Donostiako Paseo Berriko jesarleku batean elkartu gara Naroarekin; Bartzelonatik iritsi berri dela kontatu digu, han aritu baita Europako Atletismoko Txapelketan lehian. Urte konplikatua izan duela dio, nahiz eta egoerari bira ematea lortu duen. Denboraldi berriarekin eta «Goenkale" telesaileko grabazioekin hasi aurretik, bere berri izateko aprobetxatu dugu.
Ainara Rodriguez
2010ko Abuztuaren 27a
O rduak egiten ditu Naroa Agirrek Donostiako Paseo Berrian, atzera eta aurrera; atsegin du paseoan ibiltzea, are gehiago itsasoaren hots bareak entzunez baldin bada. «Askotan etortzen naiz senarrarekin; Kontxako pasealekua baino gehiago gustatzen zaigu», aitortu digu.
Hantxe aurkitu dugu jesarrita, itsasoaren olatuei begira; Bartzelonatik iritsi berri da, bertan burutu den Atletismoko Europako Txapelketan hartu baitu parte. Pertika jauzilariak ez du, ordea, oroitzapen xamurrik ekarri handik; «txapelketan ongi aritu naizela esango nuke, baina emaitzak eskasak izan dira benetan», dio. Horren errua atzean utzi duen denboraldiari egotzi dio Naroak: «Ez da urte erraza izan niretzat; oraindik ere ez dakidan arrazoiren batengatik, ezinean aritu naiz. Azken hilabete eta erdian egoerari buelta ematea lortu nuen arren, ez nuen prestatzeko denbora aski izan, eta, ondorioz, Bartzelonakoa besterik gabe pasa da; ez da ez ona ez txarra izan; zaporerik gabekoa izan dela esango nuke».
Dena dela, ez zuen erronka makala aurrez aurre, 4,35 metroko langa gainditu beharrean baitzen finalera ailegatzeko; hala adierazi diogu berari, baina ez du errukitzerik nahi; «niretzako erraza zen, urtero saltatzen dut 4,40 metroko langa. Aurten, aldiz, behin bakarrik iritsi naiz 4,30era», nabarmendu du buruarekin alde batera eta bestera ezetz esanez.
Txapelketatan, urte osoan egin duenaren eta ez duenaren emaitzak ikusten dituela dio. «Horretarako entrenatzen naiz. Gauzak ongi edo gaizki egiten dituzun, txapelketan dute eragina», azpimarratu du. Atletismoak Euskal Herrian duen oihartzun eskasa aintzat hartuta, ez da kexu duen aitortzaz. «Domina bat irabaziz gero oihartzun handiagoa izango nuke noski, baina momentuz ez dut irabazi...».
Artean gaztetxoa zela ekin zion Naroak atletismoari. Luzera jauzian egin zituen lehen urteak, eta marka bat edo beste ere hautsi zuen modalitate horretan. Bartzelonara unibertsitatean Ingurugiro Zientziak ikastera joan zenean ere, ez zion entrenatzeari utzi; luzera jauziko norgehiagoka batean izan zuen, hain justu ere, pertikarekin lehen kontaktua. «Han hasi ginen kide bat eta biok pertikarekin saltatzen, ideia askorik ere izan gabe...», oroitzen du irribarrez. Estu gatibatu zuen orduan lauzpabost metroko makil luzeak, eta hartan aritzeko apeta jakinarazi zion garai hartan entrenatzaile zuenari. «Nirekin ondo joan zitekeen modalitate bat zela iruditu zitzaidan. Ez nekien noraino iritsi ahalko nintzen, baina hobetuz joan nintekeenaren irudipena izan banuen», argitu digu.
Ibilbide oparoa
2002. urtean hasi zen pertikako jauzian trebatzen, eta erruz egin du euria ordutik. Gaur-gaurkoz, pertika jauzilari laudatuenetarikoa da, eta bere ibilbidean egindako markek erakusten dute hori; sei aldiz izan da pertikako Espainiako txapeldun aire libreko pistan, eta beste zortzitan pista estalian; Olinpiar Jokoetan ere bi aldiz lehiatu da (2004an Atenasen eta 2008an Pekinen), eta beste hiru aldiz izan da Europako Atletismoko Txapelketan (2002an Munichen, 2006an Goteborgen eta aurten Bartzelonan). Naroak oso gogoan du 2003an Espainiako errekorra lortu zuen lehen aldi hura ere -orotara hiru aldiz gainditu du-. «Europako Txapelketan sartzeko gutxiengoa ere lortu nuen; hortaz, bikoitza izan zen marka horrekin izan nuen poztasuna», azpimarratu digu.
Orokorrean ibilbide oparoa izan duelakoan dago pertika jauzilaria, beltzez markatzen dituen bi aldi salbu; «bizkarreko lesio gogor bat izan nuen, eta jarraitzerik izango ote nuen zalantzan jartzera ere iritsi nintzen. Ezintasuna kanpoko faktore batek eragiten zidan gainera, eta, neurri batean, ezin nuen kontrolatu». Azken hilabeteetan bizi izan duen blokeoa, ordea, are okerragoa izan dela dio: «Ez nintzen saltatzen ikusten; bizkarragatik ote zen galdetzen zidan jendeak, baina nik ez nuen aitzakiarik. Guztia alderantziz egiten nuen. Aldi batez ez nintzen pertika jauzilaria izan».
