Israeleko zerbitzu sekretuen laguntzarekin. Hogeita bost urte beranduago, hiltzailearen arrastorik ez da inon eta kasua aurki itxi egingo dute. Suediako hedabideetan harrera ona izaten dutenetako inor ez da ausartuko egin beharreko galdera egitera. Zergatik? Galdera hori eginez gero era guztietako arazoak hasiko zaizkiolako eta eztabaida publikotik desagerrarazi egingo luketelako.

80ko hamarkadan, Patrik Engellau Suediako patroien aholkulariak oso ezaguna egingo zen memoranduma idatzi zuen: «Errealitatearen interpretazio berria behar dugu, gauza bakoitza bere lekuan egon dadin, agintearen oinarririk burutsuena kontzeptuen eta errealitatearen pertzepzioaren kontrola baita. Menderatze ideologikoa tanke eta armen bidez lortutakoa baino seguruagoa da. Errealitatea interpretatzeko eran nagusitzen denak, agintea izango du bere eskuetan».

Latinoamerikan eta Hirugarren Munduko beste leku askotan diktadura odoltsuen bitartez lortu zutena, Suedian propaganda eta doktrinaren bidez eskuratu zuten. Langileek egindako aurrerapausoak eta abian jarritako botere espazioak desagerrarazi zituzten, eredu neoliberal bat ezartzeko. Eredu horren arabera, aurrekontuen mugak eta bankarien eta kapitalaren irabaziak alderdi politikoen jardueratik kanpo geratzen dira, horien gainetik. Beraz, herritarrek ezin dute ezer egin egoera hori aldatzeko.

Gaur egungo Suedia, NATOko kide izan gabe ere, Washingtonen aliatu leiala da. CIAkoen hegaldi sekretuek lur hartzeko lekua behar dutela? Var sa god (hara hor). Atxilotuak ezkutuan edukitzeko laguntza? Var sa god. Gobernuen eta erakundeen irudia kaltetzeko nazioarteko kanpainak? Var sa god. Elkarrekin egin beharreko maniobra militarrak? Var sa god. «Zure aginduetara, nire patroia».

Carl Bildt Atzerri ministro kontserbadorea Bilderberg taldekoa da, Europar Batasuneko eta AEBetako enpresaririk eta politikaririk boteretsuenak elkartzen dituen taldekoa alegia, RAND korporaziokoa eta CFRkoa izateaz gain. Anna Lindh erail zuten Atzerri ministro sozialdemokrata ere Bilderbergekoa zen. Pierre Schori, Atzerri politikan ustez Palmeren oinordeko dena, Madrileko Klubeko eta Soros Fundazioko kide da. Suediako politikako espazioetan, eskuinetik hasita sozialdemokraziara iritsi arte, AEBen alde lan egiten duten pertsona boteretsuak daude. Suedia bera Gladio Sareko kidea da 50eko hamarkadatik.

Orain arteko datuak ez dira ezkutuan egoten diren horietakoak. Etxe Zuriaren interesak kaltetzen eta horri gustatzen ez zaion informazioa plazaratzen aritzen denak bere erreminta-kaxan eduki beharreko oinarrizko informazioa da, batez ere Suediara joatea pentsatzen ari bada.

Assangek berak hedabideei emandako elkarrizketetan etengabe hitz egin du Wikileakseko kideek informazio iturriekin harremanetan jartzeko hartzen dituzten muturreko segurtasun neurriei buruz. Informazioa babesteko eta bere egiazkotasuna ziurtatzeko eskura dituzten baliabide tekniko guztiak erabiltzen dituztela esaten du. Eta gero, ontzat ematen dute Suediako zuzenbide-estatuaren kontua. Ez al da harritzekoa?

Wikileaksen sortzailearen helburua mundu guztiaren begien aurrean jarraitzea bazen, era horretan sistema barrutik borrokatu ahal izateko, zergatik aukeratu zuen anfitrioi moduan Piratpartiet edo Suediako Alderdi Pirata bezalako ero koadrila bat?

Badakit zertaz ari naizen, herrialde horretako erakunde ezkertiar, sindikal, feminista, ekologista eta elkartasunezkoak ondo ezagutzeko aukera izan baitut. Piratpartiet benetako eroetxe bat dela esan daiteke. Alderdi horrek zuzentasun pertsonalarekin edo informazio askatasunarekin zerikusirik ez duten gaiei ez die jaramonik egiten. Alderdi horretako kideei bost axola bi koalizio nagusietako zeinek lortzen duen Gobernua, beraiek beren egitasmoan aurrera eginez gero. Ez politika ekonomikorik ez bestelakorik ez duen alderdia da. Alderdi Suediar Demokratako neonaziekin ere lan egiteko prest dagoen alderdia, bere agendak aurrera egin dezan.

Piratpartieten barruan sektore ezberdin asko dago, erabat nahastuta. Bertan daude anarkista gazte batzuk, kapitalismoaren aldeko lagunekin eta hacker trebeekin batera. Ordenagailuei buruz asko dakien jendea, baina gizarteari buruz ezer ez. Eta gizarteaz ikasi duten apurra, Internet sarean surfeatuz ikasi dute.

