-

Isidro Esnaola

2010ko Irailaren 03a

Hori da jendeak egiten didan galdera azken egunotan. Ba, ekonomia ibili badabil. Baina jendeak jakin nahi du zer gertatuko den datozen hilabeteetan. Batek daki. Errusiarrak oso adierazkorrak dira, eta halakoetan, «deabruak jakingo du» erantzuten dute. Ba horixe, deabruak jakin beharko du, guk, gizakiok, etorkizunean zer gertatuko den jakiteko modurik ez dugu-eta. Antzeman ditzakegu hainbat joera, baina ezin dugu etorkizuna igarri, gure laguna igandean ze umorerekin altxatuko den jakiterik ez dugun bezalaxe. Ziurrenik, umore txarrez, larunbatean parrandan ibiliko baita; baina, agian umore onez altxatuko da, ligatu badu.

Ba ekonomian antzeko zerbait gertatzen da. Uda honetan publikatu diren adierazleek gauza ezberdinak esaten dituzte. Alde batetik, produkzioa, langabezia, BPG, esportazioak eta abarrek seinale kontraesankorrak ematen dituzte. Ameriketako Estatu Batuetan hazkundea espero baino txikiagoa izan da eta langabezia espero baino handiagoa. Alemanian, aldiz, hazkundea espero baino askoz handiagoa izan da, esportazioen gorakadari esker. Europako gainerako estatuetan hazkundea egon da, baina xumea. Estatu espainolean, hazkundea hamarren batekoa izan da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Langabeziak beste pixka bat egin du gora eta dendetako salmentek behera egin dute. Antzematen dena zera da: Alemaniako lokomotora martxan jarri da, baina oraingoan bagoirik gabe doa. Beste bagoiak elkarri lotuta daude, eta estatu espainolak oraindik ez du bere bagoia gainerakoekin lotzea lortu. Adierazle horiek -produkzioa, salmentak eta esportazioen bilakaera besteak beste-, zer gertatu den kontatzen digute, baina ez zer gertatuko den.

Badira beste adierazle batzuk, finantzarioak eta konfiantzari buruzkoak. Burtsei dagokienez, ez gora eta ez behera dabiltza. Ameriketako Estatu Batuetako eta Alemaniako zor publikoaren prezioa izugarri merkatu da. Horrek esan nahi du dirudunek ez dutela batere argi ikusten ekonomiaren etorkizuna eta burtsatik ateratzen ari direla. Nahiz eta etekin txikiak jaso, inbertsio seguruetara jotzen ari dira, hau da, estatuen zor publikoa erostera. Horregatik, ziurrenik, kolokatu ditu Estatu espainolak hain erraz uda honetan egin dituen zor publikoaren jaulkipen guztiak; eta ez espainolek uste duten moduan, «merkatuen konfiantza» berreskuratu dutelako. Enpresari eta kontsumitzaileen itxaropenaren indizeek ez dute ezer garbirik adierazten, salbu espainolen konfiantzaren indizea: hori bai, altua da. Lau milioitik gorako langabe kopuruarekin ez da oso ondo ulertzen nondik datorren itxaropen hori: edo ondo bizi dira langabezia saria kobratzen, edo Antonio Galak zioen moduan, pesimista ongi informatutako optimista da; eta espainolak, beharbada, gaizki informatuta daude. Edozein kasutan, adierazle horiek bai, esaten digute nolako etorkizuna aurreikusten duen jendeak.

«Erle joanak, eztirik ez» dio esaera zaharrak. Beraz, etorkizunari buruz hitz egiteko oinarri gutxi ditugu. Azken hilabete honetan «uve bikoitzaren» kontzeptua modan jarri da. Horrekin ekonomialariek adierazi nahi dute letra horren tankerako ibilbidea egingo duela ekonomiak, hau da, gainbeheraren ondoren igoera txiki bat etorriko dela, berriz, gainbeheran jarraitzeko. Horren inguruan eztabaida zabala dago: batzuek bigarren gainbehera horren atarian gaudela diote eta beste batzuek kontrakoa. Baliteke eztabaida hori «self fulfilling prophecy» izatea, hau da, iragarpenak bere baitan eramatea bera betetzeko baldintzak, hau da, askok gainbeheraren atarian gaudela uste badute, horren arabera arituko dira, eta hola jokatzeak berak ekarriko du aurrez sinetsitako emaitza. Kurtso hasiera interesgarria.