Iratxe Esnaola
2010ko Abuztuaren 27a
Bilatzaileen etorkizuna izan zuen mintzagai, besteak beste, Eric Schmidt Google enpresako lehendakari eta zuzendari nagusiak, abuztuaren erdialdean egin zioten elkarrizketa batean. «The Wall Street Journal» egunkariaren webgunean (http://online.wsj.com) kaleratu zen «Google and the Search for the Futur» izenburupean, eta, zinez, bilatzaileen inguruan egun dugun kontzeptuari itzuli izugarria eman zion. Izugarria bezain beldurgarria.
Bilaketak egitea gure sareko ekintzen artean ohikoenetakoa da, garrantzitsuena eta oinarrizkoena ez bada. Uztailean, erabiltzaileen %85ek Google bilatzailea erabiltzen dutela neurtu zen; bigarren bilatzaile nagusia, %6 txiki batekin, Yahoo! da. Google da, beraz, bilatzaileetan bilatzaileena. Google mundu mailan egiten diren bilaketa ia guztien atzean dago. Elkarrizketa horretan, ordea, Schmidtek Googlen bilatzea, ekintza gisa, epe laburrera desagertuko dela iragarri zuen.
Egun erabiltzaileak bilatzailean zerbait idazten du: dokumentu baten izenburua, hitz baten definizioa, software bat, Pariseko metroaren mapa, trenen ordutegiak, eguraldia, ilargiaren egutegia, bideo bat, albiste bat, pertsona bat. Edozer bila daiteke. Bilatzaileak erabiltzailearen jakin-minari, dituen asmo, interes, galdera edota zalantzei erantzuten die.
Etorkizunean, berriz, beti ere Schmidten arabera, bilaketak erabiltzailearen izenean egingo omen dira, erabiltzaileak ezer idazteko beharrik izan gabe. Alegia, Google aurreratu egingo zaigu. Guk bilatu ordez, berak esango digu. Hau marka. Gure bilaketak gidatuak izango al dira? Are gehiago, Schmidten aburuz, «erabiltzaile askok ez du Google beren galderak erantzuteko nahi, alderantziz, Googlek zer egin behar duen esatea nahi dute». Izugarria.
Hitz horiek, noski, beste hausnarketa batzuei hertsiki lotuta aurkezten zaizkigu. Google aspaldi konturatu zen bilatzailetik harago joan behar zuela. Alegia, egun, sare sozialetan zabaltzen den informazio andanarekin, bere bilaketek izaera «sozialago» bat izan behar zutela, halabeharrez. Erabiltzailearen profil osatuago bat egin behar zuela, eta, bazituela, nahi bezain beste ez izan arren, horri erantzuteko baliabideak. Hortik dator Google Social Search proiektua. Googlek gure profil osoa erabiliko du, gure kontaktuak, Twitter bidez idazten duguna eta abar. Eskura duen guztia, gure profil osatuago bat osatze aldera.
Schmidtek berak ere argi esaten zuen, gainera, mugikorretako aplikazioen hedapenarekin, Googlek uneoro non zauden jakin dezakeela. Eta zerk kezkatzen zaituen; zure lagunak nor diren; laugarren pisuan edo solairuartean bizi zaren. «Esnea erosi behar baduzu eta esne saltoki bat inguruan baduzu, guk esango dizugu», jartzen zuen adibide gisa. Hori guztia eta gehiago. Hori da etorkizunean eskaini nahi duten bilatzailearen oinarria: gure intimitatearen eta pribatutasunaren kudeaketaren inbasioa. Eta inongo lotsarik gabe adierazi zuen Schmidtek: «Pribatutasunaren erregulazioa ez dugu beharrezkotzat jotzen, erabiltzaileek beraiengatik egiten duguna eskertu egiten baitute». Benetan? Sinesgaitza zait.
Google ere, beraz, erabiltzaileen informazio gero eta gehiago zabaltzen den agertokian kokatu da. Argi dago informazioaren kapitalizazioaren etorkizuna erabiltzaileen informazio sozialean oinarrituko dela. Jada gelditu ezin den gurpil zoroa da, gainera: erabiltzaileek informazioa ematen dute, Interneteko enpresek informazioa kapitalizatu eta are informazio gehiago lortzeko tresnak sortuko dituzte, eta, noski, erabiltzaileek informazioa ematen jarraituko dute.
Schmidtek esandakoak zein neurritan beteko diren edo ez ikusiko dugu. Baina sarean eta, oro har, IKTetan, dena azkar doa, dena ti-ta gertatzen da. Eta, beharbada, uste baino lehen, edota konturatzerako, guk bilatu beharrean, bilatu egingo gaituzte.