DNV Den Nya Välfärden think thank edo iritzi taldearekin bat egindako Timbro etxeak Suediako patroiei eskaintzen dizkie bere aholkuak. Aholkulari horiekin oso harreman onak dituzte Piratpartieteko kide batzuek. Par Strom DNVko idazlearen txostenek eta liburuek sekulako arrakasta dute alderdiko buruen artean. Seguru asko, «piraten» alderdi hori sortuko zuten ezkerrari botoa eman diezaioketen gazteak desmobilizatzeko helburuarekin.

Alderdi politikoen gainetik funtzionatzen duen «ideia-tankea» da Timbro, Suedian kapitalisten interesen nagusitasuna bermatzeko lan egiten duena. Talde horrek joera ezberdineko beste talde asko koordinatzen ditu, batzuk eskuin muturrekoak, besteak liberalagoak... Timbrokoen ideiarik bikainena epe luzera egin beharreko lana alderdien jardueratik bereiztea izan da. Horren arabera, etorkizunean, politika guztia zentrora begira egingo da, ministroaren alderdiaren koloreari erreparatu gabe. Beraz, zentro hori non dagoen zehaztea da interesgarriena. Eta hori ez dute alderdi politikoek erabakitzen, beste eragile batzuek baizik. Maria Rankka Timbroko buruak ezin hobeto esplikatu zuen «Fokus» aldizkariak 2007ko azaroan argitaratutako testuan.

Patrik Engellau DNVko sortzaileak honakoa zioen artikulu berean (goian aipatutako 80ko hamarkadako memorandumaren egileak, alegia): «Politika aspaldi guk eskatzen genuen moduan izaten hasi da azkenean, baina dagoeneko geure burua ere ezin dugu ezagutu». Beraz, Assangek, Pentagonoaren atzaparretatik ihes egin nahian, Suediako aberatsenen interesak babesten dituzten «ideia-tankeek» mendean dituzten talde batengana jo zuen. Hobe zuen zuzenean Virginiako Arlington Countyra joatea.

Nazioartean Assangeri egindakoak haserrea eragin badu ere, Suedian bertan inork ez du ezer egingo Wikileaksen sortzailearen alde.

Julian Assangek berak erraztu die bidea aurkariei, Piratpartiet bezalako talde batengan konfiantza jartzean. Assangeri leporatutakoak, herrialde horretan berarekin bat egin zezaketen sektore aurrerakoien bihotza du jomugan. Hedabideetan ondo tratatzen duten zein pertsona aurrerakoi ausartuko da, emakume bat bortxatzea eta beste baten aurkako sexu erasoa egitea leporatu dioten gizona publikoki defenditzera?

Fiskaltzak Claes Borghstrom abokatua izendatu du Assangeren aurkako akusazioa defenditzeko. Emakumeen eskubideen aldeko herriaren defendatzaile ohia da abokatu sozialdemokrata hori. Feminista «erradikal» bat dela diote hedabideek, eta berak posizio hori baliatu du akusazioen atzean Pentagonoa dagoela esaten dutenen jarrerari eraso egiteko. Ez omen dauka zentzurik Pentagonoari horrelakorik leporatzeak.

Assangek berriz (Piratpartietek alegia), Leif Silbersky kontratatu du, oso gaiztoak izan direnak defenditzeagatik ezagun egindako abokatu judua. Esaterako, adineko emakume bat hil zuen gazte musulmana berak defenditu zuen, baita bortxatzaile eta serie-hiltzaile batzuk ere.

Benetako Suedian, egunerokoan, epaileek bortxatzaileen aldeko joera izaten dute normalean, eta biktimen sinesgarritasuna auzitan jartzekoa. Baina honako hau ez da epaiketa normala. Beraz, emakumeen eskubideen aldeko pertsona aurrerakoi horiei ahoa isilaraziko diete, behingoz biktimekin bat eginda.

Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak Wikileaks salatu berri du informazio ezkutuak zabaltzea arduragabekeria dela esanez. Hala ere, kazetari erakunde hori aurrerakoia dela esaten da Suedian. Ez da gehiago erantsi behar bertan zer egin daitekeen eta zer ez zehazteko.

Ondorio moduan esan daiteke Wikilekasek eta Assangek Interneti buruz asko jakin dezaketela. Baita informazioa enkriptatzeaz ere. Baina informazio horren zergatien inguruan, edo arriskuan ipintzen dituen interesei buruz, ez dirudi asko dakitenik.

Fede onez arituko dira. Agian ez. Auskalo! Edonola ere, Wikileaksen filtrazioak filtrazio moduan hartu behar dira. Une honetan garrantzitsuena ez da dagoeneko badakiguna eztabaidatzea, hau da, AEBek izugarrikeriak egin dituztela Iraken zein Afganistanen, herrialde horietan gaur egun kaosa dela nagusi eta okupatzaileen tropak erabat lur jota daudela. Une honetan aztertu eta salatu beharko genukeena Inperioak Eurasian abian ipini duen azken mugimendua da: Iranen aurkakoa.