Gauza askoren menpe aurkitzen dira goi mailako atletak, baina baldintzarik behinenetarikoa dute, hain zuzen, fisikoki sasoi onean mantentzea. Zer jaten ote duten, horixe izan dugu jakin-mina: «Neronek eramaten dut nire dieta. Badakit zein pisutan mantendu behar naizen ongi saltatzeko, eta horren arabera elikatzen naiz. Marka bat egiten dudan bakoitzeko pisua apuntatzeko ohitura ere badut; adierazle ona izaten da». Entrenamendu eta prestaketa ariketak ere berebizikoak izaten dituzte. Naroak sei egunez entrenatzen du astean, eta denetarik egiten du; teknika lantzeaz gain, gimnasioko ariketak ere egiten ditu. Horietatik piper egitea ez du erraz izaten gainera, Jon Karla Lizeaga, entrenatzailea izateaz gain, senarra ere baitu. «Behinik behin biok elkarrekin joaten gara entrenatzera, abantaila hori badu behintzat...», dio Naroak, irribarretsu. Gurasoek ere, alabaren lanbidea «modu naturalean» bizi izan dutela ziurtatu digu: «Txiki-txikitatik ibili naiz atletismoan, pixkanaka joan naiz bertan sartzen. Hori bai, beti ikasketei lehentasuna emanez. Gurasoen babesa ere beti izan dut».
Pertika jauzilari bezala ezagutzen dutenek, ordea, ez dute txanponaren alde bakarra besterik ezagutzen. Izan ere, entrenamenduek hala uzten diotenean, izen bereko pertsonaiaren azalean ere jarri ohi da Naroa, Euskal Telebistako (ETB) «Goenkale» telesailean. Kameo bat egiteko soilik deitu zuten 2003an, baina ez da telesailetik atera ordutik; zazpi urte daramatza dagoeneko «paper txiki hura» betetzen. Bi afizioak ofizio bilakatu ditu, beraz. Biak uztartzeko gai ere izan da: «Ez dut inolako malabarismorik egin behar; grabazioak goizez izaten dira, eta, gainera, ez naiz egunero joaten. Entrenatu, berriz, arratsaldetan egin ohi dut», azaldu digu.
Arraina uretan bezala, halaxe moldatzen da objektiboen aurrean: «Betidanik izan dut erraztasuna kameren aurrean agertzeko. Hasierako kapituluetan askoz ere okerrago ikusten nintzen, eta horrekin ez dut esan nahi orain ongi aritzen naizenik. Ikasi ere egin dut», ziurtatu du. Fikzioko Naroak errealitateko Naroarekin zerikusirik ote duen galdetuta, ezetz dio berehala buruarekin: «Hasiera batean, akaso, bagenuen halako antzekotasunik, kirolari baten papera egiten bainuen; baina nik idatzita dagoena esan behar dut. Askok pentsatuko dute nire burua antzezten dudala, baina ez, nik paper bat besterik ez dut betetzen».
Ospearen ajeak ere bizi behar izan ditu Naroak lanbide dituen bi zaletasunengatik, baina «oso ongi» eramaten duen kontua dela dio: «Ni oso puntu txikia besterik ez naiz. Entzun izan ditut `begira, Naroa da' eta halakoak esaten, baina gutxitan etortzen dira niregana». Gertaera bitxirik izan du horregatik: «Orion beste aktore batzuekin gosaltzen ari nintzela, herritar bat etorri eta hala esan zion gutako bati: `Kontuz horrekin, ez dakizu zutaz atzetik zein gauza esaten dituen...'. Askotan ez dakizu zein puntura arte bereizten dituen jendeak fikzioa eta errealitatea, horrenbeste bizi dute!», kontatu digu.
Kamera atzean bizi diren mitoez, horixe, mitoak besterik ez direla aitortu digu: «Kanpotik, batzuetan, aktoreen artean halako erresumin bat dagoela irudi dezake, baina giroa primerakoa da `Goenkale'-n. Hasi nintzenean aktore zebiltzanek asko lagundu zidaten, eta, taldea aldatzen doan arren, koadrila bikaina dago osatuta».
Lanbide pasionalak
Pertika eta aktore lana, biak ala biak, oso pasionalak direla baieztatu digu Naroak: «Egin behar duzuna egunero da ezberdina, badute halako sormen puntu bat». Baina ez da urrea dir-dir egiten duen oro. «Oso ezegonkorrak diren lanbideak dira; une batetik bestera amaitu daitezke», nabarmendu du.
Nabari da biak atsegin dituela, baina aukeratu behar izatekotan, bietan zein hautatuko lukeen jakin nahi izan dugu; ez dirudi batere argi duenik: «40 urterekin ez naiz pertikan saltatzen ikusten, baina aktore lanetan agian bai. Bizitza osorako balitz, aktore lana aukeratuko nuke. Baina niretzako pertika asko da. Uneotan gehiago sentitzen naiz kirolari aktore baino».
Atletismoarekin, momentuz, 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetaraino jarraitzeko asmoa du; horixe du ikusmiran Naroak: «Hortik aurrera planteatu egingo dut zer egin; ongi banago aurrera, eta, bestela, utzi egingo dut». Ordura arte, alabaina, pista estaliko eta aire libreko txapelketak ditu, eta, denboraldia hasi ez bada ere, horiexek ditu erronkak. Egun gutxi barru, gainera, Arraldeko misterioak grabatzen ere hasiko dira, eta hantxe izango da bera, amaierarik gabeko tramaren hariak lotzen. Telebistan ez bada, beraz, pertikari lotuta izango dugu bere berri. Ziur.




